Ruandako genozidioa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Indarkeria arrastoak dituzten biktimen burezurrak.

Ruandako genozidioa 1994an gertatu zen. Gatazkan hutuen artean eman ziren joera desberdinek eta tutsiek hartu zuten parte[1].

Aurrekari historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. IV. mendean, batwa etniako biztanleak (ehiztariak) Ruandako mendi oihantsuetan jarri ziren bizitzen. Mende batzuk geroago, XI. mendean, hutu etniako nekazariak eskualde berera heldu ziren eta bizimodu sedentario bati ekin zioten. Batwa etniako kideekin bizikidetzan bizi ziren hutuak. Hortik ehun urtera, XII. eta XIII. mendeetan, abeltzain tutsiak gaur egungo Ugandako lurretatik mugitu eta Ruandara iritsi ziren. Azken hauek bertan bizitzen jarri ostean, batwa (ehiztariak), hutu (nekazariak) eta tutsi etniak (abeltzainak) elkarrekin bizitzen hasi ziren. Elkarbizitza hau sinbolikoa izan zen XVI. mendera arte baina, une hartan, tutsi etniako buruzagiek kanpaina militarrak hasi zituzten hutuen aurka. Haien printzeak hil zituzten, atal genitalak moztu eta hauek eskegi ere besteak beste. Asmoa aurkariak umiliatzea zen, eta hala, tutsien menpe jarri ziren hutuak.

Tutsiek nagusitasuna izan arren, desberdintasun ekonomikoak ez ziren guztiz agerikoak hutuekin alderatuta. Etnia batekoa edo bestekoa izateak estatus soziala markatzen zuen, baina hutu batek posible zuen, adibidez, klasez igotzea, ondasunak baldin bazituen batez ere. Bestalde, inguru hartako gutxiengoa zen etnia tutsiak (biztanleriaren %14a inguru), basailutzari ekin zion.

XIX. mendean, errege tutsiek beren nagusitasuna finkatu zuten. Nyiginya izeneko klanak herrialdea menperatu zuen eta honek hasiera eman zion gatazka militar eta sozialari. Tutsiek hutu etniako gehiengoa baztertzen zuten. Egoerak hala bultzatuta, egitura sozioekonomiko klasista bat garatu zen, Europako kolonizazioarekin gehiago indartu zena. Kolonizatzaileak alemanak iritsi ziren lehendabizi (1897-1916), eta ondoren, belgikarrek hartu zuten Ruanda. Azken hauek nortasun agiria sartu zuten herrialdean (1934), eta honek aukera gehiago eskaintzen zien tutsiei. Besteak beste, maila sozial hobea eta administrazio kolonialean toki hobeak eskuratzeko aukera ematen zituen agiriak. Horrek guztiak, desberdintasun sozialak erabat instituzionalizatzea ekarri zuen, tutsiak ziren onuradun nagusi. Bitartean, batwa etniako kideek tratu on samarra jaso zuten tutsiengandik. Izan ere, piramide sozialean, hutuen gainetik ikusten zituzten mendiko ehiztariak.

Kolonizazio belgikarraren ondorioz sistema sozial eta politikoa estamentu nagusiaren mesedetan indartu zen, hots, tutsien mesedetan. Afrikako kolonizazioa adostu zenean, Europako herrialdeen artean banatu zen kontinentea. Kolonizatzaileek talde jakin bati edo beste bati garrantzia handiagoa ematen zieten, betiere, interesen arabera. Belgikar administrazioak ikusi zuenean tutsien aldarrikapenak gehiegizkoak zirela, ordura arteko jarrera aldatu, eta hutuen alde jarri zen. Etnia bien arteko lehiakortasuna zorroztu egin zen eta hori ikusita, belgikarrek, etnietan oinarritutako alderdi politikoak sortu zituzten. Alderdi hauek sortu ziren nagusiki: Ruandako Batasun Nazionala (UNR), hutuen aurkako jarrera zuena, Ruandako Batasun Demokratikoa (RADER), Hutuen Askapenerako Mugimendua (Parmehutu) eta Masen Promozio Sozialerako Galdekapena (Aprosoma), tutsien aurkako jarrera zuena. Era berean, Europako misiolarien rolak ere kontuan hartzekoak dira, sistema soziala eta kolonizazioa legitimatu zutelako. Bidegabeko portaerak eta esplotazioa neurtzeko neurriak erabaki ziren.

XX. mendearen erdialdean, 1958an, hutu talde batek aldaketa eskatzen zuen manifestu bat idatzi ostean, honakoa erantzun zen gorteetatik:

« Hutuek ondare komuna banatzeko eskubidea nolatan eskatzen duten galdetu daiteke. Izan ere, gure (tutsiak) eta haien (hutuak) arteko harremanak beti egon dira basailutzan oinarrituta; ez dago, beraz, gure artean inolako senidetasunik. Gure erregeek herrialdea konkistatu, hutuen erregetxoak hil eta hutuak gure menpe jarri bazituzten, nola nahi dute gure anaiak izatea?  »

Tutsi gobernatzaileen jarrerari aurre eginda, Perraudin obispoa bezalako pertsonak erabakigarriak izan ziren hutuen askapenerako prozesuan. Bere 1959ko otsailaren 11ko gutun pastoralean honakoa dio:

« Justizia eta karitatearen legeak herrialdeetako instituzioei eskatzen die oinarrizko eskubideak, aukera berdintasuna eta arazo publikoetan esku-hartzeko aukerak bermatu behar direla biztanle guztientzat. Gizabanako eta talde sozial batenganako pribilegioak, faboritismoa, edota babesa eskaintzen duten instituzioak ez dira moral kristauarekin bateragarriak.  »

Une honetatik aurrera tutsien botereari aurre egiten hasi ziren hutuak, pixkanaka-pixkanaka, aberastasunaren banaketa helburu izanda. 1959ko azaroaren 1ean, gazte talde tutsi eta lider hutu baten artean izandako sesioak iraultza bati eman zien hasiera. Hutuek tutsien ondasunak erre eta haietako jabe batzuk hil zituzten. Bi urte iraun zuten maila baxuko erasoaldietan 74 hildako zenbatu zituen belgikar administrazioak. Haietako 61 tutsien milizia berriek eraildako hutuak ziren. Tutsien helburua zen hutuen iraultza hari amaiera ematea, baina hutuen mugimendu iraultzaileak indar handiagoz erantzun zuen ondoren. Hurrengo bi urteetan 20.000 tutsi inguru erail zituen. Indarkeria zurrunbilo haren aurrean, gauzak okertu eta tutsiak erbestera joaten ari zirela ikusita (150.000 inguru), Nazio Batuen Erakundeak amnistia aldarrikatu zuen 1961eko maiatzaren 31an, eta hala, urte hartan bertan Belgikarekiko independentzia eskuratu zuen Ruandak. Era berean, erreferenduma egin zedin eskatu zuen NBEk, eta horretarako begiraleak bidali zituen. Erreferendumaren emaitzak ezezkoa eman zion ordura arteko monarkia tutsiari, bozen %80arekin. Gobernatzaile tutsiek Errepublika onartu behar izan zuten eta hutuei eman zitzaien boterea. Une hartan erbesteratu ziren gazte tutsiek, Ruandako Fronte Abertzalea eratu zuten urteen joan-etorrian. Ruandako gerran rol garrantzitsua izan zuen fronteak, 1990etik 1994ra.

Ruandako egungo mapa.

Nagusitasun kolonialetik alde eginda, Grégoire Kayibanda izan zen Ruandako lehendabiziko presidentea. Hazkunde ekonomikoa eta egonkortasun soziala itxaropentsuak ziren. Mendeetan pilatutako desberdintasun handiak zeuden oraindik, baina tutsi eta hutuek ez zuten liskar handirik izan euren artean. Nekazariak hezkuntza zerbitzua izaten hasi ziren eta herrialdea garatzen hasi zen errekurtso handirik gabe ere. Alabaina, erbestean eta monarkiaren alde zeuden tutsiek Ruanda ondoko herrialdeetan antolatzeari ekin zioten. Ruandako gobernuaren aurkako erasoak hasi zituzten, arrakasta handirik gabe. Errepublikaren alde (hutuak gehienbat) eta aurreko erregimenaren alde (gehiengo tutsia) zeudenen arteko gorrotoak gorakada izan zuen, baina liskarrek ez zuten orduko 1970eko hamarkadan indar handirik hartu. Halere, desberdintasun sozialak agerian gelditzen hasi ziren eta horrek gatazka handiagoak ekarri zituen gerora.

1972an hilketa latzak izan ziren Ruandarekin mugakide den Burundi herrialdean: 350.000 hutu hil zituzten tutsiek, eta ondorioz, tutsien aurkako sentimendua indartu egin zen Ruandako hutuen gehiengoan. Biztanleriak tutsien aurka gogor ekiteko eskatu zion Grégoire Kayibanda presidenteari. Alabaina, presidenteak hartutako neurriek ez zituen biztanleak asebete eta gobernuan emandako ustelkeria kasuek estatu-kolpe bati eman zioten bidea. Habyarimana jeneralak eman zuen estatu-kolpea (hutu jatorrikoa) 1973ko uztailean[2].

Demokraziaren aurkako esku hartzea izan arren, gobernuak egonkortasuna izan zuen 1980ko hamarkadaren erdialdera arte. Frantziako laguntza logistiko eta militarra izan zituen horretarako. Ondoren, adiskidantza nazional bat lantzeari ekin zitzaion. Datu hauek guztiak Munduko Bankuak eta Amnesty Internationalek baieztatu zituzten. Batetik, Ruandaren garapen eredugarria nabarmendu zituen Munduko Bankuak (1980ko hamarkada), eta bestetik, Giza Eskubideekiko zegoen errespetua Amnesty Internationalek (1990). Estatu-kolpearen atzetik etorri ziren 17 urteetan tentsioa mantendu egin zen arren, bi taldeak lasaitu egin ziren nolabait. Finantza kontuak kontrolatzea tutsiei zegokienez, erbestean zeudenek ikusi zuten bazutela botere bat herrialde barruan. Ruandako Fronte Abertzalea herrialdean sartu zen, era klandestinoan, eta bertako hainbat gazte tutsi erreklutatu zituen. Hala, heziketa ideologiko eta militarrak jaso, eta brigada sekretuak eratu ziren, mendi muinoetatik masiboki barreiatu zirenak. Ruandako Fronte Abertzaleko ideologoa zen Tito Rutaremarak honakoa gogoratu zuen:

« 1987. urte amaierarako Fronteko 38 talde zeuden herrialdearen barruan.  »

Kafearen prezioa jaistea bezalako kanpo faktoreek (esportaziorako produktu nagusia) eta barruko beste zenbait faktorek, tentsio berriak sortu zituzten 1980ko hamarkadako erdialdetik aurrera. Honi gehitu behar zaio ustelkeria kasuak eman zirela herrialdearen ipar partean. Era berean, egoera ekonomikoa okerrera zihoan eta erbestean zeuden tutsiek ez zuten jatorrizko herrialdera bueltatzerik. Faktore hauen guztien ondorioz Ruandako Gerra hasi zen[3].

Genozidioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ruandan honela dago banatua biztanleria: hutuak (gehiengoa) eta tutsiak (gutxiengoa). Herrialdeak Belgikarekiko independentzia lortu zuenetik hutuak egon dira boterean beti. Lur-eskasiak eta kafearen esportazioan oinarritutako ekonomia ahulak egoera okertu baino ez zuten egin. Hain zuzen, kafearen prezioa %50a jaitsi zen mundu osoan, 1989an, eta Ruandak esportazioen %40a galdu zuen. Azken 50 urteetako elikadura krisi handienari egin behar izan zion aurre herrialdeak, eta gainera, gastu militarrak igo eta zerbitzu publikoak murriztu ziren.

1990eko urrian, Ruandako Fronte Abertzaleak (erbestean zeuden tutsiek sortua) herrialdea inbaditu zuen Ugandatik sartuta. Herrialde biek bake akordio bat sinatu zuten 1993an (Arushako akordioa).

Trantsizio bidezko gobernua sortu zen, hutuak eta tutsiak txandaka gobernatzen zutena.

1994an, Ruandako ejertzitoak milizia hutuak (Interahamwe) entrenatu, eta Mila Muinoetako Irrati Telebista Asketik tutsien aurka aurrez aurre jartzeko mezuak zabaltzen hasi ziren. Muturreko hutuek gidatu zuten igorpena. Mezuak talde etniko bien arteko desberdintasunak nabarmentzen zituen, eta gatazkak aurrera egin ahala gero argiagoak bilakatu ziren. Apiriletik aurrera tutsiak hutuen aurkako genozidio bat prestatzen ari zela esaten hasi zen.

Linda Melvern erreportari britainiarraren arabera genozidioa ondo planifikatuta zegoen. Triskantzaren hasieran 30.000 pertsonek eratu zuten milizia eta herrialde osoan zehar zeuden barreiatuta[4]. Miliziako zenbait kidek AK-47 errifleak lortzeko erraztasunak omen zituzten inprimaki soil bat beteta. Granadak bezalako beste armen kasuan ez zen inolako paperik bete behar eta masiboki banatu ziren.

Genozidioaren zati bat nazioarteko laguntza programetatik finantzatu zen, besteak beste, Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren doiketa programetatik. Genozidioaren prestakuntzan 134 milioi dolar xahutu zirela esan ohi da, eta haietako 4,6 milioi aihotz, aitzur, aizkora, laban eta mailuetan gastatu omen zirela. Estimazioen arabera, gizonezko hutuen hirutik batek matxete berria zuen.

Melvern erreportariaren arabera, genozidioa kabinete batzarretan eztabaidatu zela aitortu zuen Ruandako lehen ministro Jean Kambandak. Era berean, kabineteko ministra batek «tutsi guztiez libratzearen alde» zegoela esan zuen, «tutsirik gabe Ruandako arazo guztiak amaituko liratekeelako»[5].

Genozidioaren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1990an Ruandako Fronte Abertzalea sortu zen, taldeko kideak Ungandan zeuden tutsi herbesteratuek osatzen zuten. Urrian, talde honek Ruanda inbaditu zuen Ugandako armadaren laguntzaz.

1993an Ruanda eta Uganda bake itun bat sinatu zuten, Arushako Tratua. Bertan, trantsizio gobernu bat eratzea adostu zuten, 22 ministrotik 5 Frontekoak izan behar zutelarik; tutsi errefuxiatuen etorrera kontrolatzeko batzorde bat sortu zen; fronteko kideak armadan sartu ziren tropen %40a osatzen zutelarik; eta 1995an hauteskunde parlamentarioak egitea adostu zuten.

1994ko apirilaren 6ean genozidioa hasi zen, Ruandako Juvenal Habyarimana (hutua) eta Burundiko Ciprian Ntayamira presidenteak bidaiatzen zuten hegazkina bi misilekin bota zutenean. Hurrengo egunean Agathe Uwlingiyimana lehen ministra eta NBEko 10 soldadu Belgiar erahilak izan ziren. Ondorioz “kasko urdinak” erretiratu egin ziren biztanleria segurtasun gabe utziaz. Hutu erradikalak beren gobernua deuseztua zegoela ikustean eta “kasko urdinak” alde egin zutela ikusita, egoera aprobetxatu zuten genoziodioarekin hasteko. Kontraerasoan, Ruandako Fronte Abertzaleak (tutsiek osatua) Kigaliko inguruak erasotu zituen.

Apirilaren 9an, Jean Kambandak (hutua) gobernua eratu zuen, moderaturik gabeko gobernua zen. Egun berean, Frantzia eta Belgikak bere biztanle guztiak atera zituzten, beren enpresetako ruandarrak ere bertan utziaz. Gurutze gorriak apirilaren 11rako hamarmila ruandar hil zirela estimatu zuen. Bitartean, Nazio Batuen MINUAR bakearen aldeko misioak ez zuen ezer egin. Apirilaren 14an Belgiarren armada erretiratu egin zen, NBEko Koartel Orokorrak emandako agindu zuzenengatik eta Kofi Annanek ez sartzeko agindu zuen.

Apirilaren 17an Kibuye konderrian, tutsien beste sarraski bat hasi zen, hurrengo hiru hilabeteetan 250.000 pertsona hilko zituena. Boutros Ghali Ruandaren egoera larria ikusita UNAMIR misioaren errefortzu bat eskatu zuen sarraskiak geldiarazteko, milaka soldadu gehiago eskatuaz. Bestalde, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak UNAMIR misioa 2.500 pertsonatik 270era murriztera adostu zuen aho batez. Apirilaren 21erako Gurutze gorriak ehun mila pertsona hil direla estimatzen du.

Maiatzaren 4an, Boutros Ghalik lehenengoz Genozidio terminoa erabili zuen Ruandan gertatzen zen sarraskiari erreferentzia egiteko, horrekin Bill Clinton eta beste buruzagi garrantzitsu batzuk egoera deseroso batean jarri zituen. Egoera okertzen zioala ikusita, UNAMIR misioa berrezartzea erabaki zuten eta une horretan tutsien kontraerasoa hasi zen iparraldean. Gurutze gorriaren estimazioen arabera maiatzaren 13rako 500.000 pertsona erahilak izan ziren, baina inongo agintarik ez zuen genozidio hitza erabili oraindik.

Ekainaren hasieran, Ruandako Fronte Abertzaleak herrialdearen iparekialdean antolatu zen eta Ruandan bizi ziren atzerritar guztiei alde egiteko ultimatuma bota zieten. Mendebaldean berriz, ALIR izeneko Ruandaren Askapenerako Armada sortu zuten.

Ekainaren 22an, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Frantziari denbora batez Ruandako hegomendebaldea kontrolatzeko eskatu zion, bertan segurtasuna eta bakea mantentzeko.

Uztailaren erdialdean, Ruandako Fronte Abertzaleak kigali menderatu zuen, bertan zegoen gobernu erradikal hutuak Zaire ingurura alde egin zuelarik. Bi milioi hutuk ere alde egin behar izan zuten herrialdetik eta Goman historiako errefuxiatu zelairik handiena eratu zuten. Hau izan zen Genozidioaren amaieratzat hartzen den unea.

Biktimak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizan babestu ziren 5000 pertsonak granadaz, labanaz, tiroz eta bizirik erreta hil zituzten.

Ruandan hilketen eta gatazken eragile nagusiak ruandarrak izan diren arren, kanpoko potentzien eragina (Britainia Handia, Frantzia eta Belgika)sarritan nabarmendu da, eta gertaera larrienean, 1994ko genozidioan, ere nabarmendu zen. Genozidioan 800.000-1.000.000 hildako izan ziren; gehienak, zibilak(Ruandan guztira 5.800.000 biztanle ziren).

Azken hamarkadetan, indarkeriazko barne-gatazkak izan dira Ruandan. Alderdi ezagunenak tutsien eta hutuen arteko (Ruandako tribuak) guduak izan ziren. Etnien arteko banalerroa ,ordea, ez da gatazkaren arrazoi bakarra izan: 1994ko genozidioa hutu erradikalen eskuetan zegoen gobernuak piztu zuen, eta tutsiak adina hutu moderatu hil ziren; hain zuzen, arrazoi politikoengatik boterearen aurkariak zirena. Hala ere, hutuen eta tutsien arteko adiskidetasunak eta ezkontzak ere izan dira.

Mendebaldeko herrialdeek Ruandako gatazkan garrantzi nabarmena izan zuten eta dute. Belgika, potentzia kolonialak, hasieratik erabaki zuen gutxiengo tutsiari pribilegioak ematea eta elite bihurtzea.

1995ean, Frantziak Ruandaren armamentu-hornikuntzarako akordio bat sinatu zuen. Era berean, frankofoniaren izenean, hutu erradikalen erregimen diktatoriala babestu zuen, ekintza onartezinak egiten zituzten arren. Haien aurkari tutsiak, Ugandako erbestealditik zetozenak, anglofono bihurtu ziren. Gerard Purnierren ustez Frantzia genozidioaren "katalizatzailea" izan zen.

Nazioarteko arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genozidioaren zati bat nazioarteko laguntza programetatik finantzatu zen, besteak beste, Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren doiketa programetatik. Genozidioaren prestakuntzan 134 milioi dolar xahutu zirela esan ohi da, eta haietako 4,6 milioi aihotz, aitzur, aizkora, laban eta mailuetan gastatu omen zirela. Estimazioen arabera, gizonezko hutuen hirutik batek matxete berria zuen.

Badira errua Bill Clintoni ere botatzen diotenak, ez esku hartzeaz aparte trajedia gerta zedin aktiboki parte hartu zuelako. Izan ere, Nazioarteko Zigor Auzitegiko Michael Hourigan fiskal Australiarrak egindako ezkutuko ikerketa sakon baten ondorioz, Habyaramanaren hegazkina Bill Clinton eta Kamek bota zutela argitu zuen, hain juxtu hegazkina bota ondoren hasi zen hondamendia. Iturri batzuen arabera 1997an Bill Clintonek Ruanda bisitatu zuenean, Kagameri zera eskatu zion, Habyaramanaren hegazkinaren eraispenaren inguruan informazioa zeukan edonor erahiltzeko. Paradoxikoki, Bill Clintonek egindako bisitaren ondoren, mundu guztian zehar erahilketa batzuk eman ziren, adibidez Nairobin, Kenian, Seth Sendashonga eta Théoneste Lizinde hil zituzten.

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ruandako genozidioa Aldatu lotura Wikidatan