Urola Kosta
|
Urola Kosta |
|
|---|---|
| Azalera | 108,31 km² |
| Biztanleria | 42.526 (2010) |
| Dentsitatea | 392,6 bizt / km² |
| Udalerriak | Aizarnazabal, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia |
| Herririk handiena | Zarautz (22.652 biztanle) |
| www.urolakosta.org/ | |
Urola Kosta Gipuzkoako iparraldeko erdialdean dagoen eskualdea da, kostaldekoa. Eskualdean itsasoratzen den Urola ibaiak ematen dio izena. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia (antzina Azpeitia, Azkoitia, Beizama, Errezil eta Zestoa ere bai, baina gaur egun Urola Erdia osatzen dute). Urola Kostak 108,31 km2ko ditu (Gipuzkoaren % 16,5), eta 42.526 biztanle zituen guztira 2010ean (Gipuzkoaren % 5,7 baino ez). Udalerririk jendetsuena Zarautz da, 22.652 biztanlerekin, eta bertan kokatzen da Urola Kostako Udal Elkartea. Barrualdeko bi udalerriak jende gutxikoak izanik, kostaldekoen artean Zumaia nabarmen daiteke Zarautzen ondotik, 9.327 biztanlerekin, eta itsasertzean daude bilduta eskualde honetako biztanle gehienak.
Eskualdeko ekialdea, batez ere Orio eta Zarautz, oso lotuta daude Donostialdeko eskualdearekin, bere eremu funtzionalaren parte baitira. Bestalde, Orio historikoki Beterriko parte izan da, eta beraz, Donostialdeko parte.
Hizkuntzari dagokionez, Urola Kosta da elebidun gehiago duen eskualdea. Euskara nagusia da herri txikietan eta herri handietan (Zarautz), gaztelaniak garrantzi handia du.
Eduki-taula |
Geografia [aldatu]
Mugakideak [aldatu]
Urola Kostak mugakide ditu iparraldean Kantauri itsasoa, hegoaldean Urola Erdia, ekialdean Donostialdea eta mendebaldean Debabarrena.
Udalerriak [aldatu]
| Udalerria | Alkatea | Alkatearen alderdi politikoa |
Biztanleak (2010) | Biztanleen ehunekoa, Urola Kostako guztizkoan |
Lur eremua (km²) |
|
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | Zarautz | Juan Luis Illarramendi Roteta | Bildu | 22.652 | 53,3 | 14,80 |
| 2 | Zumaia | Iñaki Agirrezabalaga Alkorta | Bildu | 9.327 | 21,9 | 11,28 |
| 3 | Orio | Beñat Solabarrieta Albizu | Bildu | 5.149 | 12,1 | 9,81 |
| 4 | Getaria | Nika Lertxundi | Bildu | 2.688 | 6,3 | 10,6 |
| 5 | Aia | Igor Iturain Ibarguren | EAJ | 1.999 | 4,7 | 55,27 |
| 6 | Aizarnazabal | Alvaro Villar | Bildu | 711 | 1,7 | 6,55 |
| Urola Kosta | 42.526 | 100 | 108,31 |
Natura ingurunea [aldatu]
Morfoegituraren aldetik ikusita, bi gune daude. Iparraldean, Tertziarioko itsasaldeko mendi saila, hau da, Igeldo-Mendizorrotzeko mendebaleko muturra; Oria ibaiak itsasoratzean sortzen duen adarrak eteten du. Handik aurrera, mendi sailak ozta-ozta jarraitzen du, Orioko gainetik, berriz ere Getariako sektore deritzanean agertzeko, hots, San Anton mendian (Getariako arratoia). Sektore hori Urola ibaiaren itsasoratzeak eteten du, eta handik aurrera Mariantongo muturrean eta San Telmoko hondartzan jarraitzen du. Itsasaldeko mendikatearen hegoaldean, sakonune bat osatzen dute kanpoaldeko igarobideak (Oriako sektorea) eta Zarauzko apalguneak. Litologiaren aldetik ikusita, kanpoaldeko igarobidea tuparriz eta kare harri nahasiz dago osatua. Hemen sartzen da, hain zuzen ere, sektore hori itsasoan; horrela zabaltzen da, hondar pilaketa batek lagundurik, Zarauzko hondartza. Alderdi horretan dago baita ere Zarauzko diapiroa.
Urola ibaia Aizkorriko mendilerroaren iparraldeko isurialdean (Urola Garaia eskualdean) sortzen da, karstetako ur jarioen indarrez. Altzolaraz, Ibaieder (urtegia dauka), Errezil eta Urrestilla erreken urak jasotzen baditu ere, isuria batez beste ez du oso ugaria: 8,5 metro kubiko segundoko. Urola Kostan itsasoratzen da, lehenik Aizarnazabal eta gero Zumaia zeharkatuta, eta hondar multzo handiak utzirik. Eskualdeko ipar-ekialdea Oria ibaiak zeharkatzen du. Itsasoratzean alubioizko ordoki bat osatzen du; oraindik padura txiki batzuk gelditzen dira alderdi horretan.
Moila luze baten babesean, Orioko hondartza dago. Iparraldean eta alderdi lauetan belardiak dira nagusi eskualde honetan. Gainerakoan, pinudiak, larreak eta hariztiak dira. Interes naturalistiko berezia du Pagoetako natura parkeak.
Euskara [aldatu]
Erdialdeko euskara edo gipuzkeraren aldaera bat eskualdeko hizkera da, eta hizkuntzaren erabilera maila oso altua daukate. Zarautzen bi ikastola, Salbadore Mitxelena eta Oteitza Lizeoa, eta Orion bat, eta bertso-eskola bana, Aizarnazabalen eta Zumaian,daude eskualde honetan.
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Urola Kostako Udal Elkartea
- (Euskaraz)"Urola Kostako Hitza"ren webgunea
|
|||||||
| Gipuzkoako eskualdeak | ||
|---|---|---|
|
Bidasoaldea | Debabarrena | Debagoiena | Donostialdea | Goierri | Oiartzualdea | Tolosaldea | Urola Erdia | Urola Garaia | Urola Kosta |
||
|
|||||||||||||||||||||||||
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.