Saint John's (Antigua eta Barbuda)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Antigua eta Barbudako hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Saint John's».

Saint John's

Saint John's (Antigua eta Barbuda)
Saint John's
Estatua  Antigua eta Barbuda
Parrokia Saint John[1]
Herritarra saintjohnstar
Koordenatuak

17°7′N 61°51′W / 17.117°N 61.850°W / 17.117; -61.850Koordenatuak: 17°7′N 61°51′W / 17.117°N 61.850°W / 17.117; -61.850

Eremua 10 km²
Garaiera 0-100 m
Biztanleria 23.342 bizt. (2008)
Dentsitatea 2.334,2 bizt./km²
Sorrera 1632
Saint John'seko kokapena Antigua eta Barbudako mapan.

Saint John's Antigua eta Barbudako hiriburua eta hiririk handiena da; Karibe Itsasoan dagoen Antigua uhartean dago, Antilla Txikietan. 2008an hiriak 23.342 biztanle zituen; estatu zein uharteko merkataritza-zentro eta portu nagusia da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europarren aurretik bertan bizi zirenek Wadadli deitzen zuten uhartea 1493 arte Kristobal Kolonek Antigua izena ipini arte.

Bere sorreratik uhartearen hiriburu administratiboa izan den Saint John's 1632an jaio zen etxe-talde txiki gisa, Edward Warnerren buruzagitzapean ondoko Saint Kitts uhartetik heldu zen britainiar talde baten eskutik. Hortik aurrera Britainiar Uharteetatik etorritako biztanleak heltzen hasi ziren, bereziki Irlandatik. Bertako karibearrekin zein frantsesekin lehian ibili ziren lehen urteetan.

1667rako herria handituta zegoen; Afrikatik esklabuak ere hasi ziren heltzen. 1680an gotorleku bat Rat uhartean eraikitzeari ekin zioten, badiaren parean; 1704an amaituta, Fort James izena ipini zioten. Bitartean, 1689rako Falmouth[2] baino handiagoa zen dagoeneko baina hurrengo urtean zikloi tropikal batek herri ia osoa eta portuan zeuden itsasontzi guztiak suntsitu zituen.

1702an kaleak ganoraz doseinatu ziren eta azoka bat eraiki zen. 1747an Justizia Gortearen eraikuntza hasi zen; bere egitekoetarako erabiltzen ez zenean dantzaleku bihurtzen zen. Gaur egun Antigua eta Barbudako Museoa da. 1769an sute batek 260 bat etxe erre zituen, herriaren bi herenak.

1784an Horatio Nelson ospetsua heldu zen oraindik oso ezaguna ez zenean; egun bere izena daraman ontziola eraikitzea agindu zuen. Ez zituen harreman onak garatu bertako biztanleekin eta denbora gehiena herriaren aurrean ainguratuta zegoen bere itsasontzian ematen zuen.

1801ean gobernadorearen egoitza eraikitzen hasi ziren; lehenago alokatutako etxeetan bizi zen. 1830ean Britainiar Antilletako estraineko liburutegia egin zen; pribatua zen. 1842an "hiri" titulua eman zitzaion, elizbarrutia osatzearekin batera. Madeiratik heldutako etorkinekin hiria are gehiago handitu zen eta 1850ean edateko uraren zerbitzua ezarri zen, hiriaren kanpoaldean egin zen urtegi baten bitartez.

Beti uhartearen bizitzaren bihotza, 1981ean Antigua eta Barbudak independentzia lortu zutenean estatu berriaren hiriburua bihurtu zen.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu klimatikoak (Saint John's)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 31.2 31.8 32.9 32.7 34.1 32.9 33.5 34.9 34.3 33.2 32.6 31.5 34.9
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 28.3 28.4 28.8 29.4 30.2 30.6 30.9 31.2 31.1 30.6 29.8 28.8 29.8
Batez besteko tenperatura (ºC) 25.4 25.2 25.6 26.3 27.2 27.9 28.2 28.3 28.1 27.5 26.8 25.9 26.9
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) 15.5 16.6 17.0 16.6 17.8 19.7 20.6 19.3 20.0 20.0 17.7 16.1 15.5
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 22.4 22.2 22.7 23.4 24.5 25.3 25.3 25.5 25.0 24.4 23.9 23.0 24.0
Pilatutako prezipitazioa (mm) 56.6 44.9 46.0 72.0 89.6 62.0 86.5 99.4 131.6 142.2 135.1 83.4 1049.2
Prezipitazio egunak (≥ 1.0 mm) 11.1 8.7 7.3 7.2 8.6 8.3 11.8 12.7 12.0 12.9 12.4 12.1 124.7
Iturria: Antigua/Barbuda Meteorological Services[3]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

St. John's Antilla Txikietako hiririk garatu eta kosmopolitenetakoa da. Hirian zehar barreiatuta dauden bere merkataritza eremu eta dendengatik ospetsua da; diseinatzaileek egindako bitxiak eta goi-mailako jantzigintza eta modaren sektorea dira produktu aipagarrienak.

Hiriak uhartean dauden luxuzko opor-guneetako eta bere portura heltzen diren gurutzontzietako turistak erakartzen ditu; Europatik eta AEBetatik datozen bisitariek egunero animatzen dituzte hiriko kaleak.

Inbertsio-bankuak ere garrantzi handikoak dira eta mundu osoko hainbat finantza-taldek bulegoak dituzte.

Hiriaren hegoaldean barazki, fruta, haragi eta arrain freskuak egunero saltzen diren merkatua dago.

Gotorlekuan dagoen Antigua Rum Distillery uharteko ron destilategi bakarra da.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriko biztanlerian bere historia eta uharte osoarena islatzen da, bere historiaren lekuko: afrikar jatorrikoak edota afrikar eta europarren arteko nahasketan jatorria dutenak dira gehiengoa, europar gutxiengo bat dagoelarik, haien artean britainiarrak eta portugaldarrak (madeiratarrak bereziki). Ekialde Hurbileko arabiar merkatarien talde bat ere badago.

Eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zibilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Badira zenbait museo, haien artean Antigua eta Barbudakoa[4] (Museum of Antigua and Barbuda) eta Itsas Artearena (Museum of Marine Art).
  • St. John'seko ekialdean, North Sound-en erabilera anitzeko Sir Vivian Richards estadioa dago; cricketerako[5] eraikita, 2007ko kirol honetako munduko kopako partida batzuk bertan jokatu ziren. Antigua Recreation Ground estadio nazionala ere hiriburuan dago.
  • Lorategi Botanikoa (Botanical Garden) Factory Road eta Independence Avenue kaleen arteko gurutzean dago; hiriko bazter lasaienetakoa da.
  • Hiriko portuan itsasargia (Antigua Light) dago.
  • Fort James ere portuko sarreran dago; aldirietan Fort George, Fort Charles, Fort Shirley, Fort Berkeley eta Fort Barrington gotorlekuak ere daude.

Erlijiosoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriaren izen bera daukan katedral anglikanoaren (1845) dorre barroko zuriek hiriaren ikuspegia markatzen dute.

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portuaz gain, Saint John's airez zerbitzatzen duen V. C. Bird nazioarteko aireportua dago.

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arlo honetan American University of Antigua Medikuntza arloko unibertsitate-eskola nabaritzen da.

Hiriko portua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hiriaren izena parrokiarenetik eratorria da.
  2. Hegoaldean, herriska hau Liberta uharteko hirugarren hiriaren ondoan dago.
  3.   Normals and Averages, Antigua and Barbuda Meteorological Services, http://www.antiguamet.com/. Noiz kontsultatua: 14 October 2012 .
  4. Museoaren webgunea.
  5. Britainiar Antilla-ohietan kirolik popularrena da.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Saint John's (Antigua eta Barbuda) Aldatu lotura Wikidatan