Musikoterapia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
David harpa jotzen.

Musikoterapia interbentzio terapeutiko mota bat da, musikaren bidez egindakoa. Osasun mailak hobetzeko helburuarekin, eragin nahi du esparru orokor guztietan: fisikoa, emozionala, mentala, soziala, estetikoa eta espirituala. Zehazki, bilatzen diren hobekuntzak arlo hauetan: funtzio kognitiboa, gaitasun motorrak eta sozialak, emozioen garapena eta oro har bizitza kalitatea. Oinarri zabala dauka literatura zientifikoan, hala nola psikoterapian, biomusikologian, musika teorietan, psikoakustikan, integrazio sentsorialean eta musikologia konparatiboan, besteak beste.

Indikazioak hainbat osasungilek egin ditzakete: medikuek, psikologoek, terapeuta okupazionalek edo fisikoek. Teknikak, azkenik, askotarikoak dira ere bai: garapen-lanak behar bereziak dituzten pertsonekin, abestiak idatzi eta entzun oroimena eta orientazioa lantzeko adinekoekin, erlaxazio-lanak eta erritmo-entrenamendua errehabilitazio fisikorako iskemia zerebrala duten gaixoekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amuneko musikariak, antzinako Egiptokoak.

Aurrehistoriatik bertatik musika present egon zen magia eta erlijioarekin lotutako erritoetan, sendatzeko helburuekin. Idatziz, lehenengo aztarnak K. a. 1. milurtekoan marraztutako papiro egiptoarrak dira, musika lotzen dutena gorputza sendatzeko, burua lasaitzeko eta arima garbitzeko, baita emakumearen ugalkortasuna laguntzeko ere. Herri hebrearrak ere antzinatik idatzita utzi zuen arlo honetako aipamenen bat.

Antzinako Grezian hasi ziren bestela funts zientifikoak planteatzen. Platon, Aristoteles eta Hipokratesek bazekiten arima sendatzeko bide bat musika bera zela, eta bertako mitologian Apolo eta Asklepio jainkoak horrekin lotuta zituzten. Pitagorasek esaten zuen astroen artean musika zegoela, eta mugitzen direnean musika eta matematiken arabera egiten zutela. Horrek azaltzen du unibertsoko armonia, baina baita gizaien ariman egon daitekeen oreka ere. Platonek uste zuen musika jaungoikoekin lotuta zegoela, eta horrek plazerra edo sedazio modukoa eman zezakeela. Aristoteles lehenengoa izan zen bestela teoria bat eraikiz gizakiengan musikak duen eragin handiari buruz. 'Ethos' izango zen aldarte egoera desberdinak eragiten dituen musika, bere hainbat eskala, armonia eta erritmotan.

Ertarorako trantsizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Arorako bidean, bi egile nabarmendu ziren: San Basilio (329-379) alde batetik, "Homilia" lanean musikak izipirituaren pasioak lasaitzen eta liskarrak menperatzen dituela idatzi zuena. Beste alde batetik Severino Boecio (480-525?) dugu, bere lanik garrantzitsuena "De institutione musica”" delarik, Platonen dotrina etikoa berreskuratuz.

Islamiar Urrezko Aroan, bestela, Al Farabik (872950) musikari buruzko liburu ezaguna idatzi zuen, "Kitab al-Musiqa" ("Musikaren liburua"). Arte mota honen eragin terapeutikoak izpirituan aurkezten zituen, besteak beste.

Pizkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aroaren hastapenetan, teoriko garrantzitsua izan zen Joannes Tinctoris flandriarra, Cuatroccento-ko bigarren erdialdean lan egin zuena, "Efectum Musicae" liburua aipagarria delarik. Bartolomé Ramos de Pareja espainiarra ere nabarmendu zen, "Música Práctica" lanarekin (1482).

Barrokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Claudio Monteverdi.

Ethosen teoria greziarratik, "afektuen teoria" sortu zuten, oinarria izan zena musika estilo berria abiatzeko, opera alegia. 1600 inguruan Jacobo Peri musikagile italiarrak opera bat konposatu zuen greziar mitologiaren eraginarekin. Beste lan garrantzitsu bat izan zen "Orfeo", Claudio Monteverdirena. Baina Ethosena hoberen jaso zuena Atanasio Kircher josulagun alemaniarra izan zen, "Misurgia universal" (1650) lanean modu sistematikoan deskribatu zituela gizakiengan topatzen diren eraginak musika mota bakoitzarekin. Azkenik, Robert Burton mediku ingelesak "The anatomy of melancholy" idatzi zuen 1632an, musikaren indar sendatzaileari buruz.

XVIII. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamarkada haietan zientziaren ikuspuntutik ekin zioten gorputzean musikak dituen eraginak aztertzen. Besteak beste, Louis Roger mediku frantziarra eta Richard Brocklesby eta Richard Brown sendagile ingelesak. Azken honek "medikuntza musikala" idatzi zuen, arnas gaixotasunetan musikak daukan eragina ikertuz.

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Héctor Chomet medikuak idatzi zuen 1846an liburu bat osasunean eta bizitzan musikak daukan eragina analizatuz. Esquirol psikiatra frantziarra eta Tissot mediku suitzarra ere nabarmendu ziren. Garaia hartan, epilepsia kasuetan musika kontraindikatuta zegoen.

Azkenik, Francesc Vidal Careta sendagile kataluniarrak doktore-tesia egin zuen musika eta medikuntzaren arteko harremanak ikertuz. Bere hitzetan musika da atsedena dakarren eragilea, kafea eta tabakoa baino osagai sozialagoa dela, orfeoiak eta herri kontzertuak musika klasikoarekin antolatu behar zirela, eta orkestrak egon behar zirela eroetxeetan.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

E. Thayer Gaston-ek, bere Musikoterapia Tratatuan (1969) azaltzen du terapia honen jatorria Munduko Bigarren Gerran dagoela. Hasiera hartatik ikusi zuten ospitaleetan musika atseginak gaixoengan eragin positibo handiak eragiten zituela.

Carl Orff musikagile alemaniarrak esaten zuen sorkuntza gaitasunak eta musika egiteko plazerrak batera laguntzen duela pertsona sozializatzen, eta konfiantza eta autoestima igotzen dituela. Bestela, 1950ean "National association for music therapy" sortu zuten, biltzarrak antolatuz, materiala argitaratuz eta musikoterapia unibertsitatean sartzeko sostengatuz.

Gaur egun badakigu zehatzago zeintzuk diren eragin positibo horiek Alzheimer eta Parkinsonen gaixotasunetan, depresioan eta fase aurreratuan dauden asaldura neurologikoetan.

Indikazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umeengan, teoria batzuen arabera musikak eragin positiboak ditu haurdunalditik bertatik. Haurraren garapenean, lagunduko die frustrazioa pairatzen ikasteko, emozioak identifikatzeko eta adierazteko gaitasunak hobetzeko. Autismo kasuetarako ere erabligarria izan daiteke. Eta nerabeengan aldarte asaldurak daudenean, depresioa eta desoreka bipolarra batik bat.

Helduengan bestela kardiopatia iskemikoan onuragarria izan daiteke gaixotsaun koronarioan, baina bereziki erabilgarria baldin bada arlo batean hori Neurologiarena da: Istripu zerebrobaskularrak (IZB), Alzheimer eta dementzia beste mota batzuk, amnesia eta afasia sintomak daudenean. Psikiatrian, eskizofrenia eta depresioa dira indikazio nagusiak.

Terapiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gidatutako Irudia eta Musika edo Guided Image and Music (GIM) Helen Bonnyk AEBetan eta 1970eko hamarkadaren amaieratik abiatutako teknika da, nork bere burua hobeto ezagutzeko bidaia moduan aurkeztuta, barneko mundua osatzekoa eta inkonszientean gelditutako oroitzapenak bideratzekoak. Terapia hau erabiltzen da helduengan mina, antsietatea, tentsioa eta estresak eragindako sintomekin. Honen bidez, sentimenduak azaldu eta baloratu egiten dira, portaera moduak aldatu, liskarren artean erabakiak hartu, nork bere buruarekin konfiantza gehiago eduki eta ongizate orokorraren egoera indartu.

GIM terapia ordu eta erdiko sesioetan egiten da: hasieran elkarrizketa batekin, kezka iturri den gaia identifikatzeko, saio bakoitzean gai batean zentratuz. Ondoren, gidatutako erlaxazioaren bidez pertsona prest egongo da musikaren estimuluak jasotzeko, terapeutarekin konpartituz eragindako sentsazioak. Musika amaituta bizitako esperientzia komentatzen da eta islatzen da irudien bitartez. Hau guztia interpretatuz, klabeak ematen dira bizitzan aldaketak eginahal izateko.

Munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indiako sustraiak terapia musikalean anzinako mitologia hinduan topa daitezke, Vedak testuetan eta bertako folk musikaren tradizioetan. Oso litekeena da terapia hauek erabili izatea duela ehundaka urte hango kulturan. Azken urteotan oso nabarmenak dira Suvarna Nalapat-en lanak: "Nadalayasindhu-Ragachikilsamrutam" (2008), "Music Therapy in Management Education and Administration" (2008) eta Ragachikitsa (2008). Halaber, "Music Therapy Trust of India" fundazioa aipatzekoa da, Margaret Lobok sortutakoa.

Bestela, goi mailan lehenengo aldiz ikasketa egitasmoak martxan ipini zituzten AEBetan 1944an Michigango eta Kansasko unibertsitateetan. Bestela, herrialde honetan "Association for Music and Imagery" elkartea Helen L. Bonnyrekin batera (Ohio, 1986), "Nordoff-Robbins Center For Music Therapy" Paul Nordoff eta Clive Robbinsen eskutik (New York Hiria, 1990), "Institute for Music and Neurologic Function" institutua besteak beste Concetta M. Tomaino eta Oliver Sacksekin (NYH, 1995) eta American Music Therapy Association erakundea (1998) ere sortu zituzten. Kanadan, 1950eko hamarkadan Fran Herman, Alfred Rosé, Norma Sharpe eta Thérèse Pageau izan ziren lehenengo izen handiak.

Europan, zuzeneko musika erabili izan da ospitaleetan Munduko Gerra bietan soldaduak errekuperatzeko tratamendu egitasmoen barruan. Musikoterapia klinikoaren aintzindaria Erresuma Batuan 1960 eta 1970eko hamarkadetan nabarmendu zen, Juliette Alvin txelojole frantziarra kurioski. Mary Priestley britainiarra izan zen aurrekoaren ikaslea eta musikoterapia analitikoa sortu zuen. Master ospetsuak antolatzen dituzte Manchester, Bristol, Cambridge, Galesko South Wales unibertsitatean, Edinburgh eta Londonen. "British Association for Music Therapy" erakundea 2011an sortu zuten.

Norvegia mundu mailan oso ezaguna da arlo honetan ikerkuntza dela-eta, bi zentro nagusi dituelarik Oslon (Center for Music and Health Even Ruud-ekin) eta Bergenen (Grieg Academy Centre for Music Therapy / GAMUT Brynjulf Stige-rekin). Azken hiri honetan nazioarte mailan aldizkari nagusienetariko bi argitaratzen dituzte: "Nordic Journal for Music Therapy" eta "Voices: A World Forum for Music Therapy". Herrialdearen kontribuzio garrantzitsuenena komunitate-musikoterapia arlokoa da, adinekoen egoitzetan, kliniketan eta presondegietan aplikatutakoa.

Danimarka ere asko nabarmentzen da Aalborgeko unibertsitatetik batez ere. Espainian "Asociación de Profesionales de Musicoterapia" erakundearen aurrekaria 1976an Bartzelonan sortutako "Asoc. Esp. de Musicoterapia" izan zen, Abimael Guzmán-en eskuz. Frantzian munduko lehenengo biltzarra antolatu zuten 1974an Hôpital de la Salpêtrière-n, eta herrialde mailako erakundea "Fédération Française de Musicothérapie" da. Euskal Herrian, "Agruparte" elkarteak ekin zion terapia jarduerari (MAP zentroa) 1993an Gasteizen. Ezaguna da estatu mailan halaber eurek antolatutako masterra.

Australian bertako Gurutze Gorriak musikoterapia batzordearekin batera abiatu zituen 1949an kontzertu ziklo bat, eta 1975ean Australian Music Therapy Association (AMTA) erakundea sortu zuten. Afrikan, 1999an lehendabiziko egitasmoa zabaldu zuten Pretorian (Hegoafrika).

Zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Nel Giardino di Suoni"/"Im Garten der Klänge" dokumental suitzarrean (Nicola Bellucci, 2010), Wolfgang Fasser musikoterapeuta itsuaren lana kontatzen dute, garun-paralitikoak diren edo larriki elbarrituta dauden umeekin egindakoa.

Halaber, "The Music Never Stopped" film estatubatuarrean (Jim Kohlberg, 2011), gradu altukoa ez zen glioblastoma diagnostikatu ostean, semea (gaixoa) eta aitaren arteko harremana hobetuko da musikaren estimulazio enpirikoari esker.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]