Mixel Dargaitz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mixel Dargaitz
Bizitza
JaiotzaSara1892ko martxoaren 15a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaAkize1965eko azaroaren 11 (73 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jardueraknekazaria eta bertsolaria

Mixel Dargaitz Zudre (Sara, 1892ko martxoaren 15a - Akize, Okzitania, 1965eko azaroaren 11)[1] lapurtar bertsolaria izan zen, Amaiurren bizi izan zena. Laugarren postua eskuratu zuen 1936ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta 1936ko Bertsolari Txapelketa Nagusian.[2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mixel Dargaitz 1892ko martxoaren 15ean jaio zen Sarako Harantxipiko bordan,[1] Nafarroako mugatik oso hurbil. Aita, Michel, saratarra zen, eta ama, Marie-Jeanne Zudre, urdazubiarra.[3] Haurra zelarik liluraturik egoten omen zen Matxin Irabola senperetarraren bat-bateko bertsoak aditzen,[4] eta bera ere oso gazterik hasi zen bertsotan.[5]

Lehen Mundu Gerra piztu zelarik, Mixel mobilizatua izan zen, haren bi anaia bezala: Auger, zaharrena, eta Jean, gazteena. Mixeli dagokionez, Kanpaina-artilleriako 14. Erregimenduan sarrarazi zuten 1914ko azaroaren 17an. Aisneko lehen gudua amaitu berria zela Chemin des Damesko frontera iritsirik, urte eta erdiz borrokatu zen bertan Infanteriako 36. Dibisioaren barnean, euskal herritar anitzen ondoan; besteak beste, Craonnelle, Hurtebise eta Creuteko guduetan parte hartu zuen. 1916an Verdunen egon zen, eta Aisnen, Oisen eta Sommen geroago. Denera, 28 hilabete eman zituen guda oinean.[5][6]

Gerraz nardaturik, 1917ko martxoaren 13an arrebarenera, Baionara, joateko eman zioten baimenaz baliatu zen muga pasatzeko, eta Arizkunen kokatzeko.[7] Martxoaren 23an Frantziako Armadak desertore deklaratu zuen.[5] Urte bereko urrian, haren anaia Jean hil zen Chemin des Damesko gudu lazgarrian.[8] Gerra Handiko gertaerek biziki kolpatu zuten Mixel. Hona zenbait urte geroago gerrari buruz bota zituen bertsoak:[9]

Alemaniar lubakia Aisnen.
Craonnelleko hilerrian Chemin des Damesen 1914-18 bitartean hildako 3.934 soldaduren hilobiak daude.

Gerla eta pakea ez dire

mundu honetan berdiñak,

gerlak beti eman bai ditu

bazter guztietan miñak.

Badakizkigu negargarriak

egundo ere ez atsegiñak

gerlan haragi baiño nahigo dut

bakietako zardiñak.

Zenbat amak negar egin zun

gaixuak gerratian

orain bezela desiatzen nun

euskaldunaren artian

bizi zedilla orduan ere

gustora eta pakian,

euskaldun pranko beharrik gabe

han sartu zuten lurpian,

negar egin dut hamaika aldiz

gauza hau gogoratzian.

Egi haundiak erran behar ditut

nere bihotz-bihotzetik,

behar gabe partitzen gera

bertze batzuen atzetik.

Nik zertarako joan behar nuen

gerlara euskal herritatik,

zazpirak bat izan bagiñan

etzegoan horlakorik,

besarka gaiten orain guziok

gehio lotzeko gogotik.[2]

Mikaela Etxenike Goienetxe amaiurtarrarekin ezkondu zen Punpulusetara, emaztearen baserrira. Bi seme-alaba izan zituzten: Norberto eta Felisa. 1930eko hamarkadan ezagutu zuen Joseba Zubimendiren arabera, "berrogei bat urteko gizona zen, begi zorrotz, beti irribarre antzo, esale alaia; mingainarekin ez zenean, begiak berritsu". Nekazalgoan aritzeaz gain, kontrabandista entzutetsua zen. Punpuluseta Otsondoko errepidearen bazterrean dago, eta garai hartan taberna zeukaten. Egunez Mixelek "ardo gorri naparra" eskaintzen zien karabineroei, eta haiekin musean aritzen ere; gauez, ordea, artalde osoak pasatzen omen zituen, "mugazainen sudurrak miazkatuz".[10]

Egun batez, Trinidad Urtasun iruritar bertsolaria Mixel Dargaitzen tabernan sartu omen zen. Urtasunek loterian xox batzuk irabaziak omen zituen.

Atetik sartzen ikusi orduko, honela erran zion Dargaitzek:

- Trini, enhorabuena!

Eta honek:

- Neretzat poza, hiretzat pena!

Eta Dargaitzek:

- Urte bat gabe jain baituk dena![11]

Emaztearekin ongi hartzen bazuen ere, maiz aditu behar izaten zituen haren arrangurak, baserriko lanak utzi eta egunak pasatzen zituelako kanpoan bertsotan. Eta itzultzen zelarik ere, denbora franko behar izaten zuen bere onera etortzeko. Bizkitartean, ama-alabak egin behar baserriko eginkizunak. Izan ere, Norberto semeak ez zuen baserria maite, eta gazterik joan zen Akitzera lanera.[6] Santxoneko bordan bizi zen Jose Maritorena barridea izaten zuen maiz bertsolaguna.[11]

1959an, Mikaela hil zelarik, Punpuluseta saldu eta Mixel Sarako zahar etxean sartu zen. Han zegoelarik, zenbait bertso saiotan parte hartu zuen.[6] Zahar etxean, ordea, ez zuen laketu, eta bizitzaren azken urteak Akizen igaro zituen, semearen etxean. Han hil zen, 1965eko azaroaren 11n.[5]

Txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko parte-hartzaileak. Mixel Dargaitz lehenbizikoa da ezkerretik hasita.

1936ko urtarrilaren 12an, Elizondoko Antxitonea trinketan, Euskaltzaleak elkarteak eta Elizondoko Euzko-etxeak antolatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehenbiziko edizioan parte hartu zuen, Nafarroa Garaiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko beste bederatzi bertsolarirekin batera. Laugarren postua erdietsi zuen, Juan Felix Iriarte, Jose Mari Mutuberria eta Joanes Harrieten ondotik.[2]

Elizondoko saioa Bertsolari Txapelketa Nagusikorako kanporaketa zen, eta laugarren postuarekin Dargaitzek finalerako txartela lortu zuen. Finala Donostiako Victoria Eugenia Antzokian jokatu zen, urtarrilaren 19an. Orduan ere laugarren gelditu zen, Txirrita, Uztapide eta Zepairen gibelean.[2] Victoria Eugeniako bertso-saio historiko hartan, Matxin Irabola, bere bertso maisu izandakoa, izan zuen gogoan (Matxin 1935eko apirilean hila zen):[12]

Gazte gaztetik ezagutu dut

nire lagun Matxin zana,

bertsolari zuzena zen eta

konprenitutzen zuana.

Hiltzela aditu nienian

nik hartu nizuen pena!

Jinkoak zerun izan dezala

Matxin zanaren anima.[12]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Mixel Dargaitzen jaiotze agiria. earchives.le64.fr (Noiz kontsultatua: 2020-8-17).
  2. a b c d Aristorena, Pablo Jose. Nafarroako bertsolaritza. Hezkuntza eta Kultura Departamentua, Nafarroako Gobernua, bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-17).
  3. Michel Dargaitz eta Marie-Jeanne Zudreren arteko ezkontza agiria. earchives.le64.fr (Noiz kontsultatua: 2020-8-17).
  4. Sarriugarte Irigoien, Iñaki. Matxin Irabola, Sorbonan sarri aipatutako bertsolaria:txapeldunordea 1935eko Txapelketa Nagusian. Karmel, 2010-3, 271, 2010 uztaila-iraila, 3-40, karmelaldizkaria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-18).
  5. a b c d Un Basque, poète, soldat et déserteur!. 1914-1918. 100 documents pour raconter la guerre, A Fontenay, 190. zenbakia, 62. orrialdea, fontenay.fr (Noiz kontsultatua: 2020-8-17).
  6. a b c Sole Dargaitz: "Umetan oso harreman estua izan zuen aitona bertsolariarekin". Bertsolari aldizkaria, 74. zenbakia, 2009ko uda, issuu.com (Noiz kontsultatua: 2020-8-17).
  7. Chilibolost, Kattin. Une mémoire de cent ans sortie de l’ombre. mediabask.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-18).
  8. Nom des combattants de la guerre 1914-1918 inscrits sur le monument aux morts de Bayonne. genealogie-basadour.fr (Noiz kontsultatua: 2020-8-18).
  9. Hiru bertso hauek 1936ko urtarrilaren 19an bota zituen Mixel Dargaitzek, Victoria Eugenia antzokian, Bertsolari Txapelketa Nagusian, Basarrik jarritako "Gerra zitalen ondoren txarrak" gaiari erantzunez.
  10. Joseba, Zubimendi. Bertso minez. Alberdania, books.google.es (Noiz kontsultatua: 2020-8-18).
  11. a b Zavala, Antonio. Bidasoa aldeko bost bertsolari. Auspoa liburutegia, 97, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-17).
  12. a b Zubimendi, Joseba. Bertsolari guduak (1935-1936). Euskaltzaleak, 1936, armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-17).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]