Andres Urdaneta
Wikipedia(e)tik
Andres Urdaneta (Ordizia, Gipuzkoa, 1508 - Mexiko, 1568) kosmografo, apaiz, esploratzaile eta marinel gipuzkoarra zen. Ospe handia hartu zuen bere garaian Itzulbidaia deritzonak ezarri baitzuen (Urdaneta bidea edo Tornaviaje), Filipinetatik Ameriketara itzultzeko ibilbidea Ozeano Barea zeharkatuz.
Eduki-taula |
[aldatu] Bizitza
Andres Urdaneta Ordizian (Gipuzkoa) jaio zen 1508an eta Mexikon hil 1568an. Aita Juan Ochoa de Urdaneta zen eta ama, berriz, Gracia de Cerain. Aita Ordiziako alkate izan zen 1511. urtean, behintzat, eta amaren aldetik, Legazpiren ahaide zen.
Kosmografoa, apaiza, marinela eta esploratzaile espainiarra, ospe izugarria hartu zuen bere garaian itzulbidaia deritzonak (Ruta de Urdaneta o Tornaviaje), hau da, Filipinetatik Ameriketara itzultzeko ibilbideak, Ozeano Barea zeharkatuz.
1525ean 17 urte zituen eta García Jofre de Loaisak Moluketara eginiko bigarren espedizioan laguntzaile gisa ontziratu zen Juan Sebastian Elkano getariarrarekin batera. Magallanes itsasartean ontzia hondoratu egin zitzaien eta, zenbait egun lehorrean egin ondoren, atzetik zetozen ontzietan sartu beharra izan zuten. Eskorbutoak Elkano eta beste kide batzuk hil zituen. Elkanoren testamentua sinatu zuen testiguetako bat bera izan zen. Moluketara iritsita, Tidor uhartean gotorlekua eraiki zuten. Gaztela eta Portugalen artean sinatutako akordioaren arabera (Tordesillasko ituna izenekoa), hura portugesei zegokien lurra zen eta, arrazoi horrexegatik, portugesek espedizioari eraso eta ontziak suntsitu egin zizkieten. Borrokek luzaro iraun zuten eta Urdaneta zauritu egin zuten. 1529an, bakea sinatu zutenean, Karlos I.a Espainiakoa.ak, Espainiako erregeak, Molukak Portugalen esku utzi zituen eta Urdaneta ez beste guztiak itzuli egin ziren. 1534a zen eta Urdanetak 26 urte zituen.
1535eko otsailaren 15ean abiatu zen eta 1536ko ekainaren 26an heldu zen Lisboara. Bertara iritsi bezain laster, portugaldarrek zeramatzan agiri guztiak konfiskatu zizkioten. Espainiako enbaxadorearen aginduari jarraituz, urrutitik ekarri zuen alaba Lisboan utzi eta Portugaletik alde egin bezain pronto, Urdanetak mapak egin zituen Moluketarako bidea markatuz eta memoria bat idatzi zuen bidaia ahalik eta hobetoen kontatuz. 1537an Espainiara itzuli zenean, uharte horien memoria entregatuko dio Karlos I.a Espainiakoa erregeari.
Mexikora joan eta agustindarren komentuan sartu zen 1553an (45 urte). Antza, hemen ezagutuko zuen Miguel López de Legazpi, beranduago elkarlanean ikusiko duguna. Urdaneta, ikerketa ezberdinak egiteaz gain, fraide lanetan zebilen, baina bere fama ez zen gelditu eta Espainiako errege berriaren belarrietaraino iritsi zen.
1559an Filipe II.ak idatzi zion, Velasco erregeordeari Moluketarainoko espedizio bat antolatzeko agindua eman ziola esanez eta Urdanetaren beharra zuela. Filipinetatik Mexikorako espedizioek behin eta berriz porrot egiten zutela ikusirik, baiezko erantzuna eman zion proposamenari. Erregeak bazekien, Tordesillaseko Itunaren arabera, Filipinak Portugalen mugapean zeudela, baina bazekien baita ere Filipinetan ez zegoela portugaldarrik. Filipinak menperatzeko eta Txinarekin merkataritza-zubi bat finkatzeko, beharrezkoa zen, Ozeano Baretik Espainia Berrirainoko (Mexikorainoko) itzulerako bide bat aurkitzea. Aurreko itzulerako bidaien bost saiakerek kale egin zuten eta Urdaneta zen erronka hura konpon zezakeen bakarra. Esan beharra dago, Asiako hego-ekialdeko harreman-hizkuntza zen malaysieraz ondo hitz egiten zuela eta tokiko zenbait hizkuntza ere ezagutzen zituela, komunikazioa erraz mantenduz.
1564ko azaroaren 21ean abiatu zen (56 urte), bere osaba eta lagun zen Miguel Lopez de Legazpi buru zutela. Bere ezagutza zientifikoen arabera, Urdanetak berak diseinatuko zuen bidaia. Filipinetara iritsi ziren. Lopez de Legazpi uhartedian gelditu zen bitartean, Urdanetak itzulbidaiari ekin zion. 1565eko ekainaren 1ean bide berri batetik abiatu zen, Filipinetako San Migueletik, eta, lehendik eginiko mapei esker, Acapulcora iritsi zen urriaren 8an, 4 hilabetetan gutxi gorabehera 20.000 kilometro egin ondoren.
Iritsi zenean, Urdanetak zera jakin zuen: Alonso de Arellano, bere tripulazio kide izan zenak, aurrea hartu zion eta, Urdanetak esplikatutako bidea jarraituz, abuztuan iritsi zen Navidad portura. Hala ere, Arellanok berri gutxi idatzi zuen eta zenbaitzuk fede txarreko ekintza kontsideratu zuten. Horregatik eman zitzaion Urdanetaren Itxulbidaia izena eta XVI eta XVII. mendeetan, eta, batez ere, Acapulco-Manila-Acapulco bidaia urtero egingo zuten galeoi espainiarrak bide hau erabiliko dute behin eta berriro.
Urdaneta Mexikoko agustindarren komentura erretiratu zen. 60 urte zituen hil zenean.
[aldatu] Urdanetaren bidaiak
Urdanetaren informe teknikoak erabakiorrak izan ziren bere garaian Pazifikoan egin ziren aurkikuntzetan eta, bereziki, Filipinetako asentamentuan. Berak eraman zuen haraino Legazpiren espedizioa eta itzulbidaia deskubritu zuen. Gainera XV. mendean fenomeno metereologiakoen garrantziaz jabetu zen eta nabigazioaren garapenean ezin dugu bere izena ahaztu.
Gaur egun ere emaitza sozioekonomikoak nabarmenak dira.
Itsasgizon honek bi espedizio handitan hartu zuen parte:
[aldatu] Loaisaren Espedizioa (1525-1537)
Itsas espedizio hau Espainiak antolatu zuen eta Molukak (1525-1526) hartu eta kolonizatzeko helburua zuen. Espainiako Karlos I.ak agindu zuen, Molukak bere inperioari eranstea nahi baitzuen. Agintea García Jofre de Loaisaren esku utzi zen eta Moluketako gobernadore ere izendatu zuten. 1525eko abuztuaren 24an (Hainbat iturrik 1524. urtea aipatzen du!) Coruñako portutik 7 itsasontzi irten ziren: Santa María de la Victoria (García Jofre de Loaisaren agindupean), Sancti Spiritus (Juan Sebastián Elcanoren agindupean), Anunciada, San Gabriel, Santa María del Parral, San Lesmes (Francisco de Hocesen agindupean) eta Santiago.
146 gizon itsasoratu ziren, haietako batzuk Elkanoren aurreko abenturan izandakoak. Rodrigo de Triana ere bertan zen, Colónen lehenengo bidaian “¡Tierra!” garrasia egin zuena.
Espedizioak arazo ugari izan zuen eta 3 barku Magallanes itsasartea ezin pasaturik geratu ziren. Ozeano Barean sartu eta 6 egunetara, berriz, 1526ko ekainaren 1ean, San Lesmes karabela galduko dute.
1526ko uztailaren 30ean Jofre de Loaisa hil zen eta abuztuaren 4an Elkano. Santa María de la Victoria bakarrik iritsi zen Lapurren Irletara (gaur Marianas Irlak). 1526ko irailaren 5a zen.
Urriaren 2an Mindanao irlara iritsi ziren (Filipinak); urriaren 22an, Célebes irletara eta urriaren 29an, Moluketara (Gilolo irlara). Moluketan, espedizioak portugesei aurre egin beharra izan zion eta gotor leku bat eraiki zuten horretarako: Tidoren.
Urte asko eman zuten Tidoren borrokan. Portugaldarren eskuetan erori eta, bat-batean, zera jakin zuten: Karlos I.ak bakea sinatu zuen (Tratado de Zaragoza (1529) eta Molukak Portugalenak ziren berriro. 1536ko ekainaren 26an iritsi ziren Lisboara bizirik jarraitzen zuten 24 marinelak, eta tartean, Urdaneta eta Moluketan izandako alaba. Eskuartean zuen dokumentazio guztia errekisatu zioten portugaldarrek eta, Urdanetak protestatzeko intentzioa bazuen ere, alde egitea komenigarriagoa zela esan zion Gaztelako enbaxadoreak.
Urdanetak mapak egin zituen Moluketarako bidea markatuz eta, 1537an Espainiara itzuli zenean, irla horien memoria entregatu zion Karlos I.ari, Loaisaren espedizioaren berri zehatzak emanez.
Méxikora joan eta agustindarren komentuan sartu zen 1553an (45 urte zituen). Felipe II.ak idatziko dio osatu behar duen Moluketarako espedizio berrian parte hartzeko eta horrela egingo du Urdanetak. Hala ere, Loaisaren bidaian ikasitakoa ez da alferrik izango.
[aldatu] Legazpiren Espedizioa (1564-1566)
Espedizioaren buru Migel Lopez de Legazpi izango zen eta Urdaneta apaiz gisa joan zen, baina bere funtzioa garbi zegoen bidaia hartan. Azken prestaketak egiten ari zirela, Velasco hil egin zen (1564ko uztailaren 31n) eta Valderramak hartu zuen bere ordea. Urdanetak jakin gabe, Filipinetara zuzenean joateko agindua zeraman espedizioan sartu zuen Valderramak. 1564ko azaroaren 21ean atera ziren Navidad portutik, zendutako erregeordearen aginduen arabera.
Filipinetara eta Cebú irlara iritsi eta gero, hasi ziren bada, helburu printzipala zena prestatzen: Mexikoranzko itzulera. Real Audiencia delakoak agindu zehatzak zituen emanak, Urdanetak aukeratutako ontzian bidaituko zuela argituz: San Pedro aukeratu zuen. Hauek ziren ontziak: San Pedro, San Pablo, Patache San Juan, Patache San Lucas eta San Pedrok zeraman fragata txiki bat.
1565eko ekainaren 1ean irten ziren Mexikorantz, Urdaneta eta berrehun bat pertsona.Bost hilabete pasa ondoren, Navidad izeneko portura iritsi ziren eta, 8 egun barru, Acapulcora. Itzulbidaia aurkituta zegoen!
Acapulcora iritsi zirenean, Mexikoko Real Audienciak ohore handiz hartu zituen eta, ondoren, Espainiarantz bidali zuten Erregeari Itzulerako bidearen parte emateko.
Sanlúcar de Barramedan lur hartu zuten eta 1566ko apirilean Filipe II.a Espainiakoa.aren aurrean zegoen Valladoliden, mapak eta nabigazio liburuak erakutsiz.
Erregea informatu ondoren, 1567ko udaberrian Mexikora itzuli zen eta 1568ko ekainaren 3an San Agustineko komentuan hil zen.
[aldatu] Itzulbidaiaren ondorioak
Bigarren espedizio honetan Andrés Urdaneta mundu mailan ospetsu bihurtu zen, Ekialdeko Indiaetatik Amerikarantz itzultzeko eta Ozeano Barea ekialderantz gurutzatzen duen biderik azkarrena eta ziurrena aurkitu zuelako. Itzulbidaia aurkikuntza handi bat izan zen mundu guztian. Kuro-Shivo itsaslasterra jarraitzen du iparraldeko 42ºtako latitudean. Berehala konturatu ziren, Filipinak Espainiaren mende izateko eta Asia, Amerika eta Europaren arteko harreman komertzialentzako aurkikuntza honek zuen garrantziaz.
Nabigazio lerro bat ezarri zen berehala Asia eta Amerika artean: Manilako Galeoia. 1566ko maiatzaren 1ean hasi zen, San Jerónimo ontzia Acapulcotik irten zenean eta, mende batzuk iraun ondoren Filipinak eta Mexiko arteko garraioa eginez, 1815ean itxi zuten, Magallanes galeoiak azken bidaia egin zuenean.
Jarraitutako bidea beti izan zen bera: 12º iparraldean Guaham-eraino joan ohi ziren zuzen-zuzen eta handik iparralderantz, Manilaraino. Itzulera Urdanetaren itzulbidea jarraituz egin ohi zen, iparraldean 42ºko paralelora iritsiz, Californiaraino jarraituz eta, kostan zehar, Acapulcora.
Urdanetaren aurkikuntzaren garrantzia ulertzeko garai hartan espezieak zuten balioa ezagutu behar dugu: azukre kainabera, iltze, intxaur moskatu, aloe, piperra, kanela, jengibrea eta abar erruz erabiltzen ziren botikak egiteko eta janariak kondimentatzeko ere bai.
Andrés Urdanetak Indietara joateko arazoa konpondu zuen eta Asia eta Amerikaren arteko harreman komertzialak ireki zituen.
[aldatu] Jakingarriak
Gehiago jakin nahi izanez gero, Ordizian, V. mendeurrena dela-eta, 2007-2008 tartean hitzaldi ugari burutuko dira.

