Diario de Navarra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Diario de Navarra
Mota Egunkari orokorra
Lehen zenbakia 1903ko urtarrilaren 3a, (114 urte)
Banatze lurraldea  Nafarroa Garaia
Argitaratze hiria Cordobilla, Galar
 Euskal Herria
Ideologia politikoa espainiar nazionalismoa, eskuin politikoa, katolizismoa, kontserbadurismoa, espainiar eskuindar nabarrismoa
Hizkuntza gaztelania
Maiztasuna Egunero
Argitaratzea Goizez
Salneurria 1,10 (2007)
Ale kopurua 49.881
Ale kopurua 47.437
Kolorea Zuri-beltza eta kolorea
Argitaletxea La Información Taldea
www.diariodenavarra.es

Diario de Navarra Euskal Herrian gaztelaniaz argitaratzen den Nafarroa Garaiko egunkaria da. Nafarroa Garaiko enpresaburu talde batek sortu zuen 1903an. Gaur egun Nafarroa Garaiko egunkarien artetik irakurriena da, egunero 49.881 ale kaleratzen baititu. Ideologikoki kontserbadorea da; Nafarroa Garaiko foru-sistema eta beronen izaera espainiarra defendatzen ditu, besteak beste.

Ideologikoki bere editoriala UPN alderdiarekin lerrokatua dago.[1][2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diario de Navarraren egoitza, Cordobillan.

1903an, 57 bazkide sortzaile izan zituen.[3] Hasieran, balio kontserbadoreen, foruen eta euskalduntasunaren aldeko jarrera izan zuen, euskal hezkuntza ere bultzatuz, 1907an Iruñeko Dormitaleria kalean irekitako euskara ikasteko akademia txalotuz eta "gure hizkuntza zaharra" berreskuratzera deituz.[4] Horretan bat egiten zuen ere Raimundo Garcia Garcilaso Diario de Navarraren geroko zuzendariak 1907an. Pixkanaka linea editoriala aldatuz joan zen, baina horrek ez zizkion irakurleak kendu. Hurrengo hamarkadetan, Nafarroa Garaiko kazeta ahaltsuena bihurtu zen. Kalitate grafikoa hobea zuen egunkari lehiakideek baino eta 1936rako 15.000 ale ateratzen zituen (eguneko), Nafarroa Garaiko kazeta salduena, bakarrik La Verdad parrokiako berripaperaren atzetik.[5]

Egunkariaren bokazioa beti izan zen gizarte-ordena ezarria arriskutik defendatzeko Nafarroa Garaiko eskuindarrak bateratzea. Sortzaileek ondorengo joerekin zituzten loturak: Alderdi Kontserbadorea, mauristak eta mellistak, integristak, Unión Navarra, Renovación Española totalitarioa, beste eskuindar kolaboratzaileen partaidetzaz ere.[6] Egunkariak lotura estua izan zuen orduko botere zirkuluekin; izan ere, joera politiko jakin bat baino, Nafarroa Garaiko elite ekonomikoen bilgune izatea zuen bereizgarri egunkariak.[7] Miguel Primo de Riveraren diktadurapean (1923-1930), beste egunkari askok ez bezala, ez zuen zentsurarik pairatu.[8] Noizbait 20ko hamarkadan Elizako hierarkiarekin desadostasunik izan arren, luze gabe konpondu ziren II. Errepublikaren garaian, eta egunkariak Elizaren interesak defendatu zituen.[9] Garai honetan, katolizismoaren kontrako konspirazio judu eta liberalaren teoriak elikatu zituen, eta iraultzaren kontrako posizio garbia hartu, baita nazioartean Alemania naziaren eta Italia faxistaren aldeko jarrerak ere.[10]

II. Errepublikaren hasieratik, Diario de Navarrak, benetako botere bihurtuta, ez zuen begi onez ikusi Azaña espainiar moderatuaren joera errepublikazalea, 1931an Garcilaso egunkariko zuzendariak azaldutako konspirazio komunista eteteko eta errepublika indarrez kentzeko ideiak agerian utzi zuen bezala.[11] Egunkaria 1936ko errepublikaren kontrako Altxamenduaren erdigunean kokatu zen Nafarroa Garaian, Garcilaso egunkari-zuzendariaren eta Rodeznoko kondearen bitartez, karlistek eta Mola jeneralaren konspirazio militarrak elkar hartu zutenean.[12]

Frankismoaren garaian, Nafarroa Garaiko bi egunkari nagusietako bat izan zen, El Pensamiento Navarro karlistarekin batera eta, gero, UCD eta UPNren hurbilekoa. 2015eko Nafarroako gobernu berriaren etorrerarekin, egunkari honen eta UPNren arteko sinergiak hartu du gobernu berria estu hartzearen lidergoa.[13]

Enpresa-egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñea erdialdeko egoitza nagusia izandakoa

Egitura nahiko konplexua du, bitan zatitua: DN Sozietate Anonimo Unipertsonala eta La Información SA. Batak bestea fiskalizatzen du. Patxi Zabaletak dioenez, garestiagoa da egitura hori, baina kontrol hobea ematen omen die egunkariaren betiko jabe familiei: Arraiza, Sagues, Gonzalez Tablas, Bañon, Irujo eta Uranga. Miguel Izu irakaslearen aburuz, sistema bitxi baten bitartez, egunkariko akzioak ezin zaizkio edonori saldu eta, hartara, segurtatu egiten da horiek familien zirkulu txiki baten barruan jarraitu ahal izatea. Egun, 800dik gora bazkidek kontrolatzen dute egunkaria.[14]

Aro digitala etortzearekin batera, ahaleginak egin dituzte eguneratzeko, baina hainbat adituk zenbait huts nabarmendu dituzte berritzeko saio horretan, diseinuak ere tartean.[15] 2014an, enpresako lan giroa mikaztu egin zen murrizketak direla eta (soldata erdira jaistea, besteak beste), baita langile mobilizazioak eragin ere.[16] Erronka berrien aurrean eta egunkari barruko eztabaidetatik Navarra.com bitarteko digitala sortu zen.[15]

Ideologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politikoki espainiar nazionalismoa, eskuina eta eskuin muturra, muturreko katolizismoa eta UPN eta PP alderdien aldeko joera du, bai eta eusko abertzaletasuna, euskaltzaletasuna, ezkerra eta progresismoaren aurkako joera porrokatua ere.

Zuzendariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honako hauek izan dira zuzendariak:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «El nerviosismo de Diario de Navarra», Gara
  2. (Gaztelaniaz) «Navarra, por ahora, sin Gobierno de cambio», www.pensamientocritico.org
  3.   Orzaiz, Ion, Senar, Joxerra (2016), Nafarroa, orain ala inoiz ez, 126. orrialdea, ISBN 978-84-9027-661-7 .
  4. Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 39-40. or.
  5. (Gaztelaniaz)  Dronda, Javier (2013), Con Cristo o contra Cristo: Religión y movilización antirrepublicana en Navarra (1931-1936), Txalaparta, 117. orrialdea, ISBN 978-84-15313-31-1 .
  6. Dronda, Javier (2013), 97. or.
  7. Oligarkia horretan biltzen dira El Irati SA, La Vasconia, La Compañía Navarra de Abonos Químicos, Crédito Navarro, La Vasco-Navarra de Seguros, etab.; ikus Dronda, Javier (2013), 97-98. or.
  8. Dronda, Javier (2013), 124. or.
  9. Dronda, Javier (2013), 116-117. or.
  10. Dronda, Javier (2013), 121-123. or.
  11. Dronda, Javier (2013), 378. or. Eladio Espartzak hitz mikatzagoak izan zituen 1931ko apirilean, "gerra zibila beste aukerarik ez dago[ela]" adieraziz, ikus Dronda, Javier (2013), 214. or.
  12. Dronda, Javier (2013), 380. or.
  13. Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 118-119. or.
  14. Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 124-126. or.
  15. a b Senar, Joxerra. Orzaiz, Jon (2016), 126-127. or.
  16.   «Betiko lana, erdiagatik», Berria, 2014-05-16, http://www.berria.eus/paperekoa/2320/028/002/2014-05-16/betiko_lana_erdiagatik.htm .

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koordenatuak: 42° 47′ 36.10″ N, 1° 38′ 23.51″ W / 42.7933611°N,1.6398639°W / 42.7933611; -1.6398639