Euskal musikagileak Ameriketako emigrazio handian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Santiago Arrillaga tolosarraren konposizio batzuk, San Frantziskon bere akademiak argitaratuak, berak sinatutako ale batean

19. mendearen bigarren erdian, eta 20.aren lehen erdian Ameriketara Europatik joandako emigrazio oldeetan, euskal musikariak ere izan ziren. Beste herri batzuen kasuan bezala, emigratutako komunitateetan jatorrizko herrialdearen musikak esanahi berezia zuen, eta artista askok ere emigratu zuen, edo birak egiten zituzten komunitate horietan bereziki. Esate baterako, Enrico Caruso tenor italiarraren arrakasta Estatu Batuetan lotua dago New York-en idolatratzen zuen italiar-amerikarren milioi erdiko komunitatearekin[1].

Euskal Herriko musikariei dagokienez, Jose Antonio Arana Martijak musikologo eta euskaltzainak aztertu zuen lana sakon, eta argitara eman zuen 1993an[2].

19. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Valentin Zubiarre Urionabarrenetxeak 8 urte edo bete zituen Venezuelan, 1853an iritsita. Pianojole eta irakaslea izan zen bai hiriburu horretan eta La Guayran, pianorako hainbat musikalan burutu zituelarik.

Enrique Aldana Olabarri (1829-1856) bibolinjole bilbotarra izan zen Txilera iritsi zen 1855ean, eta baina jarraian Kubako Habanan geratu zen kontzertuak eta ikastaroak emanaz. Bertan hil zen 1856an, baina bere alargunak, Fatima Olabarria Lozanok, jarraitu zuen Aldanaren lana piano irakasketak La Habanan emanez.

Sebastian Iradier kantari arabarrak, Marietta Alboni eta Adelina Patti tiple famatuekin ostera bat egin zuen Estatu Batuetatik (New York, Boston, Filadelfia, New Orleans) eta Mexikotik, eta Kubara heldu zen 1861ean. Hainbat habanera konposatu zituen han, haien artean «Arreglito», Georges Bizetek Carmen operan erabilitakoa. Habanera generoa hantxe sortu zuela Iradierrek iritzi zion Pio Barojak, eta Felipe Pedrell musikologoaren iritziz, are gehiago: euskal zortzikoaren erritmotik datorrela habanerarena, Iradierren bitartez.

1868an Joaquin Gaztanbide joan zen Kubara eta Mexikora. Bira hartan ia-ia Julian Gaiarre tenor erronkariarra sartu zen, baina kanpo geratu zen, agian bere onerako, Ameriketara barik, Gaiarre Milanera abiatu baitzen hurrengo urtean, eta huraxe izan baitzen bere opera-karreraren arrakasten hastapena. Geroago bai, ordea, Gaiarre jada ospetsu zela, Buenos Airesen eta Rio de Janeiron kantatu zuen opera Erronkariko tenorrak.

Avelino Agirre Lizaola bilbotarra (1838-1901) Buenos Aires-era iritsi zen 1876an, eta bertako Operaren Antzokiko orkestra eta hiriko kontserbatorioa zuzendu zituen. Argentinako Mendoza hirian hil zen.

Pablo Sarasate konposagile nafarrak Estatu Batuetan hainbat kontzertu eman zituen 1889an eta Mexikon 1890ean.

Jesus Arriola (1873-1931) Elorriokoa 1893an Bogotara joan zen, bertako katedraleko organulari izateko deitua. Kolonbian jarraitu zuen lanean, eta Medellin eta Antioquian ere orkestren zuzendari izan zen eta kontserbatorioetan irakasle. Agustin Azkunaga (1885-1957) Otxandiokoa Quitora iritsi zen 1899an eta organujole izan zen Ekuadorko hiriburuan.

Santiago Arrillaga Ansola (1847-1915) tolosarra, berriz, Estatu Batuetara joan zen. eta Kaliforniako San Franziskon «Arrillaga Musical College» sortu zuen (ikus gorago irudia). Bost seme-alaba izan zituen, denak musikari aritutakoak: Vicente, Elena, Leo, Graziella eta Zezilia, pianojoleak hain zuzen.

Florencio Constantino bilbotarra (1868-1919) 21 urterekin iritsi zen Argentinara, eta han egin zituen kantu ikasketak. Uruguain eman zuen lehen kontzertua, eta Europan zein Estatu Batuetan kantatu zituen operak (New York-eko Metropolitan-en izan zen)[3]. Constatinoren errepertorioaren parte izan zen «El roble y el ombú» zortzikoa, Argentinan jaiotako euskal jatorriko Felix Garcia Arzeluz konposagileak egindako pieza.

Bertsolarien ibilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakina da halaber Jose Maria Iparragirrek Ameriketan egin zituela bizitzako 18 urte (1858an iritsi zen), eta han ezkondu zen, Buenos Airesen. Tarterik handiena Urugain bizi izan zen, eta Montevideon Gernikako Arbola izeneko kafetegia ireki zuen. 1877an Buenos Aires-etik Bordelera itzuli zen. Iparragirren doinuekin bertsotan aritu zen Argentinan halaber Joxe Mendiaga Aldudeko bertsolaria.

Pedro Mari Otaño bertsolari zizurkildarrak ere bi egonaldi egin zituen Ameriketara[4]. Lehena 18 urte zituenean hasi zuen, 1875an, eta bigarrena 1888an. Bigarren honetan Buenos Aires-eko «Laurak bat» euskal etxearekin kontaktuan, bertsogintzan ere ibili zen eta 1904an Alkar izeneko bilduma argitara eman zuen Buenos Airesen. 1900an Otañok idatzitako "Artzai mutila" opera argitaratu zen, Felix Ortiz de San Pelayoren musikaz, eta Buenos Airesko Colon antzokian estreinatu zen. Ortiz de San Pelayo, hain zuzen, azpeitiarra zen (1856-1941), eta hiru egonaldi egin zituen Argentinan. Konposagile izateaz gain, pianojole eta orkestra zuzendari gisa aritu zen profesionalki.

20. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Mardones arabar abeslaria 'Aida' operarako jantzia.
Emiliana Zubeldia, pianojole nafarra, Mexikon profesionala.

Jose Mardones arabar baxua Sagi-Barba Elkartearekin heldu zen Buenos Aires-era eta bi urte bertan bizi izan zen 1904tik 1906ra bitartean. Italian kantu ikasketak egin ondoren, berriz joan zen Buenos Aires-era 1907an. Estatu Batuetatik ibili zen 1909tik 1914ra Bostoneko Opera Teatroan lehen mailako baxua izan zelarik. Bostonen bi disko ere grabatu zituen. 1917tik 1926ra New York-eko Metropolitan Opera House-eko lehen bajua izan zen. Hego Ameriketako Peru, Chile, Uruguay, Argentina eta Cubako Opera Teatroetan ere kantatu zuen Mardonesek, Kubako kontzertuetan Ignazio Telleria (1880-1944) Idiazabalgo semeak pianoz lagundu ziolarik. La Habanara 1910ean heldua zen Telleria pianojole hau.

Jesus Agirregabiria tenorrak Amerika osoa korritu zuen, operak kantatuz, 1924tik 1928ra. Estatu Batuetan James Gabiria izenordea erabili zuen karteletan. Donostiara itzuli ondoren, berriz joan zen Estatu Baturtara 1933an handik berriz Hego Ameriketako bira bat eginez.

Isidoro Fagoaga nafarra Argentinara joan zen gaztetan, merkataritzan eta kazetaritzan lan egin zuen, eta kazetari gisa, musika kronikari eta musikologiari ekin zion. Baina lan horiez aparte, musikari eta kantaria ere bazen, eta Buenos Airesen kantatu zuen Wagner-en Parsifal 1925ean eta Jesus Guridiren Amaya 1930ean, Colon antzokiko zuzendaria euskal jatorriko musikari bat zen garaian hain zuzen (Floro Ugarte, Buenos Aires, 1884 - 1975).

Argentinan 20. mendearen hasieran aktibo izan ziren profesionalki beste euskal musiku batzuk ere, hala nola, Antonio Reinoso (1869-1912) bibolinjole bilbotarra, Buenos Airesera 1890ean heldua, Feliziano Latasa (1871-1906) donostiarra, orkestra zuzendaria, Luis V. Otxoa (1878-1958) arabarra, Bernardo Iriberri (Irulean jaioa 1882an), Inozenzio Aguado Agirre (1887-1975), Jesus Garcia Leoz (1904- 1953), eta beste zenbait.

Tolosan jaio zen Tomas Mujikak Felipe Gorriti eta Eduardo Mokoroarekin egin zituen lehen musika ikasketak eta Uruguaira heldu zen 1913an. Bertan, 1916an, Granados Kontserbatorioa sortu zuen. Uruguaiko independentziaren mendeurrena 1930ean ospatu zenean, Ayacucho poema sinfonikoa estreinatu zioten Montevideon. Uruguay-ko Tucuarembón hil zen 1963an.

Mexikon, Emiliana Zubeldia (1888-1954) pianojole nafarra aritu zen. Sonorako Unibertsitatean irakaslea eta Ameriketan hainbat piano kontzertu eman zituen. Kolonbian, Luis Miguel Zulategi (1898-1970) nafarra ezarri zen, 1924ean Kolonbiako Medellinera joan zen musikegile, irakasle eta musikologoa. Kuban ezarri ziren halaber German Maria Landazabal Garagarza arabarra (1884-1953) eta Pedro Sanjuan Nortes donostiarra (1886-1976). Landazabal Argentinan ere ibili zen.

Sanjuan donostiarra, berriz, Habanako Orkestra Filarmonikoaren sortzaile bilakatu zen: Debussy, Ravel, Falla eta garai hartako beste musiku batzuen lanak estreinatu zituen uharte hartan. Konposagile gisa, ordea, Kubako herri musikari bultzada zion bere lanekin: Liturgia negra, La Macumba, Comparsa yoruba.... Mexikoko Orkestra Nazionala ere zuzendu zuen eta gero Los Angeles, San Franzisko eta New York-ekoak. Europako orkestrak zuzendu zituen 1932tik 1937ra eta berriz Estatu Batuetara joan ondoren Princeton eta beste Unibertsitate batzuetan irakasle izanik jarraitu zuen.

Elizgizon organujoleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brasilera heldu zen 1930ean Crescencio Iruarrizaga Agirre (Igorre 1904-1986) eta organulari gisa lan egin zuen. Konposagile gisa, Brasileko herri musika erabili zuen bere lanetan. Crescencioren anaia Francisco Iruarrizaga Agirre (1893-1981) Estatu Batuetan ibili zen musikagintzan: Francisco Iruarrizaga Agirre (1893-1981). Hainbat hiritan organularia izan zen.

Ameriketan jardundako beste organulari euskal herritar batzuk dira: Casimiro Zubia Izurrategi eskoriatzarra (1861-1932), Baldomero Amenabar Egia (Otxandio, 1873), Jose Maria Arregi Arrimaldo (Areatza, 1879-1955), Gregorio Balzategi Mujika (Oñati 1879-1937), Luis Agirrebeña Lezeta (Soraluze, 1894), Benito Enparantza Aranburu (Oñati, 1897) eta Jose Martin Arrue Galdos (Aretxabaleta 1884-1960). Organujoleen artean osperik handiena lortu zuena Benigno Iturriaga Astelarra (Kortezubi 1908-1089) izan zen. La Habanako komentuan organulari eta kontzertulari famatua izan zen, eta musikologoa eta konposagilea izan zen Kuban 1939an Arantzazura itzuli zen arte.

Luis Mallea Arejita-Belaustegi (Munitibar 1908-2003) Argentinako Saltara heldu zen 1931an, eta gero Rosarion izan zen organulari. Buenos Aires-eko eliza batetan eginkizun horretan jarraitzen zuelarik, 1939an, berak zuzentzen zuen ahots zurien koru bat Isaac Lopez Mendizabalek wikilink erbesteratuekin sortu zuena batu zuen «Lagun Onak» koru famatua sortuz, Malleak berak 1967arte zuzendu zuena[5].

Frantzisko Madina (Oñati, 1907-1972) 1932an iritsi zen Saltara, 1932an. Aita Madina izango da, behar bada, Argentinan euskal musikaz gehien arduratu izan den euskalduna, eta lotua egon zen Saski-Naski taldearekin, euskal folklorea sustatzeko Buenos Airesen sortu zen elkartearekin[6]. Hainbat lan konposatu zituen Madinak Argentinan, esate baterako Nicanor Zabaletarentzat apropos eginiko Sonata Vasca, Suite, Concierto para arpa y orquesta. Nicanor Zabaleta bera ere Estatu Batuetara joan zen 1955ean, New York-en organularia izan zelarik.

Gerra ondorengo erbesteratzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko gerrarekin Euskal Herrian, erbesteratuak abiatu ziren beste asko Ameriketara.

Erbesteratua heldu zen Kubara Estanislao Sudupe Osinalde (1915- 1973) eta Habanako San Frantzisko elizan organularia izan ondoren Estatu Batuetara jo zuen Pietro Yon eta Vittorio Giannini maisuekin organu eta musikagintzako tituluak lortzera.

Jose Azarola Aldaz (1907-1955) pianojolea ere Mexicon hil zen, erbestean.

Josu Gallastegi (1942) Venezuelara heldu zen 1962an eta handik Estatu Batuetara joan zen orain New York-eko «Ameritan Ballet Theatre» delakoan pianojolea izan zelarik.

Venezuelak aterpetu zituen, esate baterako, Sandalio de Tejada Sarabia, Alberto Iriarte, Joseba Badiola, Silbestre Isasi, Julian eta Segundo Atxurra, Sabin Zenarruzabeitia eta Jon Oñatibia txistulariak. Oñatibia «Eresoinka» taldetik zetorren eta 1941ean Caracasko Euskal Etxean euskara, txistua eta dantzak irakasten hasi zen. «Eresoinka» taldetik Caracasera etorri zen beste bat Paulin Urresti kantaria izan zen, zeinek 1940an «Pizkunde Abesbatza» sortu zuen.

Jon Oñatibia eta Euzkadi Group AEBetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Venezuelako talde horretan, bereziki nabarmendu zen Jon Oñatibia[7]. Jose Antonio Agirre Lehendakariak deituta Estatu Batuetara joan zen Oñatibia 1954ean. AEBetan

"Euzkadi Group" delakoa sortu zuen, euskal bizimodu topikoaren inguruko ikuskizun bat, dantza, musika koral eta eszenifikazioekin. Birak egin zituzten ikuskizun horrekin AEBean zehar. Talde horretan Jonen anaia Manu Oñatibiak ere parte hartu zuen, eta baita ere Bitor eta Lourdes Olaeta neba-arreba txistulariek (txistulari gehiagorekin). Tere Oñatibiak (Jon eta Manuren arrebak) jantziak egin ziten, eta kantari aritu ziren Maritxu Ezkurra eta Emili Idoiaga.

Txistu musikako diskoa ere grabatu zuen Oñatibiak, berak jota tresna. Gainera, Jesus Galindez desagertu zenean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izendatu zuen Oñatibia Agirre lehendakariak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Preserving the Life and Legacy of Enrico Caruso | Italian Sons and Daughters of America» www.orderisda.org (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).
  2. Arana Martija, Jose Antonio. (1993). «Euskal musikak Ameriketan» Cuadernos de Sección Música (Eusko Ikaskuntza) (Donostia) 6 ISSN 0213-0815. (Noiz kontsultatua: 2018-02-20).
  3. «Asociación Florencio Constantino» www.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).
  4. «Otaño Barriola, Pedro María - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).
  5. «Mallea Arejita-Belaustegui, Luis - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).
  6. «SASKI NASKI - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).
  7. «Oñatibia Audela, Juan - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-02-27).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]