Itziar Iñarra Oiarzabal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itziar Iñarra Oiarzabal

Bizitza
JaiotzaOiartzun1959ko maiatzaren 31 (64 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmendigoizalea eta ekintzailea

Facebook: 100012257531482 Instagram: inarraoiarzabal Edit the value on Wikidata

Itziar Iñarra Oiarzabal  (Oiartzun, Gipuzkoa, 1959ko maiatzaren 31) euskal mendizale eta herri ekintzaile oiartzuarra da.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itziar Iñarra senideekin batera.

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaldetxo auzoko Intxaurmendi etxean jaio zen, bost senideren artean bigarrena. Ama, Iñaxi Oiarzabal, Oiartzungo Zamora baserrikoa. Aita, Manuel Iñarra, Orereta-Errenteriako Melondegi baserrikoa. Auzoko eskolan egin zituen ikasketak Luisa Berrondo Iartzabal Oiartzungo maistrarekin, lehendabizi; Pasaiako Begoña Borda erdaldun peto-petoarekin, gero.

Amak proposatuta, herriko Mesedeetako mojen eskolara joan bazen ere, gustatu ez eta atzera Ugaldetxoko eskolara itzuli zen eta hantxe amaitu zuen 14 urte bitarteko eskola garaia.

Lanbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1976ko azaroaren 4an, hamazazpi urte zituela, Ugaldetxon dagoen Tajo Group enpresan hasi zen lanean. Hasieran, tailerrean, montajean, lan egin zuen eta 1980tik jubilatu bitarte bulegoan jardun zuen, pertsonal sailean. Jubilatuta dago, 44 urtez beharrean aritu ondoren.

Herri ekintzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Girizia Mendi Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itziar, Sonabia-Santoña zeharkaldian.

Itziar Girizia Mendi Taldearen sortzailea izan zen, 1986an. Urte horretako martxoaren 16an, Girizia Mendi Taldeak Aiako Harrira egin zuen lehen irteera, Txurrumurru  tontorrera (826 m). Han, besteak beste, Xabier Landa Lizarrek egindako txoria jarri zuten, txukun-txukun eta tinko.[2] Oraindik ere horrelaxe jarraitzen du.[3]

Sortu ondoren, hilabetero irteerak antolatzeari ekin zion mendi taldeak, Euskal Herriko mendi tontorrak ezagutzeko, baita Pirinioak ere.[4][5] Urte hasieran, berriz, Aiako Harrian jartzen du hitzordua, Ama Birjinaren aitzuloan, urte berria modu osasuntsuan hasteko. [6][7][8]

Aste Santuko oporretan Espainiako hainbat tokitara ere gerturatu dira taldeko mendizaleak, hala nola: Extremadura; Guadalajara eta Cuenca; Katalunia; Gredos mendilerroa

Ohikoak dira urtarrilean sagardotegi batera antolatzen duen ibilaldia eta bazkaria, baita urte amaierako Negu Jaia ere.[9]

Mendi Taldearen 25. urteurrena ospatzeko, berriz, Marokora joan ziren eta, besteak beste, Atlas mendikateko Tubkal mendia (4.167 m) igo zuten.[10]                                                          

Mendi taldeak urtero 300 mendizale federatzen ditu, horietatik 208 oiartzuarrak dira (2022ko datuak); besteak, Orereta, Irun, Hondarribia, Astigarraga, Hernani, Donostia… aldekoak izaten dira.[11]

Urtetan, Mendi Taldeak eskalada ikastaroak antolatu izan ditu. Era berean, buru-belarri parte hartu zuen Oiartzungo Arritxulo aterpetxearen sorreran.

Mendizaleen Basoa ere antolatu izan du urtez urte, Oieleku parajean. Denetara ia 300 zuhaitz landatu dituzte. Gaur egun, basoa zaintzea, behar denean belarra moztea, zuhaitzak kimatzea eta txukun mantentzea da taldearen ardura.[12]

Urtero-urtero, Mendi Jardunaldiak ere prestatu ditu Mendi Taldeak. Oiartzun aldera oso mendizale ospetsuak gonbidatu ditu Mendi Taldeak, arrakasta handiz, hala nola: Mari Abrego, Josema Casimiro, Kike de Pablo, Adolfo Madinabetia, Iñaki Otxoa de Olza zena, Pou Anaiak, Jon Beloki, Edurne Pasaban, Josune Bereziartu, Alberto eta Felix Iñurrategi (behin baino gehiagotan), Patxi Usobiaga, Xabier Erro, Felipe Uriarte, Juan Vallejo, Carlos Suarez, Ekaitz Maiz, Alex Txikon, Trini Cornellana[13]

Hirumilakoen, laumilakoen eta bosmilakoen igoerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itziar Iñarra Kilimanjaron 2024an.
Itziar Mont Blanc-eko gailurrean (4.809 m)

Ehundaka mendi igo ditu Itziarrek, Euskal Herrian, Pirinioetan, Sierra Nevadan, Kanariar uharteetan, Etiopiako Simien mendietan, Marokoko Atlas mendikatean edota Tanzanian. Hona hemen hirumilakoen, laumilakoen eta bosmilakoen igoerak:

Itziar Fermin Zabalegirekin, Bwahit mendian (4437 m)
  1. Algas (3.036 m) Pirinioak
  2. Argualas (3.046 m) Pirinioak
  3. Aneto (3.404 m) Pirinioak
  4. Astazus (3.071 m) Pirinioak
  5. Bachimala (3.177 m) Pirinioak
  6. Balaitus (3.144 m) Pirinioak
  7. Besiberri (3.014 m) Pirinioak
  8. Bwahit (4.427 m) Simien mendiak, Etiopia
  9. Cambiel
  10. Garmo Negro (3.051 m) Pirinioak
  11. Gran Facha (3.005 m) Pirinioak
  12. Infiernos (3.014 m) Pirinioak
  13. La Munia (3.005 m) Pirinioak
  14. Lustou (3.023 m) Pirinioak
  15. Maladeta (3.308 m) Pirinioak
  16. Marbore (3.248 m) Pirinioak
  17. Marmolada (3.343 m) Dolomitak mendikatea, Alpeak
  18. Mont Blanc (4.809 m) Alpeak
  19. Mulhacen (3.479 m) Sierra Nevada
  20. Neouvielle Tontorra (3.091 m) Pirinioak
  21. Perdido Mendia (3.355 m) Pirinioak
  22. Perdiguero (3.222 m) Pirinioak
  23. Pica d’ Estats (3.143 m) Pirinioak
  24. Culfreda (3.034 m) Pirinioak
  25. Pic Long (3.192 m) Pirinioak
  26. Posets (3.369 m) Pirinioak
  27. Taillon (3.144 m) Pirinioak
  28. Teide (3.715 m) Tenerife uhartea, Kanariak
  29. Toubkal (4.167 m) Atlas mendikatea, Maroko
  30. Troumouse (3.085 m) Pirinioak
  31. Vallibierna (3.067 m) Pirinioak
  32. Veleta (3.396 m) Sierra Nevada
  33. Vignemale (3.298 m) Pirinioak
  34. Meru (4.566 m) Tanzania
  35. Kilimanjaro (5.895 m) Tanzania

Ugaldetxo Kultur Taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itziar, Ugaldetxo Kultur Elkarteko lagunekin.

Itziar Ugaldetxo Kultur taldeko partaidea ere bada. San Mieletan auzoko festak antolatzeaz gain, herriko soinujole zaharrak oroitzeko, hainbat jaialdi antolatu zituen taldeak, 1989an hasita. Bospasei jaialdi bideratu zituen taldeak Madalensoro pilotalekuan, eta oso aberatsa izateaz gain izugarrizko arrakasta izan zuten. Madalensoro toperaino betetzen zen.

Bestalde, herrian hain errotuta dauden Ihoteak ere Ugaldetxo Kultur Taldeak jarri zituen martxan. Itziar taldekideekin batera informazioa jasotzen hasi ziren eta 1990an bururatu zitzaien zakuz mozorrotu eta auzoz auzo ibiltzea. Ugaldetxo, Iturriotz, Altzibar eta Elizalde auzoak pasa zituzten. Kuadrillatxo bat elkartu eta horrela ibili ziren.

Horren ondorioz jarraitu zuten informazioa biltzen, taldea auzotik kanpo zabaldu zuten eta poliki-poliki lortu zuten auzo guztietan taldeak sortzea. Hurrengo urratsa auzo guztietan Kuestaziyua egitea izan zen. Gaur egun ikusi besterik ez dago ze arrakasta daukan.

Zaletasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirolari borrokatua da. Korrika ibiltzea oso gustukoa izan du. Behobia-Donostia lasterketa lau alditan osatu du Ugaldetxoko alabak, baita Donostian antolatzen den Lilatoian ere.

Euskararen aldeko KORRIKA ekimena ere oso maite du. Ez du inoiz huts egiten. Aski ongi gogoratzen du 1980an, lehenengo KORRIKAn parte hartu izana, orduan AEKn zebilen ikasten, Loli Sagarzazu irakaslearekin, eta bertan parte hartzea egokitu zitzaion. 1999z geroztik jubilatu bitarte bere lantokiak KORRIKArekin kolaboratu izan du. Urtetan testigua eramatea egokitu zaio. Ohore moduan bizitu du beti eta oso pozik eta harro sentitzen da.

Bestalde, jostea ere oso gogoko du. Gloria Askasorekin batera poltsak eta motxilak sortzen dituzte eta inguruko azoketan saldu.[14]

Gaur egun asko bidaiatzen du eta, naturaz gozatuz, mendi tontorrak zapaltzen jarraitzen du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2018 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2019-03-13 (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  2. (Gaztelaniaz) «Giriziaren 25 urte urrenaren ospakizuna 1986-2011 - Fondo multimedia - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  3. (Ingelesez) «Udala informatzen 79 (1) by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2016-03-22 (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  4. (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2022-09-21). «Oiartzun: Primeran ibili dira herriko mendizaleak Piriniotan, Vallibierna tontorrean» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  5. Erik, Gartzia(e)ko. (2018-01-12). «Oiartzunen hasi eta Egiluzen bukatuko da Giriziaren hurrengo plana» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  6. (Ingelesez) «97. Udala Informatzen by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2022-03-21 (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  7. (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2022-01-04). «Urte berria modu osasuntsuan hasi dute herriko mendizaleek» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  8. (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2022-03-22). «Oiartzun: Oiartzungo Girizia Mendi Taldeak 36. urteurrena ospatu du Aratz mendian» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  9. Erik, Gartzia(e)ko. (2022-11-22). «Herniora irteera egingo du Giriziak, eta Negu Festa ospatu» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  10. (Gaztelaniaz) «Marokora mendi bidaia. Atlas mendilerroa - Fondo multimedia - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  11. (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2021-12-11). «2022an mendian federatzeko aukera Girizia Mendi Taldearekin» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  12. Erik, Gartzia(e)ko. (2017-03-06). «Mendizaleen Basoa handituko dute igandean» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  13. (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2022-10-29). «Oiartzun: 'Mendiak 1976' dokumentalaren emanaldi bikaina» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).
  14. Erik, Gartzia(e)ko. (2021-05-12). «Gloria Askaso artistaren lanak, txokolategian» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-06-10).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]