Edukira joan

2020ko Beiruteko leherketak

Wikipedia, Entziklopedia askea

2020ko Beiruteko leherketak
Irudia
Map
Motaindustria hondamendi
leherketa
industria sute
Data2020ko abuztuaren 4a (18:08:18 (en) Itzuli. Ekialdeko Europako Udako Ordutegia)
KokalekuBeiruteko portua
HerrialdeaLibano
Kausaleherketa su artifizialak
leherketa amonio nitrato
industria sute
BiktimaNazar Najarian (disaster victim (en) Itzuli)
Jean-Marc Bonfils (disaster victim (en) Itzuli)
Pertsona hilak218
Pertsona zaurituak6.900
Pertsona desagertuak32
Kalteen kostuaondasunetako kalteak: 15.000 M$
Komunikabide
Hashtag#لا-نريدها eta #BeirutExplosion

2020ko Beiruteko leherketak Libanoko Beirut hiriburuan gertatu ziren 2020ko abuztuaren 4an.[1] Beiruteko portuan izandako bi eztandek gutxienez 190 pertsona hil zituzten, eta 6.500 zauritu, horietatik 7 larriki, eta desagertu asko ere tartean.[2][3][4] 8.000 eraikinek askotariko kalteak jaso zituzten,[5] eta ia 300.000 herritar etxegabe utzi, iturrien arabera.[6][7][3] 3.000 eta 4.600 milioi dolar arteko kalte ekonomikoa eragin zuen.[3][8] Libanoko Segurtasun Publikoko Zuzendari Nagusiak adierazi zuen hainbat urtetan konfiskatu eta portuan biltegiratutako amonio nitratoak eragin zuela leherketa; bere esanetan, 2.750 tona amonio nitrato lehertu ziren.[9][10]

Historiako leherketa ez-nuklear handienetakotzat hartu izan da, zenbait adituren arabera: 0,5 kilotonatik gorako indarra izan zuen (1,1 gehienez), 13-15 kilotonako Hiroshimako bonba atomikoa baino 21 aldiz txikiagoa.[11] Kalte larriak eragin zituen Beirut gehienean. Batetik, ospitaleek gainezka egin zuten, erabateko krisi sanitarioa eraginez, eta Covid-19 kasuak nabarmen ugaldu ziren abuztuan eta irailean horren ondorioz. Hezkuntza sistema, azpiegiturak barne, larriki hondatuta geratu zen, 83.000 ikasle baino gehiago kolokan utziz.[12]

Zereal biltegi nagusia portuan bertan zegoenez eta portua janarien inportazio puntu garrantzitsuena zenez, elikadura krisi bat piztu zen. Kalte larrien eta herrialdearen kinkaren ondorioz, nazioartean askotariko herrialdeek laguntza hitz eman eta bidali zuten, eta lehenik Frantziak, Libanoren metropoli izandakoak. Emmanuel Macron presidenteak Beirut bisitatu zuen luze gabe. Berez kinka politiko eta ekonomiko larrian zen herrialdean, portuaren kudeaketa oker eta ilunaren susmoak haserrea areagotu zuen, eta gobernuaren kontrako protestak harrotu, sistemaren ustelkeria orokorra salatuz eta gobernuaren dimisioa eskatuz. Zaurituak ugari izan ziren hurrengo egunetako mobilizazioetan, poliziaren ekintza gogorraren eraginez. Mobilizazioek, hala ere, eragina izan zuten: hainbat ministrok dimisioa eman zuten eta, sei egunetara, Libanoko gobernu osoak. Atzerriko potentzien interbentzioaren erdian, gobernu berri bat eratzeko ahaleginak huts egin zuen 2020ko irailean, eta zapuztu NDFren diru erreskate bat eskuratzeko asmoa.

Al-Haririren hilketari buruzko urte luzetako auziko epaia abuztuaren 7an zen ematekoa eta, batek baino gehiagok leherketek auzi horrekin lotura zutela ikusi bazuen ere, baztertuta geratu zen leherketek epaiketarekin lotura izan zezaketenik. Kazetari ikerketek berretsi egin zuten alderdien sistema burokratiko bihurriari lotutako utzikeria eta ustelkeria izan zirela leherketen sorburua. Bestalde, Libanoko epaitegi militar batek ikerketa bati eman zion hasiera erantzuleak identifikatzeko.

2019ko azaroko emakumeen protesta Beiruten
2019ko azaroko beste protesta bat Beiruten

2019ko urritik, Beirutek eta Libanok giro aztoratua bizi zuten. Hilabete horretan, Saad Al-Haririk dimisioa eman behar izan zuen lehen ministro postutik.[13] Estatua guztiz zorpetuta zebilen, ekonomiaren hazkunde oso txikiaz, azpiegiturak gero eta gehiago hondatuz: zaborra kaleetan pilatzen zen bildu gabe, eta elektrizitate etenaldiak ugaldu egin ziren epe horretan.[14] Herritar ugarik blokatuta ikusi zuten bankutik beren aurrezkiak ateratzeko aukera.[15] Libanoko Erreserba Bankuaren arduradun nagusi ohi batek azaldu zuenez, Banku nagusi horrek Ponzi eskemaren amarruan oinarritzen zuen haren finantza estrategia. Nazioarteko Diru Funtsak erreforma gogorrak eta gobernu sinesgarria eskatzen zituen erreskate baterako.[13]

Herritarren aldartea asaldatu zuen azken erabakia WhatsApp deiak zergapetzeko gobernuaren asmoa izan zen, 2019ko urriaren 18an.[16] Herritarrek kale protesta eta grebetara jo zuten, politikarien ustelkeriaren eta austeritate neurrien kontra. Protestariek iraultza deitu zioten urrian hasitako mugimenduari;[14] egoerak 2011ko arabiar errebolta zabala ekartzen zuen gogora ezin bestean.[17]

Osasun Sistemak ez zuen funtzionamendu eraginkorrik azken garaian, ustelkeriak eta ekonomiaren gainbeherak jota. Ospitaleen % 85 esku pribatuetan zegoen, sare publikoa txikia zen. Mediku askok atzerrira alde egin zuten baldintza duinen bila.[18] Koronabirus pandemiaren eragina txikia izan zen estatistika ofizialen arabera martxoan hasi zenetik, baina gobernuak konfinamendua ezarri zuen martxo erdialdetik aurrera 20:00etatik 5:00etara.[17] Hala ere, martxoaren amaieran, nazioarteko behatzaile eta osasuneko arreta emaileek kezka agertu zuten zenbaki apal horiek ez ote ziren benetako infekzioen kopurua ezkutatzen ari; izan ere, alderdi politikoek osasun sistema ofizialetik bereiz ematen zituzten arreta zerbitzuak, adibidez, Hezbolak, baina ez zieten informazio askorik helarazten osasun arduradun, burokrata eta osasun zerbitzariei.[19] Uztailaren hasieratik, infekzio kasuen kopurua igotzen hasi zen pixkanaka.[20]

Abuztuaren 7an, bestalde, Rafik Al-Hariri Libanoko lehen ministro ohiaren 2005eko hilketari buruzko auziaren epaia zen plazaratzekoa. Epaimahaia nazioartekoa zen, NBEren babesaz 2007an erabaki zen bezala, eta herritar ugarik Siriak zein Israelek atentatuan izan zezaketen inplikazioa argitzeko modua ikusten zuten.[21] Hezbolako kideak epaitzen ziren. Milioika dolar inbertitu eta ehunka abokatuk parte hartu zuten epaiketa horretan, eta auzi hori urtetan luzatu zen; beraz, une kritikoa zen.[22][23][oh 1] Aldi berean, herrialdea ekonomia krisian hondoratzen ari zen gero eta gehiago, eta tentsio handiko uneak bizi ziren horregatik bertako gizarte eta politikan.[22]

Israelekiko tentsioa ere goraldian zen, bereziki Libano hegoaldean 1978tik zabaldutako NBEren bake misioaren inguruan. Ez da ezohikoa Israelen gerra hegazkinek Beiruteko zerua zeharkatzea, nazioarteko legearen kontra.[24] NBEren indar armatuak (UNIFIL) NBEren Segurtasun Kontseiluaren 1701 Ebazpena ezartzeko zabaldu ziren Israelekiko mugan, baina Ebazpen hori ez zen bete. Uztailean, Israelek eraso bat egin zuen Libanoren mugan, Hezbolarekin izandako istilu armatu baten ondoren, baina UNIFILek ez zituen eraginkorki geldiarazi.[25][26] Hala ere, UNIFILen presentzia egonkortasun faktoretzat hartzen zen, baina abuztuaren 31n zuen haren mandatua amaitzeko mugaeguna. Donald Trumpek bere tropak ateratzeko mehatxua egin zuen.[26]

Leherketaren unea BBCren Beiruteko elkarrizketa batean
Beiruten sateliteko mapa, gorriz adieraziz kalte nabarmenak jasan zituzten eraikinen eremua

Hasiera eta lehen leherketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hossan Koraytem portuko zuzendari nagusiak azaldu eta Libanoko hedabideetan geroago zabaldu zenez, egun horretan goizean langile eta soldatzaile talde bat izan zen portuko 12. biltegiko pareta estaltzen, eguerdirako amaitu zuten lana, baina zenbait segurtasun indarrek adierazi zuten 17:00etarako amaitu zutela.[27] 17:40ean, berri eman zuten sute bat piztu zela Beiruteko portuan eta, gutxienez, 10 suhiltzaile bidali zituzten lekura. Reuters agentziak zabaldu zuen 9. biltegian hasi zela sua, eta gero 12.era hedatu.[27]

17:54erako ke trinko eta griseko hodeiak barreiatzen ari ziren Beirut gainean. Gero, leherketa distiratsu bat izan zen 18:07an.[28][29][30] Leherketa horrek ke laino bat zabaldu zuen suteen gainetik, eta su artifizialen antzerako argiak sorrarazi zituen.[31] Lehertutako su artifizialetako metal zati oso beroak ziren horiek, adituen arabera. Kontsultatutako aditu horien arabera, zaila izango zen amonio nitratoa berez piztea, baina su artifizialek detonazio lana egin zuten.[32]

Sua ikusten zen biltegitik irteten, eta eraginkortasun gutxiz erretako amonio nitratoko kea zerura atera zen. Horrek aditzera ematen bide du ez zela espresuki piztutako leherketa izan, Jimmie Oxley estatu batuar kimikako adituaren iritziz.[32]

Leherketa handia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

18:07an, lehendabizikotik 33 segundora (tokiko ordua), bigarren eztanda bat izan zen,[28][33] askoz ere sendoagoa, distira bizi bat sortuz.[32] Talka uhin bat hedatu zuen atmosferara, eta su erauntsi beltz eta gorri bat harrotu zen bertikalki, erretako eta erre gabeko materiala zeramatzala.[32] Gorri koloreko kea albo erreakzioetako nitrogeno dioxidoa zen.[34]

Talka uhin hemisferiko bat soinu abiadura baino lasterrago zabaldu zen, igaro ahala Beiruteko erdigune osoa urratuz. Atzetik, ur lurrunezko hodei zuri bat zabaldu zen detonazio puntutik,[32] eta onddo moduko laino bat sortu, Wilson lainoa deitzen dena.[34] Talka uhina, ikusezina izanagatik, kaleak jo ahala nabaritu zitekeen, zati solteak astinduz eta eraikinak urratuz.[32]

Talka uhin batek konpresioa eragiten du, berehala ia erabateko hutsune batez jarraitua. Uhin horrek leihoak eta ateak xurgatu eta txikitu zituen, altzariak eraikinetatik kanporatu, pertsonak paretetara bota, eta kristal, egur eta hondar zati txiki zorrotzak zabaldu.[32] Bigarren leherketa hori 240 kilometroko distantziara ere nabaritu zen, Zipren adibidez.[35][29]

Bost kilometrotara zeuden etxe batzuetan leiho beirak hautsi ziren.[36] Jordaniako Sismologia Behatokiak leherketak askatutako energia M 4,5 magnitudeko lurrikara batekin parekatu zuen, 83 tona TNT ingururen baliokidea dena.[37] Richter eskalan 3,3 graduko neurketa egin zen Beiruten.[34] Biltegian zeuden elementu kimikoen kopurua Oklahomako 1995eko atentatuan erabilitakoaren 1.000 halako izan zen.[32]


« Hondamendia da! Hondamendia Libanon! Libano suntsitua da! Libanorenak egin du, agur! »

—Leherketaren biktima baten eztanden osteko hitzak[38]


Hasierako informazio etorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leherketen kausa ez zen berehala zehaztu.[39] Libanoko estatuko komunikabideek hasiera batean esan zuten leherketa su artifizialen biltegi batean gertatu zela; beste batzuek, aldiz, petrolioa biltzeko instalazio batean edo produktu kimikoak biltegiratzeko instalazio batean izan zela aipatu zuten.[40] Lehergailu eta produktu kimikoak gordetzen zituzten biltegiak zeuden portuan, besteak beste, nitratoak, ongarritzeko osagaiak eta amonio nitratoa bezalako leherkariak.[41] Libanoko Segurtasun Publikoko Zuzendari Nagusiak adierazi zuen leherketa portuan gordetzen zen urteetan zehar konfiskatutako amonio nitratoak eragin zuela,[9] bere esanetan 2.700 tona amonio nitrato lehertu ziren.[10] Osagai kimiko horiek sei urte zeramaten bertan biltegiratua.[29]


Leherketa osteko ikuspegi batzuk


Nazioartean, Donald Trump AEBko presidenteak bonba erasoa izatearen hipotesia zabaldu zuen, baina Estatu Batuetan bertan, hainbat iturrik espekulazio arduragabetzat jo zuten baieztapen hori.[42] Kenneth Roth Human Rights Watcheko buruak berehala leporatu zion Hezbolari leherketen egile izatea sare sozialetan, leherketak Haririren hilketaren epaiketari lotuz, baina baieztapenak funtsik ez zuela oharturik, berehala ezabatu zuen mezua.[43] Bere aldetik, Nohad Machnou Libanoko barne ministroak, Etorkizuneko Mugimendukoak, Israeli egotzi zion abuztuaren 14an leherketen errua, eta "gizateriaren aurkako krimen" deitu zien.[44]

Portuko kudeaketa desegokia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leherketak gertatu eta gutxira, ke gorria Beiruteko zeruan
Beiruteko portuaren eta ingurumariaren satelite irudia leherketak gertatu eta egun batzuetara

Leherketak gertatu eta gutxira, errusiar aztarnaren hipotesia hasi zen plazaratzen leherketak zartarazi zituen arrazoien artean. Rhosus errusiar zamaontzia portuan zegoen pausatuta 2013. urtearen hondarretik, Moldaviako bandera zeraman arren; jabea Errusiako Khavarovsk hirikoa zuen, Igor Grechushkin izenez. Eskifaia errusiarrek eta ukraniarrek osatzen zuten.[45] Bada, Georgiatik abiatu eta Mozambikera nabigatzen zihoala (Fabrica de Explosivos lehergailuen konpainiak erosi zuen zama garraiatzera),[46] zamaontziak arazo teknikoak izan eta Beiruten gelditu behar izan zen. Bertako portuan, ez zuen segurtasun ikuskapena gainditu eta, dirudienez, ez zituen portuko zergak ere pagatu.[45]

2014ko uztailean, barkua eta eskifaia portuan erretenitu zituzten, eta kapitainak barkuko 2.750 tona amonio nitratoko zamaz eta eztanda arriskuaz ohartarazi zuen, eta salatu ere eskifaia soldatarik gabe abandonatua izan zela barkuan. Errusiako egunkari batek "bonba flotagarri batean gatibu" lerroburua erabili zuen itsasontziko eskifaiaren egoeraren berri emateko.[45] Ez dago argi nor zen amonio nitratoaren jabea,[32] baina 2014ko uztailerako jabeak itsasontzia abandonatu zuen, Fleetmont webgunearen arabera.[46] Ukraniar diplomazialariek esku hartu ondoren, bost marinel itsasontzitik aske geratzeko baimena jaso zuten. Kapitain errusiarra eta eskifaiako hiru arduradun ukraniar, berriz, itsasontzian geratu ziren, azkenean 2014ko irailean etxeratzeko baimena eskuratu zuten arte.[45]

Ukraniarren etxeratzea kudeatzen ari zen Beiruteko abokatu konpainiak itsasontziko "zama biziki arriskugarria" zela ohartarazi zion portuko zuzendari nagusiari, EN Wikipediako amonio nitrato hondamendiei buruzko artikulu bat ere erantsiz.[32] Ia aldi berean, portuko agintariek, epaile batek aginduta,[32] zamaontziko karga arriskutsua lehorreratzeko baimena eman zuten, itsasontzia urperatu ere egin zitekeelakoan,[32] eta zama portuko 12 zenbakiko biltegian sartu zuten, 2015eko urria baino lehenago.[45][46] Portu agintaritzak amonio nitratoa ateratzeko eskatu zion Libanoko armadari 2016an, baina hark erantzun zuen "ez zuela amonio nitratoren beharrik".[32]

2018an, Rhosus itsasontzia portuan bertan urperatu zen, eta hor zetzan, artean, 2020ko irailean. 2019. urtean, portuko segurtasuneko langile batek 12. biltegian deskubritu zuen milaka tona amonio nitrato poltsetan gordeta egon eta isuri egiten zela.[32] Ikusi zuen amonio nitratoarekin batera petrolio pitxarrak, kerosenoa eta azido klorhidrikoa zeudela toki berean biltegiratuta, baita su artifizialeko materialen hamabost tona ere.[32] 2019ko abenduan, Libanoko hainbat agintariri bidalitako txostenean hainbat gomendio ematen ziren, horietako bat izanik 12. biltegiko paretan zegoen zuloa estaltzea, lapurretak eragozteko.[46] Leherketa osteko ikerketek aditzera eman zuten biltegian konpontze lanetan zebiltzala leherketak izan aurretik, eta txinpartek perdigoi batzuk zartarazi zituztela.[45] Biltegiak ez zuen alarma sistemarik.[32] Joseph Naddaf segurtasuneko kapitainak horren guztiaren berri eman zien Libanoko agintari eta arduradunei. Hala ere, haiek ordurako bazekiten hori. Amonio nitratoak, beraz, sei urte eman zituen hor biltegiratuta hondamendi egun arte.

Ustelkeria sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portuko aduana arduradunen gutunek agerian utzi zuten Libanoko agintariak jabetzen zirela zama horrek "arazo larriak" zekartzala, baina ardura elkarri pasa egin zioten, mataza burokratikoan galdurik geratuz eta maila askotako eroskeria eta lagunen mesede sistema bat agerian utziz, askotariko eragiketetan ezikusia egitea eskatzen zuena.[32] Portua Libanoko inportazioen hiru laurdenetarako sarbidea eta esportazioen erdirako aterabidea zen, 15 mila milioi dolarreko merkataritzaz 2019. urtean ekonomia hondoratzen hasi zen une arte; horrek ustelkeriarako egokiera ederrak uzten zituen, eta hor alderdi politikoek ere haien zatia eskuratzen zuten. Beiruteko portuak "Ali Babaren haitzulo bat" izatearen fama bide zuen.[32] Hala izanagatik, Europako eta AEBko beste agentziek ez bezala, FBIren leherketen inguruko ikerketak ez zuen ondorio argirik atera haiek zuzenean eragin zuten zirkunstantziez.[47]

Portuaren funtzionamenduak taldekerian oinarritutako Libanoko gobernu sistema islatzen zuen. Bertan, gobernuko goi mailako postuak talde politikoka esleitzen ziren. Sistema hori, hasiera batean, Libanoko Gerra Zibila amaitzeko pentsatu zen, baina gobernu zatikatua eta taldekatua utzi zuen. 1990ean, gerra zibila amaitu zuen bake hitzarmenak sistema hori diseinatu zuen, eta milizia buruzagiak alderdi arduradun bihurtu ziren. Haiek estatuko burokrazia beren jarraitzaileen artean banatu zuten.[32]

Alderdiek estatuko atalak bereganatu zituzten, eta estatuko funtzionarioak horien mende geratu ziren, pixkanaka milizietako kide bihurtuz, Alain Bifani finantza ministro ohiak adierazi zuenez.[32] Halaber, gerraren ondoren, sei pertsonako "aldi baterako batzorde" bat eratu zuten portua kudeatzeko behin betiko konponbide bat aurkitu arte. Aldiz, konponbide iraunkorrik ez zitzaion eman gaiari, eta batzorde horrek bere horretan jarraitu zuen; are, bi hamarkadatan ez zituen kideak aldatu. Alderdiek beren jarraitzaile leialak ezarri zituzten, kliente sistema bat sortuz.[32]

Esate baterako, egun batean, senitarteko baten minusbaliotasun aitorpen paperak aurkeztu ziren Ferrari edo Mercedes auto bat zergapetzetik salbuesteko. Ondorioz, estatuak ez zuen diru sarrerarik eskuratzen deklaratu gabeko edo gaizki deklaratutako ondasunengatik. Aduanetako teknikari batek aitortu zuenez, 2019an Gizarte Gaietako Ministerioak luxuzko auto bat zergarik gabe inportatzeko salbuespen bat esleitu zion Down sindromea zuen hiru hilabeteko ume bati. Alderdi guztiek zituzten agenteak portuan. Bi alderdi xiita nagusiek, Amalek eta Hezbolak, zuten partaidetza handiena portuko aduanetan, portua beren interesetarako baliatzen zuten, bidalketa konpainiek eta negozio gizonek adierazitakoaren arabera [32] Saad Haririren Etorkizuneko Mugimenduak (suniak batez ere) eta Michel Aounen Mugimendu Abertzale Askeak ere partaidetza handia zuten, eta pertsonak zituzten ere Alderdi Sozialista Progresistak (batez ere drusoek osatua) eta Libanoko Indar Kristauek. Erakunde erlijiosoek zerga salbuespenak zituzten, askotariko ondasunen gainean.[32]


Beiruteko portu eta hiriaren aire irudia
Beiruteko portu eta hiriaren aire irudia
Beiruteko portu eta hiriaren aire irudia

Pertsona, material eta ekonomiarentzako kalteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irailaren 3an Libanoko Gobernuak plazaratutako hildakoen zerrenda (191 pertsona)

Leherketak portua suntsitu eta kalte larriak eragin zituen inguru guztian.[48] Biltegitik milia bateko erradioan 100.000 pertsona bizi ziren.[32] Lekukoek adierazitakoaren arabera, 10 kilometroko distantziara zeuden eraikinek ere kalteak jasan zituzten.[49] Hasieran zabaldu zenez, gutxienez 154 pertsona hil ziren, 5.000 baino gehiago zauritu, 120 larriki, eta beste asko desagertu egin ziren. Abuztuaren 10ean, Marwan Abboud Beiruteko gobernadoreak 200dik gora estimatu zuen hildakoen kopurua, eta hainbat iturrik epe baten ondoren estimatu zuten etxe gabe geratuak 300.000 inguru zirela.[7][50] Hala ere, hilabete geroago, leherketen ondorioz hildako 190 pertsona zenbatu ziren,[4] 191 zehazki irailaren 3an plazaratutako zerrenda ofizialaren arabera (ikus eskuinean). Al Jazeerak 193 zenbatu zituen gobernuak zerrenda hori eman eta hilabetera. Urriaren 26an, ordea, 204 ziren, behin betikotzat hartzen dena.[51][52][50][oh 2] Hamabi osasun zentrok ere askotariko kalteak izan zituzten. Libanoko gobernazioak eman zituen datuen arabera, ekonomia galerak 3.000 eta 3.500 milioi dolar artekoak izan zitezkeen.[3] Munduko Bankuak 4.600 milioi dolarreko galerak kalkulatu zituen orotara.[8] Bestalde, leherketen egunetik irail amaiera arte, Libanoko liberak bere balioaren % 80 galdu zuen.[53]

Unescok hogeita hiru egun geroago zabaldutako informazioen arabera, gutxienez 8.000 eraikinek jaso zituzten kalteak eztanden ondorioz, batez ere Gemmayzeh eta Mar Mikhael hiri barrutietan, eta tartean zeuden eraikin historiko sailkatutako 680, horietatik 60 hondoratzeko zorian geratuz.[5] Hainbat ospitale txikituta geratu ziren, eta Munduko Osasun Erakundeak estimatu du 100.000 milioi dolar beharko direla Libanoko ospitaleak berreraikitzeko, baina beharrezko jo du horretarako erreformak egitea. Osasun sistemak hondoa jo zuen, eta nabarmena geratu zen baliabideen eta botiken falta.[18] Ospitaleak gainezka zebiltzan jada leherketak gertatzeko unean, Covid-19 birusaren zabalkundea zela eta; bestalde, ospitale asko argindarrik gabe geratu ziren, eta egoera larritu. Ondorioz, ikusi zen zaurituei ospitaleratzea ukatzen zitzaiela eta, trukean, aire zabaleko aparkalekuetan eman zitzaiela arreta. Zenbaitetan, zaurituak Beirutez kanpoko ospitaletara bideratu ziren.[38] Leherketen osteko kinka sanitarioak Covid-19aren zabalkunde ikusgarria ekarri zuen hurrengo asteetan eta, ondorioz, bi asteko konfinamendu partziala (18:00etatik 6:00etara) ezarri zen ofizialki abuztuaren 21ean, aurreko egunean 613 Covid-19 kasu berri identifikatu zirenean.[54] Libanon ere, oro har, agerraldi nabarmen bat izan zen abuztuan.[55] Leherketen aurretik, 5.000-6.000 kasu zeuden, eta abuztuaren 21ean, berriz, 10.000tik gora, Munduko Osasun Erakundeko Libanoko ordezkariak argitu zuenez.[54] Irail amaierako zenbaketan, 38.000 kasu egiaztatu ziren, eta hildakoak, berriz, 361 izan ziren koronabirusaren agertzen hasi zenetik, Munduko Osasun Erakundearen arabera.[20]

Leherketak eta hilabete geroago, Unicefek haurren eta hezkuntzaren egoerari jarri zion arreta, ohartaraziz presazko laguntza behar zela ikasturte berria hastean haurrak hezkuntza hasi ahal izateko; gutxienez, 163 ikastetxe publiko eta pribatu kaltetu zituzten leherketek, eta horrek zuzenean eragin zien 70.000 ikasleri eta 7.600 irakasleri; gainera, Lanbide Heziketako 7.300 ikasle ingururi eragingo ziela estimatu zen.[12]


Leherketa osteko laguntza kanpaina


Leherketen doluminez piztutako Teherango Azad Dorrea

Beiruteko portua herrialdeko janari inportazio puntu garrantzitsuena zen, eta herrialdeko zereal biltegi handi bakarra portuan zegoen, silo garai bat, esku pribatuetan.[56] Herrialdeko zerealen % 85 zegoen hor biltegiratuta.[30] Libanok bere gariaren % 90-95 inportatzen zuen. Leherketaren eraginez, biltegia suntsitua izan zen, eta Tripolin hasi ziren janari inportazio horiek egiten, horretarako presazko konponbideak ezarriz.[56] Hain zuzen, Libano iparraldeko portu hori zen Siria eta Libanora salgaiak ugari sartzeko ohiko lotunea, eta janari, medikamendu eta eraikuntza materialak herrialdera sartzeko puntu nagusi bihurtu zen; portu horri esker, Libano gosete kinka larritik irten ahal izan zen, eta Libanoko ekonomia hondamenditik salbatu. Hala ere, leherketak eta hamar egun geroago, Beiruteko portua lehengo onera itzultzen eta bete-betean lanean hasi zen berriz hogei egun inguru geroago.[57]

Unescok abuztuan bertan iragarri zuen dirua biltzeko bi konferentzia antolatuko zituela hezkuntza eta kultura berroneratzeko. Ekimenak Li Beirut zuen izena, "Beirutentzat" arabieraz.[58] Ekimen horren helburua ikastetxeak, ondare historikoko eraikinak, museoak, galeriak eta sorkuntzaren industria birgaitzea zen.[58] Lehendabiziko konferentzia Hezkuntza Globaleko Koalizioaren bilkura izango zen, Covid-19ari urruneko hezkuntzaren bitartez aurre egiteko ordurako sortutako erakundea. Unescoko Audrey Azoulayk adierazi zuen herrialde osoak premiazkoa zuela "urruneko hezkuntzarako prestatzea" eta 22 milioi dolar beharko zirela bakarrik hondoratutako ikastetxeak berreraikitzeko.[59] Azaldu zuen, halaber, bigarren konferentzia batean, ondare eta kulturaren arlorako diru bilketa bilatuko zela. Azoulayren arabera, 500.000.000 dolar beharko ziren hurrengo urtean ondarearen eta sorkuntzaren ekonomia berroneratzeko, aurreikusi baitzen galeriek, museoek eta kultura erakundeek galera handiak izango zituztela leherketen ondorioz.[58]

Ondorio sozio-politikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Emmanuel Macron Israelen (2020ko urtarrila)
Hassan Nasrallah, Hezbolako burua 2020ko udan
Michel Aoun eskuinean, Hamilton Mourau Brasilgo presidenteordearekin (2019ko maiatza)

Leherketak gertatzeko unean, Libanoko ekonomia krisi larri batean murgildurik zebilen, baita protesta giro orokor batean ere 2019ko urritik (en). Hala ere, leherketak hondamendira eraman zuen ekonomia osoa, eta gosetea eta kale eskaleak agertzen hasi ziren Beiruten. Enbaxaden aurrean, kaleratutako etxeko langileak pilatzen hasi ziren, emakumeak eta herri txiroetako etorkinak gehienetan, adibidez, Etiopiakoak; horrek nabarmen utzi zuen kafala etorkinen kontratazio sistema arrazista.[oh 3][60] Migrazioaren Nazioarteko Erakundearen arabera, 24.000 etorkinek galdu zuten lanpostua leherketen ondorioz. Ugaldu egin ziren neska etorkin gazteen kontrako sexu erasoen eta suizidioen zurrumurruak.[61] Klase ertaina behe klasea osatzera pasa zen Beiruten, dena edo gehiena galdu ondoren.[62] Estimatu zen Libanoko biztanleriaren erdia baino gehiago pobrezia mailatik behera egongo zela 2020 amaieran.[63]

Protesten aurrean, Michel Aoun presidentearen gobernuak 15 eguneko larrialdi egoera ezarri zuen Beiruten abuztuaren 7an.[64] Epaile militar batek portuko 18 langile atxilotu zituela iragarri zuen, baina hori gertatu ahala, herritar askok politikarien elitean ikusten zuten gertatutakoaren giltza.[65][oh 4] Abuztuaren 8an, kale mobilizazioek jarraitu egin zuten, eta poliziak indarkeria handia eta bala errealak erabiltzera heldu zen haien kontra, polizia eta armada arduradunek hori ukatu bazuten ere.[66] Protestetako partaide gehienak baketsu jokatu zuten arren, harriak, su artifizialak eta molotov koktelak ere bota zituzten. Zenbaitek eta lokal publiko eta pribatuetan lapurtu eta su eman zieten; gainera, hainbat ministerio okupatu zituzten, labur bada ere. 110 pertsona izan ziren zaurituak, eta 32 ospitaleratu. Amnesty Internationalek salatu zuen abuztuaren 8ko protestetan segurtasun indarrek 230 herritar zauritu zituztela eta, oro har, gehiegizko indarra erabili zutela, tartean zela poliziaren goma balaz begia galdu zuen gizon bat.[67] Armadak adierazi zuenez, 107 soldadu zauriturik atera ziren protestetan. Protestariek pankartak zintzilikatu zituzten, hauxe ziotela, besteak beste: "Beirut, iraultzaren hiriburua". Gainera, "pikutara presidenteak" eta "denak esatean denak esan nahi du".[66]

Oposizioko buruzagiek leherketei buruzko ikertalde independente bat erreklamatu zuten. Emmanuel Macronek presazko bisita egin zuen ia berehala Beirutera, nazioarteko laguntza hitz ematera. Bisita horretan iraultzaren aldeko eta Libanoko gobernuaren kontrako oihuak entzun ziren.[64] Macronek Libanoren etorkizuneko gertaeretan zeresana izateko asmoa agertu zuen, eta beste hogeita hamar herrialdek baino gehiagok (Errusia, Saudi Arabia, Maroko eta Egiptok nabarmen) askotariko laguntzak helarazi zituzten airez. Turkiak Libanori laguntzeko asmoa adierazi zuen, bere planetan Libano begiz jota zuela agerian utziz. Frantzisko aita santuak Libanori laguntzeko deia egin zuen.[68]

Iranek ere laguntza igorri zuen, 747 hegazkin batean. Leherketen ondoren sortutako kanpo interesen jokoan, areagotu egin zen Libanon gatazka biziak pizteko arriskuaren kezka.[69]Abuztuaren 10erako, zabaldu egin ziren kaleetako gobernuaren kontrako protestak, eta kale istiluetan 500 zauritu utzi. Milaka manifestarik parlamentuaren egoitza inguratu zuten, eta sarrera-irteerak moztu, segurtasun indarrak gerturatu ez zitezen. Manifestariek Michel Aounen dimisioa eskatu zuten. Poliziaren eta kaleko jendearen arteko talketan, segurtasun indarrek negar gasa erabili zuten. Ordu arte eta leherketei lotuta, hogei pertsona atxilotu zituzten, haien artean Libanoko aduana departamentuko burua eta haren aurrekoa, baita portuko arduradunak ere.[70] Libanoko Finantza, Justizia, Ingurumen eta Informazio ministroek dimisioa eman zuten[7] eta, hurrengo egunean, Libanoko gobernu osoak. Hasan Diab lehen ministroak klase politikoa egin zuen leherketen erantzule, eta adierazi ere "ustelkeria estatua bera baino handiagoa" dela; politikarien ustelkeriaren kontra borrokatzera dei egin zuen.[71]


« Ustelkeria sistemak Estatua baino handiagoak dira »

—Hasan Diab, Libanoko lehen ministroa[72]


Abuztuaren 14an, Libanoko Parlamentuak larrialdi egoera luzatu zuen. Larrialdi egoerak bertan behera utzi zituen herritarren ohiko legezko bermeak, armadaren eskuetan utziz, adibidez, elkarretaratzeak eragozteko eta hedabideak ixteko ahalmenak. Bitartean, aurrera jarraitzen zuen leherketen inguruko ikerketak, baina epaitegi militar baten eskuetan geratu zen prozesu judiziala, berme ezagatik kritikak harrotuz.[73] Abuztuaren 28an, abuztuko leherketa gogoan zuela, NBEko Segurtasun Kontseiluak Libano hegoaldeko UNIFIL misioa urtebetez luzatzea erabaki zuen aho batez.[74] Parlamentuak, bestalde, Mustafa Adib diplomazialaria izendatu zuen lehen ministro abuztuaren 31n, gobernu berria eratu zezan.[75] Adibek Saad Hariri lehen ministro ohiaren babesa zuen.[76] Frantziak bertako alderdiek gobernuan zuten zama gutxitzeko baldintza jarri zuen laguntzak emateko, eta Adibek gobernu teknokratiko bat eratu nahi zuen ekonomia hondamenditik irteteko.[77] Irailaren 14an, Aoun lehen ministro ohiak adierazi zuen herrialdea infernura zihoala gobernurik osatzen ez bazen, eta proposatu zuen bertan behera uztea taldekerian oinarritutako ministerioetako kuotak.[76]

Saad Hariri Estatu Batuetako Michael Pompeorekin biltzeko unean (2019), leherketaren eta krisialdi handiaren aurretik

Irailaren 26an, Mustafa Adibek ez zuen lortu gobernu berria eratzerik, eta dimisioa eman zuen; alderdi xiitei leporatu zien izandako zailtasunak, ministerio erabakigarriak eta Finantza Ministerioa kontrolatzen tematu zirelakoan.[78] Hezbolaren hurbileko iturriek, une horretan, adierazi zuten alderdi xiitak ez ziola Macroni irabazpiderik onartuko, Libanoko barne eragileak kontuan hartu gabe, eta ez zuela gobernu berririk onartuko Estatu Batuetako azaroaren 4ko hauteskundeak arte.[79] Emmanuel Macronek, azken aldiz irailaren 1ean Libano bisitatu zuenak, gogor kritikatu zituen bakarrik taldekeriara lerratzen omen ziren politikariak eta, bereziki, Hezbola, Iranen Libanoko besoa eta, are, terrorista zelakoan. Frantses presidenteak lau astetik seira eman zien libanoar politikariei bere erreforma politiko eta ekonomikorako plana ezar zezaten.[24] Irail amaieran, elkarrizketak abian ziren Nazioarteko Diru Funtsaren Libanorako diru erreskate bat onartzeko.[53] 2020ko urriaren 22an eta Hezbolaren abstentzioaz, Saad Hariri hautatu zuten Libanoko lehen ministro, protestengatik dimisioa eman eta urtebetera.[80]

  1. Rafik Al-Haririren hilketari buruzko epaia abuztuaren 18an eman zen, eta Hezbolako kide bat aurkitu zuen errudun, eta beste hiru kide errugabe; ikus albistea Euronews agerkarian.
  2. Dena den, zuhurtasunez irakurri beharreko informazioa da. Urriaren hasieran, BBC Newsek eutsi egin zion gutxi gorabeherako 190 hildakoen kopuruari; France 24ren webguneak, berriz, 200 aipatzen zituen biktimen iturrietan oinarrituz; ikus BBC News eta France 24.
  3. Migrazioaren Nazioarteko Erakundearen arabera, 400.000 etorkin bizi ziren Libanon leherketaren unean; ikus Al Jazeera (2020-10-15).
  4. Ia bi hilabete geroago, urriaren 1ean, instrukzioko epaileak MV Rhosus itsasontziko kapitainaren eta jabearen kontrako atxiloketa agindua helarazi zion Interpoli; biak ere errusiar naziotasunekoak ziren, plazaratu ziren informazioen arabera; ikus Beirut blast: Lebanon seeks arrest of ship owner and captain. BBC News (2020-10-02) eta Lebanon asks Interpol to detain two Russians over Beirut blast. AlJazeera (2020-10-01).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Berria. «Gutxienez ehun hildako eragin ditu Beiruteko leherketak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-05).[Betiko hautsitako esteka]
  2. Allahoum, Ted Regencia, Linah Alsaafin, Ramy. «Lebanon PM to address nation, 'will announce' resignation: Live» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-08-10).
  3. a b c d Telebista, Euskal Irrati. (2020-08-07). «154ra igo da hildakoen kopurua Beiruteko leherketaren ondorioz» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
  4. a b Azhari, Timour. «Lebanon establishment tasks Mustapha Adib with forming new gov't» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-05).
  5. a b (Ingelesez) «UNESCO: Beirut blast damaged 160 schools; 85,000 students unable to attend classes» Middle East Monitor 2020-08-27 (Noiz kontsultatua: 2020-09-05).
  6. (Ingelesez) Azhari, Timour. «Lebanon aid summit raises $300m to be given ‘directly’ to people» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-10).
  7. a b c Iruretagoiena, Munia El Marhoum. «Libanoko Finantza, Justizia, Ingurumen eta Informazio ministroek dimisioa eman dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-10).[Betiko hautsitako esteka]
  8. a b (Ingelesez) «Lebanon's PM-designate Adib fails to form new government after blast» BBC News 2020-09-26 (Noiz kontsultatua: 2020-09-27).
  9. a b Gadzo, Mersiha. «Dozens killed, thousands wounded in Beirut explosion: Live» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-08-04).
  10. a b (Ingelesez) Sullivan (now), Helen; Holmes (earlier), Oliver. (2020-08-04). «Beirut explosion: at least 78 dead and 4,000 wounded, says Lebanon health ministry – live updates» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2020-08-04).
  11. (Ingelesez) «Beirut blast was 'historically' powerful» BBC News 2020-10-05 (Noiz kontsultatua: 2020-10-10).
  12. a b (Ingelesez) «Increased support vital to help children affected by Beirut explosions back to school, one month after devastating explosions» www.unicef.org (Noiz kontsultatua: 2020-09-04).
  13. a b (Ingelesez) «A tragedy was already unfolding in Lebanon before the explosion» www.abc.net.au 2020-08-05 (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
  14. a b (Ingelesez) «Lebanon protests: Huge crowds on streets as government acts» BBC News 2019-10-21 (Noiz kontsultatua: 2020-09-28).
  15. 2020ko Beiruteko leherketak. 2020-10-01 (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
  16. (Ingelesez) «Lebanon scraps WhatsApp tax as protests rage» BBC News 2019-10-18 (Noiz kontsultatua: 2020-09-28).
  17. a b (Ingelesez) «A tragedy was already unfolding in Lebanon before the explosion» www.abc.net.au 2020-08-05 (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
  18. a b (Ingelesez) «Lebanon: Hospitals in Chaos After the Blast - ARTE Reportage - Watch the full documentary» ARTE (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
  19. (Ingelesez) correspondent, Martin Chulov Middle East. (2020-03-31). «Fears over hidden Covid-19 outbreak in Lebanon, Iraq and Syria» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
  20. a b (Ingelesez) «Lebanon: WHO Coronavirus Disease (COVID-19) Dashboard» covid19.who.int (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
  21. (Frantsesez) ICI.Radio-Canada.ca, Zone Aucun thème sélectionné-. «Un tribunal international voit le jour» Radio-Canada.ca (Noiz kontsultatua: 2020-09-28).
  22. a b (Ingelesez) «Beirut blast: Dozens dead and thousands injured, health minister says» BBC News 2020-08-04 (Noiz kontsultatua: 2020-09-28).
  23. «El juicio por el asesinato de Hariri no resuelve los misterios que lo envuelven» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2020-09-28).
  24. a b (Ingelesez) «Macron accuses Lebanon’s leaders of ‘betrayal’ for failures» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-29).
  25. (Ingelesez) «Israel beefs up forces along Lebanon border amid growing tension with Hezbollah» Haaretz.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-28).
  26. a b (Ingelesez) Azhari, Timour. «UN council runs the clock on Lebanon peacekeeping renewal» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-28).
  27. a b (Ingelesez) Safi, Michael; Roth, Andrew. (2020-08-06). «Beirut blast timeline: what we know and what we don't» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2020-10-05).
  28. a b «From sea to mountain, how an explosion devastated Beirut» www.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-05).
  29. a b c (Ingelesez) Ramzy, Austin; Peltier, Elian. (2020-08-05). «What We Know and Don’t Know About the Beirut Explosions» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-08-11).
  30. a b (Ingelesez) Ramzy, Austin; Peltier, Elian. (2020-08-05). «What We Know and Don’t Know About the Beirut Explosions» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-08-11).
  31. (Ingelesez) Hubbard, Ben. (2020-08-04). «At Least 63 Killed as Powerful Explosion Rocks Beirut: Live Updates» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-08-04).
  32. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x (Ingelesez) Hubbard, Ben; Abi-Habib, Maria; El-Naggar, Mona; McCann, Allison; Singhvi, Anjali; Glanz, James; White, Jeremy. (2020-09-09). «How a Massive Bomb Came Together in Beirut’s Port» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).
  33. (Ingelesez) «Two months after Beirut blast, families accuse govt of ‘killing the dead a second time’» France 24 2020-10-05 (Noiz kontsultatua: 2020-10-05).
  34. a b c «Beiruteko leherketa eta amonio nitratoa» Zientzia Kaiera 2020-09-08 (Noiz kontsultatua: 2020-09-29).
  35. (Ingelesez) «At least 70 dead and over 3,000 injured in Beirut explosions» The Independent 2020-08-04 (Noiz kontsultatua: 2020-08-04).
  36. Telebista, Euskal Irrati. (2020-08-04). «Gutxienez 100 lagun hil eta 4.000tik gora zauritu Beiruten, leherketa handi batean» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-05).
  37. «www.lis.ucr.ac.cr» lis.ucr.ac.cr (Noiz kontsultatua: 2020-08-05).
  38. a b (Ingelesez) «Massive explosions rock Lebanon’s capital of Beirut; Trump says it was an ‘attack’» Al Arabiya English 2020-08-04 (Noiz kontsultatua: 2020-08-23).
  39. Azhari, Timour. «Dozens killed as huge explosion rips through Lebanon's Beirut» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-08-04).
  40. (Ingelesez) «At least 60 dead, 3,700 injured after explosions rock Lebanese capital of Beirut» Al Arabiya English 2020-08-04 (Noiz kontsultatua: 2020-08-04).
  41. (Ingelesez) «Massive blast rips through Beirut, killing 50 and injuring thousands» Reuters 2020-08-04 (Noiz kontsultatua: 2020-08-04).
  42. (Ingelesez) «'Wildly irresponsible': Former Trump aide slams president for 'spitballing' on cause of Beirut blasts» The Independent 2020-08-05 (Noiz kontsultatua: 2020-08-05).
  43. (Ingelesez) «HRW chief jumps to blame Hezbollah for devastating Beirut blasts – and backpedals immediately» RT International (Noiz kontsultatua: 2020-09-27).
  44. «Israel da Beiruteko leherketaren erruduna, Libanoko Barne ministro ohiaren arabera» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-09-29).
  45. a b c d e f (Ingelesez) «What caused the Beirut explosions and is Russia connected to the 'floating bomb' cargo?» The Independent 2020-08-05 (Noiz kontsultatua: 2020-08-11).
  46. a b c d (Ingelesez) Safi, Michael; Roth, Andrew. (2020-08-06). «Beirut blast timeline: what we know and what we don't» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2020-10-04).
  47. (Ingelesez) Staff, Reuters. (2020-10-13). «FBI says it has reached no conclusion on cause of Beirut blast» Reuters (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  48. Berria. «Gutxienez ehun hildako eragin ditu Beiruteko leherketak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-05).[Betiko hautsitako esteka]
  49. CNN, Ghazi Balkiz, Tamara Qiblawi and Ben Wedeman. «Huge explosion rocks Beirut, injuring thousands across Lebanese capital» CNN (Noiz kontsultatua: 2020-08-04).
  50. a b (Ingelesez) «Lebanon asks Interpol to detain two Russians over Beirut blast» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-07).
  51. (Ingelesez) Welle (www.dw.com), Deutsche. «World in Progress: Beirut port statue rises from the rubble | DW | 13.01.2021» DW.COM (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  52. «Décès d'une nouvelle victime, plus de deux mois après l'explosion» L'Orient-Le Jour 2020-10-26 (Noiz kontsultatua: 2021-01-18).
  53. a b (Ingelesez) «Local NGOs rally to rebuild Beirut in wake of port explosion» euronews 2020-09-25 (Noiz kontsultatua: 2020-09-29).
  54. a b (Ingelesez) Walker, Nadeem Badshah (now); Amy; Davies, Caroline; Bland, Archie; Farrer (earlier), Martin. (2020-08-21). «WHO hopes crisis can be over within two years; Italy records biggest daily infection rise since May – as it happened» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2020-09-29).
  55. «COVID-19 Coronavirus Lebanon Cases» moph.gov.lb (Noiz kontsultatua: 2020-09-29).
  56. a b (Ingelesez) «Exclusive: Lebanon navigates food challenge with no grain silo and few stocks» Reuters 2020-08-07 (Noiz kontsultatua: 2020-08-10).
  57. Ibrahim, Arwa. «How Tripoli's port 'stepped in' after 'apocalyptic' Beirut blast» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-05).
  58. a b c (Ingelesez) https://plus.google.com/+UNESCO. (2020-08-27). «The Director-General launches from Beirut the "Li Beirut" initiative, putting education, culture and heritage at the heart of reconstruction efforts» UNESCO (Noiz kontsultatua: 2020-09-27).
  59. (Ingelesez) «UNESCO in massive fundraising drive for blast-hit Beirut» ArabianBusiness.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-27).
  60. (Ingelesez) Malik, Nesrine. (2020-09-06). «The forgotten victims of the Beirut explosion: domestic workers | Nesrine Malik» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
  61. (Ingelesez) «Beirut’s migrant workers persist in the shadow of the blast» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-15).
  62. (Ingelesez) Smith, Bernard. «Beirut faces rising poverty after blast» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
  63. (Ingelesez) Tidey, Alice. (2020-08-07). «Beirut blast: How Lebanon is facing crisis after crisis» euronews (Noiz kontsultatua: 2020-10-01).
  64. a b Elizegi Egilegor, Arantxa. «Beirutek, bi asteko larrialdi egoera ezarri, eta militarrak zabaldu ditu hiriburuan» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
  65. (Ingelesez) News, A. B. C.. «Macron promises help, Beirut residents vent fury at leaders» ABC News (Noiz kontsultatua: 2020-09-27).
  66. a b (Ingelesez) «Live ammunition fired at Beirut protesters in wake of devastating blast, report finds» The Independent 2020-08-26 (Noiz kontsultatua: 2020-09-27).
  67. (Ingelesez) «Lebanon: Military and security forces attack unarmed protesters following explosions – new testimony» www.amnesty.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-06).
  68. World, Republic. «Pope Francis urges international community to help Lebanon after Beirut explosion» Republic World (Noiz kontsultatua: 2020-09-27).
  69. (Ingelesez) Tolliver, Sandy. (2020-08-20). «Competing for influence in post-explosion Beirut could lead to conflicts» TheHill (Noiz kontsultatua: 2020-08-21).
  70. Iruretagoiena, Munia El Marhoum. «Gobernuaren dimisioa aurkeztu du Libanoko lehen ministroak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-09-05).
  71. Telebista, Euskal Irrati. (2020-08-10). «Libanoko Gobernuak dimisioa eman du leherketa gertatu eta sei egunera» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-11).
  72. «Libanoko Gobernuak dimisioa eman du leherketa gertatu eta sei egunera» EITB 2020-08-10 (Noiz kontsultatua: 2020-09-05).
  73. Iruretagoiena, Munia El Marhoum. «Libanoko Parlamentuak larrialdi egoera luzatu du» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).
  74. «Security Council Extends Mandate of United Nations Interim Force in Lebanon for One Year, Unanimously Adopting Resolution 2539 (2020) | Meetings Coverage and Press Releases» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-06).
  75. Azhari, Timour. «Lebanon establishment tasks Mustapha Adib with forming new gov't» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-04).
  76. a b (Ingelesez) «Lebanon’s Aoun says country heading ‘to hell’ if gov’t not formed» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-30).
  77. (Ingelesez) Correspondent, Martin Chulov Middle East. (2020-09-26). «Lebanon’s leader Mustapha Adib steps down as hopes for reform collapse» The Observer ISSN 0029-7712. (Noiz kontsultatua: 2020-09-28).
  78. (Ingelesez) «Lebanon's PM-designate Adib fails to form new government after blast» BBC News 2020-09-26 (Noiz kontsultatua: 2020-09-27).
  79. (Ingelesez) «Lebanon’s leader Mustapha Adib steps down as hopes for reform collapse» the Guardian 2020-09-26 (Noiz kontsultatua: 2020-09-28).
  80. Otamendi, Gorka Berasategi. «Hariri Libanoko lehen ministro aukeratu dute, protestengatik dimisioa eman eta urtebetera» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-10-22).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]