Quebeceko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Quebeceko historia luzatzen da lehenengo jatorrizko herriek (Inuitak eta beste batzuk) kolonizatu zutenetik XXI. mendean Quebecek egindako banaketa saiakerak arte. Hala ere, egungo Quebecen eraketa frantsesen kolonizazio garaian hasten da, XVI. mendetik aurrera. Alde horretatik, Kanadako historiari hertsiki lotuta dago.

Hochelaga herriskaren irudikapena (1535)
Tadoussac, euskaldunen lantoki eta bizileku (XVII. mende hasiera)[1]

Jatorrizko biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Algonkiarrak, Iroquoiarrak eta Inuit nazioak lurralde horretan bizi izan ziren europarrak ailegatu baino lehen. 1000. urteetan, baina, bikingoen espedizioak iritsi ziren Eskandinaviatik, eta ekialdeko kostaldean finkapen iraunkor bat baino gehiago kokatu zuten.

Europarren etorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste europar batzuk, arrantzale euskaldunak, Behe Erdi Aroan heldu zirela uste da, Ternuan eta San Laurendi ibaian barrena. 1534an Jacques Cartier Frantziako esploratzailea San Laurendiko kostaldean lurreratu zenerako, euskaldunak eta portugesak zebiltzan bertan arrantzan (makailua batez ere) eta salerosketan, azken honetan larruarekin bereziki. Cartier-ek, baina, Frantziako erregearentzat aldarrikatu zituen lurraldeok, ohol eta ikur baten bitartez. Stadaconaraino aitzinatu zen, gero Quebec hiria sortutako lekuan. Montreal uharteko Hochelaga herriskan ere izan zen, 'Kanadako erresuma'ren erdian.[oh 1]

Cartierrek eta bere espedizio-buruak, bigarren kanpaina batean, ehunka preso eta gaizkilerekin lurraldea kolonizatzeko saioa egin zuen 1541ean, baina huts egin zuen.[2] Aldi berean, XVII. mende arte, frantsesen eta euskaldunen arteko lehia bizia izan zen.[3] Euskaldunek Tadoussacen eta Euskaldunen Uhartean (Île aux Basques) zituzten San Laurendi itsasadarreko postu iraunkor aurreratuenak. Une horretan, Nouvelle France izendapenarekin batera, Nouvelle Biscaye agertzen da mapetan Ameriketako lurralde honi deitzeko.[4]

Quebec frantsesen kolonia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mende hasiera arte, Nafarroako Henrike III.aren erregealdian, ez zen kolonizazio ahalegin berririk egin. 1601ean Quebecq izena hartu zuen lurraldeak, Kebek toponimo algonkinotik.[5] 1608an, Samuel Champlainek San Laurendi itsasadarra estutzen den tokian Quebec Hiria izango zena sortu nahi zuen, eta finkapen iraunkor bat sortzen ahalegindu zen, hura gotortuz.[6] Hori Tadoussacen finkatutako euskaldunei ez zitzaien batere ondo iruditu, bertako biztanleekin merkataritza hondatuko zuelakoan.[7] Gogor egin zioten frantsesari eta, konplot baten bitartez, Champlain erailtzen saiatu ziren; konplotak, baina, huts egin zuen.[oh 2]

Richelieu kardinalak serioago hartu zuen 1628an Quebec kolonizatzeko asmoa, baita Frantzia Berriko Konpainiaren sorrera bultzatu ere horretarako. Hurrengo 15 urteetan, 4.000 gizon eta emakume eraman zituen ingurune horretara, hainbat pizgarri emanez.[8] 1634tik aurrera, Frantziako erregea jaurerriak esleitzen hasi zen, metropoliko jaunen artean lursailak banatuz. 1642an, berriz, Santa Maria Montrealekoa konpainiako misiolariek postu bat sortu zuten ibaian gora bertako biztanleak kristautu nahirik, eta Ville-Marie sortu zuten, egungo Montreal. Irokiarrak, baina, horrelako frantses kolonizatzaileei sarritan eraso egin zieten, eta Ipar Amerikako frantses kolonien jarraipena kolokan izan zen 1650eko hamarkadan.[9]

1663an, baina, Luis XIV.a errege frantsesak bere eskuetan hartu zuen Ipar Ameriketako kolonien auzia. Jean-Baptiste Colbert bere ministroari Kanadari[oh 3] arreta berezia jartzeko agindu zion. Hasteko gerra agindu zuen irokiarren kontra, eta 1.200 gerlariko taldea bidali zuen Quebecera 1665ean, kopuru gaitza inondik ere; horiek gotorlekuak eraiki zituzten. Denbora gutxiren buruan, irokiarrak eta beste herriak azpiratu zituzten, bake hitzarmenetara helduz, eta soldaduei San Laurendi inguruan finkatzeko pizgarriak eman zizkieten.[10] Artean, hala ere, gizonak ziren kolonietako gehienak: 6 gizoneko emakume bat zegoen. 1668tik 1673ra, desoreka hori hautsi egin zen, Frantziatik 850 fille de roi ('erregearen alabak') igorri zituztenean.[11]

Ordurako, frantses koloniak 6.700 biztanle zituen. Kolonizatzaileak etorri ahala, bertako biztanleen kopuruak izugarri ahuldu ziren gerrak eta izurriek jota. Nolanahi ere, hurrengo hamarkadetako kronikek adierazten dutenez, kolonizatzaileek bertako biztanleen hainbat ohitura eta bitarteko tekniko bere egin zituzten.[11] Aldi berean, meatzaritza eta ontziolak garatu ziren eta, haiekin batera, egurketa. Bakea, baina, hauskorra zen, eta Ingalaterra Berritik ingelesek beren begiak jarri zituzten San Laurendiko lurretan eta, horregatik, frantsesek Quebec hiria eta Montreal gotortu zituzten 1720tik aurrera. Azkenean, 1756an, Zazpi Urteko Gerra piztu zen (Quebecen Konkistako Gerra ere deitua, besteak beste).

Quebec ingelesen mende[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Montrealeko alde zaharreko Notre-Dame-Du-Bon-Secour eliza, 1771n eraikia
Montmorencyko urjauziaren irudikapen bat (1829)

1763an, Britainia Handiaren menpe gelditu zen, legez Pariseko Itunaren bitartez. Une horretan, 90.000 biztanle frantses-hiztun eta jatorrizko biztanle zeuden; Britainia Handitik eta Irlandatik etorritako gainerako biztanleak 600 ziren.[12] Iraultza haizeak jotzen ari ziren Ipar Amerikan, eta 1778ko Bostongo istiluek eta Hamairu Kolonietako independentzia aldarrikapenak herriaren subiranotzaren ideia Kanadara ekarri zuten: La Fayette jeneral frantsesa Erresuma Batutik askatzen laguntzeko prest ere agertu zen. Bertako herritarrek, baina, ez zuten Eliza katolikoko agintarien babesa izan: Elizak harreman ona izan zuen gerora ere Erresuma Batuko koroarekin. 1783an, ingelesek Hamairu Kolonietako gerra galdu zutenean, lurralde horietako 7.000 leialistak errepublika sortu berritik alde egin zuten britainiarren peko Kanadara, eta agintariek ongi etorri beroa eman zieten, baita haien artean lurraldeak banatu ere, baina Montrealetik mendebaldera.[13] Ordu arte, 'kanadar' deitzen zitzaien Quebec probintziako biztanle frantses-hiztunei, baina hori aldatzen hasi zen, 'kanadar berri' eta 'kanadar zahar' bereizketa eginez.

1791ean, Quebec probintzia desagerrarazi eta Kanada Beherea eta Kanada Garaiaren sorrera ofiziala dekretatu zen, zein bere parlamentuarekin, lehena egungo Quebecen mugen antzekoa eta bigarrena, berriz, ingeles lege eta instituzioen araberakoa. William Pitt 'Gaztea' lehen ministroaren arabera, hobe zen horrela: hartara, frantses-hiztunak pixkanaka britainiar sistemara berez asimilatuak izaten joango ziren, 'konbentzimenduz'. Berehala hasi ziren parlamentuko ingeles- eta frantses-hiztunen ordezkaritzaren auzia.[14] Bi komunitateen arteko liskarrak Kanada Beherean kontrako egunkarien sorrera ekarri zuen: batetik, Quebec Mercury eta, bestetik, Le Canadien. James Craig gobernariak azken honetako zuzendariak atxilotzeko agindu zuen, 'sedizioa' leporatuta (1807). Handik gutxira, britaniarren eta estatubatuarren arteko gerra piztu zen 1812an, eta lehenengoek armadara deitu zituzten kanadarrak. Gerara amaituta, kanadar frantses-hiztun gehiengoak protesta egin zuen, ordezkaritza txikiagoa zutelako ingeles-hiztunen aldean. Une horretan sortu ziren lehen alderdi politikoak, eta Parti Canadien.

1832an eta 1834an, kolera agerraldi latz bana izan zen Kanada Beherean, Parti Canadienen batzuek bertako biztanleria suntsitzeko ahalegintzat jo zutena. Bitartean, Latinamerikako independentzia aldarrikapenen berri zabaldu zen, baita herriaren subiranotasunaren ideia ere. Parti Patriotek hauteskundeetatik ateratako batzar legegile bat eskatu zuen, baina Londresek entzungor egin zion, eta Montrealen kanadar ingeles- eta frantses-hiztunen elkarte sutsuenen arteko gatazka piztu zen (Doric Club eta Fils de la Liberté), baita errebolta ere. Britainiar armadak, baina, patrioten errebolta armatua gordinki zapaldu zuen 1838an.[15] 1840an, Victoria erreginak Kanada Beherea eta Garaia bateratu zituen, batzuek 'bigarren konkistatzat' jo izan zutena. Kanada Beherean, horren ondoren, Eliza katolikoak indar handia hartu zuen eta, britaniar agintari kolonialekin batera, 1848ko Europako Iraultza Liberaletatik alde egindako erlijio ordenak gonbidatu zituen. Liberalismoa bilakatu zen haientzat arerio nagusia.

1857tik aurrera, aldaketa demografikoek Kanadako gobernu laburrak eragin zituzten, krisia etengabea zen. Konponbidea Ipar Amerikako britainiar kolonien federazio bat zela nagusitzen joan zen. Estatu Batuetako Batasunaren kontra kolonietako milizia osatzeko arazoak handiak ziren Kanada Beherean ("Ekialdeko Kanada", orduan Quebeci deitzen zitzaion bezala), frantses-hiztun askok uko egiten baitzioten bertan sartzeari. Nolabaiteko bizikidetza adosteko, federazio bat proposatu zen 1864ko Quebeceko konferentzian. Biztanle frantses-hiztunen ordezkariek gehiengo estuz babestu zuten hori, erdiek baino zertxobait gehiagok bakarrik. Londreseko Jaunen Ganberak oniritzia eman ondoren, Kanadako Domeinua sortu zen 1867ko uztailean, gobernu federal batez eta probintziako gobernuz osatua, eta elkarren artean eskumenen banaketa bat eginez.[16]

Kanadako Domeinu britainiarrean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo urteetan, milaka askok emigratu egin zuten Quebecetik Estatu Batuetako ipar-ekialdera bertako gerra zibila amaitutakoan, eta haien hizkuntz asimilazioa bilatu zen. 1875an, boto sekretuz egindako lehen hauteskundea egin zen Quebecen. Industrializazioa izugarri areagotu zen, sindikatuak sortu, eta grebak egin. Aldi berean, 1880tik Quebec Mendebaldeko joeren baitan kokatu zen, eta lehenengo 'frantses kanadarrek' eta Frantziak elkarren arteko lotura emozional bat ezarri zuten, frantsesezko opera emanaldien eta kantaldien bidez. Calixa Lavalléek, Kanadako musikari nazionala deituak, gerora Ô Canada ereserkia izango zena musikatu zuen.[17]

Handik gutxira, Hegoafrikako Boerren Gerran zerbitzu militarra egitearen auzia piztu zen, Quebecen beti kontrako jarrera zuen gaia. Azkenean, frantses kanadarrak errejimentu berezi batean joan ziren. Boerren Gerraren epelean, Quebeceko nazionalismoa sortu zen. Une honetan, frantses kanadarrek gehienean maila apaleko lanbideetan zebiltzan, eta Elizako agintariek negozioak haientzat ez zirela ere esaten zuten. Aldiz, zerbitzu militarretik itzulita, Alphonse Desjardins kazetaritzan hasi zen lanean, eta gero lehen aurrezki kooperatiba sortu zuen (caisse populaire).

Quebeceko frantses-hiztunen borrokak Ontariora zabaldu ziren: London Ontarioko apezpiku katolikoak Ontarioko eskola katoliko fratses-hiztunak bertan behera uztera deitu zuen; izan ere, haien asimilazioa bultzatzen irlandar Eliza katolikoak indar berezia egin zuen. Horri Le Devoir egunkari berriak (1910) aurre egin zion, askotariko kanpainetan.[18] Lehen Mundu Gerra hastean, frantsezko eskolan auzia puri-purian izan zen, eta quebectar askok gogor egin zioten milizietan sartzeari, gai hori konpontzen ez zen bitartean. San Laurendiko itsasadarraren inguruan frantses-hiztunen estatu bat sortuko zelako zurrumurrua ere zabaldu zen, baita kontrako adierazpen bortitzak ere. Zerbitzu militarrari buruzko intsumituak ugaldu egin ziren, eta Quebec hirian protesta eta liskarrak izan ziren. Gero, gainera, gripe espainiarra deitua heldu zen Europatik.[19]

Hurrengo urteetan, hala ere, biztanleria asko hazi zen, eta hirietako biztanleak gehiago izatera pasa ziren, landa ingurunekoak baino. 20ko hamarkadaren hasieran, gainera, ibilgailuak 26.000 bat izatetik 140.800 izatera pasa ziren hamar urte geroago.[20] 1929ko hondamendi finantzarioak gogor astindu zuen Quebeceko gizartea eta, horri aurre egiteko, gobernua lan publikoak egiten hasi zen. Batzuek Quebecen independentzia ikusi zuten soluziobide; beste batzuek, berriz, gobernu komunista. Azken hauen kontra, errepresio handia izan zen, Padlock Lawren bitartez hauspotua. 1940an Paris okupatu eta gutxira, nahitaezko zerbitzu militarra deitu zuen Kanadako gobernuak. Erreferendum batean Quebeceko % 70ek haren kontrako botoa eman zuten (Kanadaren kontrako muturrean); 1944tik aurrera, quebectarrei zerbitzu militarra inposatu zitzaien, hala ere. Zentsura ere ezarri zen.[21]

Quebeceko biztanleria frantses-hiztunaren identitateari erantzunez, 1948an Quebeceko bandera sortu zuten. 1968ko urriaren 11n sortu zuten Parti Quebecois (PQ) alderdi politiko independentista, eta 1977ko abuztuaren 26an PQ-k hizkuntza ofizial bakarra frantsesa izendatu zuen.

Independentzia asmoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko maiatzaren 12an burujabetzari buruzko lehenengo erreferenduma egin zuten. Batasunaren aldekoek irabazi zuten: % 59,56 / % 40,44. 1995eko urriaren 30ean banaketari buruzko bigarren erreferenduma egin zuten, baina independentistek galdu zuten, oso gutxigatik bada ere: % 49,4 / %50,6.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lacoursièrek dioenez, "kanada" irokiar hitz bat da, herrixka edo hitz-multzoa esan nahi duena, ikus Lacoursière, Jacques. 2009, 11. or.
  2. Teoria batek istilu hauei egozten die Lapurdira Pierre De Lancre epailea Henrike III.ak igortzeko hartu zuen erabakia.
  3. Une honetan, San Laurendi ibaiari erreferentzia egiten zion izenak; "Frantzia Berria"k, berriz, eremu zabalagoa hartzen zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lacoursière, Jacques. 2009, 12. or.
  2. Lacoursière, Jacques. 2009, 10-11. or.
  3. Lacoursière, Jacques. 2009, 10-12. or.
  4. Maia, Jon: Apaizac obeto. Donostia: Elkarlanean, 2006. 19. orria.
  5. Maia, Jon: Apaizac obeto. Donostia: Elkarlanean, 2006. 63. orria.
  6. Lacoursière, Jacques. 2009, 12. or.
  7. Lacoursière, Jacques. 2009, 12-13. or.
  8. Lacoursière, Jacques. 2009, 14-15. or.
  9. Lacoursière, Jacques. 2009, 17. or.
  10. Lacoursière, Jacques. 2009, 22-24. or.
  11. a b Lacoursière, Jacques. 2009, 22-25. or.
  12. Lacoursière, Jacques. 2009, 72. or.
  13. Lacoursière, Jacques. 2009, 77-78. or.
  14. Lacoursière, Jacques. 2009, 79-80. or.
  15. Lacoursière, Jacques. 2009, 96-99. or.
  16. Lacoursière, Jacques. 2009, 110-115. or.
  17. Lacoursière, Jacques. 2009, 123-128. or.
  18. Lacoursière, Jacques. 2009, 136-137. or.
  19. Lacoursière, Jacques. 2009, 138-143. or.
  20. Lacoursière, Jacques. 2009, 144-147. or.
  21. Lacoursière, Jacques. 2009, 148-153. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 

  • Lacoursière, Jacques; Philpot, Robin (2009), A People's History of Quebec, Rochester, New York: Baraka Books, ISBN 978-0-9812405-0-3 .