Lizarrate

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Lizarrate
San Adriango tunela
San Adriango tunela.jpg
Lizarrateko sarrera, ekialdetik
Herria Zegama
Herrialdea  Euskal Herria
Lurraldea  Gipuzkoa
Koordenatuak 42°56′07″N 02°18′55″W / 42.93528°N 2.31528°W / 42.93528; -2.31528Koordenatuak: 42°56′07″N 02°18′55″W / 42.93528°N 2.31528°W / 42.93528; -2.31528
Lizarrate non dagoen adierazten duen Euskal Herriko mapa
Lizarrate

Lizarrate[1][2] edo —herriko euskaran— Sandratiko tunela, gaur egun San Adriango tunela izenaz ere ezaguna, Aizkorri-Arazko natura parkean dagoen pasabide zaharra da, 70 bat metro luze dena. Uraren higadurak haitzulo karstikoa sortu zuen, eta duela mende asko gizakiak haitzuloa areago zabaldu eta bere probetxurako egokitu zuen.[3] Araba eta Gipuzkoa lotzen zituen bide nagusia hortik igarotzen zen, eta ordainsari garestia zuen. Gaur egun ere, Aizkorriko galtzadaren aztarnak oso nabariak ditu oraindik. Antzinako bide horrek Arlabango bidea egin arte garrantzi handia izan zuen, izan ere.

Geografiari dagokionez, ekialde-mendebalde norabidea du tunelak. Ekialdean du Zegamaranzko bidea, eta mendebaldean Araiaranzkoa (Asparrena); bi herri horiek lotuz egiten zuen bere bide eginkizuna. Iparraldean Aizkorri mendia dago, eta hegoaldean Aratz. Lizarrateko pasabidea itsas mailatik 1.035 metro gorago dago.[4] Bertaratzeko abiapuntu egoki edo erabiliena San Adriango mendi-aterpea da.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tunelaren izen ezagunik zaharrena Leizarrate da (segur aski, leize arrate etimologia izango du); izen horrekin aipatu zuen Lope Martinez de Isasti gipuzkoar historialariak, 1615ean.[5] Gero, izen hori Lizarrate bilakatu zen, eta, XX. mendean, tunela dagoen haitzaren izena zen batez ere; tunelari, berriz, San Adriango tunela esaten zitzaion. Gaur egun, ordea, tunelari berriz ere jatorrizko izena esleitzeko joera gailentzen ari da euskara zainduan.[1][4][6]

San Adrian izena, dirudienez, erdaldun hutsek Sandrati euskal izenari (Zegama aldeko euskaldunek gaur egun ere badarabiltena) emandako interpretazio okerretik dator. Alabaina, Sandrati horrek, berez, Sancta Trinitate (Hirutasun Santu) latin izena du jatorri.[7] Jaso diren datuen arabera, inguru horretan Hirutasun Santua gurtzen zen; hartara, Nikolas IV.a aita santuak, 1290. urtean, bekatuen barkamena eman zien urte hartako Hirutasun Santuaren egunean Lizarrateko ospitale-elizara joandako erromes, bidezko eta txiroei. Eta, gaur egun ere, San Adriango baselizako erromeria Hirutasun Santuaren egunean edo hurrengo igandean egiten da.[8]

Gizakiaren aztarnak eta eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizarrateren ekialdeko sarrera

Brontze Aroko zeramika zatiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brontze Arokoak dira Lizarraten oraingoz aurkitu diren objekturik zaharrenak: zeramika zatiak, duela 3500 urte ingurukoak. Tunelean bertan aurkitu zituzten, 2009an, baselizaren atzealdean hiru metroko zundaketa eginda. Brontze Aroko horrelako okupazio mailarik ez da Gipuzkoan aurrez topatu. Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta Lizarrateko arkeologia indusketen zuzendari Alfredo Morazak dioenez, «bizitzeko baldintza onak zituen haitzuloak; babesa eta ura zituen, eta badirudi jende mugimendu handia ibili zela inguruan».[4]

Brontze Aroko geruzaz gainera, zundaketan beste hiru geruza agertu dira. Zaharrenetik berrienera: Burdin Arokoa; erromatarren garaikoa; eta Erdi Arokoa, X. mendetik hasita.

Erdi Aroko galtzada eta gaztelua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aranzadi Zientzia Elkartearen ikerketen arabera, tunelaren ekialdeko zatian —Zegamaranzko aldean— gaztelua eraiki zuten XII. mendearen inguruan; XIV. mendeko idatzietan aipatu zuten lehen aldiz, eta XVI. menderaino behintzat egin zuen bere babes lana. Garai hartan, tunela orain baino askoz handiagoa zen altueraren aldetik (geroztik, zoruan harriak eta hondakinak pilatuz joan dira, eta tunela txikiagotuz). Harrizko zimendu baten gainean, zurezkoa zen gazteluaren egitura, 4-7 metro garai; 300 bat lagunentzako tokia zuen. Gaztelu hartatik, arrasto gutxiren batzuk baizik ez dira geratu. Gazteluarekin batera, han herrixka bat zegoen, tunelaren alde bietan: zalditegiak, ostatua, hilerria, biltegia, baseliza, ur andela eta abar.[1][9]

Hortik pasatzen den Aizkorriko galtzada ezaguna ere Erdi Arokoa da. Gaztelak Araba eta Gipuzkoa bereganatu zituenean (1200. urtea) hartu zuen bideak inoizko indarrik handiena. Nafarroa saihestu nahi bazen, ez zegoen beste biderik Gaztelaren eta Frantziaren artean. Aldi hartan, Lizarrateko pasabidea ez zen, ez, samurra, iritsi zaizkigun lekukotasunek diotenez: lapurrak, aldapa gogorrak, urtearen egun gehientsuenetan elurra, ostatu garestia...

Komunikabide hura kontrolatu eta defendatzeko sortu zen gaztelua eta haren inguruko multzo osoa. XVI. mendearen amaiera arte, garrantzi handiko errege galtzada izan zen Lizarratetik igarotzen zena.[4] Mende hartan, Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenez, tokiak garrantzi militarra galdu zuen (beraz, gaztelua desagertu zen) eta beste bide batzuk ireki ziren Gaztela eta Frantzia artean. Hala ere, XVIII. menderaino, Gasteiz eta Donostia arteko igarobide nagusia izaten jarraitu zuen. Mende hartan, aldapei, elurrari eta arriskuei ihesi, Arlabango bidea ireki zuten. Lizarratekoa bigarren mailako bidetzat geratu zen.[1] Pasabide nagusi izan zen bitartean, bidesaria kobratzen zen tunela zeharkatzeagatik; bidesaria ordaindu nahi ez edo ezin zuenak, mendian goragoxeago igotzen den beste bide zailago bat erabili behar zuen. Gipuzkoako aldetik begiratuta tunelaren eskuinaldera dauden bi mailak, harkaitzean landuak, beste igarobide horren arrastoak dira, usadioak dioenez.[9]

Lizarrateri eta inguruei martxoaren bukaeran ateratako argazki hau ikusita, ez da zaila Erdi Aroan hortik igarotzeko izango zituzten zailtasunak imajinatzea

Gazteluak bi dorre zituen: bata, tunelaren barruan; bestea —dorre nagusia—, ondoko leize batean. Haitzaren lekurik garaienean ere beste eraikinen bat izatea litekeena da. Gainera, tunelaren inguruan oholesiak zeuden; arestian aipatu dugunez, harrizko oinarriaren gainean ezarritako zurezko egiturarekin eginak. Gotorlekuak babesa eta aterpea emango zien erromes eta bidaiariei, garai haietan bidelapurrez eta gaizkile zelatariz josirik zeuden bideetan barrena zihoazela. Leizetik Araba aldera ateraz gero, Historiaurreko tumulu bat dago. Han, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaile Alfredo Morazak dioenez, piko edo zigorleku bat zegoen. Gaizkileak hiltzeko eta haien gorpuak luzaroan erakusgai izateko erabiltzen omen zuten, gainerako gaizkileak ohartarazteko asmoz.[9]

Tunelean azaldu diren arrastorik gehienak ostatuarenak dira. Ez zuen batere fama onik: garestia eta txarra omen zen. Bide luzea egin behar zen, ordea, beste ostatu batera joan nahi izanez gero: joan-etorri handiko bide garrantzitsu hartan, zerbitzugune bakarra zen Araia eta Zegama artean. XIX. mendearen erdialdean, ostatuari eraikin bat erantsi zioten: mikeleteen kuartela. Sute batek biak suntsitu zituen 1911. urtean.[1][6]

Baselizak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekuari izen berriena eman dion San Adriango baseliza Erdi Aroan eraiki zuten lehen aldiz, baina gaur egungoa aski berria da, 1893an ermita zaharra eraitsi eta gaur egungoa egin baitzuten. Erdi Arokoaren aurrealdean egin zuten, eta hura baino handiagoa da.[9]

Tuneletik 500 bat metrora, Zegama alderantz, Sancti Spiritus baseliza dago, galtzada zaharraren aldamenean. Erdi Aroan tenplarioen komentu izan omen zen.[2]

Fizkioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leku misteriotsu hori elezahar askoren sorburu izan da, eta berriki marrazki bizidunetako film bat inspiratu du: Barriola, San Adriango azeria (2009), Juanba Berasategik zuzendua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e GipuzkoaKultura: Garai bateko Lizarrate, bideoa, YouTube webgunean argitaratua. Iraupena: 10' 50''. Bideoa hasi eta 1' 03'' igarotakoan, azalpenak ematen hasten da Alfredo Moraza (Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa eta Lizarrateko arkeologia indusketen zuzendaria).
  2. a b Luis Peña Basurto: «Lizarrate», Auñamendi Eusko Entziklopedia. 2010-10-20an eskuratua.
  3. Nagore Irazustabarrena: «4.000 urteko historia tuneletik argitara», Argia, 2249. zenbakia, 2010-10-24.
  4. a b c d Pantxike Agirre: «Garai berria galtzada zaharrarentzat», Berria, 2009-10-03.
  5. «Sierra y túnel de San Adrián», Auñamendi Eusko Entziklopedia. 2010-10-20an eskuratua.
  6. a b Irune Lasa: «Lizarrate, iraganerako bidea»,, Berria, 2009-06-23.
  7. Micaela Portilla (1991): Una ruta europea. Por Álava, a Compostela. Del paso de San Adrián, al Ebro, Arabako Foru Aldundia. ISBN 84-7821-066-0. 17. eta 35. orrialdeak.
  8. «San Adrian», Zegamako Udalaren webgunea. 2010-10-25ean eskuratua.
  9. a b c d Felix Ibargutxi: «San Adrián revela sus secretos», Diario Vasco, 2009-06-23.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lizarrate Aldatu lotura Wikidatan

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Xabier Azurmendi: San Adrian eta Inguruen Kondaira. VI. Gerriko Ikerlan-sariketa, 1995. Lazkao: Euskadiko Kutxa, 1996. 172 or. ISBN: 84-922191-8-1.