Bizar Zuri (postaria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizar Zuri (postaria)
Euskal Herriko mitologia
Aretxabaletako Bizar Zuri
Ezaugarriak
Sexuagizonezkoa
Ogibideapostaria


Bizar Zuri Gipuzkoako hainbat herritan Errege Magoentzako haurren eskutitzak jasotzen dituen pertsonaia da. Janzkera desberdinak erabiltzen ditu toki bakoitzean baina beti bizar zuri handi bat izaten du, hortik datorkio izena.

Debagoienan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Debagoiena eskualdean Aretxabaletara eta Bergarara etortzen da.

Aretxabaletan abenduaren 31ko ilunabarrean, Gabonzahar egunean, Bizar Zurik desfilea egiten du zaldiz. Ibilbidean zehar hainbat geldialdi izaten ditu eta Aretxabaletako haurrek Errege Magoentzako eskutitzak emateko aukera izaten dute geldialdi horietan[1]. Errege Magoen gisara jantzita dago eta ibilbidean zehar erromatar soldaduek eta suziak daramatzaten gazteek inguratzen dute[2].

Bergaran aldiz udaletxean egoten da eta han jasotzen ditu haurren eskutitzak[3]. Antzina Gabonzahar egunean etortzen zen Bizar Zuri baina 2000. urtean Errege Magoen kabalgata hasi aurretik agertzeko erabakia hartu zuten, urtarrilaren 5ean bertan[4].

Urola Kostan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zarauzko Bizar zuri.

Urola Kostako hainbat herritan agertzen da Bizar Zuri eta horietan ere Errege Magoentzako eskutitzak biltzen ditu. Getarian, Zarautzen eta Aian urtarrilaren 4an etortzen da, Errege Magoen kabalgataren bezperan hain zuzen ere, Orion aldiz urtarrilaren 5eko eguerdian. Herri bakoitzean janzkera eta ohitura desberdinak ditu:

  • Getarian traktorean etortzen da eta herriko kaleetan ibilbidea egin ondoren udaletxe azpian jasotzen ditu gutunak[5]. Kolore zuri gorriak ditu, Aita Noelen antzera[6].
  • Zarautzen karroza batean doa eta Lege Zaharren enparantzan hartzen ditu eskutitzak. Jantzi urdina du, urrezko izarra bularrean duena. Txano gorrilun handi bat darama[7].
  • Orion danborjoleek lagunduta etortzen da herriko plazara eta han hartzen ditu eskutitzak. Blusa zuria eta galtza arrosak ditu eta buruan txapela beltza[8].
  • Aian frontoian jasotzen ditu gutunak. Kolore horizko tunika darama eta buruan zapi berdea du arabiarren antzera jarria[9].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Bizar Zuri 2012 - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
  2. «Bizar Zuri» Aretxabaletako Udala (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  3. «Bizar Zuri | Bergarako Udala» www.bergara.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  4. (Gaztelaniaz) «BERGARA / Bizar Zuri, cabalgata de Reyes y marcha nocturna, en la despedida» El Diario Vasco 2007-01-05 (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  5. «Bizarzurik jaso ditu Errege Magoentzako getariarren eskutitzak ere» Urola Kostako Hitza 2019-01-05 (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  6. Sorondo, Antxon Aguirre. «Bizar Zuriren etorrera Getarian» www.3digitala.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  7. «Bizarzuri helduko da gaur arratsaldean - Zarautz» Zarauzkohitza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
  8. «Gutunak jasotzen dabil Bizarzuri, Orioko kaleetan barrena - Orio» Karkara.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-27).
  9. «Bizarzuri izan da Aian, Erregeentzako gutunak jasotzen» Urola Kostako Hitza 2019-01-05 (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]