Olagarro
- Artikulu hau olagarroari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «hamarratz».
Olagarro | |
---|---|
pennsylvaniar -Gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Azpierreinua | Bilateria |
Filuma | Mollusca |
Klasea | Cephalopoda |
Superordena | Octopodiformes |
Ordena | Octopoda |
Azpibanaketa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | olagarro |
Kumaldiaren tamaina | 80.000 |
Olagarroa zefalopodoen ordena bat da. Octopus genero nagusia da (289 espezie dauka). Bizkaian amarratz edo amorrotz (Bermeon) ere deitzen diote.[2]
Burua arrautza itxurakoa, begiak irtenak eta zortzi garro dituen soinbera da, jateko ona.[3] Garroak erabiliz egiten du igeri eta sifoi bat ere badu ur zorrotada jaurtiz azkar ihes egiteko. Ornogabeen artean nerbio sistema garatuenetakoa du eta inteligentzia maila altuenekoa da.
Olagarroa neuronalki konplexuena den ornogabeen animalia da. Ikerketa baten arabera, min psikologikoa ugaztunen antzera sentitzen zuten.[4]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie handiena olagarro erraldoia (Enteroctopus dofleini) da eta 15 kg inguru pisatzen ditu eta 4'3 metroko luzerako garroak ditu[5]. Zientifikoki neurtu den handienak 71 kg pisatzen zituen[6]. Aurkitu den espezie txikiena Octopus wolfi da eta 2'5 cm neurtzen ditu eta gramo bat pisatzen du[7].
Itxura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldebiko simetria duen animalia da eta buruak eta zortzi garrok osatzen dute olagarroa. Buruan bi begi handi eta sifoi bat ditu eta barnean brankiak, garuna eta digestio aparatua, besteak beste. Begiak proportzonalki handiak dira eta ornogabeen artean konplexuenetakoak, arrainen begien antz handia baitute[8]. Garroen azpian ahoa kokatzen da. Kitinazko moko gogor bat du, loroaren antzeko ixura duena[9].
Lau garro pare ditu barnealdean bina bentosa ilara dituztenak. Bentosak zirkularrak eta ahurrak dira eta animaliei edo objetuei itsastea ahalbidetzen diote. Zortzi garroen artean atzeko biak itsaso hondoan ibiltzeko erabiltzen ditu eta gainerako seiak harrapakina bilatu eta oratzeko erabiltzen ditu, horregatik bi hanka eta sei beso dituela esan ohi da[10].
Barnealdea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Buruaren barnean barrunbeak kokatzen dira. Zirkulazio aparatuak hiru bihotz ditu eta brankietan oxigenatzen den odola gorputz osoan zehar barreiatzen dute. Odoleko zelulek hemozianina molekula dute oxigenoa garraiatzeko. Kobrea duen molekula da eta odola likatsua bihurtzen du, horregatik presio handia egin beharra daukate bihotzek[11].
Buruan badu paleala deritzon barrunbe hutsa bertan ura sartzen du, brankietatik pasarazten du disolbaturiko oxigenoa hartzeko eta sifoiaren bidez kanporatzen du. Gorputza estaltzen duen azala oso fina izanik azaletik ere oxigenoa hartzen du[12].
Digestio aparatua ahoan hasten da. Mokoaren ondoren moluskuen erradula tipikoa du[13] eta bi egitura hauek janaria txikitzeko balio diote. Ondoren faringea, hestegorria, paparoa eta urdaila daude[11]. Behin elikagaia orea bihurtuta hepatopankreako guruinek elikagaia disolbatzen dute eta hesteetan xurgapena gertatzen da. Uzkitik kanporatzen dituzte gorotzak. Hestearen amaieran tinta zaku bat ere badute, sifoitik gertu. Arriskuan daudenean sifoitik ur zorrotada bortitza eta tinta ere jaurtitzen dute harraparia itsutu eta azkar ihes egiteko[14].
Ornogabeen artean garunaren eta gorputzaren arteko proportzio handiena dute, hainbat ornodunena baino handiagoa ere bai[15]. Zentzumen garatuena ikusmena da. Begiak oso konplexuak dira eta argiaren polarizazioa bereizteko gai dira. U edo W itxurako begi ninia dute eta koloreak bereizteko gai direla uste da[16]. Nerbio sistemako neuronen bi herena besoetako nerbio kordetan daude eta horri esker erreflexu ekintza aniztasun handia dute[17]. Ukimena eta dastamena ere oso garatua dute. Garroetako bentosek kimioerrezeptore ugari dituzte eta ukitzen dutenaren gustua identifikatzeko gai dira.
Ugalketa zikloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ugalketa garaian olagarroak oso aktiboak bihurtzen dira. Garroetako batek (normalean hirugarren besoak) goilara baten itxura du eta organo kopulatzaile gisa funtzionatzen du, emearen barrunbe palealean espermatoforoak sartzen ditu, hauek ondoren espermatozoideak askatuko dituzten emearen barnean[18]. Arrautzak ernaldu eta garatu ondoren (olagarro erraldoiaren kasuan 40 egun inguru) arrautza sokak askatzen ditu emeak eta arroken arteko zulo batean uzten ditu. Kumeak jaio artean arrautza multzo horiek basbestuko ditu, bost hilabetetan zehar, gutxi gora behera. Denbora horretan zehar emea ez da elikatzen eta amaiera hil egiten da[18]. Olagarro arrak kopularen ondoren zahartasun fasean sartzen dira eta denbora laburrean hiltzen dira[19]. Horrela bada, olagarroen bizialdia nahiko laburra da, espezie gehienek sei hilabete inguru hartzen dituzte. Olagarro erraldoia bost urte hartzera iristen da.
Jaiotzen diren larbak planktonikoak dira eta gainerako zooplanktonarekin batera biziko dira. Olagarroaren larbek ez dute metamorfosirik izaten eta pixkanaka olagarro heldua bihurtuz joango da.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cirrina subordena
Incirrina subordena
- Alloposidae
- Amphitretidae
- Argonautidae
- Bolitaenidae
- Idioctopodidae
- Octopodidae
- Ocythoidae
- Tremoctopodidae
- Vitreledonellidae
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Itis.gov. (2013-04-10). ITIS Report: Octopoda Leach, 1818. .
- ↑ Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode: 1137-439X..
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ (Ingelesez) Crook, Robyn J.. (2021-03-19). «Behavioral and neurophysiological evidence suggests affective pain experience in octopus» iScience 24 (3) doi: . ISSN 2589-0042. (Noiz kontsultatua: 2021-03-30).
- ↑ «Giant Pacific Octopus - National Zoo| FONZ» web.archive.org 2014-02-23 (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ Cosgrove, J. A.. (1987). Aspects of the Natural History of Octopus dofleini, the Giant Pacific Octopus (MSc Thesis). Department of Biology, University of Victoria (Kanada).
- ↑ (Ingelesez) June 2017, Alina Bradford-Live Science Contributor 08. «Octopus Facts» livescience.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ «The Cephalopoda» ucmp.berkeley.edu (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Moluscos. Cefalópodos» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ (Ingelesez) Lloyd, John; Mitchinson, John. (2010-10-07). QI: The Second Book of General Ignorance. Faber & Faber ISBN 978-0-571-27375-1. (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ a b (Ingelesez) Wells, M. J.. (2013-06-29). Octopus: Physiology and Behaviour of an Advanced Invertebrate. Springer Science & Business Media ISBN 978-94-017-2468-5. (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ Wells, null. (1996). «Cutaneous respiration in Octopus vulgaris» The Journal of Experimental Biology 199 (Pt 11): 2477–2483. ISSN 1477-9145. PMID 9320405. (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ (Ingelesez) Courage, Katherine Harmon. (2013-10-31). Octopus!: The Most Mysterious Creature in the Sea. Penguin ISBN 978-0-698-13767-7. (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ (Ingelesez) Mather, Jennifer A.; Anderson, Roland C.; Wood, James B.. (2013-11-01). Octopus: The Ocean's Intelligent Invertebrate. Timber Press ISBN 978-1-60469-500-7. (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ (Ingelesez) Hooper, Rowan. (2017-09-23). «Cephalopods show signs of intelligence» The Japan Times (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ (Ingelesez) «Study proposes explanation for how cephalopods see color, despite black and white vision» phys.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ Yekutieli, Yoram; Sagiv-Zohar, Roni; Aharonov, Ranit; Engel, Yaakov; Hochner, Binyamin; Flash, Tamar. (2005-08-01). «Dynamic Model of the Octopus Arm. I. Biomechanics of the Octopus Reaching Movement» Journal of Neurophysiology 94 (2): 1443–1458. doi: . ISSN 0022-3077. (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «La reproducción del pulpo» Investigación y Ciencia (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
- ↑ (Ingelesez) Mather, Jennifer A.; Anderson, Roland C.; Wood, James B.. (2013-11-01). Octopus: The Ocean's Intelligent Invertebrate. Timber Press ISBN 978-1-60469-500-7. (Noiz kontsultatua: 2021-03-01).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]