Uruguaiko historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Uruguaiko historia ez zen hasi europarren etorrerarekin. Portugalgo eta Espainiako esplorazioen aurretik, lurraldea zenbait etnia ehiztari-biltzaile, txarrua, txane, guarani, tape eta aratxaneak besteak beste, bizi ziren lurraldean. Horien artean txarrua leinukoak nabarmendu ziren, espainiarren kolonizazioa eragotzi baitzuten. Izan ere, espainiarren eta txarruen arteko gatazkak XIX. mendera arte izan ziren. Bestalde, espainiarrak iristearekin batera, guaranien eragina ari zen zabaltzen, eta haien hizkuntzak eman zion batasuna lurraldeari.

Kolonia-garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europarrak egungo Uruguai lurraldera 1516an heldu ziren aurreneko aldiz. Alabaina, urre eta zilar urritasunak kolonien sorrera eragotzi zuen XVI. eta XVII. mendeetan. Lurralde horiek Portugal eta Espainiako inperioen arteko muga zen. 1603an Paraguaiko gobernadorea, Hernando Arias de Saavedra, lurraldean abere hazkuntza bideratzeko egokieraz jabetua, behiak eraman eta aske utzi zituen.

Jesuita eta frantziskotarrek erredukzioak sortu zituzten, portugaldarrek beren lurraldeak Rio de la Plataraino zabaltzera Brasildik bidalitako bandeirantes edo esploratzaileen erasoak pairatu zituztenak. Lehendabiziko bizileku finkoa Santo Domingo Soriano izan zen, 1624an Negroko hego-mendebaldeko ibaiertzean espainiarrek fundatuta. Portugaldarrek 1680an Colonia del Sacramento sortu zuten Buenos Airesen aurrean. Espainiak, berriz, lurraldearen garrantziaz jabeturik, eta brasildarren hedapenari aurre egitearren, Montevideo sortu zuen 1726an. Bi nazioen arteko liskarrak 1777an egin zen San Ildefonsoko hitzarmenarekin amaitu ziren: Espainiak estuarioaren ekialdeko ertza, Sacramento barne, eskuratu zuen eta Portugalek ekialdeko misioak. Uruguaiko lurraldea, orduan Sortaldeko Zerrenda deitua, Río de la Platako Erregeorderria sortu berriaren barruan geratu zen, Buenos Aires hiriburu zuela. Artean oso jende gutxi bizi zen lurraldean (indiarrak, bidelapurrak eta kontrabandistak), Montevideon eta kostaldeko herri batzuetan izan ezik.

Merkataritza askerako arautegia onartu zenean (1778) hasi zen Montevideo aurrera egiten, Buenos Airesekin lehian, eta herriak sortu ziren barnealdean. Karlos IV.a Espainiako erregearen eta Napoleon I.aren arteko hitzarmena zela eta, 1806an britainiarrek Buenos Aires hartu zuten. Montevideoko gudarosteak britainiarrengandik askatzea lortu zuen baina hurrengo urteko otsailean britainiarrek hartu zuten Montevideo eta iraila arte egon ziren.

Independentziaren aldeko borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hogeita hamaihiru sortaldetarren zina

1808an Jose Bonaparte Espainiako errege izanik, Frantziako gudarostea Espainian sartu zenean, Francisco Javier de Elío Montevideoko gobernariak batzorde bat eratu zuen, eta Santiago de Liniers erregeordeari kargua uzteko eskatu zion, frantsesen aldekoa zelakoan. Buenos Airesen Maiatzeko Iraultzak Gobernu Batzorde Probintziala eratu zuen (1810), burujabetasunaren aldekoa, Montevideok ezagutu ez zuena eta bi hirien aurkakotasuna areagotu zuena. Espainiar erregezaleak Montevideora babestu eta erregeordetzaren hiriburu izendatu zuten.

1811ko otsailaren 28an hasi zen Montevideoko agintarien aurkako matxinada (Grito de Asencio), José Gervasio Artigas jeneralaren gidaritzapean. 1814an espainiarrek amore eman zuten, eta hiria utzi. Buenos Airesko oligarkiak Sortaldeko Lurraldera hedatu nahi zuen bere aginpidea, eta Artigasen jarraitzaileek, berriz, burujabetasuna nahi zuten. Egoera horretan izan ziren liskarrez eta guduez baliatuz portugaldarrek hartu zuten Sortaldea (1817), Buenos Airesen oniritziarekin. 1821ean Brasilgo Cisplatina probintzia izena eman zitzaion lurralde horri. Baina, 1825ean, Buenos Airesen erbesteratuak zeuden Hogeita hamaihiru sortaldetarrek Brasilen aurkako matxinadara deitu zuten, Juan Antonio Lavallejaren eta Manuel Oriberen gidaritzapean. Biltzar bat egin zuten Floridan, Sortaldeko Lurraldea Rio de la Platako probintzien arteko bat izatearen aldekoa, eta Buenos Airesko gudarostearen laguntza jaso zuten. Uruguaiarrak Ituzaingóko guduan garaile atera ondoren (1827), britainiarrek Argentinak eta Brasilek Uruguairen burujabetasuna onartzea lortu zuten Rioko bakean (1828).

Uruguai burujabea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1830ean onartu zen lehen konstituzioa, eta Fructuoso Rivera hautatu zuten errepublikako lehendakari. Riveraren gobernuak Lavallejaren matxinadei (1832 eta 1834), txarrua indiarren erasoei (1830-1832) eta Buenos Airesko gudarosteari (1833) aurre egin behar izan zien. Riveraren eta Lavallejaren arteko gorabeherek geroztik herrialdean nagusi izan diren alderdi politikoak sortu zituzten: Lavallejaren jarraitzaileen Alderdi Zuria, lurjabe handien interesak babesten zituena, eta Riveraren jarraitzaileen Alderdi Gorria, hirietako erdiko mailako klasearenak defenditzen zituena. 1838an bi alderdien arteko Gerra Handia hasi zen: gorriak alde batetik, Rivera buru eta frantsesen eta ingelesen laguntza zutela, eta zuriak bestetik, Manuel Oribe buru eta Juan Manuel de Rosas argentinar diktadorearen laguntza zutela. 1851n Rosas diktadorea kargutik kendu zutenean Manuel Oribek amore eman zuen eta, galtzailerik eta irabazlerik gabe, bakeak egin zituzten bi alderdiek.

Gerraren ondorengo gobernu gehienak Alderdi Zurikoak izan ziren harik eta 1865ean Venancio Flores lehendakari ohiak, Brasilen laguntzarekin, aginpidea kendu zien arte. Laguntza horrek Argentinarekin eta Brasilekin Aliantza Hirukoitza osatzera eta Paraguairi gerra (1865-1870) egitera behartu zuen Uruguai.

Hurrengo urteetako barne egoera nahasiak eta krisi ekonomiko larriak militarren gobernualdiak ekarri zituzten: Lorenzo Latorre (1876-1880), Máximo Santos (1882-1886) eta Máximo Tajes (1886-1890). Denbora horretan gobernuak lurjabe handien ahalak murriztu, bakea bideratu eta abere hazkuntza sustatu zituen landetan. Halaber burdinbideak egin eta telegrafo hariak hedatu ziren, hezkuntza publikoa bultzatu zen eta, oro har, britainiarren dirulaguntzaz, estatu moderno baterako oinarriak jarri ziren. Bestalde, italiar eta espainiar asko iritsi ziren eta herrialdea, 1875an 450.000 biztanle zituena, milioi bat biztanle izateraino handitu zen mende bukaerako. 1890ean Tajes jeneralak zibilei itzuli zien lehendakaritza, herrialdearen normalizazio politikoari bide emanez.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mende hasierako politikoen artean aipagarria da José Batlle y Ordóñez, Alderdi Gorrikoa, 1903-1907 eta 1911-1915 urteetan lehendakari izan zena, eta ondoren ere eragin handia izan zuena. Batlleren ideologia liberal berriaren administraziopean (batllismoa), esportazioetan oinarritzen zen ekonomiaren sendotzearekin batera, oso urte oparoak izan zituen Uruguaik alor guztietan, erdiko mailako klasearen nagusitasuna ekarri zutenak. Besteak beste, langileen eskubideei eta betebeharrei buruzko eta gizarte laguntzaren babeserako legedi aurreratuak egin ziren, Europako zenbait herrialdetakoak baino aurreratuagoak.

1917ko konstituzioa hark egindako berrikuntzetan oinarritua zen. Konstituzio horrek aginpide eragilea lehendakariaren eta Administrazio Kontseilu Nazionalaren ardurapean uzten zuen. Baina 1929ko krisi ekonomikoaren ondorioz, Gabriel Terra lehendakariak (1933-1938) estatu kolpe baten bidez aginpide osoa bere gain uzten zuen konstituzioa indarrean eman zuen.

Alfredo Baldomir jeneralak (1938-1943) Terraren konstituzioa baliogabe utzi zuen eta aurreko urtetako demokraziara hurbildu zen politika egin zuen, 1952an lehendakariaren ordez Administrazio Kontseilu Nazionala onartzearekin gauzatu zena. Bien bitartean, Bigarren Mundu Gerran Uruguaik neutraltasuna gorde zuen, nahiz eta gerra aldarrikatu zion Alemaniari. Gerrako urteetan ekonomiak aurrera egin zuen, Estatu Batuetako kapitalaren laguntzaz. Literatura arloan 45eko belaunaldia, Mario Benedetti eta Juan Carlos Onetti besteak beste, nabarmentzen hasi zen.

1954an, ordea, berriro ere krisi ekonomiko larria izan zen, arazo soziopolitikoak sortu zituena. 1958an Alderdi Zuriak irabazi zituen hauteskundeak, lehenengo aldiz 93 urtetan, baina zurien gobernualdiek ezin izan zuten inflazioa geldiarazi eta gizarte arazoak are larriago izan ziren. 1966an Gestido jeneralak lehendakaritza onartzen zuen konstituzioa egin zuen atzera. Bitartean, Tupamaroak (Tupac Amaru II.a indiar buruzagiaren omenez izen hori zutenak) izeneko gerrilla iraultzailea antolatu zuten hirian, bortizkeria erabiliz krisialdiari amaiera ematen saiatu zena. Gobernuak errepresioa areagotuz eta gizabanakoen eskubideak bertan behera utziz erantzun zuen.

Juan María Bordaberry lehendakariaren gobernualdian (1972-1976) gerra egoera ezarri zen, zibilez eta militarrez osatutako Segurtasun Kontseilu Nazionala sortu zen, Senatarien eta Diputatuen ganbarak desegin ziren, langileen erakundeak eta ezkerreko alderdi politikoak debekatu eta herritarren eskubideak murriztu ziren, eta gerrillari jazarri zitzaion. 1976an militarrez eta zibilez osatutako Batzorde Nazionalak kendu zion lehendakaritza Bordaberryri eta Aparicio Méndez izendatu zuen haren ordez.

1980ean militarrei esku handia ematen zien konstituzioari buruzko errefereduma egin zen, hautesleek atzera bota zutena. Militarrek Gregorio Álvarez jeneralari eman zioten lehendakari kargua eta demokrazia bideratzeko plana egin zuten, aginpidea zibilei itzultzeko. 1984ko hauteskundeetan, 1971etik egiten ziren lehen hauteskunde demokratikoetan, Alderdi Gorriko Julio María Sanguinetti atera zen garaile, alderdi politiko guztiak onartuz eta preso politikoak askatuz militarren errejimenari amaiera eman ziona.

1990ean Alderdi Zuriko Luis Alberto Lacalle hautatu zuten lehendakari. 1991eko martxoan Mercosur ekonomia elkartearen sortzaile izan zen, Argentina, Brasil eta Paraguairekin batera. 1992ko abenduan biztanleen %72k legearen kontra eman zuten botoa. Hala eta guztiz ere, gobernuak aurrera jarraitu zuen zenbait enpresa pribatizatzeko asmoarekin, hala nola hegazkin konpainia, gasa eta iparraldeko azukre kanabera sailak. Gobernuaren erabakiak kontrako manifestazio eta higikunde ugari sortu zituen.

1994ko hauteskundeetan Julio María Sanguinetti hautatu zuten lehendakari boto gutxiren aldearekin. 1996. urtearen erdialdean alderdi politikoen egiturak koloka larrian egon ziren, Lacalle presidente ohiaren emaztea eta bere hainbat laguntzaile ustelkeriaz salatu baitzituzten. 1997n Uruguaiko ekonomiak onera egin zuen, eta inflazioa %4 jaitsi zen. 1999an Jorge Batlle hautatu zuten lehendakari.

1999tik 2002ra krisi ekonomiko larria izan zen. 2001eko udan, bankuak astebetez itxi zuten, eta, abuztuan, harrapaketak izan ziren Montevideoko auzo batzuetako denda eta saltokietan. Uruguai kaos ekonomikoan murgildua zegoen artean, NDFk Uruguairi batere dirurik ez mailegatzeko agindua eman zuen. Azkenean, negoziazio gogorren ondoren, Estatu Batuek 1.500 milioi dolarreko mailegu bat eman zioten Uruguairi banku estatalak kapitalizatzeko. Orduan hasi zen krisiaren konponbidea, baina haren ondorioak latzak izan ziren: 2003 eta 2004 urteetan, soldataren batez bestekoa %22 jaitsi zen 2000 urtearekin konparatuz; langabezia-tasa %17raino igo zen 2002an; suizidio-tasa ere %12,6 igo zen 2002an. 2004ko hauteskundeetan, Tabaré Vázquez hautagai sozialista aukeratu zuten lehendakari.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Uruguaiko historia Aldatu lotura Wikidatan