Martxel Aizpurua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Martxel Aizpurua

Bizitza
JaiotzaAlegia, 1949 (74/75 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
frantsesa
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakbiologoa, erlezaina, lexikografoa eta idazlea
Lan nabarmenak
KidetzaUdako Euskal Unibertsitatea

Inguma: martxel-aizpurua-agirre

Martxel Aizpurua Agirre (Alegia, Gipuzkoa, 1949) biologoa, hiztegigile, erlezale eta erlezaina da. Erlezaintza-munduko elkarte hauek sortzeko eragilea izan da: Gipuzkoako Erlezain Elkartea (GEE, 1986), Eztiaren Eusko Labela (1992), Zarauzko eztitegia (1992, sei bat urtez, han ontziratu zen Gipuzkoako Eusko Labeleko ezti guztia), Getariako eztitegi handia (1998), eta GIEZ-BERRI elkartea.[1][2][3]

Biologiako ikasketak bukatuta bizitzan zehar gizon polifazetikoa izan da. Natur Zientziak hiztegian (1976) idazle eta zuzendarikide izan zen ikasle zen garaian. Gero irakasle aritu zen Donostiako Santo Tomas Lizeoan, baina hura utzi eta UZEIra sartu zen. Biologia,[4] Meteorologia[5] eta Enpresa[6] hiztegiak sortzen parte hartu zuen. Geroago euskal hiztegigintza utzi eta, menturazale izaki, munduari bira ematekotan egon zen. Amets hark, babesle gabe geratuta, porrot egin zuenean, Gineako Golkoan aritu zen euskal arrantzaleekin. Geroago erlezaintzan aritu izan da.[7] Erlezaintza hiztegian (Eusko Jaurlaritza, 2019) ere parte hartu du.

UZEI hiztegi batzuk.

Erlezaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bera ere erlezain izanik, erlezaintzako hainbat elkarteko kide eta eragile izan da, besteak beste Gipuzkoako erlezainen elkartekoa.[8][9][10] Erleen izaera eta bizimodua dibulgatzeko asmoz hainbat liburu argitaratu ditu, azkena 2020an, Erleekin solasean. Liburuaren haria ez da zientzia deskribapen hutsa, informazio guztia erleek eurek ematen diote fikziozko kazetari bati etengabeko galdera eta erantzunen bidez. Estilo bera erabili izan zen Peru Abarka liburuan edo Duvoisinen Laborantzako liburuan non azalpen guztiak aita semeren solasean ematen ziren.[1]

Martxel Aizpurua erlezain
« Nire hasiera apala eta mantsoa izan zen; gero, eztigile profesional izan nahi nuen, eta abiatu ere egin nintzen; baina, apurka eztigile kaxkar bihurtu nintzen, nire indar guztiak erlezain-elkarteetan xahutu nituelako. Ez da erraza aurrez bizitzak norantz eramango gaituen jakitea. »

—Martxel Aizpurua


Erlezain-bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ama Alegiakoa zen (Gipuzkoa) eta bere hiru anaiek bazituzten erleak, haietako batek amaren jaiotetxean (Eguzkitza baserrian). Umetatik, bada, ezagutzen zituen amak erleak, eta Martxel eta anai-arrebek ere ezagunak zituzten, amarekin Eguzkitzara joaten ziren eta. Aitak ere (Alegiako Langatu baserrikoa) erle bat (erlauntz erleduna) izan zuen Alegiako Bazurka aldeko sagastian. Iraun zuen urte batzuk, eta sortzen zuen eztia etxera eraman, eta modu tradizionalean ateratzen zuten eztia abarasketatik; alegia, esku artean abaraskak estutuz, eta tarteka eskuak miazkatuz.[3]

Erlezaintzako hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erleekin solasean liburua (2020)[11]

UZEIn hiztegigintzan zebilen, Xabier Kintana idazleak, 1980. urte inguruan, erle bat eskaini zion eta anaiarekin Bizkaira joan zen erle bila. Erle bat hartu eta aitak Bazurkako sagastian paratu zuten. Paratu bai, baina ez zekiten zer egin, nahiz eta Martxelek ordurako Biologiako ikasketak eginak izan; gauza bat zen erlearen biologia jakitea, eta bestea erlauntz bat zabaltzea.[3]

Negua zen erlea hartu zutenean, eta, bisitatzera joaten zirenean, atakatik txotxa sartuta zirikatu egiten zuten erlea bizirik ote zegoen jakiteko. Orduan, han eta hemen galdezka, jakin zuten Altzo-Azpin (Gipuzkoa) bazela erle-maisu bat, Migel Galarraga, Alegiako zenbait erle begiratu eta haien eztia biltzen zuena, erle-jabe askok ez baitzekien erlauntza ireki, eta erlea kontrolatzen.[3]

Harengana joan ziren eta, elkarrizketa luze baten ondoren, Martxelek eskatu zion, hurrena erle-miaketara abiatzen zenean abisatzeko, mesedez, lana nola egiten zuen ikus ahal izateko. Baietz erantzun zion, eta liburu bat utzi zion erlezaintzaz. Handik hilabete batzuetara berarekin egin zuen erle-erronda, eta ikusi eta ikasi nuen zer egin behar zen erlauntza zabaltzeko, eta nola tratatu behar zen erlea erlauntza zabaltzean. Horrela, hasi ziren anaia biak erle-mundua ezagutzen. Iruñean bazen erle-materiala saltzen zuen denda bat (Barcos zuen izena), eta handik erosi zituzten erlauntzak, mozorroak, ezti-erauzgailua eta gainerako trepetak.[3]

Garai hartan, erleak ugaltzeko sistema bakarra erlekumeak harrapatzea zen. Horregatik, han eta hemen kaxak ipini zituzten erlekumeak sar zitezen, eta anaia, koinata eta hiruron artean zazpi erle izatera iritsi ziren. Erlategia Alegiako Zaldibi-soroaren barrenean jarri zuten. Handik gertu bizi zen erleak zituen amaren anaia bat, erlea urtean behin bakarrik bisitatzen zuena. Soroaren ingurutik pasatzean, maiz ikusten zituen ilobak erleak begiratzen, eta pentsatzen zuen, eztia kentzen aritzen zirela aldiro. Urrutitik deiadar egiten zien behin: "Zuek Franco [diktadorea] bezala zarete, beti langileei jana kentzen!"[3]

Lehen erlea sagastian jarri zutenetik, anaia biek erleen berri gero eta gehiago jakiten joan ziren. Bizkaiko Erlezain Elkarteko bazkide egin ziren, eta harreman handiak izan zituzten elkarte horrekin, bertako aldizkaria hartuz, ikastaroak eginez, eta behin Zaragozako erlezaintzako kongresu batera joan ziren.[3]

Ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako Aranzadi Elkartean prehistoriako taldea sortu nahi zela eta, paleopalinologian espezializatu zen gero Bartzelona eta Parisen; alegia, antzinako polenaren ikerketan. Hainbat urtez saiatu arren, antzinako polenaren azterketatik emaitzarik lortzen ez zuenez, eztiaren polena ikertzen hasi zen, pentsatuz, eztiak zituen polenak identifikatzen errazagoak izango zirela, berriagoak zirelako. Eztia etxean bazutenez, etxeko eztia aztertzen hasi zen.[12][13][3]

Etenaldia (1983)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekeition (Bizkaia) egin zuten belaontzi batean, munduari bira emateko proiektu batean sartu zen 1983an. Itsasoratzeko egunak iristean, proiektua ezeztatu egin zuten eta, besterik gabe, kale gorrian geratu zen, ordurako utziak baitzituen lana, etxebizitza, etab.[3]

Ezeztatutako proiektuan zuen itsasoratzeko gogoa asetzeko, Bermeoko (Bizkaia) arrantza-ontzi batean pasa zituen 3/4 hilabete Afrika aldean. Han erabaki zuen erlezaintzara profesionalki dedikatzea. Harrezkero, Zarautzen bizi da,[3]

Erlezain profesionala (1984tik)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasotik itzultzean, erleak lortu eta berehala hasi zen han eta hemen erlategiak ipintzen. Bere lehen asmoa bikoitza zen, alde batetik, polen-ikerketan jarraitu nahi zuen, eta, bestetik, ezti-ekoizpenean profesionalki aritu. Lehen bi urteetan ikerketa bat egin zuen, bi erlategietako erleek hanketan ekartzen zituzten polen-piloten osagarriak aztertzen (Aizpurua, 1986). Hor bukatu ziren ikerketa-asmo guztiak. Ondoren, ezti-ekoizpenean hasi zen buru-belarri, bikotekidea lagun zuela. Apurka apurka, 120 erle izatera iritsi ziren.[3]

1988an bere eztitegi propioa eraiki zuen Zarautzen (Gipuzkoa), bere ezti-uzta erauzi eta ontziratzeko, zegokion osasun-erregistroarekin. Han hasi zen ezti-makineria erosi eta erabiltzen: erauzgailu motorduna, lurrunezko labana, ezti-ponpa eta abar. Gipuzkoako lehen azpiegitura handia izan zen. Han mila kilo ezti ontziratzera iritsi zen. Apurka-apurka, ordea, Gipuzkoako erlezain batzuek jakin zuten eztitegiaren berri, eta eztia eramaten hasi ziren.[3]

« Euskal Herrian diren 2.000 erlezainetako bat naiz. [...] Biologiako ikasketetan ulertu nituen gure baserriko hainbat jardueraren arrazoiak; prehistoriako urteak ere uler daitezke, gure aurrekoen berri jakin nahiarekin; hiztegigintzan nire etxeko hizkuntzarekin oso loturik sentitu nintzen, zirela landare eta animalien izenak, zirela botanika, zoologia eta nekazaritzako hiztegiak; azkenik, erlezaintzan profesionalki dedikatzeko erabakia hartu izanak, badu, nire ustez, zerikusia gorago aipatu dudan «zor» horrekin. Esan daiteke, agian, lehen sektoreko bide pribilegiatu bat izan dela nirea. Kitatu ote dut zorra? »

—Martxel Aizpurua


Elkarteen sorrera, erlezaintzaren eragilea (1986tik)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1986an Donostiako Zabalegi Nekazari Eskolan, Jaime Zubiak antolatutako hitzaldi batzuetan erabaki zuten Gipuzkoako Erlezain Elkartea (GEE) sortzea. Sortu eta berehala, han hasi zen astean ordu batzuk lan egiten, arduradun gisa.[3]

GEEn bederatzi urtetan arduradun gisa egonda, garai bateko eta gaurko erlezaintza ezagutzeko aukera eta zortea izan zuen. 1992an Eztiaren Eusko Labelaren araudia landu eta onartu zen, eta hainbat erlezain kalitatearen bidean sartu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, Zarauzko eztitegia handitu egin zen eta makineria berriaz osatu. Horrela, sei bat urtez, han ontziratu zen Gipuzkoako Eusko Labeleko ezti guztia. Zarauzko eztitegia txikiegia suertatu zela eta, 1998an eztitegi handi bat eraiki zuten Getarian (Gipuzkoa) 23 erlezainen artean, Aldundiaren laguntza handi batekin; hain zuzen ere, GIEZ-BERRI, SL izeneko elkarte berri bat sortuz. Bertako arduradun jarri zuten Martxel, eta han igaro zuen lanean erretiroa hartu arte. Erretiroa hartuta, erle gutxi batzuekin jarraitu du 2023 arte.[3]

Bidelagun ugari izan ditu alboan ibilbide horretan: familia artekoak, lagunak, ezagunak, erlezain-elkarteak eta haietako bazkideak, erakundeak... Hor presente egon dira, batetik, lehen sektoreko aurreko belaunaldiekiko lotura, eta, bestetik, haiekiko sentitutako zor moduko bat.[3]

UEUkide aitzindaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxel Aizpurua (Iruñea, 1983)

Aitzindaria izan zen biologia euskaraz lantzen. Udako Euskal Unibertsitateko Natur Zientziak saileko sortzaile eta dinamizatzaile nagusietako bat izan zen besteak beste hauekin: Kepa Altonaga, Jesus Mari Txurruka, Jose Ramon Aihartza, Arturo Elosegi, Maider Etxaide, Juan Ignacio Perez Iglesias, Ana Isabel Puente, Jaione Ezkurdia edo Koldo Núñez-Betelu. 1979-81 urteetan ikastaroak eman zituen landarediaz eta ornitologiaz, bereziki Irurtzun eta Arbaiun inguruetan.[14]

Jesus Mari Txurruka 2018an UEUko Natur Zientzietako sailaren sorrera aurkezten .

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 50 lan baino gehiago azaltzen dira, besteak beste 14 liburu, lau ikastaro eta 6 artikulu.[15] Hauek dira bere liburu aipagarri batzuk:

  1. Erletxo, Erletxo nagusia hil da (UEU, 2023)[3][2]
  2. Erleekin solasean (UEU, 2020)[11]
  3. Iturrarango erlategia (GFA, 1992)[16]
  4. Erleen bizitza ezkutua. (Gaiak, 1989)[17]
  5. Eboluzioaren norabideak (Elhuyar, 1985)[18]
  6. Ardi-izenak. (UEU, 1985)[19]
  7. Arbaiun. Gida-liburua 2. argitarapena (UEU,1981)[20]
  8. Irurtzun projektua (UEU,1981)
  9. Ura eta Lurra (UEU,1978)

UZEI hiztegiak:

2019an Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen Erlezaintza hiztegian ere parte hartu zuen.[21]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Aizpurua, Martxel; Torregarai, Idoia. (2020-04-28). "Erleekin Solasean" liburuaren aurkezpena. UEU- Youtube.
  2. a b Galarza Bastida, Mireia; Eizagirre, Gorka. (2023-12-14). «Martxel Aizpurua: "Erleekin lotutako usadio asko dago euskal gizartean" - Zarautz» Urolakosta.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  3. a b c d e f g h i j k l m n o p Aizpurua, Martxel. (2023). «Erletxo, erletxo, nagusia hil da» www.ueu.eus (UEU) (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  4. a b Biología. Elkar <1986-1988> ISBN 8475293395. PMC 433995860. (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  5. a b Meteorología hiztegia. Elkar D.L. 1988 ISBN 8475295444. PMC 435259640. (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  6. a b Enpresa : Hiztegia. Elkar D.L. 1981 ISBN 9788485485680. PMC 434840222. (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  7. «Martxel Aizpurua: Biologo, menturazale, erlazain... - Zientzia.eus» zientzia.eus (Elhuyar aldizkaria) (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  8. «Erlezaintza ikastaroa: egungo egoera eta etorkizuneko erronkak. :: ikasi :: Udako Euskal Unibertsitatea» www.ueu.eus (Udako Euskal Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  9. Ventas Aldabaldetreku, Amaia. (2014). «Martxel Aizpurua, Arkamurkako kidea: "Gurpila gelditu egin behar da"» urolakosta.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  10. Etxeberria, A.. (1992-07-15). «Martxel Aizpurua, erlezaintzan jakintsua» Euskaldunon Egunkaria (berria.eus): 32..
  11. a b Aizpurua, Martxel. (2020). «Erleekin solasean» www.buruxkak.eus (UEU) ISBN 978-84-8438-706-0. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).
  12. Aizpurua, Martxel. (1986). Zarautz inguruko erleen polen-ekarpenaren azterketa. UEU.
  13. Aizpurua Agirre, Martxel. (2018). Zarautz (Gipuzkoa) inguruko erleen polen-ekarpenaren azterketa. (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  14. «Martxel Aizpurua Agirre :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Udako Euskal Unibertsitatea) (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  15. Martxel Aizpuruaren produkzioa Inguma datu-basearen arabera (>50 produktu)
  16. Aizpurua, Martxel ( 1949-). (1992). Iturrarango erlategia. Gipuzkoako Foru Aldundia (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  17. Martxel., Aizpurua,. (D.L. 1989). Erleen bizitza ezkutua. Gaiak ISBN 848720306X. PMC 435413935. (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  18. Eboluzioaren norabideak. Elkar L.G. 1985 ISBN 8475292143. PMC 863161076. (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  19. Agirre, Martxel Aizpurua. (1985). Ardi-izenak. UEU arg (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  20. Martxel., Aizpurua,. (1985). Arbaiun : gida-liburua. Udako Euskal Unibertsitatea, Biologia Saila ISBN 843984333X. PMC 850841292. (Noiz kontsultatua: 2018-11-17).
  21. Erlezaintza hiztegia. Eusko Jaurlaritza.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]