Orbaizetako gudua

Koordenatuak: 42°58′28″N 1°13′46″W / 42.974425°N 1.2294°W / 42.974425; -1.2294
Wikipedia, Entziklopedia askea
Orbaitzetako gudua» orritik birbideratua)
Orbaizetako gudua
Konbentzio Gerra
Mendebaldeko frontea
Arlekia, gudu zelaiaren hegoaldea
Data1794ko urriaren 15-17
LekuaOrbaizeta,  EH
Koordenatuak42°58′28″N 1°13′46″W / 42.974425°N 1.2294°W / 42.974425; -1.2294
EmaitzaFrantziarren garaipena
Gudulariak
Espainia Frantzia Lehen Errepublika
Buruzagiak
Osunako dukea Bon-Adrien Moncey
Indarra
13.000[1] 46.000[1]
Galerak
4.000, 50 kanoi[1] Ezezagunak[1]

Orbaizetako gudua Konbentzio Gerrako gudaldia izan zen, 1794ko urriaren 15 eta 17ren artean gertatua, Bon Adrien Jeannot de Moncey buru zuen Mendebaldeko Pirinioetako Armada frantziarraren eta Osunako dukea buru zuen espainiar armadaren artean. Gudua, eta baita gerra bera ere, Frantziako Iraultzako Gerren zati bat besterik ez zen izan eta, garaipenaren ondoren, frantziarrek Nafarroako iparraldea hartu zuten.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1793an gatazka aipagarririk izan ez zen arren, hurrengo urtean mendebaldeko Pirinioak guduzelai bilakatu ziren. Jacques Léonard Muller jenerala Mendebaldeko Pirinioetako Armadaren buru bilakatu zenetik aitzina, borrokak izan ziren Hendaian, otsailaren 5ean,[1] Izpegi mendatean, ekainaren 3an,[1] eta Beran, ekainaren 23an.[1] Uztailaren bukaeran, Mullerrek hiru dibisioi eman zizkion Monceyri (harena eta Henri Delabordek eta Jean Henri Guy Nicolas de Frégevillek zuzendutakoak). Horri esker, Baztan haraneko guduan garaipena lortzeaz gain, Monceyk Pasaia, Donostia eta Tolosa konkistatu zituen. Mailaz igota, Iruñea hartzeko planak egin zituen.[2]

Gudua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konbentzio Gerra Euskal Herrian

1794ko urriaren 15ean, Monceyk aurrera egiteko agindua eman zien bere 46.000 soldaduei, hau da, Delaborde, Frégeville, Jean Mauco, Thomas-Alexandre Dumas eta Jean-Antoine Marbot buru zuten dibisioei. Operazioan, Antoine Digonet, Pierre Rouché, Louis Hyacinthe Le Feron, Pierre Bories de Castelpers, eta Jean Daniel Pinet brigada-jeneralak izan ziren brigadetako buruzagiak.[1] Aurrez aurre, Osunako dukearen 13.000 espainiarrak zituzten. Manuel Cagigal, Antonio Filangieri, Frias eta de la Canada Ibañez markesa ziren espainiar komandanteak.[1]

Ibañetatik eta Baztan haranetik hegoalderantz eraso zuten frantziarrek, Iruñea jomuga zutela. Mendebaldean Leitzatik Lekunberrirantz jo zuten. Erdialdean, Doneztebetik, Donamarian barrena, eta Elizondotik, Belaten barrena, Soraurenerantz abiatu ziren. Ekialdean, Orreagatik abiaturik, Urrobi eta Irati ibarretarantz jo zuten. Ahal bezainbeste etsai inguratzea zen Monceyren nahia.[2]

Urriaren 15ean, Delaborderen dibisioak Filangieriren gizonei egin zien eraso Mezkiritzen. Frantziarrek 11 oinezko batailoi eta bi granadari-batailoi zituzten, 640 dragoi eta husar baino gehiago. 4.000 espainiar soldaduetatik, 200 hil eta 724 preso hartuak izan ziren. Ez dago frantziar hildako kopuruaren berri.[1]

Urriaren 16an frantziarrek Lekunberri hartu zuten, eta Hiriberri biharamunean. Ekialdean, urriaren 15ean Orbaizetako arma olaz jabetu ziren. Espainiako Itsas Armadak Iratiko oihanean zuen masta-lantegia eta Eugiko arma ola ere frantziarren esku geratu ziren. Baina misioko ordezkariek ez zuten baimenik eman tropek aurrera egiteko, eta erasoa Iruñera iritsi gabe gelditu zen.[2] Espainiar soldadu gehienek ihes egitea lortu zuten. Agintari batek Delaborderi egotzi zion horren errua.[2] Guztira, espainiarrek 4.000 lagun eta 50 kanoi galdu zituzten. Frantziar galerak ez dira ezagutzen.[1]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garaipenak Iruñeko zitadelara gerturatu zituen frantziarrak. Hala ere, espainiar armadarentzat masta-lantegia eta bi arma olak galtzea izan zen txarrena. Ekialdean Mendi Beltzako guduan garaipena lortu ondoren, gerra frantziarren aldera lerratu zen. Eritasun agerraldi hilgarri batek geldiarazi zituen frantziar operazioak 17941795eko neguan. 1795eko ekainean, Monceyk mendebalderantz jo eta Gasteiz eta Bilbo hartu zituen. 1795eko uztailaren 22ko Basileako Bakeak eman zion amaiera gerrari.[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k Smith, Digby. (1998). The Napoleonic Wars Data Book, 72., 83., 85. eta 93. orrialdeak. Londres: Greenhill ISBN 1853672769..
  2. a b c d e Beckett, Ian. (1987). Moncey: An Honest Man, In David G. Chandler Napoleon's Marshals, 300-301. orrialdeak. New York: Macmillan ISBN 0029059305..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]