Rikardo Arregi (kazetaria)
- Artikulu hau Gipuzkoako kazetariari buruzkoa da; Rikardo Arregi, ikus Rikardo Arregi.
Rikardo Arregi Aranburu (Andoain, Gipuzkoa, 1942ko irailaren 22a - Eibar, 1969ko uztailaren 10a) kazetari, saiakeragile eta euskaltzale euskalduna izan zen. Filosofia ikasketa bukatu ondoren Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan lagundu zuen. Euskaltzaindiari euskaldunen alfabetatzea proposatu zuen. 1969an, Euskaltzaindiaren bilera batera zihoala auto istripu batean hil zen; Ramon Saizarbitoria zegoen berarekin momentu hartan.
AEKren sorreraren aurrekariak sustatzen ere ibili zen 1965 inguruan.
Bere garaiko Europako mugimendu politiko eta filosofiko nagusiak sakon ezagutzen zituen, eta Politika estrukturak europear alkartasunean izenburuko lana argitaratu zuen Jakin-en «Europa» izeneko ale berezian (1965). Euskal errealitateari tinko eutsi zion, zentsura garai latz hartan eskain zitezkeen azterketa sozio-ideologiko argienetakoak eskainiz. 1964. urtean euskaltzain urgazle izendatua, 1966ko urtarrilean Euskaltzaindiari alfabetatze saila antola zezan proposatu zion, euskaldun helduak bere hizkuntzan ezinbesteko duen prestakuntzaz hornitzeko asmoz. Euskaltzaindiak onartu eta hauxe izan zen aurrerantzean gorpuztu zen helduen alfabetatze eta euskalduntzeko mugimenduaren hasiera. Proposatu ez ezik, zuzenean hartu zuen parte Rikardo Arregik antolatze lanetan. Euskara batuaren bultzatzailea, «Lur» argitaletxearen sortzailea ere izan zen. Zoritxarreko auto istripu batek eten zuen Rikardo Arregiren bizitza, 27 urteak bete aitzin, Euskaltzaindiak Bilbon egin behar zuen bilera batera zihoala.
[aldatu] Rikardo Arregi sariak
Andoaingo udalak bere omenez Rikardo Arregi Kazetaritza Saria antolatzen du 1988tik, euskarazko kazetaritza sustatu nahian.
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Biografia laburra Argia aldizkarian
- (Euskaraz) Rikardo Arregiren biografia Bidegileak bilduman
- (Euskaraz) Rikardo Arregi sariak
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.