Durangoko merindadea
Durangoko ibar-jaurerria, Durangoko merindadea [1] edo Durangoko merinaldea[2], Durangaldea osatzen duten udalerriek lehen zuten eraketa politikoa izan zen. Ibar-jaurerrian elizateek baino ez zuten parte hartu, hiribilduek ez zituztelako hitza ezta botorik ere. Elizateek Lur Edegia osatzen zuten eta foru zuzenbidea zuten jaurtzeko, hiribilduek, berriz, bere foru propioa zuten[3].
Parte-hartzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen Durangoko ibar-jaurerria osatzen zuten elizateek[4]:
Inguruan zeuden hiribilduak Durango, Elorrio, Ermua eta Otxandio ziren[5].
1630an Elorrio hiribilduak San Agustin Etxebarria anexionatu eta hau ibar-jaurerritik at atera zen.
Egun Axpe, Arratzola eta Apatamonasterio antzinako elizateek Atxondo udalerria osatzen zuten.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Durangaldeak bere antolaketa politiko propioa zuenari buruzko lehendabiziko aipamena 1050 ingurukoa da, noiz Eneko Lupiz “Vizcaia et Durango” zuzentzeko izendatua zenean, eta Munio Santxez “Turango”ko kondeak emanaldia egin zuenean:
Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Munio Santxez Durangoko kondearen emanaldia | |
Liburu osoa: Euskal Herriko Erdi Aroaren Historiarako dokumentu idatzi eta grafikoen iruzkin-ereduak |
« | Hau egin zen errege zela Leonen Fernando, Gartzia errege Naiara edo Naxeran eta Gaztela Zaharrean, Erramiro Aragoin, Sobrarben eta Ribagortzan, Komesanus Burgosen apezpiku zela, Komesanus apezpiku Naiaran, Antso nafarren apezpiku, Gartzia arabarra Bizkaian; eta Turankon konde Munio Santxez bera zela, egin zen Aroko 1051. urtean, otsaileko kalendatan [otsailaren 1ean]. | » |
—[6]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
1076an Alfontso VI.a Gaztelakoak Iruñeko Erresumari Bizkaia osoa kendu zion, berriro 1134an berreskuratua izanda. Nafarroako Erresumak 1200. urtera arte mantendu zuen Durangaldea[7], orduan eta behin betiko, Gaztelako Erresumako armadak konkistatua zelako. 1212an Alfontso VIII.a Gaztelakoak orduko Bizkaiko Jauna zen Diego Lopez II.a Harokoari Durangaldea eman zion, Navas de Tolosako guduan emandako laguntzari eskertzeko.
1576an ibar-jaurerriak bere foru propioak baztertuz Bizkaiko Foru Zaharra hartzea eta Jaurerriak Durangaldean egiten duen kudeaketa ordaintzea erabaki zituen. 1628an Ibar-jaurerriak Gernikako Batzarretara ordezkariak bidaltzea erabaki zuten[4]. Gernikan ordezkari bi baino ez zizkieten eskaini eta ez durangarrek nahi zituzten hamabi. Tirabira batzuk izan ondoren, 1740an bost eta 1800an beste hiru eman zituzten[8]. Ordurako zortzi ordezkari zituen, beste lauak behatzaileak izanik. 1875eko abenduaren 27an Ibar-jaurerriaren azken batzarra egin zuten eta hurrengo urtean euskal foruak indargabetu zituzten[9].
Antolaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibar-jaurerria jaurtzeko “Ibar-jaurerriko Batzarra” osatzen zen Abadiñoko Gerediaga auzoko San Salbador eta San Klemente baselizaren aurrean dagoen enparantzan. Batzarra hamabi elizateetako ordezkariek, “fieles” izena zutenak, osatzen zuten. Gerediagako Batzarra Durangaldeako gobernu nagusia zen.
Batzarretara deitzeko, aritu behar ziren gaiak proposatzeko eta adostutakoa martxan jartzeko sindikoa zegoen. Batzarretara Jaurerria ordezkatzen zuten hiru pertsonak ere joaten ziren: Teniente Korrejidorea, Teniente Prestameroa eta Teniente Ibar-jauna:
- Teniente Korrejidorea: Bizkaiko Korrejidoreak izendatua, Ebroz bestaldekoa (gaztelaniaz: “allende del Ebro”) izan behar zen. Honek durangarrei inpartzialtasuna ziurtatzen zien Ibar-jaurerriaren ordezkaritzari buruzko eta Durangaldea bereganatzeko asmoari buruzko auzietan.
- Teniente Prestameroa : Bizkaiko Prestamero Nagusiak- hau da, Aramaioko kondeak- izendatua, Ebroz bestaldekoa izan behar zen.
- Teniente Ibar-jaun: Bizkaiko Ibar-jaun Nagusiak izendatua, Ebroz bestaldekoa izan behar zen.
Batzar ohizkoak, Batzar-Etxean egiten zirenak, eta ohiz kanpokoak, Gerediagako larrean egiten zirenak, Pazko Igandean, Mendekoste edo Eguberrian ospatzen zituzten.
Azaldu dugun bezala, Durangaldeako hiriburuek ez zuten Ibar-jaurerria osatzen. Hala ere, noizbehinka eta gaiaren arabera (bideak eraikitzea, eskualdeko zergak ordaintzea...), denek joaten ziren Batzarretara, orduan, “Hamalau herriko Batzarrak” zuten izena. 1630an Elorriok San Agustin Etxebarria bereganatu zuenetik aurrera, ez zuten berriro parte hartu.
Forua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibar-jaurerria zuzentzen zuen lehendabiziko forua 1200. urte inguruan Antso VI.a Jakitunak aldarrikatu eta San Agustin Etxebarriako elizaren meza-liburuan idatzi zuten.
1342. urtean "Durangoko Ibar-jaurerriaren Foru Zaharra" idatzi zuten. Bertan ondorengotza-zuzenbidea, jabetza eta zuzenbide penalari buruzko usadio eta ohiturak finkatzen zituzten, lehen ahozko tradizioan zeudenak. 1576an ibar-jaurerriak bere foru propioak baztertuz Bizkaiko Foru Zaharra hartu zuen. Hala ere, durangarrek bizirik mantendu zituzten bere usadio propioak. 1876an euskal foru guztiak indargabetuak izan ziren.
Batzarren egoitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batzar-etxea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batzar ohikoak Batzar-Etxean egiten zituzten. Lehendabizikoa Durangoko Kurutzesaga auzoan zegoen eta “juntetxe zaharra” zuen izena. Durangoko udala eta ibar-jaurerri artean auziak izan zituzten juntetxearen jabetzari buruz.
1508ko otsailaren 1ean Joana Eroak bitarteko jardun eta Ibar-jaurerria bere batzarrak eta egoitza Abadiñoko Traña-Matiena edo Muntsaratz auzoetan izan behar zituztela erabaki zuen.
1578an Ibar-jaurerriak Astolan etxe bat erosi eta bertan jarri zuen bere egoitza. Dorretxea 1570ean eraikia izan zen, lehen bertan zegoena sute bat izan ondoren. Astolako Etxean Teniente Korrejidoreak etxebizitza izan ez ezik, kartzela ere bazegoen[4]. Egun Gerediaga Elkartearen egoitza da.
Landa forala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ohiz kanpoko batzarrak Abadiñoko Gerediaga auzoko San Salbador eta San Klemente ermitaren aurrean dagoen plazan[8], haritz foralpean eta zirkuluerdia osatzen zuten 12 mugarritan- elizateek mugarri bana zuten- ospatzen zituzten. Lehendabiziko agiriak 1508koak baziren ere, ez dute ezagutzen noizkoak ziren lehendabizikoak.
Denbora pasa ahala, 1633an gurutzadura eraiki zuten bertan. XVIII. mendearen bukaeran Durango–Berriz errepidea eraiki eta haritza bota zuten.
1834an Mendizabalen desamortizazioa zela eta, ermita eta inguruko landa zenbait auzokoek erosia izan zen. 1999an Bizkaiko Batzar Nagusiek egoitza zaharberritu eta 2005eko urrian zabaldu zuten.
Eserlekuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esan bezala, Batzarreko kideak eserleku eta boto bana zituzten. Zenbatuak ziren eta hona hemen esleitzea:
Zbk. | Elizatea |
---|---|
1 | Abadiño. |
2 | Berriz |
3 | Hasieran San Agustin Etxebarria, 1635 eta gero Mallabia |
4 | Mañaria |
5 | Iurreta |
6 | Garai |
7 | Zaldibar |
8 | Arratzola |
9 | Axpe |
10 | Apatamonasterio |
11 | Izurtza |
12 | Mallabia |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ El Correo: Lasuen critica en su último libro el escudo «desvirtuado» del Consistorio de Zaldibar
- ↑ Jon Irazabal, "Durangoko Merinaldea : sorrera eta eraketa politikoa", Durango: Gerediaga Elkartea, 1998
- ↑ Batzar Nagusiak XIX. mendera arte
- ↑ a b c Gerediaga Elkartea: Durangaldea
- ↑ Otxandioko Udalaren webgunea: Historia
- ↑ Ruiz Fernández, Amanda; Agirre García, Jaione. (2006). Euskal Herriko Erdi Aroaren historiarako dokumentu idatzi eta grafikoen iruzkin-ereduak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 8484380807..
- ↑ Euskal Lurraldeak[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b Gerediagako San Salbador eta San Klementeren ermitea
- ↑ Foruak
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gregorio Monreal (1974). "Las instituciones públicas del Señorío de Vizcaya (hasta el siglo XVIII)". Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia.
- Bizkaiko Batzar Nagusiak (1986) "Bizkaiko Batzar Nagusiak". Bilbo: Bizkaiko Batzar Nagusiak.
- Antonio Beristain, María Ángeles Larrea eta R. María Mieza (1980). "Fuentes del derecho penal vasco (siglos XI - XVI)". Bilbo: Enciclopedia Vasca.
- Fidel Sagarminaga (1928-1976). "El gobierno y el régimen foral del Señorío de Vizcaya" Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia.