Equus hydruntinus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Equus hydruntinus
Pleistozeno-0,0004 Ma

Equus hydruntinus baten hanka fosila
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaPerissodactyla
FamiliaEquidae
LeinuaEquini
GeneroaEquus
Espeziea Equus hydruntinus
Regàlia, 1904

Equus hydruntinus edo Europar basastoa, gaur egun desagertutako ekido bat izan zen, onagroen oso antzekoa eta Europan zein Ekialde Ertainan, Euskal Herria barne, bizi izan zena 300.000 urtetan zehar baino gehiago.[1] Esan bezala Europar basastoa da bere beste izenetariko bat, nahiz eta espezie honek astoekin baino beste ekidoekin zer ikusirik gehiago izan.[2].

Equus hydruntinus espeziearen aztarnarik zaharrena Okzitaniako Lunèl Vièlh herrian aurkitu zuten, eta 350.000 urteko adina zuela ondorioztatu zuten. Pleistozenoaren amaieran espeziea Mendebaldeko Eurasiako ia gune gehienetara hedaturik zegoen, Ekialde Hurbiletik Europaraino, bereziki Mediterraneoaren inguruan. Garai hartako fosilak aurkitu dira Sizilian, Turkian, Iberiar Penintsulan zein Frantzian. Espeziea aureneko aldiz Italiako Otranton deskribatu zuten, 1904. urtean. Carlos Nores ikerlariaren arabera, XXI. mende arte ez da agertzen Equus hydruntinusen hezurdura oso bat. Ordura arte hanka puzka eta hagin batzuk besterik ez ziren aurkitu. Baina beste aldetik hainbat paleontologok tamainaz zaldia izan ezin zitekeen edozein aztarna sistematikoki Equus hydruntinustzat hartzen zuten, espeziearen inguruko nahasmendua areagotuz.

Espeziea burdin aroan iraungi zen, nahiz eta hainbat teoriek, gaur egun indarra galdu duten arren, Equus hydruntininus Iberiar Penintsulan XVI. mendera arte iraun zuen enzebro izeneko ekido basatiarekin lotzen dute[3].

Taxonomiaren arazoak Equus Hydruntinusekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ustez Equs hydruntinus bat Frantzia hegoaldeko "Les trois Frèdes" harpean marraztuta

Denbora luzez paleontologoek zailtasunak izan dituzte espeziea ekidoen zuhaitz filogenetikoan kokatzeko. Kontutan hartuz Equus hydruntinusek antzinako ekidoen hainbat ezaugarri partekatzen duela, zebrekin esate baterako, eta ezaugarri deribatuak asto eta onagroekin. Paleontologiaren azterketek, bereziki nahiko osorik aurkitutako burezur baten inguruan, Equus hydruntinusen Equus quagga burchellii zebrarekiko edo astoekiko senidetasun hurbila baztertzen dute, haginen morfologia dela eta. Dena den hagin morfologia ezaugarri eskasa izan daiteke taxonomiarako bakarrik ekidoen arteko harreman filogenetikoak ezartzeko orduan. Duela gutxi aurkitutako eta ongi kontserbatutako buruhezur batek espeziea onagroekin lotuko luke,[1] zenbait ikerlariren arabera.

Stenoar ekidoak Equus generoaren aurreneko espezieak dira, eta Ipar Amerikan agertu ziren duela lau milioi urte.

Espeziearen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere arbaso batzuk Ipar Ameriketatik Eurasiara gurutzatu zuten Bering itsasartean barrena. Hantxe Pliozeno eta Pleistozenoaren artean Equus livenzovensis aurkitzen dugu jada. Handik aurrera stenoar familia handia espezie askotan joan zen banatzen, eta hainbat azpigenero ere sortu ziren haiengandik; zebrak, onagroak, astoak...

Laugarren aroan hainbat ekido izan ziren Eurasian; Equus stenonis, Equus senezensis, Equus athanasiui, Equus apolloniensis, Equus westi, Equus altidens eta gure Equus hydruntinus bera. Esan daiteke ekido guzti hauek tarteko ezaugarriak zituztela zaldi, zebra onagro eta astoen artean.[4]

Krimean eta Iranen lortutako ADN mitokonrialaren hainbat laginek agerian utzi dute Equus hydruntinus eta Equus hemionusen (onagro) arteko gertutasun genetikoa.[5] Egun hainbat ikerlarirentzat onagro espezie guztiak, irauten dutenak zein desagertuak, onagro espezie bakar baten tokiz tokiko azpiespezieak baino ez dira.[6] Horiek horrela, Equus hydruntinus oso gertu litzateke egungo onagroetatik.

Esan bezala, Equus hydruntinus lehendabizikoz erdi pleistozenoan agertu zen. Equus hydruntinis Equus altidensen[7] ondorengo zuzentzat hartzen da.[7] Badira espeziearen aztarnak Espainian, Frantzian, Alemanian, Azerbaijanen, Kazakhstanen eta Ipar Afrikan, azken horretan Goi Pleistozenoan. Espeziea Holozenon iraungi zen, baina enzebroaren kasua argitzeke dago oraindik, esan bezala.

Azken urtetan hainbat ikerlek berriz Equus hydruntinus espeziearen inguruan beste hipotesi bat zabaldu dute: abere hauek zer ikusi handiagoa zutela zaldiekin, onagroekin baino.[8] Hipotesi horrek enzebroaren inguruko hainbat ezaguera historikorekin bat dator. Abere bat, zaldia dena, baina onagroen eite batekin. Equus altidensen ondorengoa izanik, areagotu egiten da zaldiekiko gertutasuna.

Paleolitoko jendeak erruz ehizatu zuen basasto hura.

Equus hydruntinus eta iberiar enzebroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Enzebro»
Antzinako przewalski zaldiak marrazki batean. Nabarmena da onagroekiko antzekotasuna.

Hainbat teoriek Iberiar Penintsulan garai historikoak arte mantendu zen enzebro izeneko ekido bat, toponimian eta erdi aroko agirietan erruz agertzen dena, tarpanarekin lotzen dute, eta bere azken oinordekoak sorria zaldiak lirateke. Beste hainbatentzat ordea, enzebrak edo enzebroak Equus hydruntinus edo Europako basa astoak lirateke, Iberiar Penintsulan XVI. mende arte iraun zutenak, nahiz eta Eurasiako gainontzeko lurraldeetan askoz lehenago galdu omen ziren.

Dena den gaur egun Equus hydruntinusen teoriak enzebroari lotuta indarra galdu du, eta tarpan edo basazaldi iberiarrena indartu. Tarpan bezalako antzinako equido basatiek antzekotasun handia zuten onagroekin. Esan behar da, esate baterako, Nikolai Przhevalski esploratzaileak lehendabiziko przewalski zaldiak topatu zituenean, aurreneko unean onagroaren mota bat zirela iruditu zitzaiola.

Edozein moduan, paleontologiaren bidez oso zaila da bereiztea equido espezie hauek, bereziki askotan lagin gutxi daudelako, eta kasu askotan elkarrekin nahastuak aztarnateki arkeologikoetan. Toponimiaren arabera, enzebro hauek Euskal Herrian ere zabaldurik egon ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]