Edukira joan

Hernán Cortés

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Hernán Cortés


Espainia Berriko erregeorde

1521eko abenduaren 30a - 1524ko urriaren 12a
Cristóbal de Tapia (en) Itzuli - Alonso de Estrada (en) Itzuli, Rodrigo de Albornoz (en) Itzuli, Alonso de Zuazo (en) Itzuli

Espainia Berriko erregeorde

1521eko abuztuaren 13a - 1521eko abenduaren 24a - Cristóbal de Tapia (en) Itzuli
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakHernán Cortés y Pizarro
JaiotzaMedellín, 1485
Herrialdea Espainia
HeriotzaCastilleja de la Cuesta1547ko abenduaren 2a (61/62 urte)
Hobiratze lekuaMexiko Hiria
Heriotza moduaberezko heriotza: disenteria
Pleuresia
Familia
AitaMartín Cortés de Monroy
AmaCatalina Pizarro Altamirano
Ezkontidea(k)Juana Ramírez de Arellano y Zúñiga (en) Itzuli  1583)
Catalina Juárez  (1512 -  1522ko azaroaren 1a)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, gobernadorea eta konkistatzailea
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Adar militarraEspainiako Lurreko Armada
Graduajeneral
Parte hartutako gatazkakInperio Aztekako konkista

Find a Grave: 10968 Edit the value on Wikidata

Hernán Cortés Pizarro (Medellín, Gaztelako koroa, 1485Castilleja de la Cuesta, Gaztelako koroa, 1547ko abenduaren 2a) espainiar konkistatzailea izan zen, Azteka Inperioaren gaztelar konkistari hasiera eman zion espedizioaren burua, azteken inperioaren amaiera ekarri zuena, Gaztelako Koroaren menpean jarriz, eta hortik Espainia Berria deiturikoa sortuz.

Extremadurako Medellin hirian jaio zen, kaparetasun txikiagoko familia batean[1]. Mundu Berrian fortuna bilatzea erabaki zuen, Hispaniolara eta Kubara bidaiatuz. Bertan, espainiarrek sortutako bigarren hiriko alkate izan zen denboraldi labur batez, lehorreko hirugarren espedizioan, zati bat finantzatu zuena. Diego Velázquez de Cuellar Kubako gobernadorearekin zuen etsaitasunak bidaia bertan behera uztea eragin zuen azken orduan, Cortesek ez zuen agindu hori bete.

Kontinentera iritsita, Cortések talde indigena jakin batzuekin aliatzeko estrategia arrakastatsua egin zuen, beste batzuk garaitzeko. Bertako emakume bat ere erabili zuen, Marina andrea (La Malinche), interprete gisa erabili zuena eta Martin izeneko seme bat izan zuen berarekin. Kubako gobernadoreak mandatariak bidali zituenean Cortés harrapatzeko, honek aurre egin zien eta garaitu egin zituen, eta, aldi berean, atxilotzera zihoan tropa bildu zuen, espediziorako errefortzu gisa. Cortések hainbat gutun bidali zizkion Karlos I.a erregeari bere konkista arrakasta aitor ziezaion, matxinadak zigortu beharrean. Azkenik, Oaxacako haraneko markes titulua eman zioten, baina erregeorde titulurik entzutetsuena goi mailako aristokrata bati eman zioten, Antonio Mendoza y Pachecori. 1541ean, Cortes Espainiara itzuli zen, eta sei urte geroago hil zen.

Medellíngo handiki familia batean sortu zen; amaren aldetik, Francisco Pizarroren lehengusu txikia zen. Hamalau urte zituela, aitak Salamancako Unibertsitatera bidali zuen legeak ikastera. 1504ko udaberrian, ikasketak utzi eta Hispaniola uhartera joan zen eskribau gisa lanera. 1511n Kubara joan zen Diego Velázquezen espedizioan.

1518an, Mexiko esploratzera zihoan espedizio baten buru izendatu zuen Diego Velázquezek, baina atzera egin zuen eta baliorik gabe utzi zuen erabaki hura. Cortések ez zion jaramonik egin eta, azaroaren 18an, Santiago de Cubatik abiatu zen Yucatán penintsularantz. Grijalva ibaiaren ahoan Tabascoko maien aurkako guduan (Centlako gudua) nagusitu ondoren, Mexikoko konkistan garrantzi handia izan zuen Malintxe esklaboa oparitu zioten. Malintxe Cortésen maitale, aholkulari eta interpretea izan zen konkista kanpaina osoan.[2] 1519ko apirilean, Villa Rica de la Vera Cruz fundatu zuen, gaur egungo Veracruztik 70 kilometro iparraldera.

Diego Velazquezek Yucatángo esplorazioa amaitu orduko Kubara itzultzeko agindu bazion ere, Cortések Azteka Inperioaren aberastasunen berri izan zuen, eta Tenochtitlán konkistatzea erabaki zuen. Bere gizonen itzultzeko tentazioa ekiditeko, gutxi zirela eta arriskuan zebiltzala begien bistakoa baitzen, Cortések ontziak hondoratu zituen. Azteken etsai zirela oharturik, itun militarrak egin zituen totonakekin eta tlaxkaltekekin. 1519ko urrian Cholula (gaur egun Puebla estatuan) suntsitu zuen, eta azaroaren 8an, 300 espainiar eta 3.000 tlaxkaltekekin, oztopo handirik gabe sartu zen Tenochtitlan hirian. Moctezuma II.a enperadore aztekak Karlos I.a Espainiakoaren mendeko izatea onartu behar izan zuen. Espainiarren eta azteken arteko istiluak aitzakitzat hartuz, bahituran hartu zuen Cortések Moctezuma.

Hilabete batzuk geroago, Kubako gobernadore Diego Velázquezek Cortésen aurkako espedizio bat igorri zuen Mexikora, Pánfilo de Narváez buru zela. 1520ko apirilean iritsi zen Veracruzko portura, hamaika ontzi, seiehun gizon inguru, hamasei zaldi eta hamalau artilleria piezekin. Cortés espedizio horri aurre egitera joan zen, eta Tenochtitlanen 100 lagun inguru gelditu ziren, Pedro de Alvaradoren agintepean. Espainiarrek armarik ez zeramaten 600 buruzagi erlijioso azteka erahil zituztenean, gerra piztu zen Tenochtitlanen. Artean, Cortések Narváez garaitu zuen eta, azteken hiriburuan zituen konpainien berri txarrak jasotakoan, bertara jo zuen. 1520ko ekainaren 24ean sartu zen berriro hirira, 1.250 espainolekin eta 8.000 tlaxkalteken laguntzarekin. Zazpi egunez borrokatu ondoren, Cortések amore eman behar izan zuen. Beraz, ekainaren 30ean (Gau Triste deitutakoan) espainiarrek ihes egin zuten Tenochtitlandik.[3]

Tlaxcalan babespean gorderik, Cortések tropak berrantolatu zituen eta, tlaxkaltekekin bat eginik, Cuitlahuac buruzagiaren mende zegoen Tenochtitlan hiriaren konkista prestatu zuen. 1521eko abuztuaren 13an espainiarrek Cuitlahuac-en ondorengo Cuauhtemoc hartu zuten preso, eta Tenochtitlan hiria erabat suntsiturik geratu zen. Hurrengo urteetan, azteken lurraldeko gainerako eremuak hartu zituzten mendean. Mexikoko ordokitik abiatuta, iparralderantz Zacatecasera heldu ziren; bertan, oso zilar-meatze aberatsak aurkitu zituzten, hainbat mendez Espainiar Inperioa hornitu zutenak. Hegoalderantz, berriz, Yucatán eta Guatemalara iritsi ziren.

Karlos Habsburgokoa enperadoreak Espainia Berriko gobernari eta kapitain nagusi izendatu zuen Cortés 1522an. 1524. urtean Cortések Cuauhtemoc, azteken azken buruzagia, hiltzeko agindua eman zuen. Gupidarik gabe jardun zuen Cortés konkistatzaileak, baina ez zuen espainiarren artean ere harrera onik izan; haren etsaiek azpijokoz kargugabetzea lortu zuten, eta 1528. urtean Espainiara itzuli behar izan zuen. 1529an, enperadoreak Oaxaca haraneko markes izendatu zuen, baina ez zion gobernadore kargua itzuli. 1530ean berriro itzuli bazen ere, ez zuen Mexikon inolako aginte politikorik ez militarrik izan, bertako gizon aberatsena bazen ere. Ozeano Bareko kostaldea eta Kaliforniako penintsula esploratu zituen, 1540an behin-betiko Espainiaratu baino lehen. 1541ean, Aljerko setioan hartu zuen parte. Azken sei urteak Sevillan pasatu zituen. 1547ko abenduaren 2an hil zen, 62 urte zituela.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Olaya, Vicente G.. (2019-02-15). «La casa natal de Hernán Cortés, en Medellín, vuelve a la luz» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-08-07).
  2. Irazustabarrena, Nagore. Malinche, zauri ala aringarri?. argia.eus, 2013-06-16, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentzia (Noiz kontsultatua: 2017-11-9).
  3. Azurmendi, Elixabete. Baztanga, Amerikako konkistatzaile. argia.eus, 1993-04-01, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentzia (Noiz kontsultatua: 2017-11-9).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]