Robert Capa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Robert Capa
Robert Capa
Datu pertsonalak
Izen osoa Endre Ernő Friedmann
Jaio 1913ko urriaren 22a
Budapest (Hungaria)
Hil 1954ko maiatzaren 25a
Thai Binh (Vietnam)

Robert Capa (Budapest, Hungaria, 1913ko urriaren 22a - Thai Binh, Vietnam, 1954ko maiatzaren 25a). Seguruenik XX. mendeko korrespontsal grafiko ezagunena. Bere benetako izena Ernö edo Ernest Andrei Friedman da.

Bost gerratan izan zen argazkilaria: Espainiako Gerra Zibilean, Bigarren gerra japoniar-txinatarrean, Bigarren Mundu Gerran (Europa osoan zehar), israeldarren eta palestinarren arteko 1948ko gerran eta, azkenik, Indotxinako Lehen Gerran, non hil egin zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1934an bere burua "André Friedman" deitzen zuelarik, Gerda Pohorylle ezagutu zuen, errefuxiatu judu alemaniarra. Bikotea Parisen bizi izan zen eta han André-k argazkilaritza irakatsi zion Gerdari. Elkarrekin sortu eta famatu zuten "Robert Capa" izena eta Gerdak ere izena aldatu zuen, "Gerda Taro" bihurtuz, eta arrakasta lortu zuen bere kontura.

1936an elkarrekin joan ziren Espainiara Gerra Zibileko argazkiak ateratzera. 1937an Robert Capa Parisera itzuli zen epe laburrerako lan kontuengatik, eta Gerda Taro Madrilen geratu zen. Brunete inguruan hil zuten Gerda, gudaldi batean. Caparentzat kolpe gogorra izan zen eta, horregatik, ez zen sekula ezkondu.

1943ko otsailean, berriz, Elaine Justin ezagutu zuen, John Austin aktorearen emaztea eta maitemindu egin ziren. Gerra amaitu arte elkarrekin ibili ziren, Capak frontean egin zuen arren denborarik gehiena. 1945an, hala ere, Elaine Austin-ek utzi egin zuen Robert Capa eta lagun batekin ezkondu zen, Chuck Romine-kin.

Hilabete batzuk geroago, Capa Ingrid Bergmanen maitalea bihurtu zen, aktorea soldaduak alaitzeko Europan zebilenean. 1945eko abenduan Capa berarekin joan zen Hollywood-era eta American International Pictures enpresan egin zuen lan epe labur batean. Ingrid Bergman-ek Caparekin ezkondu nahi zuen, baina argazkilariak ez zuen Hollywood-en bizi nahi. Haien arteko maitasun harremana film bihurtu zuen beren laguna zen Alfred Hitchcock zuzendariak: Rear Window. Harremana 1946ko udan bukatu zen, Robert Capa Turkiara joan zenean.

Lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Capa bere herrialdetik joan zen 1932an gurasoen gomendioz, gobernuaren aurkako protestetan atxilotua izan ostean.

Berez, idazlea izan nahi zuen, baina Berlinen argazkilari gisa lana aurkitu zuen eta arte horrekin zaletu zen. 1933an Alemaniatik Frantziara alde egin zuen nazismoarengatik (bera judua zen). Halere, Frantzian zailtasunak izan zituen kazetari freelance gisa lan egiteko.

Endre Ernő Friedmann zuen berezko izena, baina aldatu egin zuen “ulergarriagoa” izan zedin. "Robert Capa" aukeratu zuen, Frank Capra film zuzendariaren izenaren antza zuelako (antza, "cápa" hitza hungariarra da eta ‘marrazoa’ esan nahi du).

Espainiako Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936 eta 1939 bitartean, Espainian ibili zen Espainiako Gerra Zibileko gertaerak bere argazkien bidez islatzen.

1936an ezaguna bihurtu zen munduan zehar Cerro Murianon (Kordoba) soldadu errepublikar bati, tiroz hila erortzean, ateratako argazkiarekin. Hain gertutik ateratako argazkia izanik eztabaida handia egon zen argazkia benetakoa zen ala prestatuta zegoen jakiteko. Espainiar historialari batek hildakoa identifikatu zuen: Federico Borrell García, Alcoikoa (Alacant). Beste argazki bat dago leku berean erori zen beste soldadu baten irudiarekin, egiazkoa zela frogatzen duena[1].

Garai hartan Espainian atera zituen argazki asko desagertuta egon ziren urtetan, 1939an Europatik ihes egitean galdu egin zituelako Capa-k. Horrela, 1990eko hamarkadan Mexikon topatu zituzten[2] eta, horrexegatik, “Mexikoko eskuko maleta” gisa ezagutzen da argazki bilduma hori[2]. Argazki horien jabetza bere familiara itzuli zen eta International Center of Photography izeneko museoan daude, alegia, Robert Capa-ren anaia zen Cornell Capa argazkilariak Manhattanen sortutako museoan[2][3].

Bigarren Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Robert Capa New York hirian zen. Hara joana zen lan bila, Paristik, nazien jazarpenari ihesi.

Gerra horrek Europako zenbait lekutara eraman zuen Capa argazkiak ateratzera: lLehenengo Collier's Weekly aldizkarirako eta, kaleratua izan ondoren, Life aldizkariarentzat lanean aritu zen, baina soldadu aliatuek askotan argazkilari arrotz gisa ikusten zuten.

1943ko urriaren 7an Robert Capa Napolin zegoen Life aldizkariko Will Lang Jr. kazetariarekin eta postetxearen bonbardaketari atera zion argazki[4].

Bere lan ezagunena, berriz, 1944ko ekainaren 6an egin zuen: E eguna deituan, Omaha Beach-en, alegia Normandiako lehorreratzean, soldaduen bigarren olatuarekin joan zenean bera ere. 106 argazki atera zituen bere Contax II argazki-kamerekin (50 mm-tako lentedunak) inbasioaren lehen bi ordu inguru haietan. Zoritxarrez, Life aldizkariak Londresen zeukan laborategian, hiru argazki-erroilu eta erdiri lehortzeko produktu gehiegi bota zieten errebelatzeko eta 106tik 11 argazki baino ez ziren geratu[5]. Capa-k ez zion sekula ezer esan gertatutakoari buruz Londresko bulegoko buruari[6]. Life aldizkariak horietatik 10 argitaratu zituen 1944ko ekainaren 19an eta oharretan zioen “apur bat mugituta (Slightly Out of Focus)” zeudela, Capa-ren eskuak urduritasunarekin dardarka zeudelako argazkiak ateratzean, baina egileak ukatu egin zuen hori egia zenik[7]. Halere, eta hori dela eta, esaldi hori izenburu moduan erabili zuen, gerra kontatuz idatzi zuen liburu autobiografiko ironiko eta tristean.

1947an Capa Sobietar Batasunera joan zen John Steinbeck idazle lagunarekin. Argazki ugari egin zuen Mosku, Kiev, Tbilisi, Batumi eta Stalingraden. Steinbeck-ek erreportaia umoretsua egin zuen eta Caparen argazkiak zeramatzan A Russian Journal izenarekin argitaratu zioten 1948.

1947an bertan, Robert Capa-k Magnum Photos enpresa sortu zuen Henri Cartier-Bresson, William Vandivert, David Seymour eta Geroge Rodger-rekin batera.

Ondoren Israelera joan zen, herrialdearen fundazioaz argazkiak ateratzera eta Irwin Shaw-ren Report on Israel liburuan argitaratu ziren.

Indotxinako Lehen Gerra eta argazkilariaren heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950eko hamarkada hasieran Capa Japoniara joan zen, Magnum Photos enpresarekin zerikusia zeukan erakusketa batengatik. Han zegoen bitartean Life aldizkariak Asia Hegoekialdera bidali zuen, Indotxinako Lehen Gerran bertakoek frantsesekin zuten gerran argazkiak ateratzera (ordurako 8 urteko gerra zen). Zin egina zuen arren ez zela berriro gerra bateko argazkilari izango, armada frantseseko erreximendu batekin joan zen, Time-Life aldizkariko bi kazetarirekin: John Mecklin eta Jim Lukas-ekin.

1954ko maiatzaren 25ean, arratsaldeko 2:55etan, konboia leku arriskutsu bat gurutzatzen ari zen eta Robert Capa-k erabaki zuen jeep-a utzi eta oinez joatea, aurreko aldean argazki batzuk ateratzera. Bost minutu geroago, gutxi gorabehera, Mecklin eta Lucas-ek eztanda indartsu bat entzun zuten: Capa-k mina bat zapaldu zuen. Gertatutako lekura iristean, Capa oraindik bizirik zegoen, baina ezkerreko hanka galduta zeukan eta paparrean ere zauri larriak zituen. Mecklin-ek medikuei deitu zien eta landako ospital txiki batera eraman zuten, baina ordurako hilda zegoen. Kamara eskutan zuela hil zen.

Funtsa eta ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Caparen eta beste argazkilari batzuen argazki ondarea zaintzeko asmoz, Cornell bere anaia gazteenak International Fund for Concerned Photography sortu zuen 1966an eta 1974an New York hirian behin betiko kokalekua eman zion bildumari International Center of Photography izenarekin.

Overseas Press Club izeneko erakundeak sari bat sortu zuen Robert Caparen izenarekin: Robert Capa urrezko domina. Urtero ematen zaio atzerrian eta ahalegin bereziak eginez ateratako argazki argitaratu onenari[8].

1995an, Capak Espainiako Gerra Zibilean ateratako milaka argazkiren negatiboak aurkitu ziren Mexikon hiru maletatan. Hango film-egile bati bere izekok herentzian laga zizkion. Antza, 1939an, Capak Europatik ihes egin zuenean Bigarren Mundu Gerra zela eta, Mexikon aurkitutako negatibo horiek gela ilun batean utzita zituen eta naziek Paris hartu zutenean galdu zirela uste izan zen. Ez dakite nola iritsi ziren Mexikora, baina, dirudienez, Capak Imre Weisz hungariarrari, bere gela ilunaren arduradunari, eskatu zion 1939 eta 1940 artean negatiboak zaintzeko. 1995ean aurkitu zituenean Mexikoko film-egileak gutun baten bidez Queens College-ko katedraduna zen Jerald R Green-I eman zion aurkikuntzaren berri. 2008ko urtarrilean, negatiboak Caparen ondarearen parte bihurtu ziren eta mexikar film-egileak anonimotasuna eskatu zuen[9].

Gaur egun bi erakusketa garrantzitsu daude gutxienez egileaz:

  • This Is War: Robert Capa at Work Barbican Arte Galerian, Londresen, 17 October 2008ko urriaren 17tik 2009ko urtarrilaren 25era.
  • Periscopio, prentsa-argazkilaritzari begira 2008ko topaketaren barruan, Fundación Caja Vital Kutxa Aretoan, Gasteizen (Posta kalea, 13), urriaren 18tik abenduaren 8a arte.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Death in the Making, 1938.
  • The Battle of Waterloo Road, 1941.
  • Invasion!, 1944.
  • Slightly Out of Focus, Henry Holt and Co., New York, 1947.
  • A Russian Journal, John Steinbeck eta Robert Capa, Viking, New York, 1948.
  • Report on Israel, Irwin Shaw eta Robert Capa, Simon & Schuster, New York, 1950.
  • Robert Capa: Photographs, 1996.
  • Heart of Spain, 1999.
  • Robert Capa: The Definitive Collection, 2001.
  • Blood and Champagne: The Life and Times of Robert Capa, 2002.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Robert Capa Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. [1] Proving that Robert Capa's Falling Soldier is Genuine: a Detective Story,Richard Whelan, "Amerikar maisuak", PBS web-gunea.
  2. a b c Randy Kennedy, "The Capa Cache", New York Times, 2008/01/27.
  3.   Randy, Kennedy, The Capa Cache, http://www.nytimes.com/2008/01/27/arts/design/27kenn.html?ref=arts. Noiz kontsultatua: 2008-01-27 .
  4. Slightly Out of Focus, New York, Henry Holt and Company, 1947, 104. or.
  5. Slightly Out of Focus, New York, Henry Holt and Company, 1947, 151. or.
  6. "Moments of war, captured by the master", Peter Aspden, Financial Times (Londres), 2008/10/04
  7. Slightly Out of Focus, New York, Henry Holt and Company, 1947, 151. or.
  8. [2]Overseas Press Club of America, sarien artxiboa.
  9. Amelia Hill. Photographer Capa's lost treasure chest unearthed, Guardian: The Observer, 2008/01/27.