Françoise Seligmann
Françoise Seligmann | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Claudine Renée Josette Jullien | ||
Jaiotza | Marseilla, 1919ko ekainaren 9a | ||
Herrialdea | Frantzia | ||
Lehen hizkuntza | frantsesa | ||
Heriotza | Neuilly-sur-Seine, 2013ko otsailaren 27a (93 urte) | ||
Familia | |||
Ama | Laure Beddoukh | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria eta kazetaria | ||
Lantokia(k) | Paris | ||
Jasotako sariak | |||
Kidetza | Giza Eskubideen Liga | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Alderdi politikoa | Frantziako Alderdi Sozialista |
Françoise Seligmann, Claudine Renée Josette Jullien jaiotzean (Marseilla,1919ko ekainaren 9a - Neuilly-sur-Seine, 2013ko otsailaren 27a)[1], Erresistentziako kidea, kazetaria eta politikari frantsesa izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Claudine Jullien Marseillan jaio zen 1919ko ekainaren 9an.[2] Marseillako Montgrande Lizeoan Filosofiako Batxilergoa ikasi zuen. Gero, hiri bereko Thiers Lizeoan egon zen bi urtez literatura-prestakuntza eskolak hartzen. Horren ostean, Bordelera joan zen, eta han Frantziak Alemania naziaren aurka izan zuen porrotaren lekuko izan zen. Gero, Marseillara itzuli zen, amarekin elkartzeko. Okupazioa hasi zenean 21 urte zituen. 1940an, Claudineren ama, Laure Beddouckh irakasle eta kazetaria, irakaskuntzatik eta prentsatik kanpo utzi zuten Vichyko gobernuak ezarritako "juduen estatutuaren" ondorioz. Horregatik, Claudine Jullienek ikasketak utzi behar izan zituen bizimodua ateratzeko. Aitak, beste emakume batekin ezkondua eta garai hartan Casablancan bizi zenak, bere 'ama judua' (haren hitzetan) uzteko eta harekin bizitzera joateko proposatu zion. Claudinek ez zuen proposamena onartu.[3]
Jullien lanean hasi zen gizarte-langile gisa, haur delitugileen arretan espezializatua. Lehenik, Germaine Poinsot-Chapuis-ekin lan egin zuen, Marseillako Adingabeen Auzitegian; gero, Paueko Artzain Onaren Ama Nagusiarekin eta Plaquevent apaizarekin; eta, azkenik, Lyongo Adingabeen Auzitegian, non auzitegiak jasotako kasuak ikertzeaz eta horiei buruzko txostenak aurkezteaz arduratzen zen.[4] Aldi berean, erizaintzako praktikak egin zituen Grange-Blanche ospitalean.
Erresistentziako kidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1941ean Erresistentziarekin harremanetan jarri zen. Handik gutxira, familia juduak Suitzako mugara eramateko agindua jaso zuen. 1941eko azaroan, Roland de Pury artzain suitzarrarekin herrialde hartara ihes egiteko sare bat sortu zuen, babeslekuak eta igarobideak Archamps herrian antolatuz.
1942ko urtarrilaren 23an ama Marseillako etxean atxilotu zutela jakin zuen, eta haren bila ibili zen hainbat polizia-etxe eta kartzelatan. Ama, baina, polizia-komisario frantses batek askatu zuen, eta etxera itzuli eta alabarekin elkartu zen. Ama-alabak, orduan, Lyonera joan ziren, eta han ama lagun batzuen etxean geratu ahal izan zen.[5]
1942an, Françoisek Henri Frenay eta Berty Albrecht, Combat sareko kideak ezagutu zituen Lyongo Lanterne kaleko elizan, non Roland de Pury erresistentziako kidea erretore zen. Frenayk eta Albrechtek egunkari klandestinoa banatzeko ardura eman zioten.[5] Seligmannek Alemaniatik eta Erdialdeko Europatik ihesi zetozen ehun bat judu eta errefuxiatu politiko (intelektualak, sindikalistak, parlamentariak) eraman zituen Lyondik Archampsera, eta handik muga zeharkatzen lagundu zien.
Familia juduak muga pasatzen laguntzeko zeregina bertan behera utzi behar izan zuen, Roland de Pury atxilotu eta 1943an Lyongo Montluc espetxean kartzelaratu baino lehen zegoen Combat sareko zuzendaritzaren aginduz.[4] Claude Bourdet-ek aginduta, lan egiten zuen auzitegia utzi eta klandestinitatean sartu zen. 1942ko azaroaren 11n, naziek Vichyko gobernuak kontrolatzen zuen Frantziako 'eremu librea' okupatu zuten.
1943ko maiatzean, harrera sare bat antolatu zuen Vendée departamenduko iheslarientzat, Fontenay-le-Comte, Moncoutant eta Mouilleron-Saint-Germain herrietako erretoreen laguntzarekin. Beste batzuen artean, Christineri, François Morin-Forestier erresistentziako buruzagiaren idazkariari, lagundu ahal izan zioten, Gestapoko zerbitzuek atxilotuta zuten Lyongo Hôtel Dieu-tik ihes egin zuenean.[4]
Erresistentzia garaiko urte horietan, Françoise Seligmannek Albert Camus, Claude Bourdet eta Pascal Pia ezagutu zituen, eta haiekin batera, Combat egunkariaren abenturan parte hartu zuen.[6]
Combat mugimenduaren barruan, gizarte-zerbitzuaren ardura ere izan zuen, erresistente askok bezala. Horrek esan nahi zuen erresistenteei eta haien familiei modu askotara laguntzen ziela, adibidez, dokumentu faltsuak emanez eta iheslarientzako bizitokia eta babeslekuak aurkituz.[3]
1943ko ekainetik aurrera, Mouvements Unis de la Résistance (MUR) erakundean ere jardun zuen. MURak Jean Moulin-ek proposaturiko sare handien berrantolatzearen ondorioz sortu ziren, hilabete hartako sarraskien eta hegoaldeko mugimenduen bateratzearen ostean. Marcel Peck NAP (Noyautage des Administrations Publiques) erakundearen buruzagi laguntzaileak Seligmann errekrutatu zuen. NAP Combat mugimenduak Vichyko administrazioetan infiltratzeko sortutako erakunde bat zen, Claude Bourdet-ek zuzendua.[3] Horrela bada, Liberaziora arte, NAPen eta Gizarte Zerbitzuan lan egin zuen aldi berean.
1943ko abenduan, MUR erakundeak Suitzara bidali zuen. Han, hilabete batez, Genevako Erresistentziaren ordezkaritza frantsesak antolatutako hitzaldi-bira batean parte hartu zuen, haien jarduna ezagutarazteko eta mugimenduaren gabezia handia arintzeko dirua biltzeko.
Ihesaldi-ekintza armatuetan ere parte hartu zuen: Seligmann 1944ko urtarrilean Yvette Bernard Bloiseko Gestaporen espetxetik askatu zuten erresistenteetako bat izan zen. Bernard ospitalera zeramatela askatu zuten eta aterpe batera eraman, baina, zoritxarrez, Gestapok etxea aurkitu zuen.[3]
1944ko otsailean, Claude Bourdet-ek Marcel Peck aurkitzeko agindua eman zion, aurreko azaroan atxilotu zutenetik desagertua baitzen. Gestaporen hainbat sailetan kontaktuak bilatu ondoren, Jeanne Kelbel interprete alsaziarrarekin harremanetan jartzea lortu zuen, eta, haren bitartez, Foch etorbideko Gestaporen buruek planifikaturiko eragiketei buruzko informazioa izan zuen. Datu horietako batzuk baliagarri gertatu zitzaizkien, baina beste batzuk, tamalez, beranduegi iritsi ziren zenbait atxiloketa saihestu ahal izateko.
1944ko abuztuan, Parisko Liberazio Guduaren astean, Albert Camusen eta Combat egunkariaren taldearen hornitzaile eta artekari gisa lan egin zuen. Taldea Reaumur kaleko eraikinean zegoen gordeta, eta bertatik argitaratu eta banatu zituzten Combat egunkari klandestinoaren lehen aleak.
Frantziaren okupazioan bere senarra izango zena, François Gérard Seligmann arte-merkataria eta erresistentea, ezagutu zuen.[3]
1944ko irailean Mouvement de libération nationale (MLN) erakundearen Gizarte Zerbitzuko zuzendari nazional izendatu zuten. Ardura hori izan zuen MLNren jarduna gelditu arte.
Gertaera hauetatik urte askotara, Seligmannek bere Erresistentziarekiko engaiamenduaren historia eta bertan izan zituen bizipenak kontatu zituen Liberté, quand tu nous tiens izeneko liburuan. «Ez naiz iraganean hertsirik bizi», esan zuen liburuan, «guztiz sinetsita nago biharko historia eraikitzeko ez dugula atzokoa ahaztu behar».[3] Bere oroitzapenetan Paris askatzean izan zuen poz handia deskribatzen du, eta baita ere "nazien aurkako erresistentziaren arima izan zen" Charles de Gaulle jeneralaren silueta luzea ikustean sentitu zuen zirrara. Baina 'Londresko Gizonak' jarrera urruna eta are erdeinuzkoa erakutsi zuen gazte erresistenteak 1944ko abuztuaren 25ean bere inguruan bildu zirenean beren esker ona eta atxikimendua adierazteko, begirada edo hitz bero baten esperantzaz.
Askapenaren ondoren, gerrako presoak eta erbesteratuak itzuli ziren, eta Seligmannek eta bere burkideek Parisko Rex zineman eta Lutetia hotelean harrera egin zieten.[5] Orduantxe ezagutu zuen, Presoen Ministerioan, François Mitterrand, Henri Frenay ministro izendatu zutenetik estatu-idazkari gisa jarduten zuena. Geroago, Françoise Seligmannek "deportazioaren infernua bizi izan zuten gizon eta emakumeen hauskortasuna" azpimarratuko zuen, baina baita François Mitterranden jarrera ere, "begi bistakoa baitzen ez zuela inolako begirunerik izan gure ordezkaritzarekin, nahiz eta garbiki adierazi genion Erresistentziaren mugimendu guztiak ordezkatzen genituela". Ordezkaritzako kideak harriturik erretiratu ziren Mitterrand gaztearen axolagabekeriaz eta harrokeriaz, une hartan inongo susmorik ez zutela etorkizunean korrituko zuen ohiz kanpoko ibilbideaz.
Giza eskubideen aldeko ekintzailea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1946an, Finaly auzia gertatu zen. Finaly familia juduaren bi ume instituzio katoliko baten zaintzapean utzi zituzten beren gurasoak deportatu zituztenean. Nahiz eta gurasoak juduak ziren, umeak bataiatu egin zituzten, eta horrez gain, haien maistrak uko egin zion umeak familia legitimoaren esku uzteari. Maistrak, gainera, 'Finaly haurren behin-behineko tutore' izendatu zuen bere burua, eta nortasun faltsuak baliatuta ezkutatu zituen umeak erlijioso batzuen konplizitatearekin. Finaly haurren auziak bultzatuta, Françoise Gizon-emakumeen eta herritarren eskubideak defendatzeko Frantziako Ligara atxiki zen 1949an. Ligan, Parisko zazpigarren barrutiko lehendakari hautatu zuten.
1950ean, Ethel eta Julius Rosenberg-en Defentsa Batzordea sortu eta bultzatu zuen. Rosenberg senar-emazteak SESBren aldeko espioi-lana egiteagatik heriotza-zigorra ezarri zieten AEBetako bi zientzialari nuklear ziren.[5]
1953an, Giza Eskubideen Ligako Batzorde Nagusiko kide hautatu zuten, eta ardura horrekin segitu zuen 2013 arte.
Urte berean, Georges Guingouin-en Defentsa Batzordeko idazkaria ere izan zen. Guingouin, Limousin eskualdeko makien burua, atxilotua eta hilketagatik akusatua izan zen. Azkenean, auzitegiak karguetatik absolbitu zuen largespenagatik.
1954an, Abbé Pierrek Parisko 5. barrutiko udal harrera-zentroa sortu eta kudeatzeko ardura eman zion. Bertan, neguko hilabete hotzetan, 60 "etxerik gabeko" hartu zituzten, eta, zentroa itxi aurretik, beste ostatu bat bilatu eta profesionalki birgaitu zituzten.
Françoise Seligmannek, erabat gaitzesten zuen kolonialismoarekiko erabateko desadostasuna eta gaitzespena izanik, Aljeriako gerrako torturen aurka borrokatu zuen eta Djamila Boupacha eta Djamila Bouhired FLNko militanteak defendatu zituen.[4] Bestalde, 1956an Aljeriako maki bati buruzko artikulu bat argitaratu zuen Claude Gérard kazetariaren askapena lortzeko sorturiko defentsa-batzordeko kidea ere izan zen.[7]
Bakea sinatu arte, Aljeriako gerraren aurkako kanpaina guztietan parte hartu zuen Giza Eskubideen Ligarekin. Borroka horretan berriz ere jardun zuen Erresistentziako antzinako zenbait kiderekin, hala nola Germaine Tillion eta Marie-José Chombart de Lauwe.[3]
1957an, Après-demain aldizkaria sortu zuen Giza Eskubideen Ligarako, Philippe Bernard eta Pierre Joxerekin batera. Haren zuzendaria izan zen 2013ra arte. Après-demain hilabetekariak dokumentazio politikoa eskaintzen du. Ez da kioskoetan saltzen eta bere egoitza Parisko 14. barrutiko Jean-Dolent kalean dago.[8]
1970az geroztik Giza Eskubideen Ligako lehendakariorde izan zen, eta 1994an bertako ohorezko lehendakari izendatu zuten.[9][10][11]
Giza eskubideekiko konpromisoa Françoise Seligmannen bizitzaren ardatza izan zen. 2004an, Arrazismoaren aurkako Seligmann saria sortu zen, berak eta bere senar François Gérard Seligmannek nazismoaren aurka egindako borrokaren oroimenez. 2005eko saria Fatima Besnaci-Lancou-ri eman zioten Fille de harki liburuagatik. 2006koa Esther Benbassa-k eta Jean-Christophe Attias-ek jaso zuten, Juifs et musulmans: Une histoire partagée, un dialogue à construire zuzendu zuten lan kolektiboagatik. 2008ko saria 2009ko urtarrilaren 8an eman zioten Scholastique Mukasonga-ri, La femme aux pieds nus lanagatik.
Horrez gain, Seligmann Fundazioa sortu zuen, 2006an onura publikokotzat deklaratua izan zena. Fundazio horren helburua da “arrazoiaren eta tolerantziaren garaipenaren alde lan egitea, eta Frantzian elkarrekin bizi diren jatorri guztietako herritar eta egoiliar atzerritarren arteko hurbiltzea sustatzea”, batez ere eskoletako eta lizeoetako gazteen proiektuak bultzatuz.
Françoise Seligmann Giza Eskubideen eta Herritarraren Defentsarako Liga Frantseseko ohorezko lehendakaria izan zen 1994tik aurrera, eta 1957an sortu zen Après-demain Ligako aldizkariaren sortzaileetako bat.
Emakume politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Union des forces démocratiques (UFD) koalizioaren idazkari nazionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1955etik aurrera Pierre Mendès France-rekin elkarlanean hasi zen, txostenak sortzen eta aztertzen, bilerak, hauteskunde kanpainak, etab. antolatzen... De Gaulle jenerala boterera heldu zenean, Mendèsek Union des Forces Démocratiques koalizioaren idazkaritza nazionalaren ardura eman zion. Kargu horretan segitu zuen 1961ean erakunde hori desagertu zen arte.
Alderdi Sozialistaren Zuzendaritzako kidea 1981etik 1992ra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1974an Alderdi Sozialistaren (PS) kide egin zen. 1974ko apirilaren 2an Georges Pompidou hil ondoren, François Mitterrand-en laguntzaile izan zen lehendakaritza-kanpainan. Erantzukizun garrantzitsuak izan zituen Alderdi Sozialistan: 1975etik aurrera, Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen; 1981etik 1992ra bitartean Bulego Exekutiboko kide; eta, 1983tik 1992ra, PSko idazkari nazional izan zen, batez ere militanteei eta erakunde zentralei informazioa emateaz eta barne-informazioaz arduratu zelarik. Ezkerra boteretik urrun egon zen urteetan, oposizioaren eginkizunaz teorizatzen lagundu zuen, zeregin horretan exijentzia handia adieraziz eta edozein konplazentzia errefusatuz, Christiane Demontès-en arabera.[3]
Denbora tarte labur batez Nouveau Parti socialiste elkartearen presidente izan eta gero, 2005eko abenduaren 10ean ohorezko lehendakari izendatu zuten Rénover maintenant elkartean, Arnaud Montebourg-ek Le Manseko Kongresuaren sortutako Alderdi Sozialistaren korronte bat.
Senataria 1992tik 1995era
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alderdi Sozialistan egindako zerbitzuak eskertzeko, Pierre Mauroyk Françoise Seligmanni hil berri zen Robert Pontillonen plaza eskaini zion senatari-zerrendan. Mauroyren asmoa legegintzaldi erdian eserlekua utzi araztea zen, baina Seligmanni jakinarazi gabe.[12] Azkenean, Senatuan sartu zen, 1992an Robert Pontillon hil ondoren.[13] Françoise Seligmannek, Hauts-de-Seine-ko senatari berriak, hasieran, Kultura Gaietarako Batzordean lan egin zuen, eta Lege Batzordean gero. Agintaldi labur horretan, 1992ko martxotik 1995eko irailera bitartean, bi gai nabarmendu ziren bereziki Senatuan defendatu zituenen artean.[3]
Immigrazioaren ekarpenaren defentsa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen auziaz, Frantziaren atzerrira irekitzeaz eta immigrazioaz, 1993ko ekainean jardun zuen, nazionalitatearen kodea aldatuko zuen 1993ko uztailaren 23ko legearen eztabaidan. Seligmannek azpimarratu zuen «Erdialdeko Europako ghettoetatik ihes egin zuten juduen ume guztiek, hala nola gure eskola publiko eta laikoan hartu eta hezituriko Italiako, Espainiako edo Poloniako langileen seme-alabek» Frantziari eginiko ekarpena. Horrez gain, salatu egiten du migratzaile berriei mugak ixteak Frantziari, zalantzarik gabe, ekarriko liokeen «esklerosi kulturala». “Nazionalitatearen kodea ukitzea, dio, Frantziako historia ukitzea da”. Immigrazioa identitate frantsesaren osagaietako bat da; herritarrek immigrazioa integratu behar dute.[3]
Senatuko agintaldian, bere beste konbikzio bat utzi zuen agerian: feminismoa.
Emakumearen eskubideen defentsa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1946an, Françoise Seligmannek La Française egunkari feminista kaleratu zuen. Proiektuan, beste batzuen artean, Albert Camusek parte hartu zuen, baina ez zuen izan urte berean sortutako Elle aldizkariak adinako arrakasta edo iraupenik[2]. André Malraux-ek hainbatetan errepikatutako aholkuari jarraitu zion: «Kazetaritzan jardun beharko zenuke». Malrauxek berak, ordurako informazio-ministro, honela bota zion trufati proiektua aurkeztu zionean: «Kazetaritza egin nahi duzu, eta ez dakizu zer alde dagoen elkarte-buletin baten eta benetako egunkari baten artean!»[6]
Seligmannen uste feministek garrantzi handia izan zuten bere parlamentu-jardueran. 1992ko abenduan, adibidez, autoabortua despenalizatzeko helburua zuen haurdunaldia borondatez eteteari buruzko lege-proposamen bat aurkeztu zuen. Ildo berean, IVG (interruption volontaire de grossesse) guneen egoerari buruzko ahozko galdera bat egin zuen, eta haserre agertu zen haien baliabide faltagatik. Haren ustez, zentro horiek «agerian utzi dute beren jardunarekin ezinbestekoak direla, eta, kasu askotan, osasunarentzat onuragarriak, gogoan izaten baditugu lehengo abortu klandestinoek eragindako osasun, gizarte eta giza kalteak».
1994ko maiatzean, Françoise Seligmannek beste lege-proposamen bat aurkeztu zuen hautazko-karguak hobeto banatzeko gizonen eta emakumeen artean. Testu hori ez zen inoiz sartu Batzarraren gai-zerrendan.
Agintaldi laburtua, Robert Badinterri bere lekua uzteko
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1995eko berriztapenean, 76 urteko Françoise Seligmann ez zuten berriro inbestitu, eta 67 urteko Robert Badinterri utzi behar izan zion lekua. Auzia polemikoa izan zen. Seligmann Senatuko Lege Batzordeko 42 kideen artean emakume bakarra zen, eta baita senatarien berritze horretan hautagai izan zitezkeenen artean ere. Bera hautagai ez izateak oztopatu egiten zuen Senatuan ordezkaritza orekatua lortzea. Françoise Gaspardek eta Yvette Roudyk adiskidearen aldeko protesta egin zuten prentsan alderdi kideek harekin izan zuten portaeragatik. Seligmannek bere "Promotion des femmes" zerrenda aurkeztu zuen Gaspard eta Roudyrekin. «Ez dut zerrenda hau Badinterren aurka aurkeztu eta hautatua izatea opa diot», adierazi zuen.[12] Azkenean, Badinter hautatu zuten bere ordez.
Antzerkia eta artelanen bilduma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Parisko Théâtre de la Ville antzokiaren administrazio-kontseiluko kide izan zen eta baita Parisko Châtelet-eko musika-antzokiko lehendakariordea ere. Bere senar antikuario eta bildumagileak baturiko Belle Époque garaiko 160 lan eman zizkion Carnavalet Museoari.[14] Horrez gain, Louvre Museoari XVII. mendeko alfonbra persiar bat eskaini zion, gaur egun Le tapis Seligmann izenaz ezaguna eta, tarteka, Islameko Arteen sailean ikusgarri egoten dena.[15]
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Françoise Seligmann 2013ko otsailaren 27an hil zen Neuilly-sur-Seine-n, 93 urte zituela.[16] “Ezker frantseseko dama zahar sumindua”, Le Nouvel Observateur egunkariaren hitzetan, Stéphane Hessel erresistente ospetsu eta, haren moduan, sumindua hil zen egun berean zendu zen.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2000, Liberté, quand tu nous tiens, (1940-1954) I. liburukia, Paris, Fayard argitaletxea, préface de Pierre Joxeren hitzaurrea (ikus Régine Deforges-en kronika, «Une inconditionnelle de la liberté», L'Humanité (2004ko ekainaren 9a).
- 2003, Liberté, quand tu nous tiens, II. liburukia, L’Espoir et la honte, (1954-1968) Paris, Fayard, Avant-propos de Pierre Joxeren aitzinsolasa Bertrand Delanoëren hitzaurrea.
- 2005 Les Socialistes aux portes du pouvoir, 1974-1981, tome I, Paris, Michalon argitaletxea, Pierre Joxeren hitzaurrea.
- 2005, Les Socialistes au pouvoir, 1981-1995, tome II. liburukia, Paris, Michalon argitaletxea, Arnaud Montebourg-en hitzaurrea.
Esker onak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantziako okupazioan eginiko borrokagatik, Erresistentziaren domina jaso zuen eta Ohorezko legioaren ofizial izendatu zuten. Horrez gain, Merituaren Ordena Nazionaleko komandantea eta Arteen eta Letren Ordenako komandantea ere izan zen.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Françoise Seligmann» artikulutik itzulia izan da, 2022-07-20 data duen 195473298 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2022-07-20 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ (Frantsesez) Jean Pierre, Dubois. (2013). «Françoise Seligmann: une vie de lutte pour les droits» Hommes & Libertés 162 - 2013ko ekaina: 9-11. (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ a b c (Frantsesez) «Françoise Seligmann, «vieille dame indignée», est morte» Libération (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ a b c d e f g h i j (Frantsesez) Demontés, Christiane. (2014). La vie après la Résistance - L'engagement au service de la Cité: Christiane Demontès, sénatrice du Rhône, présente Françoise Seligmann. Actes du colloque Femmes résistantes, organisé le 27 mai 2014 dans le cadre de la première commémoration, au Sénat, de la Journée nationale de la Résistance (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ a b c d «La Fondatrice - Françoise Seligmann» archive.wikiwix.com (Fondation Seligmann) (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ a b c d (Frantsesez) Deforges, Régine. (2004-06-09). «Une inconditionnelle de la liberté» L'Humanité - www.humanite.fr (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ a b (Frantsesez) Seligmann, Françoise. (2000). Liberté, quand tu nous tiens.... Fayard, 408 or..
- ↑ (Frantsesez) «Un comité de défense se constitue sous la présidence de M. Emile Kahn» Le Monde.fr 1956-06-01 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ (Frantsesez) «UN NUMÉRO SPÉCIAL D'" APRÈS-DEMAIN "» Le Monde.fr 1968-01-17 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ (Frantsesez) «M. DANIEL MAYER RÉÉLU PRÉSIDENT DE LA LIGUE DES DROITS DE L'HOMME» Le Monde.fr 1974-07-11 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ (Frantsesez) «M. NOGUÈRES RÉÉLU PRÉSIDENT DE LA LIGUE DES DROITS DE L'HOMME» Le Monde.fr 1979-06-06 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ (Frantsesez) «EN BREF DROITS DE L'HOMME : Roland Kessous élu vice-président de la LDH» Le Monde.fr 1994-09-28 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ a b (Frantsesez) Dupin, Eric. (1995-09-23). «Où Robert Badinter se cherche un siège de sénateurAu sein du PS, la candidature de l'ancien président du Conseil constitutionnel a connu moult péripéties.» Libération (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ (Frantsesez) «Mme Seligmann devient sénateur des Hauts-de-Seine.» Le Monde.fr 1992-03-22 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ (Frantsesez) «La militante des droits de l'homme et ancienne sénatrice PS Françoise Seligmann est morte» Le Monde.fr 2013-02-28 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ (Frantsesez) Tapis à décor d'arabesques et de fleurs de lotus dit "herati" : "tapis Seligman". Louvre - Collections (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
- ↑ «matchID - Moteur de recherche des décès» deces.matchid.io (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Régine Deforges, «Militer c'est croire», L'Humanité, 2004ko ekainaren 16a. (noiz kontsultatua: 2023ko maiatzaren 25a).
- «Combattre l'injustice» Magazine À Paris, 18. zk., 2006ko martxoa-apirila-maiatza, 9. or. (noiz kontsultatua: 2023ko maiatzaren 25a).
- «Robert Badinter, le grand honnête homme» Marianne, (2009ko urtarrilaren 3a).