Aurelio Arteta

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: Aurelio Arteta (argipena)
Aurelio Arteta
Aurelio Arteta
Aurelio Arteta margolariaren irudia.
Datu pertsonalak
Izen osoa Aurelio Arteta Errasti
Jaio 1879ko abenduaren 2a
Euskal Herria Bilbo, Bizkaia (Euskal Herria)
Hil 1940ko azaroaren 10a
(60 urte)
Mexiko Mexiko Hiria (Mexiko)

Aurelio Arteta Errasti (Bilbo, Bizkaia, 1879ko abenduaren 2aMexiko Hiria, Mexiko, 1940ko azaroaren 10a) margolaria izan zen. Euskal Herriko margolaritzak eman dituen artistarik garrantzizkoenetakoa da. Felix Arteta margolari, marrazkilari eta karikaturistaren anaia zaharra izan zen.

Artetaren pinturak bere garaiko hainbat estilo eta joera desberdin sintetizatu zituen, eta arte hein batez idealizatua eta malenkoniatsua sortu. Gaien aldetik Euskal Herriko pertsona eta paisaiak nabarmendu zituen: baserritarrak, arrantzaleak zein Bilboko itsasadarraren inguruko giro industrialak.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilboko arte eta lanbide eskoletan abiatu zituen ikasketak, baina 1894an familiarekin batera Valladolidera lekualdatu zen, bertan segituz arte ikasketak. 1897an Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Errege Akademian sartu zen. 1902an Parisa eta 1906an Italiara joan ahal izan zen Bizkaiko Aldundiak emandako bekei esker. Frantziako hiriburuan autore inpresionisten eragina hartu zuen, bereziki Puvis de Chavannes, Gauguin eta Toulouse-Lautrecena; orobat, flandestar artisten errealismoa, Albert Baertsoen margolariaren lana eta Paul Verhaeren poeta ezagutu zituen Belgika aldera eginiko bidaietan. Italian, berriz, Erroma, Florentzia eta Milanen ibili zen eta Errenazimenduko artista handien obra ezagutzeko aukera izan zuen. Giotto edo Rafaelen muralek eragin handia izan zuten Artetarengan. Eredu horiek lagundu zioten bere estilo propioa sortzen.

Beka bukaturik, Bilbora itzuli zen, eta 1911n, beste pintore eta eskultore batzuekin batera, Euskal Herriko Artisten Elkartea sortu zuen. Erakustaldi batzuen ondoan, 1922an egin zuen lehen horma irudia, bere lanik nabarmenenetako bat: Madrilgo Alcala kalean kokaturiko Banco de Bilbaoren egoitzan hamabi fresko margotu zituen. Horri esker, muralista gisa ospea lortu zuen.

1924an Bilboko Arte Modernoko Museoko zuzendari izendatu zuten, baina hiru urteren buruan utzi behar izan zuen kargua. 1925ean bere bigarren murala egin zuen (Logroñoko apaizgaitegiko kapera). 1930ean Espainiako Margolaritza Saria eman zioten Las Bañistas (Bainulariak) koadroagatik, eta 1932an lehen domina irabazi zuen Espainiako Arte Ederretako Erakustaldian, kutsu kubista nabaria ageri duen Naúfragos (Naufragoak) koadroagatik.

Espainiako Gerra Zibila hastean Madrilgo Pinturako Goi Eskolako irakasle zen. Errepublikaren alde egin zuen, eta gerran zehar Valentziara, Bartzelonara eta Biarritzera lekualdatu behar izan zuen. 1938an kokatu zen Biarritzen, eta gai bakartzat gerra zuten koadroak margotu zituen.

1940. urtean, azkenik Mexikora erbesteratu zen. Urte hartan bertan, Mexiko Hirian hil zen, tranbia istripu batean, abenduaren 10ean.

Artetaren margolanen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi oinarri nagusi ditu Artetaren pinturak: marraren nagusitasuna, marrazki azkar, bizkor eta zorrotzaren garrantzia, eta pertsonaiak gizartearen baitan kokatzea, obra guztia kutsu sozial batez janzten duena. Abstrakziotik urrun betiere, Artetak kubismo aldera jo zuen, nolabait, bere garapenean; marrazkiaren oinarrian, bolumenak eta kolore apalek, argilunik gabeak, gorpuztu zuten haren lana.

Artetaren joera soziala, bestalde, izan zen bere lan guztietan nagusia. Euskal tradizio etnografikoarekin moztuz, lan giro berriak, lantegiak, hartu zuen leku bere lanetan: itsasoko jendea, meatzariak, langileak giro urbanoetan kokatuak. Artetaren lanari ez dario, ordea, inolako iraultza usainik. Egunoroko ikuskariak dira. Lan gutxi utzi bazituen ere (bere buruarekin larri, ezabatu eta berregin zituen margolan asko eta asko), Aurelio Arteta euskal pintura sozialaren aitzindaria eta horma irudien lehen egilea izateaz gainera, Euskal Herriak eman duen margolari garrantzizkoenetakoa da.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Aurelio Arteta