Sergei Eisenstein
Sergei Mikhailovitx Eisenstein (letonieraz: Sergejs Eizenšteins; errusieraz: Сергей Михайлович Эйзенштейн; Riga, 1898ko urtarrilaren 22agreg./urtarrilaren 10ajul. - 1948ko otsailaren 11) Sobiet Batasuneko antzerki eta zinema zuzendari eta teorizatzailea izan zen. Haren film isilek eragin handia izan zuten hurrengo urteetako dokumentaletan eta narrazio zuzendariengan, muntatze teknika berritzailea zela-eta. Eisensteinen ekarpena hauxe izan zen: drama zinematografikoaren estetika eta ideologiaren gaineko kontzepzio berria, drama kolektiboen gaineko argumentuen inguruan.
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arkitektura ikasketak egin ondoren, Errusiako Iraultzan esku hartu zuen, eta antzerkian hasi zen eszena zuzendari gisa (Proletkult, 1920-1923); interes bizia agertu zuen Lev Kulexov eta Dziga Vertov zinemagileen metodoekiko. Bere lehen filmetan, sortzaile paregabea zela erakutsi zuen: Stachka (1924, “Greba”) eta, batez ere, Bronenosetz Potemkine (1925, “Potemkin korazatua”), mundu osoko zinema mutuko obra nagusietako bat. Ahalmen guztiak iraultzaren zerbitzura jarri zituen eta, aurreko ildo beretik betiere, Oktiabr (1927, “Urria”) eta Staroie I Novoie (1929, “Zaharra eta Berria” edo “Lerro nagusia”) filmak egin zituen.
Sobietar Batasunetik kanpora, bukatu gabe utzi behar izan zuen Que viva Mexico, 1931-1932 urteetan Mexikon egindako filma. Saio horren ondoren, Sobietar Batasuneko Zinematografia Erakundearen zuzendaria izan zen eta zinema irakaskuntzan aritu zen. 1938an Alexander Nevsky filma egin zuen eta 1942an Ivan Groznyï (“Ivan Izugarria”) egiten hasi zen; lehen zatia 1945ean egin zuen eta bigarrena 1946-1948 bitarteko urteetan.
Ideologia iraultzailea, poetaren jeinu bizia, adimen zorrotza eta zinemako alor guztiak menderatzen dituen zuzendariaren maisutasuna bildu zituen Eisensteinek. Sobietar Batasuneko zinema maisu handienetakoa izan zen, Aleksandr Dovjenkorekin eta Vsevolod Pudovkinekin batera. Haren obrak oso eragin handia izan zuen, muntatzeko teknika berria asmatu eta garai hartako zinemaren estetika errotik aldarazi baitzuen.
Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Greba (Стачка, 1925)
- Potemkin korazatua (Броненосец „Потёмкин“, 1925) Nikolas II.a tsarraren garaian itsasontzi batean matxinada bat antolatu zen, batasunak indarra dakarrela erakusteko. Ez zen aktore profesionalik erabili eta itxura dokumentala eman zion filmari (Vertovek bezala). Harraldiak tartekatu zituen: mekanikoki ilaran aurrera doazen soldaduen planoak / errepresioaren biktimen lehen plano gogorrak. Nahasketa hori sinfonia musikal gisakoa da.
- Urria: Mundua irauli zuten 10 egunak (Октябрь: Десять дней,которые потрясли мир, 1927) Petrogradoko 1917ko urriko lanaldi iraultzaileei buruzkoa. Plano kontzeptualen muntaia ideologikoaren bitartez metafora optikoak sartzen ditu.
- Zaharra eta Berria edo Lerro nagusia (Генеральная линия edo Старое и новое, 1929)
- Gora Mexiko (Que Viva México!) (bukatugabea) (1930-1932)
- Ekaitza Mexikoren gain (Thunder Over Mexico) (1933)
- Eisenstein Mexikon (Eisenstein In Mexico) (1933)
- Heriotza Eguna (Death Day) (1933)
- Bezhin larrea (Бежин луг, bukatugabea, 1935 – 1937)
- Alexander Nevski (Александр Невский, 1938)
- Ivan Izugarria, I. atala (Иван Грозный, 1945)
- Ivan Izugarria, II. atala (1946 / 1958)
- Ivan Izugarria, III. atala (1946, bukatugabea)
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018/01/22 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sergei Eisenstein ![]() |