Eguberria
Eguberria, Eguberriak edo Gabonak egun berriaren ospakizuna da, hau da, eguna berriz luzatzen hasten dela ospatzeko jaia, neguko solstiziokoa. Azken mendeotan, Kristautasunak bereganatu du, izen horiek mantenduz eta Natibitatea izena ere erantsiz, Jesukristoren jaiotza ospatzeko (ez dago batere frogarik garai horretan jaio zenik; baina, antzinako ospakizun pagano handiari, kristau ospakizun handia jartzea zegokion). Gaur egungo kristauentzat jai garrantzitsuenetakoa da, Aste Santuarekin eta Mendekosterekin batera; eta paganoentzat ere halaxe izaten jarraitzen du, duela milaka urte bezala.
Ohitura paganoen ezaugarri dira zuhaitzen gurtza (Eguberriko izeia) eta opariak dakartzan pertsonaia (Olentzero, Euskal Herrian; Tió de Nadal, Katalunian; Bizarzuri —Santa Claus eta Aita Noel izenez ere ezaguna—, beste hainbat tokitan). XX. mendearen bigarren erdiaz geroztik, kontsumismoak oparien ohitura hori bultzatu eta muturreraino eraman du, Eguberria kontsumismoaren jai nagusi bihurtzeraino: munduko gizarte kontsumistenetako erdi eta goi mailetako jendeek, urte sasoi horretan, diru kopuru handiak xahutzen dituzte opariak erosten.
Kristauentzat, Eguberria egun handia da, urte sasoi horretako ospakizunaren gailurra, eta amaiera kristau gehienentzat, abenduaren 25ean. Egun horretan, Jesukristoren jaiotza ospatzen dute Erromatar Eliza Katolikoak, Eliza Protestanteak eta Errumaniako Eliza Ortodoxoak. Ekialdetar Eliza Ortodoxoak berriz, urtarrilaren 7an ospatzen du, ez baitzuen gregoriotar egutegia onartu.
Eduki-taula |
Jatorriak [aldatu]
Argiaren festa [aldatu]
Eguberri hitzak, hainbat mendez kristau tradizioak estali baldin badu ere, neguko solztizioa, eguna luzatzen hasten den garaia eta ondoriozko ospakizuna adierazten dizkigu, «egun berri» baita hitz horren jatorria. Gabon («gau on») edo gabonak («gau onak») terminoek ere ildo bereko kutsua eta jatorria dituzte.
Eguna (argi orduak) pixkanaka laburtuz doan aldia amaitzearen eta geroztik luzatzen hastearen fenomenoa gizakiak tropikotik kanpo bizitzen hasi zenetik ezagutu zuen. Iraupena zehatz-mehatz neurtzen ez zuen arren, tropikoetatik at oso nabarmena da aldaketa hori (zenbat eta poloetatik hurbilago, orduan eta nabariago). Euskal Herrian eguzki argiaren iraupena 9 ordu izatetik 16 ordu izatera pasatzen da, solstizio batetik bestera. Gure espezieko gizakia inguru honetan kokatu zen garai hartan, gizakiak sua erabiltzen bazekien, baina haren argitasuna oso mugatua da (eguzkiarenarekin alderatuta), eta suaren erabilerak ere muga latzak zituen. Beraz, eguna luzatzen hastea oso gertakari pozgarria behar zuen izan, askatasun handia ematen zien argiak.
Horrenbestez, argiaren festa da, eta tropikoen arteko lurraldeetatik kanpoko zibilizazio guztiek ospatu izan dituzten eguzkiaren fase aldaketetako bat.
Jesukristoren jaiotza [aldatu]
Natibitatearen ospakizuna Maria sortzez garbiaren festarekin hasten da, abenduaren hasieran. Honetan aingeruak Jesusen ama izango zenari Izpiritu Santuaren eraginez haurdun geratuko zela jakinarazi zionekoa ospatzen da. Abendua, beraz "adventus" edo "etorrikoa"ren itxaronaldia da. Ez da segurua Nazareteko Josu (Joshua edo Yeshua) abenduaren 24etik 25erako gauean jaio zela, antza denez udaberria ala uda behar zuen izan. Eta Elizak data honetan kokatu baldin bazuen, kristauak ez ziren ospakizunak estaltzeko izan zela ere badirudi, erromatarren Saturnaliak, esaterako.
Espainian eta hispanoamerikako leku batzuetan Epifania ospatzeko ohitura dago, Errege Magoen ospakizun modura. "Epifania" hitzak manifestazioa eta gertakari mirarizkoa esan nahi du eta Nazareteko Jesusek bere burua ezagutzera eman zueneko hiru gertakari bereziek jasotzen baldin badute izen hau (beste biak dira: haren bataioa Jordan ibaiaren uretan eta Joan bataiatzailearen eskutik; Kanaako eztaiak), Ekialdeko hiru jakitun edo aztiek bera seaskan gurtzera etorri zirenekoa urtarrilaren 6ean ospatzen da, Gabonen edo Eguberrien amaiera modura.
Ospakizunak [aldatu]
Oturuntzak [aldatu]
Eguberrietako ospakizunik zabalduenetakoak dira oturuntzak. Familiak eta adiskideak mahai inguruan biltzen dira. Euskal Herrian, bereziki garrantzitsuak dira Gaboneko afaria (abenduak 24), Eguberriko bazkaria (abenduak 25), urte zahar eguneko afaria (abenduak 31) eta Erregetako bazkaria (urtarrilak 6).
Apaingarriak [aldatu]
Apaindura bereziek tradizio luzea dute historian zehar, eta Gabonetako hiru kolore nagusiak berdea (zuhaitzena), zuria (elurrarena) eta gorria (bihotzena eta Santa Clausena) dira. Gabonetako zuhaitza, hasteko, Alemanian erabiltzen hasi zen dirudienez, XVIII. mendean. Ordutik, oso ohitura zabalduta dago munduan zehar izeia ipintzea hala kalean nola etxean, hainbat apaingarrirekin, bolak, argiak eta abar. Douglas izeia da zehazki ohikoena. Internet erabiltzaile amorratuentzat sortu dira izei itxurako USBak eta baita elur-panpina itxurakoak ere.
Bestela, kaleetako argia bereziak, jaiotzaren irudiak (Jesus, Maria, Jose, astoa, idia, aingeruak, artzainak, ardiak, Ekialdeko Aztiak eta abar), ezkilak, kandelak eta galtzerdiak apaingarri tipikoen artean ditugu.
Musika [aldatu]
Lehendabiziko Gabonetako ereserkiak Antzinako Erromaren garaian sortu zituzten, IV. mendearen inguruan. VIII. eta IX. mendeetan mota honetako musika sartu zen Ipar Europako monasterioetan, eta XII. mendean Paris aldeko monje batek herrikoi abestietaranzko trantsizioa egin zuen, gaur egungo Gabon Kantak direnak. "Adeste Fidelis" ezaguna, adibidez, XVIII. mendean konposatutakoa bada ere, Erdi Aroko hitzek osatzen dute. Protestantismoaren barruan, bestela, Martin Luther gabon kanten bultzatzailea izan zen, Aro Modernorako bidean.
Austrian eta XIX. mendeko hasieran "Stille Nacht, heilige Nacht" ("Silent night", "Noche de paz" edo "Gabon gaua") abesti guztiz famatua konposatu zuten, eta urte batzuk geroago "Jingle Bells" sortu zuten AEBetan. Bestela, "Hator hator" euskal abesti ezaguna Jesus Guridik egin zuen.
Azkenik, nabarmentzekoa da Vienan (Austria) hiriko Orkestra Filarmonikoak urtero urtarrilaren 1ean urteberri-egunean egiten duen kontzertua, mundua osorako zuzenean ematen dutena. 1939an emanaldi hau lehen aldiz egin zuten.
Opariak [aldatu]
Oso ohitura zaharra da munduan zehar umeei Gabonetan opariak ematekoa, bai eta helduen artean ere. Horretarako, klasikoa da misterio giroa sortzea oparien ekarlearen inguruan, eta horren adibide nagusia da mundu mailan hedatu den Bizarzuriren irudia, anglosaxoi herrialdeetan Santa Claus izenarekin berrasmatua eta Frantzian Aita Noel izenarekin jarraitua.
Espainian eta Latinoamerikako herrialde batzuetan Errege Magoak pertsonaia garrantzitsuenak dira zeregin honetan, eta Euskal Herrian azken hamarkada hauetan indarra hartu du Olentzerok.
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Ingelesez) Eguberriari buruzko ataria
- (Gaztelaniaz) Navidad y Saturnalia
- (Euskaraz) Gabonen jatorriari buruzko artikulua Argian
- (Euskaraz) Eguberrietako kontsumo ohiturei buruzko ale berezia Consumer Eroskin