Espainiako Langile Alderdi Sozialista
| Espainiako Langile Alderdi Sozialista Partido Socialista Obrero Español (PSOE) |
|
|---|---|
| Presidentea | José Antonio Griñán |
| Idazkari nagusia | Alfredo Pérez Rubalcaba |
| Sorrera | 1879 |
| Egoitza nagusia | Madril |
| Ideologia politikoa | zentroezkerrekoa, sozialdemokrata eta progresista |
| Nazioarteko afiliazioa | Europako Alderdi Sozialista Sozialista Internazionala |
| Espainiako Diputatuen Kongresuan 110 / 350
Espainiako Senatuan 64 / 266
Europar Legebiltzarrean 23 / 54
|
|
| www.psoe.es | |
Espainiako Langile Alderdi Sozialista edo ezagunago Espainiako Alderdi Sozialista (gaztelaniaz Partido Socialista Obrero Español PSOE) Espainiako alderdi politikoa da. 1879ko maiatzaren 2an sortu zuen Pablo Iglesias langileak, Madrilen.
Eduki-taula |
Historia [aldatu]
P. Iglesias-ek, A. García Quejidok eta Matías Gómezek, besteren artean, 1879an sortu zuten espainiar erakunde politikoa. El Socialista aldizkariaren sorrerak (1886) eta UGT sindikatuarenak (1888) indartu zuten alderdiaren hasierako ibilbidea. Batzorde nazionaleko lehendakari P. Iglesias aukeratu ondoren, gauzatu zen alderdiaren oinarrizko jokabidea: langileen erreibindikazioak bultzatzea, hauteskundeetan parte hartzea, alderdi burgesen, baita errepublikanoen ere, kontra jardutea etab.
Bartzelonako 1909ko matxinadaren eta Lehen Mundu Gerraren ondorioz, errepublikazale eta anarkistengana hurbildu zen PSOE. III. Internazionalean, alderdiko gehiengoak Internazionalaren kide izateari uko egin zion; hala, PSOEtik alde egin zuen talde handi batek, eta PCE alderdia sortu zuten. Hurrengo urteetan, Primo de Riveraren diktadura garaian, alderdiak garai hartan zuen krisia gainditu nahiz, lankidetzaren alde jokatu zuen, eta hala gobernuan ere parte hartu zuen. Horren ondorioz, ez komunistek ez anarkistek zuten indarra lortu zuen PSOEk; asko hazi zen garai hartan, nekazari giroan batez ere. Besteiro eta Largo Caballeroren lehendakaritzapean, gobernu errepublikanoetan parte hartu zuen, eta arrakasta handia izan zuen 1936ko hauteskundeetan, Frente Popular koalizioaren baitan.
Alderdi barneko arazo ideologikoak Gerra Zibilaren amaieran areagotu ziren (1939) eta Tolosako eta Suresnesko biltzarretan (1972 eta 1974) buruzagi historiko batzuek dimisioa eman zuten (R. Llopisek horien artean). Horrekin batera, talde berri batek, Espainian egoitza zuenak, beretu zuen alderdiaren agintaritza (Felipe González, idazkari orokor izendatu zutena, A. Guerra, P. Castellanos). Franco hil (1975) eta alderdia legeztatu zenean, 1977 eta 1979ko hauteskundeetan parte hartu zuen, eta oposizioko talde nagusi bihurtu zen.
1979an, PCErekin batera, arrakasta handia izan zuen Espaniako hiri handietan, eta, marxismoa baztertuta, 1982an garaipen handia, gehiengo absolutua, lortu zuen hauteskunde orokorretan; F. González izan zen beraz Gobernuko Lehendakari. 1986ko hauteskunde orokorretan, berriz ere lortu zuen gehiengo absolutua, eta F. Gonzálezek jarraitu zuen gobernuburu. Hurrengo urteko udal, autononomia eta Europako legebiltzarreko hauteskundeetan ordea, zerbait jaitsi zuen. Ekonomia eta hezkuntza alorreko politikan batez ere izan ditu kritika handienak; bide horretatik, UGT sindikatua, hasiera-hasieratik PSOEren aldeko izan zena, argi eta garbi jarri zen alderdiaren kontra.
1989 eta 1991eko hauteskundeetan botoak galtzen jarraitu zuen PSOEk, baina hala ere boto gehien zituen alderdia izaten jarraitu zuen. Bestalde, arazo handiak izan zituen urte horietan alderdi barneko joera desberdinak direla eta.
Lurralde federazioak [aldatu]
- Andaluziako Langileen Alderdi Sozialista (Andaluzia-PSOE).
- Aragoiko Sozialisten Alderdia (Aragoi-PSOE).
- Kanarietako Alderdi Sozialista (PSC-PSOE).
- Kantabriako Alderdi Sozialista (Kantabria-PSOE).
- Gaztela-Mantxako Alderdi Sozialista (PSCM-PSOE).
- Gaztela eta Leongo Alderdi Sozialista (Gaztela eta Leon-PSOE).
- Kataluniako Sozialisten Alderdia (PSC).
- Ceutako Alderdi Sozialista (Ceuta-PSOE).
- Madrilgo Alderdi Sozialista (PSM-PSOE).
- Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN-PSOE).
- Valentziar Herriko Alderdi Sozialista (PSPV-PSOE).
- Extremadurako Langileen Alderdi Sozialista (Extremadura-PSOE).
- Galiziako Alderdi Sozialista (PSdeG-PSOE).
- Balear Uharteetako Sozialisten Alderdia (PSIB-PSOE).
- Errioxako Langileen Alderdi Sozialista (Errioxa-PSOE).
- Melillako Alderdi Sozialista (Melilla-PSOE).
- Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra (PSE-EE-PSOE).
- Asturiasko Federazio Sozialista (FSA-PSOE).
- Murtziako Erkidegoko Alderdi Sozialista (PSRM-PSOE).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak [aldatu]
- (Gaztelaniaz) PSOEren webgune ofiziala
- (Euskaraz) Euskadiko Alderdi Sozialista
- (Ingelesez) Europako Sozialistak
- (Gaztelaniaz) El Socialista, PSOEren hilabetekaria