Gorosti

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gorosti
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Plantae
Kladoa: Angiospermae
Kladoa: Eudicotyledoneae
Ordena: Aquifoliales
Familia: Aquifoliaceae
Generoa: Ilex
Espeziea: Ilex aquifolium
L.

Gorostia (Ilex aquifolium) zuhaixka edo zuhaitz txiki dioikoa da (ale batzuk arrak eta beste batzuk emeak dira), 10 m-rainokoa. Gorostia Europako hegoaldean eta ekialdean, Afrikako iparraldean eta Asiako hego-mendebaldean zabaltzen da. Iberiar penintsulan ugaria da ipar-erdian eta eskasa hegoaldean.

Zuhaitz hau dioikoa da, hau da, ale eme eta arrak daude eta soilik emeek dituzte fruitu gorri karakteristikoak. Emeen gehiegizko ustiatzearen ondorioz, hala ere, gaur egun gorostia babesturiko zuhaitza da. Euskal Herriko toponimian eragin handia izan du (Gorostitza, Gorostiaga...).

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaixka edo zuhaitz txikia izaten da; 10 m-rainokoa eta oso adarkatua. Enborraren azala leuna eta grisaxka izaten da gaztetan, ondoren arre bihurtzen delarik. Aldiz, adarrak tente ditu bortizki eta kolore berde distiratsua dute.

Hostoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hostoak, iraunkorrak eta oso koriazeoak dira, obatu eta luzanga-eliptiko bitartekoak, hortz zorrotzez hornituak dira, nahiz eta zenbaitetan ertza leuna izan. Edozein kasutan, ertza kartilaginosoa izaten da. Hosto sinple txandakatuak dira, ilegabeak. Linboa 5,5-12 x 2,5-6 cm-koa da, eliptikoa edo obatua eta mutur zorrotza du. 3-15 mm-ko pezioloa dute, ilerik gabea edo ile gutxi dituena. Hostoak berde ilunak dira gainaldetik eta oso distiratsuak. Azpialdea berriz, kolore nahiz distira aldetik motelagoa du.

Loreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lore arrak goian eta emeak behean.

Gorostia landare dioikoa da, hau da, gorosti emeak eta arrak daude. Loreak, beraz, unisexualak dira, oso txikiak eta txuri edo arrosak. Lore aktinomorfoak dira, tetrameroak, eta galtzarbetan agertzen dira, infloreszentzia pilatuetan. Kalizak 4 sepalo ditu, 1 x 1-1,5 mm-koak, obatuak, pubeszenteak eta oinarritik lotuak. Korolak ere 4 petalo ditu, 4-5 x 2-3 mm-koak, zuriak, oblongo-obobatuak, glabroak eta oinarrian lotuak.

Androzeoa petaloekin txandakatzen diren estaminez eratuta dago eta korolaren oinarrian daude lotuta. Aldiz, lore emeek obario superoa dute, tetralokularra eta primordio seminal bakarra duena kabitateko.

Fruituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fruituak

Fruitua drupa txiki bat da, kolore gorri bizikoa eta adar edo hostoen kolore eta distirarekin kontraste nabarmena sortzen duena. Tamainaz, 9-9,6 x 6,5-7 mm-koa da, globosoa eta glabroa. Heldutasunean 7-8 mm-ko haziak ditu.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banaketari dagokionez, ia Europa osoan zehar dago, Asiako alde gehienetan eta Afrikako Iparraldean ere bai. Euskal Herrian, hegoaldean eta Pirinioetako mendi gailurretan izan ezik, gainerakoan bananduta dago.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ia baso mota guztietan aurki daiteke, lur sakon eta freskoetan. Itzala behar du eta tenperatura epelak. Lur pixka bat azidoak behar ditu (pH 4,5-7,5) eta ez da hazten asko ongarritutako lurretan.

Fenologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apiriletik ekainera bitartean loratzen da eta fruituak udazkenean heltzen dira, askotan hurrengo udaberrira arte zuhaitzean geratzen direlarik.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere zura oso gogorra eta astuna izaten da, tornularitzan eta zurgintzan estimatua eta erabilia, nahiz eta lantzen zaila izan. Sendabelartzat ere erabili ohi da gorostia; toniko, sudorifiko eta sukarraren kontrako modura. Dituen substantziak taninoak eta gai mikatzak dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marasmius hudsonii eta Trochila ilicina onddoak, gorostiaren eroritako hosto hiletan hazten dira.

Gorostiaren inguruko ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorostiaren adarrak, fruitu gorriekin batera, Eguberrietako apaingarri moduan erabiltzen dira Europako hainbat herrialdeetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gorosti Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Ilex aquifolium