Mentxu Gal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mentxu Gal
Datu pertsonalak
Izen osoa Mentxu Gal Orendain
Jaio 1918ko urtarrilaren 7a
Irun (Gipuzkoa)
Hil 2008ko martxoaren 12a
Irun (Gipuzkoa)

Mentxu Gal Orendain (Irun, Gipuzkoa, 1918ko urtarrilaren 7a - 2008ko martxoaren 12a) euskal herritar margolaria izan zen.

Bizitza

Txikitatik maite izan zuen pintatzea eta gaztetan Gaspar Montes Iturrioz izan zuen irakasle. Madrilgo San Fernando Arte Ederretako eskolan egin zituen margolaritza ikasketak. 1933. urtean Parisera joan zen ikasketak sakontzera. Fernand Legerrez gain Amedee Ozenfant pintore kubista izan zuen han maisu, eta Matisse pintorearen lanek eta faubismoak liluratu zuten.

Euskal herria itzuli zenean Aurelio Artetarekin jarraitu zituen ikasketak. Gero Madrilgo Real Academia de Bellas Artes de San Fernando sartu zen, eta Marisa Roesseten tailerrean ere aritu zen ikasten. Institut de France-k emandako beka batekin Parisa itzuli zen berriro.

Pintura figuratibista landu zuen, baina garaikidea, garaiko pinturaren ezagutza sakonean oinarritutakoa. Bidasoko nahiz Gaztela-Mantxako paisaiak eta erretratuak daude bere lanik ezagun eta estimatuen artean. Daniel Vázquez Díaz eta Benjamín Palencia margolarien eragina nabarmendu dute kritikariek Galen obretan.

Leku askotan egin zituen erakusketak, bakarka nahiz beste artistekin batera: Madrilen , Habanan, New Yorken, Lisboan... Veneziako Biurtekoan 1940, 1950 eta 1956 urteetan parte hartu zuen. Bi erakusketa antologiko egin zituen, Donostian (1986 eta 1992).

Obra

Haren obraren ezaugarri nagusia koloreari ematen dion garrantzia da. Ikuspegiak eta erretratuak landu ditu bereziki.

Haren lan nagusiak: Pasajes, Paisaje, Vendimia, Estación de Irun, Paisaje castellano, Muchacha, Señor con capa, Marina, Bodegón, La torre blanca, Monte de San Marcial, Pescador, Alrededores de Irún, Zumaia, Retrato de Pío Baroja, Retrato de mi madre, Caserío del Baztán, Retrato del pintor Zabaleta, Puerto refugio de Fuenterrabia, Balcón con glicinas, El bosque eta Toledo.

Bere lanari buruzko azken erakusketa handia 1992an egin zen Donostian, baina orduz geroztik ere maiz ikusi ahal izan dira Mentxu Galen artelanak XX. mendeko euskal herritar margolariei eskainitako erakusketa antologikoetan, Bidasoko margolarien lanen erakusketetan...

Azken urteotan bakarkako erakusketa askorik egin ez bazuen ere, artegintzaren alor askori lotuta jarraitu zuen, batez ere Bidaso-Txingudi bere jatorrizko eskualdean.

Sariak

  • 1932 - Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketaren irabazlea.
  • 1959 - Espainiako Pintura Sari Nazionala.
  • 2005 - Gipuzkoako Urrezko Domina.
  • 2007 - Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria.

Ikus, gainera


Erreferentziak