Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da

Fotosintesi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fotosintetiko» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search

Landareek hostoen bidez egiten dute fotosintesia

Fotosintesia (antzinako grezieratik φῶς, fos, argia + σύνθεσις, sinthesis, eraketa) gaur egun Lurreko bizitzaren oinarri den erreakzio kimikoen prozesua da. Prozesu honen bidez landareek, algek, eta zenbait bakteriok (zianobakterioek) eguzki argia erabiltzen dute bere inguruko materia inorganikoa (CO2 eta ura) bere hazkuntzarako behar duten materia organikoa (glukosa) bihurtzeko [1] [2] [3].

Prozesu hau burutzeko gai diren organismoei fotoautotrofo deitzen zaie.

Fotosintesia prozesu anabolikoa da. Horrek esan nahi du prozesu horretan landareek molekula organiko konplexuak (glukosa, batez ere) sortzen dituztela molekula inorganiko sinpleagoetatik (ura, karbono dioxidoa) abiatuta. Prozesu anaboliko guztiek energia behar dutenez, sintesi organikoa ahalbidetuko duen prozesuaren aurretik landareek energia kimikoa (ATP) fabrikatu behar dute: hori eguzki-energiaren laguntzarekin lortzen dute.

Fotosintesiak, beraz, bi fase izango ditu: lehenengoan energia kimikoa (ATP) sortuko dute landareek, eta bigarrenean energia hori erabiliko dute molekula organiko konplexuak sortzeko.

Prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fotosintesiak argi energia eta karbono dioxidoa erabiltzen ditu triosa fosfatoa (glizeraldeido 3-fosfatoa, G3F) sortzeko [4]. Landareak elikagai moduan erabil dezake edo beste gaiekin elkartu azukre monosakaridoak sortzeko (adibidez, glukosa). Horrela, beste zeluletara garraia daiteke, edo polisakarido eran biltegiratu daiteke (adibidez, almidoi eran)

Fotosintesiaren ekuazio orokorra hau da:

3 CO2(gasa) + 6 H2O(likidoa) + fotoiak → C3H6O3(urtsua) + 3 O2(gasa) + 3 H2O(likidoa)

hau da

karbono dioxidoa + ura + argi energia → triosa fosfatoa + oxigenoa + ura

Batzuetan, ekuazioa sinplifikatua agertzen da atariko kimikan:

3 CO2(gasa) + 3 H2O(likidoa) + fotoiak → C3H6O3(urtsua) + 3 O2(gasa)

Prozesuaren bukaeran glukosa sortzen denez, horrela ere idatz daiteke fotosintesiaren ekuazio orokorra [5]:

6 CO2 + 6 H2O + argia → C6H12O6 (Glukosa) + 6 O2

Fotosintesiaren faseak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landareek burutzen duten fotosintesiari fotosintesi oxigenikoa deritzo, oxigenoa askatzen delako. Hainbat bakteriok beste fotosintesi mota bat egiten dute, zeinean ura ez da elektroi-emailea, sulfuroa edo hidrogenoa baizik. Azken honetan ez da oxigenoa askatzen, prozesu anaerobioa baita.

Landareen fotosintesiak bi fase ditu [6] [7]

Argi-fasea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fase honetan landareak eguzkitik datorren argi-energia energia kimiko bihurtzen du. Klorofila izeneko pigmentuak zeregin oso garrantzitsua betetzen du fase honetan. Argi-energiaren fotoiek klorofila molekula kitzikatzen dute, eta kitzikapen horren ondorioz klorofilak elektroiak galtzen ditu. Askatutako elektroiak elektroi-garraiorako kate batean sartzen dira, non -arnasketa aerobioan gertatzen den moduan- molekula bat erreduzitzen da (NADP, kasu honetan) eta ATP ere eratu egiten da.

Ilunpeko fasea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko fasean sortutako ATP eta NADPH2 erabiltzen dira glukosa edo beste gluzido batzuk sortzeko, atmosferako CO2-tik abiatuta. Fase honetan landareak ez du argirik behar. Karbono dioxidoaren finkapena Calvin zikloaren bidez burutzen da.

Kloroplastoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare zelulak, barnean kloroplastoak dituztenak
Sakontzeko, irakurri: «kloroplasto»

Landareetan, fotosintesia kloroplasto izeneko organuluetan burutzen da [8]. Egitura horiek landareen hostoetan, batez ere, daude. Kloroplastoek bakterio fotosintetikoekin eta gainontzeko organismo prokariotoekin antz handia dute: izan ere, biek antzeko material genetikoa dute (kromosoma bakarra eta biribila), eta baita antzeko erribosomak ere.

Fotosintesiaren garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fotosintesia ezinbestekoa da Lurraren gaineko bizia mantendu ahal izateko. Fotosintesirik gabe, bizidun gehienak desagertuko ziren epe labur batean [9]. Hiru dira fotosintesiaren ondorio nagusiak:

  • materia organikoa sortzen du (gluzidoak) materia inorganikotik (CO2, H2O) abiatuta. Fotosintesia burutzen duten bizidunak (landareak) kate trofiko guztien hasieran daude, ekoizle primarioak dira, eta horiek gabe kate trofikoen gainontzeko bizidunen iraupena (heterotrofoena) ezinezkoa da [10].
  • oxigenoa askatzen du [11]. Fotosintesiari esker gure atmosferak oxigenoaren kontzentrazio handia du (%21). Oxigenoa ezinbesteko gasa da bizidun gehienentzat, eta horretaz gain ozono geruza egonkortzen du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Landareen fotosintesia eta arnasketa Infogunea.com
  2. Photosyntesis Encyclopaedia Britannica online
  3. Lur Hiztegi Entziklopedikoa 4. tomoa 356 orr.
  4. Dualde, V.: Biología, Curso de Orientación Universitaria, Ed, Ecir (1987) 260 orr. ISBN: 84-7065-128-5
  5. Aldaba, J.; Lopez, P.; Pascual, M.M.; Urzelai, A.: Biologia 2. Batxilergoa Elkar (2006) 138-139 orr. ISBN: 84-9783-222-1
  6. Aldaba, J.; Lopez, P.; Pascual, M.M.; Urzelai, A.: Biologia 2. Batxilergoa Elkar (2006) 141-148 orr. ISBN: 84-9783-222-1
  7. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:575-577 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1.
  8. Campbell, Neil A.; Brad Williamson; Robin J. Heyden (2006). Pearson Prentice Hall Biology: Exploring Life Boston, Massachusetts
  9. Bryant DA, Frigaard NU (Nov 2006). "Prokaryotic photosynthesis and phototrophy illuminated" Trends in Microbiology 14 (11): 488–496
  10. D. A. Bryant & N.-U. Frigaard «Prokaryotic photosynthesis and phototrophy illuminated». Trends Microbiol, 14, 11, 2006ko azaroa, 488 orr.
  11. Buick R (Aug 2008) When did oxygenic photosynthesis evolve? Philosophical Transactions of the Royal Society of London, series B 354 (1392): 1923–1939

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]