Ponpeio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gnaeus Pompeius Magnus
Gnaeus Pompeius Magnus
Datu pertsonalak
Ezizena Ponpeio Handia
Jaio K. a. 106
Pizeno (Erromatar Errepublika)
Hil K. a. 48
Pelusio ()

Ponpeio, izen osoa Gnaeus Pompeius Magnus (Pizeno, K. a. 106 - Pelusio, K. a. 48), edo Ponpeio Handia (CN·POMPEIVS·CN·F·SEX·N·MAGNVS) Erromatar Errepublikako politikari eta militarra izan zen. K. a. 75ean, Iruñeko herria zegoen tokian, Pompaelo erromatar hiria eraikitzen hasi zen (hortik Pamplona gaztelaniazko izena)[1].

Pizenoko familia batean jaio zen, aita Ponpeio Estrabon zuela. Silaren diktadurapean erakutsi zituen lehen aldiz bere ahalmen militarrak. Errepublikako armadako buruzagi gisa toki askotan borrokatu zen: Sertorioren kontra Hispanian, Silaren kontra matxinatua zelako; Espartakoren esklabo matxinatuen kontra; zein Mediterraneoko ekialdeko piraten kontra. Kanpaina hari esker Magnus (Handia) goitizena eman zioten.

Politikari dagokionez, Julio Zesarrekin eta Marko Krasorekin batera, lehen triunbiratoa osatu zuen. Akordio hura indartzearren, Julio Zesarren alaba bakarrarekin ezkondu zen. Hala ere, Marko Lizinio Krasoren heriotzak triunbiratoaren oreka galarazi zuen. Erromako buru bakarra izateko nahian, Zesar eta Ponpeio elkarren kontra borrokatu ziren Bigarren Gerra Zibilean. Farsalosko guduan Julio Zesarrek garaipen erabakigarria eskuratu zuen. Ponpeiok, garaituta, Egiptora alde egin behar izan zuen eta bertan hil zuten, Ptolomeo XIII.ak salduta.

Estreinako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 106ko irailaren 29an jaio zen Ponpeio Handia. Haren aita Gneo Ponpeio Estrabon izan zen, Italiako probintzia bateko gizon aberats okitua. Patrizioa izanda ere, familiaren probintzia-jatorria zela bide, Erromako handikien mezpretxua jaso zuen. Orban horren kontra jardun behar izan zuen Ponpeiok haren karrera politiko osoan.

Aita, Ponpeio Estrabon, jeneral ospetsua eta familiako lehen senataria izan zen. K. a. 89.an kontsul izendatu zuten. Hortaz, Ponpeio soldaduen kanpalekuetan hazi zen. Ponpeio Estrabon hasieran Marioren alde eta ondoren Silaren alde borrokatu zen K. a. 88-87ko gerratean. 17 urte zituela, Ponpeio aitaren kanpainetan murgildua zegoen. Garai hartan, ofizial gazte bat, Zizeron izenekoa, izan zuen adiskide.

Ponpeio Estrabon Mario eta Silaren arteko borroketan hil zen eta semeak familiako ondare eta aferen ardura hartu behar izan zuen. Ponpeio gazteak Silaren alde jo zuen eta Sila Ponpeioren hiru legio beteranoz baliatu zen Erromako kontrola bereganatzeko. Silak Emilia Eskaura bere alabaordea dibortziatu arazi eta Ponpeiorekin ezkontzera behartu zuen.

Silaren armadan ari zela Italian zehar, Kraso eta Zesar topatu zituen Ponpeiok. Kraso ere armadan zebilen. Haien arteko lehia urteak eta urteak iraun zituen. Silak bizitza barkatu zionean ezagutu zuen ponpeiok Zesar. Izan ere, Silak Zinaren alabaz dibortziatzeko agindu zion Zesarri. haren ezezkoa jasotzean, ordea, Silak ez zuen zigortu. Ponpeiok hartaz galdetu zionean, Silak erantzun omen zion komeni zela etsairen bat edo beste bizirik uztea, etortzekoak ziren hurrengo abenturetarako.

Sizilia eta Afrika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kargo publikorik ez bazuen ere, Ponpeio gizon aberatsa zen eta hiru legioren buruan zegoen. Silak, suhiaren handinahia ikusita, Siziliara bidali zuen. Uharte hura Mariotarren esku zegoen eta oso lurralde emankortzat zuen. Hango gari-hornidurarik gabe, Erroman matxinadak sor zitezkeen. Ponpeio gogor aritu zen Sizilian eta bertako herritarren kexak entzunda, honela erantzun omen zien: "Utzi bakean legeak, armak daramatzagu-eta".

Sizilia menderaturik, Afrika aldera jo zuen eta bertan ere porrotik gabe jarraitu zuen borrokatzen. Haren gupidarik gabeko jardunak mariotarren gorrotoa eragin zuen. Erdietsitako garaipena zela-eta, Ponpeiok garaileen zeremonia eskatu zuen Erroman. Silak eman egin zion, legioak Erromako ateetaraino eraman arren. Magnus (Handia) goitizena jaso zuen orduan Ponpeiok.

Hispania eta Espartako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sertorioren gerra»

Artean kontsula ez izan arren, prokontsularren imperium-a (boterea) eskatu zuen Ponpeiok Hispaniarako. Han, Sertoriok, jeneral mariotar batek, irauten zuen matxinaturik. Ponpeiok, legioak desegiteari muzin eginda, Kinto Zezilio Metelorekin batera Hispaniara jo zuen Sertoriori aurre egiteko.

Hispaniako gerrak K. a. 76tik 71ra arte iraun zuen. Sertorio gerrilla jeneral bikaina zen. Ponpeiok ez Metelok ezin izan zuten buruz buruko batailan garaitu. Aliatuek Sertorio hil zutenean baino ez zen gerra amaitu.

Orduan, Ponpeiok antolatzeko eta administratzeko sena erakutsi zuen. Eskuzabalik, hitzarmenak itundu zituen Hispania osoan, baita Galiako hegoaldean ere.

Bitartean, Krasok Espartakori aurre egiteko zailtasunak zituen. Ponpeio armadarekin Italiara itzulita garaipen erabakigarria eskuratu zuen baita matxinada zanpatu ere. Ponpeiok garaipenaren ohorea aldarrikatu zuen, Krasok matxinoei lehen kolpe gogorrak eman bazizkien ere. Kraso eta Ponpeioren arteko lehiak beste 10 urtez iraun zuen.

Erroman Hispaniako garaipenei esker (oso zilegizkoak ez izan arren), bigarren garaileen zeremonia jaso zuen Ponpeiok. K. a. 70ean, Krasorekin batera, kontsul izendatu zuten Ponpeio. 35 urte zituen eta erromatarrak pozaren pozez zeuden hain jeneral gaztearekin.

Ponpeio ekialdean eta piraten aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 69.erako, Ponpeio herritarren begikoa zen arren, Optimates-en artean susmo franko pizten ari ziren Ponpeioren asmoak zirela-eta. Estatuaren barneko nabarmentasun hori aurrekaririk gabeko bi prokontsular agintaldiak areagotu zuen. K. a. 67.ean, Mediterraneoan jaun eta jabe ziren piraten aurka oldartzeko agindua jaso zuen Ponpeiok. Agindu hark, Ponpeioren bizitza osoak bezala, polemika piztu zuen.

Senatari atzerakoienek Ponpeioren botere gero eta handiagoaren beldur ziren. Optimates haiek botere hura murrizten saiatu ziren. Zesar Ponpeioren alde jo zuen senatari bakanetako bat izan zen. Aulo Gabinio plebeko tribunoak proposatu zuen Ponpeioren izendapena Lex Gabinia izeneko legearen bitartez. Ponpeiok itsasoko kontrol osoa jasotzekoa zen, ekialdeko buruzagi militarren gainetik.

Hilabete batzuen buruan, Mediterraneoa piratarik gabe utzi zuen Ponpeiok. Armanda antolatzeko gaitasuna erakutsi zuen. Orduko heroia zen goitik behera.

Pontoko Mitridates VIren kontra jotzeko deitu zuten Ponpeio orduan. Ekialdeko Mediterraneo osoa berrantolatu behar zuen lehenik, konkista ahalbidetzeko. K. a. 65 eta 62ren artean Mitridates ez ezik, Armeniako Tigranes eta Siriako Antioko XIII ere garaitu zituen, berriro bere gaitasun militarra eta administratiboa agerian utzita. Jerusalem hiria menperatuta, ekialdeko Mediterraneoko lurralde haiek ere Erromako probintzia bihurtu zituen.

Tigranes Armeniako erregea utzita, erromatarren menpeko erregeak Itsaso Beltzetik Kaukasora abiatu zen. Ponpeiok Erromara kanpaina haietatik ekarri zuen ondasun kopurua neurgaitza izan zen. Plutarkok zioenez, 20.000 talentokoa zen, eta Altxor Publikoa, urtean 50 milioitik 85 milioi drakma jasotzera igaro zen. Ponpeioren agindu askok bere hartan iraun zuten Erromatar Inperioren erorialdia gertatu zen arte.

Erromara itzulia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 62ko abenduan, Ponpeio Erromara itzuli zen dilema bat zuela. Alde batetik, hirugarren garaipen-ospakizuna nahi zuen. Beste aldetik, bigarren aldiz kontsul aukera zezaten ere nahi zuen. Hala ere, Erromako legeek ez zuten biak urte berean gertatzen uzten. Senatuari baimen berezia eskatuta ere, Katon Minorren eskutik ezezkoa jaso zuen. Ponpeiok orduan garaipen-ospakizuna hautatu zuen. Kontsulaturako, haren laguntzaile bat, Afranio, aurkeztu zuen. Eskandalua gorabehera, Afranio izendaturik suertatu zen.

Garaipen-ospakizuna K. a. 61ko irailaren 29an egin zen. Festa ahaztezinak bi egun iraun zuen. Ponpeio ospearen gailurrean zegoen. Nolanahi ere, bost urte kanpoan eraman ondoren, Erromako zeruan beste izar batzuk agertu ziren. Katalinaren konspirazioaren kapituluan, esaterako, Ponpeiok ez zuen parte-hartzerik izan. Zesar, Kraso, Zizeron edo Klodio Pulkerren izenak denon ahotan zeuden.

Armadak desegin zituen Ponpeio, diktadore izan nahi zuenaren zurrumurruekin batera. Politikari ekin zion Ponpeiok. Garaipenak garaipen, Optimates taldeak, zeinek Senatuan boterea berreskuratu zuen, ateak itxi zizkion Ponpeiori. Beteranoei agindutako lur-soroak eskuratzeko modurik ez zegoen. Hori zela eta, aliatu berriak aurkitu behar izan zituen.

Lehen Triunbiratoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ponpeio eta Kraso elkarrengandik mesfidatzen baziren ere, K. a. 61ean, beharturik, Zesarrekin bat egin zuten. Krasok haren mendeko gizonentzat mesede ekonomikoak nahi zituen, eta Ponpeiok haren beteranoei lurra eman beher zien. Zesarrek interes horiek berarekin lotu zituen. Hitzarmena Lehen Triunbiratoa deitu zen. K. a. 59an kontsulatua eskuratu ahal izan zuen Zesarrek. Trukean, aliatuei behar zutena emanen zien.

Ponpeiok beteranoentzako lurra ez ezik, emazte berri bat lortu zuen, Zesarren alaba, Julia Zesaris. Zesarrek bost urteko agintaldia Galian ziurtatu ondoren, Ponpeiori Hispania Ulterior probintziaren gobernua eman zion. Laguntzaileak bidali zituen Ponpeiok, Erroman gari-banaketa ikuskatu nahi zuelako. Beti bezain eraginkorra administrazioan, nolabait politikarako sena falta zitzaion.

Optimates taldeak ez zion barkatu Ponpeiori Zizeron Klodio Pulkerren kontra defendatu ez izana. Klodio Pulkerrek Ponpeio bera eraso zuenean ekin zion Ponpeiok Zizeronen buelta prestatzeari. Itzulitakoan, Zizeronen erretorikak lagundu zion Ponpeiori egoera politikoa leuntzen. Baina askok traidoretzat jotzen zuten zela Zesarrekin bat egiteagatik. Garai horretan ere, Plutarkok bildutako zurrumurruen arabera, Ponpeiok gero eta interes gutxiago zeukan politikan, eta emazte berriarekin ematen zuen denbora oro. Haren izeneko antzokia eraikitzeak ere denbora dezente kentzen zion. Erromako lehen antzokia ez ezik, zerbitzu askoko eraikina ere izango zen.

Bitartean, Zesar jeneral ospetsua bihurtzen ari zen Galian. K. a. 56an, Lehen Triunbiratoa desegiten ari zela ikusita, Zesarrek Kraso eta Ponpeiori deitu zien estrategia eraberritzeko. Hurrengo urterako Ponpeiok eta Krasok kontsulatua partekatuko zutela berriro eta Zesarri ezohiko botereak berrituko zizkiotela beste bost urterako. Krasok Siria probintziaren gobernua jasoko zuen, Partia konkistatu nahi baitzuen. Ponpeio Hispania Ulteriorren buruan segituko zuen, Erroman egon arren.

Hala ere, oposizio gogorra aurkitu zuten urte horretan. Borondate andana erosi behar izan zuten hautaketa ziurtatu ahal izateko. Haien jarraitzailek aske geratzen ziren postu gehienak jaso zituzten, aurkarien sumina areagotuz. Klodio Pulkerren bortizkeria indartzen ari zen hirian barnan, non segurtasun eza nagusitu zen.

Gerrari begira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horiotzek suntsitu zuten triunbiratoa. K. a. 54an, Julia, Ponpeioren emaztea zein Zesarren alaba bakarra, hil zen erditzen ari zela. Urte berean, Carrhae izeneko batailan, Kraso erabateko porrotean hil zen.

Garai horretan Zesar zen denon ahotan zebilen izena Galian lortutako garaipenei esker. Zesarrek beste senide batekin ezkontzeko proposatu zion Ponpeiori, baina honek muzin egin zion. K. a. 52an Korneliarekin, Metelo Eszipionen (Zesarren etsai amorratua) alabarekin, ezkondu zen. Optimates taldearen alde egin zuen Ponpeiok.

Klodio Pulkerren hilketak zein Senatuaren etxearen suteak behartu zuten Senatua Ponpeiori laguntza eskatzera. Beti bezain eraginkor, ordena bueltatu Erromako kaleetara. Geroztik, Katon Minorrek eta beste senatariek, Ponpeiok diktadore titulua aldarrikatuko zuelako beldurrean, kontsul bakarra izendatu zuten. Boteretsua izan arren, mugak zituen karguak.

Zesar Vertzingetorixen aurka borrokatzen ari zela, Ponpeiok Erromaren onurako lege andana onartu zuen, eta, aldi berean, Optimates-en alde jo zuela zalantzarik gabe erakutsi zuen. Lege batzuen bitartez, bazirudien Zesarren agintaldia bukatu bezain pronto haren kontra egingo zuela Ponpeiok.

K. a. 51an, argi eta garbi adierazi zuen Zesarrek armaden gaineko kontrola utzi behar zuela kontsulatua nahi izatera. Horrela, Zesar defentsarik gabe geratzen zen etsaien aurrean. Zizeronek idatzi zuen bezala, Ponpeiok Zesarri beldur zion. Gerra saihestezina zen.

Gerra Zibila eta hilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ponpeiok Zesar garaitzeko gai zela aldarrikatzen bazuen ere, Zesarrek Rubicon ibaia zeharkatu zuenean, Erromatik alde egin zuen Ponpeiok. Nolanahi ere, Estatuko altxorra Erroman utzi zuen, Saturnoren tenpluan, Zesarrek hartzera ausartuko ez zelakoan.

Italiatik doi-doi ihes egin zuen Ponpeiok. Hala ere, konfidantza berreskuratu zuen Dyrrhachium hiriko setioren ostean, non Zesar gerra galtzear egon zen. Abagune hori aprobetxatu gabe, bi armadek berriro Pharsalus batailan borrokatu zuten, K. a. 48an. Bientzat gogorra bazen ere, Zesarrek erabakigarria izanen zen garaipena eskuratu zuen. Ponpeiarrek bizitza salbatzeko ihes egin behar izan zuten. Emazte eta Sexto Ponpeio semearekin Egiptora joan zen.

Ptolomeo XIII.aren aholkulariek Ponpeio hiltzea erabaki zuten. Izan ere, Zesar etortzekoa zen, eta egipziarrek Zesarrekiko aliantza Ponpeiorena baino hobestu zuten. Irailaren 29an, Ponpeioren 58. urtebetetzean, bi adiskide ohik harrera eman zion txalupa batean. Hiltzaileak ziren. Txalupan Ptolomeo XIII.ari emanen zion hitzaldia prestatzen ari zela, sorbaldan sastatu zuten Ponpeio. Burua moztu ondoren, gorpua biluzik utzi zuten hondartzan. Filipok, Ponpeioren laguntzaileak, txalupako egurrezko hileta-su batean erre zuen gorpua.

Iritsitakoan, Zesarrek Ponpeioren burua jaso zuen ongi etorriko opari bezala. Hala ere, aliatu eta suhi ohia traizioz hilik ikusteak ez zuen Zesar poztu. Hori zela eta, Ptolomeo XIII.ak boterea galdu zuen. Haren ordez, Zesarrek Kleopatra arreba jarri zuen. Zesarrek alargunari Ponpeioren errautsak eta eraztuna eman zizkion, Italiara itzultzeko.

K. a. 45ean, Zesarren aginduz, Ponpeio jainko bihurtu zuten. Ironikoki, K. a. 44an, Zesar Ponpeioren estatua baten azpian hil zuten. Zesarrek, hiltzen ari zela, Ponpeiori, otoitz egin omen zion.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Ponpeio