Jorge Oteiza

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jorge Oteiza
Jorge Oteiza
Jorge Oteiza, bere estudioan, 1975. urtean
Datu pertsonalak
Izen osoa Jorge Oteiza Enbil
Jaio 1908ko urriaren 21a
Euskal Herria Orio, Gipuzkoa (Euskal Herria)
Hil 2003ko Apirilaren 9a
Euskal Herria Donostia, Gipuzkoa (Euskal Herria)
Apostoluak Arantzazuko santutegiko fatxada nagusian, Oñati
Eraikuntza Hutsa altzairuzko eskultura, Donostia
Zarauzko Jorge Oteiza Lizeo Politeknikoaren ikuspegia

Jorge Oteiza Enbil[1] (Orio, Gipuzkoa, 1908ko urriaren 21Donostia, 2003ko apirilaren 9a) euskal herritar eskultore eta arte-teorilaria zen. Euskal Herriko hainbat pentsalari, artista eta arkitektorengan eragin handia izan du, "euskal arima" berreskuratzea izan baitzuen helburu. Oteizaren eragina, baina, ez da Euskal Herrira mugatzen. Haren lana Konstruktibismotik abiatu bazen ere, bere ondorioek minimalismoaren sortzaileetako bat bihurtzen dute; izan ere, Richard Serrak ere onartu zuen Oteizaren teorien eragina. XX. mendean gaztelaniaz idatzitako arteari buruzko saiakera idazle garrantzitsuenetarikotzat jotzen da.

Eduki-taula

[aldatu] Bizitza eta pentsaera

Orion jaio bazen ere, ondoko Zarautzen bizi izan zen denboraldi gehiena. Madrilen medikuntza hasi zen ikasten, nahiz eta arkitektura oso begiko zuen, baina laster utzi zuen eskultura munduan murgiltzeko. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Ameriketan zen eta han gelditu zen bizitzen (1935-46), Bogota hiriko (Kolonbia) Zeramika Eskola Nazionalean irakasle. Garai hartan antolatu zituen lehen erakusketak Santiagon (Txile) eta Buenos Airesen (Argentina). Orduan hasi zen eskultura eta estetika inguruko teoriak hausnartzen. Lehen lanek espresionismoaren eta kubismoaren eragin garbia zuten, baina hutsaren estetikaren esperimentazioari ekin zion ondoren. 1959an amaitutzat jo zuen esperimentazio bidea, eskultura hutsera iritsita.

Euskal pentsaera eta estetikaren ezaugarri nagusiak euskararen erroetan bilatzen saiatu zen. Quousque Tandem...! saiakeran euskal arimaren estetikaren interpretazioa aztertu zuen, historiaurreko artean eta antropologian erroak bilatzen zituena, berariaz asmaturiko sistema filologiko-poetikoen bidez. Lehen euskal gizakiak mundua nola ikusten zuen jakitea izan zuten helburu bere ikerketek, naturarekiko harreman eta ikuskera hori gizaki hark hizkuntzan eta artean nola zizelatu zuen jakin eta aditzera eman ahal izateko, euskal historiaurreko harrespil, zutarri eta trikuharriak ulertzeko. Huts eta harro hitzen estetika-etimologiak erabili zituen antzinako ikuskera horiek ulertzeko.

Kultur eragile eta Euskal Herriko arte-mugimenduaren gidari jokatu nahi izan zuen Oteizak. Ez Dok Amairu taldeari izena eman zion (1965) Azkuek Bizkaian jasotako herri ipuin batetik hartua eta Elorrioko Haur-Unibertsitatea sortzen saiatu zen. Hainbat talde artistikoen sortzaileetako bat izan zen: Hemen, Gaur, Orain, Danok, Baita (1966). Polemista sutsu eta kritikari zorrotz agertu zen gehienetan agintarien kultur politikaren aurrean. 1992 urtean Oteiza Fundazioa sortu zen, honen eskutik Altzuzan (Egues haranean) Oteiza Museoa eraikin zen, oriotar sortzaileak han baitzeukan bizileku eta lantegietako bat.


[aldatu] Lanak eta Sariak

  • 1950-57 : Poliedro hutsa, Esferaren desokupazioa, Bi elementu arinen bateratze dinamikoa, Velazquez-i omenaldia, Malevitx-i omenaldia.
  • 1950 : Arantzazuko (Oñati) santutegiko fatxadako eskulturak egiteko lehiaketa irabazi zuen: "Apostoluen frisoa" taldea eta Pietatea. 1954 urtean Donostiako gotzaindegiak eskulturak zentsuratu zizkion eta bide ertzean abandonatuak egon ziren hainbat urtez. 1969 urtean amaitu ahal izan zituen.
  • 1951 : Milango 9. Hirurtekoan Ohorezko Diploma
  • 1956-59 : Aita Donostiari oroitarria eta Luis Valles arkitektoaren kaperatxoa Aginako harrespilen ondoan, Lesaka.
  • 1957 : Nazioarteko Eskulturako Sari Nagusia Sao Pauloko 4. Biurtekoan, Eraikuntza Hutsa tartean dela. 2002 urtean, eskultura bera berregin eta tamainaz handitu zuten Donostiako Pasealeku Berrian ipintzeko, lehen marinelen omenezko ermita zegoen tokian.
  • 1958 : Eskultura bertan behera utzi zuen, amaiera esperimentalera iritsi baitzen.
  • 1960: Montevideon (Uruguai) Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen Roberto Puig arkitektoarekin batera.
  • 1970 : Madrilgo Colon Plazarako urbanizazioa egiteko lehen saria, Angel Orbe arkitektoarekin batera. Ez zen eraiki.
  • 1985 : Urrezko Domina Espainiako Arte Ederretan.
  • 1988 : Arteetako Asturiaseko Printzea Saria jaso zuen
  • 1992 : Nafarroako Urrezko Domina jaso zuen, bere lan guztia Nafarroako Gobernuari utzi baitzion, gero Oteiza Museoa izango zena Altzuzan (Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto eta lagunak marraztutako eraikina)
  • 1999 : Aspaldian egindako eskulturen handitze eta ezartze publikoa: Pietatea Donostiako San Bizente elizaren alboan, Malevitx-i omenaldia Terrassa (Katalunia).

[aldatu] Idazkiak

  • 1956-57 : Xede esperimentala (Propósito experimental)
  • 1960 : Arte garaikidearen amaiera (El final del arte contemporáneo)
  • 1963 : Quousque Tandem...!, euskal arimaren interpretazio estetikoa (Quousque Tandem...!, interpretación estética del alma vasca)
  • 1968 : Arrautzaren estetika. Euskal pentsamoldea eta labirintua (Estética del huevo. Mentalidad vasca y laberinto)
  • 1973 : Giza eredua haurrarentzat herrialde bakoitzean (Un modelo de hombre para el niño en cada país)
  • 1983 : Gogo-jardunak tunelean: nortasun galdua bilatzen eta aurkitzen (Ejercicios espirituales en un tunel: en busca y encuentro de nuestra identidad perdida) 1965an idatzia, baina zentsuratua.
  • 1990 : Jainkoa bada Ipar-Mendebaldean (Existe Dios al Noroeste)
  • 1991 : Aldaketen legea. Plagioen liburua (La ley de los cambios. El libro de los plagios).

[aldatu] Iruditegia

[aldatu] Erreferentziak

  1. Oteitza da abizenaren euskara batuko idazkera (ikus Euskal Onomastikaren Datutegia), baina pertsona ospetsu horren abizenaren grafia oso finkatuta dago Oteiza formarekin. Halaxe ageri da EIMAren izen zerrendetan, Harluxet Hiztegi Entziklopedikoan eta euskaraz argitaratu dizkioten liburuetan.

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Jorge Oteiza

[aldatu] LUR ENTZIKLOPEDIA TEMATIKOKO EDUKIA

Erreferentzia puntu ezinbestekoa, euskal kulturaren eragile, eskultore eta poeta orobat da Jorge Oteiza. Bere obrak, eta bereziki bere hitzek eta bere idatziek, aparteko eragina izan du batik bat euskal gazteriarengan.

1908ko urriaren 21ean jaio zen, Orion. Donostiako Jesusen Bihotzaren ikastetxean egin zituen lehen ikasketak. 13 urte zituela, Lekaroza bidali zuten gurasoek ikastera.

Halere, aitak zuen negozioak kiebra jo eta Ameriketara joan behar izan zuenean, Oteiza lanean hasi beharrean aurkitu zen.

Aita Ameriketatik itzultzean, Madrila joan zen familia osoa. Linotipista bezala lan egin behar izan zuen han, ikasketak aurrera eraman nahi bazituen. Medikuntzako ikasketak hasi zituen, baina hirugarren ikasturtea egiten egiten ari zela dena bertan behera utzita, Arte eta Lanbide eskolan eman zuen izena. 1928.

urtea jo daiteke Oteizaren eskulturagintzako hasiera urtetzat.

Ohiko zenez, eskultura figuratiboak izan ziren bere hasierako haiek.

1931n irabazi zuen lehen aldiz Jorge Oteizak Gipuzkoako Artista Hasiberrien saria. Bi urtekoa zen lehiaketa, eta 1933an irabazi zuen berriro. 1934an, Nikolas Lekuona eta Narziso Balentziagarekin batera, egin zuen Donostiako Kursaalean lehen erakusketa.

Jaioterriko egoerak nazkaturik, Ameriketara doa 1935ean Balentziaga lagun duela. Buenos Airesen, Txileko Santiagon eta Bogotan egon zen, nahiko neke eta eskasia pasatuz. Buenos Airesen, Wittcomb aretoan, egin zuen erakusketa bat 1935ean, Zuloagaren gomendioari esker. Espainiako gerra zibilak han harrapatu zuen. Txilen Huidobro, Lipchitz, Brancusi eta Arp abangoardistak ezagutu zituen. Txileko Herri Frontean eman zuen izena, eta bestalde Antzerki Politiko Esperimentala eratu zuen. Txileko Herri Fronteak hauteskundeak galtzearekin batera, BuenosAiresa alde egin zuen. Han jaso zuen Gernikaren bonbardaketaren berria, eta depresio izugarri batek jo zuen. Egoera horretan sartzen da bere bizitzan Itziar Carreño, eta harekin ezkonduko da 1938an.

Lehenago zeraman bideari segitzen dio Oteizak Ameriketako lehen urteetan, eskultura figuratiboari alegia. Baina 40. urteetan piramide iraulia hautatzen du oinarrizko banakotzat, eta irudi etzanak egiten hasten da.

1941ean Kolonbiara joan zen Zeramikako Eskolako Nazionaleko irakasle, eta hurrengo urtean hango gobernuak zeramika irakaskuntza antola zezan kontratatu zuen. Bi urte geroago idazten du Carta a los artistas de América sobre el arte nuevo en la postguerra.

1947an itzuli zen jaioterrira.

Hasierak ez ziren pozgarri-pozgarriak izan, eta Bilbon bakartzaile elektrikoak egiten zituen fabrika bateko zuzendari tekniko gisa lan egin behar izan zuen, biziko bazen. Halere, itzulerarekin batera hasi zen eskulturagintzako garai oparoa Oteizaren bizitzan.

1949an Felipe IV.ari Donostian monumentu bat egiteko lehian irabazle atera zen, monumentua sekula gauzatuko ez bazen ere. Orobat, Bilbon Studio Galerian eta Madrilen Biosca Galerian erakusten du bere obra.

Halere, 1950. urteak markatu zuen Jorge Oteizaren jarduna: Arantzazuko Basilika berrirako irudiak egiteko enkargua ematen diote. Sáenz de Oiza eta Laorga arkitektoek egingo zuten arkitektura, Carlos Pascual Larak pintura –hura hiltzean, Lucio Muñozek pintatu zuen absidea–, Xabier Alvarez de Eulatek beirateak, Eduardo Chillidak ateak eta Nestor Basterretxeak kripta. Lehendabiziko apostoluak egiten hasi eta hurrengo urtean, Oteizaren irudiek debekua jasotzen dute, eta Arantzazuko errepideko bazterrean geratuko dira irudiok –batzuk osatuta, osatu gabe gainerakoak–, garai hobeak iritsi zain.

1951ean Milanen IX. Hiru Urteko Sariko Diploma erdietsi zuen, eskultura saio baten bidez.

Eta Santanderko Udako Unibertsitatean Informe sobre la escultura contemporánea txostena aurkeztu zuen.

Londresen jartzeko zen Preso politiko ezezagunari monumenturako –ez zen sekula gauzatu– nazioarteko lehiaketa irabazten du Oteizak: hutsune bat inguratzen duten bi zutiko eta zeharkako bat ziren monumentuaren osagarriak, eskultura hutsartea baita, zilindroaren hustuketaren bidez ateratzen diren bi pilare hiperboloideren eraginez eratzen den hutsartea, alegia. Hutsarte horrek, positibaturik, beste eskultura bat ekarriko zuen, Prometeo, hain zuzen ere.

Arantzazuko lanaz eta Preso politiko ezezagunaren monumentuaz hizkera espazial eta abstraktu berri bat erdietsi nahi zuen Oteizak, euskal abangoardia bat sortuko zuena. Historiaurrean eratu zen “euskal arima jatorrizkoa” izango da Oteizaren kezka gailenena orduan eta geroago.

Une horretan idatzi du Androcanto y sigo poema, 1954an argitara emana.

1954an, Arantzazu utzi behar izan zuelarik, eta 1959 arte, Juan Huarteren laguntzari esker, bere Propósito Experimental deituan lan egin zuen. Saio sorta bat zen guztia (klera, igeltsu, latorri, burdin hari, zur eta kartulinak erabili zituen aldi horretan bere ideiak moldatzeko, saio eta maketa txiki ugari), hutsunearen eta espazioaren eta denboraren izaera kulturan zein zen aztertu nahi zuen, hori baitzen, bereustetan, arte esperimentalaren egiteko nagusia. Sorta horretatik guztitik, zirriborro gutxi batzuk bihurtuko ziren eskultura lan, harriz edo beltzez margoturiko burdin xaflaz eginak, materialak ahalik eta neutroena behar baitzuen izan.

1954an, Romaní eta Sáenz de Oizarekin batera talde bat osatuz, Arkitekturako sari nazionala irabazi zuen. Eta urte horretan berorretan, Valladolideko domingotarren elizako absideko eskultura egiten du.

Esperimentazio garai benetan emankorrean, Madrilen egin zituen ikerketen unitate berri bat sortzen du, Malevitch deitua.

Hortik sortuko dira eskulturasorta berriak, Sao Pauloko Bi Urtekoan 1957an irabazle aterako zirenak. Obrarekin batera, argibideak ere bidali zituen Sao Paulora: La estatua como desocupación activa del espacio por fusión de unidades formales livianas.

Sao Pauloko garaipen handiaren ondoren, Denise René galeristak –Chillidarekin lan egina zenak– eskaintza handia egin zion Ibarrolaren bitartez Oteizari bere obra zabaltzeko. Baina Oteizak ezezkoa eman zion, bere esperimentazioa ez zuelako eten nahi.

Urte horretan egin zuen Agiñako monumentua Aita Donostiaren omenez. Inguruan harrespil batzuk dituen leku batean jarririk, Aita Donostiaren monumentuak, Oteizaren ustetan, historiaurreko gizakiaren asmo esperimentala ispilatzen du.

Baina Oteizak amaitzear zeukan bere bilaketa, eta Caja metafísica número 1 barru-hutsa egitean, eskultura bertan behera uzteko erabakia hartu zuen. Bestela, nazioarteko arte merkaturako bere obra kopiatu besterik ez omen zuen egingo aurrerantzean.

Izan ere, “artearen azkenaldia, abangoardia historikoen azken aldia osatzea” baita bere artearen egitekoa. «AldaketenLegea» deituaz amaitzen du bere ikerketa: “adierazpenaren okupatzea/desokupatzea”.

Caja erradikalenak sotiltasun formal handienekoak dira: Homenaje a Velázquez obrako “euskal frontoia” triedroa edo Unidad Mínima obrako diedroa.

1960an, Nestor Basterretxearekin batera, erakusketa bat egin zuen Madrilgo Neblí galerian; geroago Bilbora ere eraman zuten.

Eta Liman eta Montevideon zenbait hitzaldi eman zituen.

1960-1962 artean erakusketak egin zituen Estatu Batuetan eta Kanadan, New Yorkeko Arte Modernoko Museoak antolatzen duen “Pintura eta eskultura berria Espainian” erakusketari esker.

Oteizaren jardueran aparteko garrantzia du 1963. urteak. Arantzazukolana geldi zegoen oraindik, eta itxaropen gutxi ikusten zitzaion etorkizunean ere, esan ere esaten baitzen, Erromak debekatu zituela Oteizaren apostoluak.

Bere eskulturagintza amaitutzat zeukan. Eta une horretan ematen du argitara izugarrizko eragina eta ospea izango zuen Quousque Tandem (1963) liburua. Gaur egungo nortasunaren erro antropologikoetatik eratortzen diren arazoak aztertu nahi ditu Oteizak liburuan, bereziki euskal kulturaren erroak aztertu eta argitu nahi ditu. Oteizak berak idatziko du: “Atzeraka idazten dut. Aurreraka begira, baina atzera jotzen dudala, atzeraka noala”. Oteizaren ustetan, atzera eginez, historiaurreko gizonarekin, indoeuropar aurrekoarekin bat egitera jotzen du, kutsatu gabe dagoen gunera, aurreraka jotzeko, hau da, abangoardiara (azpititulu argigarri bat dakar liburuak 1963ko argitalpenean: Euskal arimaren ulerpide estetikorako saioa). Euskal estiloa izango zen euskal berpizkundea ekarriko zuena, munduko modernotasuna sor zezakeena. Liburuak oso arrakasta zabala izan zuen, gazteen artean batez ere.

Idazten segitzen du Oteizak: 1964an poesia antologia baterako hitzaurre jakingarria idatzi zuen.

Gabriel Aresti, Mikel Lasa, Jose Azurmendi eta Juan San Martin (Otsalar) izango ziren antologia horretan sartuko ziren poetak.

Ejercicios en un túnel liburua 1966an prest zeukan, baina zentsurak ez zion utzi argitaratzen (1982an argitaratuko zen). Kultura higikunde alternatibo bat sortu behar dela aldarrikatzen du Oteizak: estetika hartzen du jakintza osotzat, giza esperientziaren oinarrizko batasun ontologikoa argitzeko gauza den jakintza bakartzat.

Eskulturagintza utzi nahi omen zuen 1959an, ikerketak amaitutzat eman zituenean. Egia esan, eskulturagintzaren ikerketa eman zuen amaitutzat Oteizak 1959an, ez eskulturagintza bera, eskulturak egitea. Obra berriak, eta ugari gainera –batzuk lehenago hasiak– egingo zituen. Ideia zaharren aldakin berriak egingo zituen Laboratorio de Tizas delakoan; eta etorri ere hortik etorriko zen Arrasateko EuskadikoKutxaren egoitzaren aurrean ipinita dagoen Arri ernai zaitzailea (1974).

1968an Arantzazuko apostoluak egiteko ordua iritsi zitzaion: lehengo debekuak gainditurik, Oteiza Arantzazuko obran murgildu zen.

1966ean Gaur taldea sortu zen, eta lehen erakusketa antolatu zuen Donostian: euskal eskola zen, eta taldekide ziren Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, NestorBasterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Amable Arias, Jose Luis Zumeta, Rafael Ruiz Balerdi, Remigio Mendiburu. Estetikarenak baino gehiago gizartearen arazoak ziren artista guztiok elkartzen zituenak. Oteizaren eraginez, Orain taldea Araban eta Emen taldea Bizkaian sortuko ziren.

Oteizaren asmoa betidanik izan da Euskal Herrian artegintza bultzatzea, estetikaren garrantzia eskolara eta gizartera –are politikara– eramatea. Ameriketara joan aurretik azaldua zuen asmo hori, eta gerora ere behin eta berriz azaldu izan du. 1964an, Gernikan, Basterretxea eta Larruquerten Pilotari filma aurkeztean, Oteizak hitzaldi bat eman zuen: Importancia del artista en la vida del pueblo vasco. Eta Madrilen eskainiko duen hitzaldi sorta batean, ikerketa estetiko konparatuen nazioarteko laboratorio bat sortzeko adostasuna lortu zuen Giulio Carlo Arganekin.

Hurrengo urtean Bartzelonan ikasle euskaldunei eskaini zien hitzaldiak El arte como escuela política de tomas de conciencia du titulua. Loiolako jesuitei proposamen bat egin zien pabilioi bat ikastola esperimentaltzat etaEuskal Unibertsitate gisa ipini zezaten, arte lantegiak jarriz.

Donostian gisa bertsuko proposamena egin zuen Kursaal Handian, eta Euskal Antropologia estetikoko museo proiektu bat aurkeztu zuen Gasteizen. Proiektu hauetatik guztietatik ez zen bakar bat aurrera atera.

1969an oraindik, Deban, beste ahalegin bat egin zuen Oteizak, Debako Eskola deitua sortuz.

Baina Debakoak apenas iraun zuen hamar hilabete. Iruñean Ikusmen Arteen lantegia sortu nahi izan zuen (1978), eta Bilboko Arte Ederretako Fakultatea berritzeko planak egin zituen, Euskal Eskolaren mende jartzeko inolaz. Baina piztu bezala itzali ziren proiektu hauek guztiak ezerezean.

Gorabehera hauen guztien ondoren, Oteiza Altzuzara erretiratu zen, eta poesia eta filologia aurreindoeuroparra hasi zen lantzen. Gizakiaren barnera itzuliko den pedagogia bat indartu beharra eta proposamen linguistiko berri baten premia azpimarratuko ditu Oteizak behin eta berriro.1974an Hondarribiako Txantxangorri galerian egiten du bere ustetan “eskultore gisa egin duen azken erakusketa izango dena”.

Ez zen ordea hura azkena izango.

Erakusketarik handienak falta ziren oraindik.

Itxaropen handiak piztu zitzaizkion Oteizari, Franco hil eta gero, Euskal Kontseilu Orokorra sortu zenean: hark bere ideiak gauza zitzakeela pentsatu ere pentsatzeraino. Baina itxaropen horiek guztiak ustel atera zitzaizkion.

Eta 1988an, Asturiasko Printzearen saria eman ziotenean, Cartas al Príncipe idaztean,berriro ere gai horiek beroriek, alegia, estetika hedatu beharrak eta horretarako eskolak sortu beharrak, pedagogia berria bilatu beharrak kezkatzen zuen, eta Ejercicios en un túnel liburuan azaldutako kezka berak azalduko zituen.

1979an, Sabino Arana Fundazioaren egoitzaren proiektua egiteko hautatu zuten –Basterretxearekin batera–; harako dirua biltzeko Sabino Aranaren buru irudia egin zuen, eta haren kopia ugari egin ziren. Halere, proiektu hori Oteizarik gabe burutu zen berriro.“Euskadi” aldizkariak bere izeneko saria eman zion Oteizari 1985ean, kulturaren alorrean urtetan egindako lana aitortuz.

Aukera horretan idatzi zuen gutun irekian, bere atsekabea eta samin mingotsa azaldu zituen Oteizak, herri agintariek jaramonik egin ez zietelako bere eskaintzei eta proposamenei. Urte berean Arte Ederretako domiña jaso zuen.

Donostian Ametzagainako hilerri berria egiteko proiektua prestatu zuen 1986ean, eta Izarrak Alde proiektua aurkeztu.

Baina proiektu hori ere bazterturik geratu zen. Urte berean poesia sorta bat eman zuen argitara, Theomaquias deitua: poesia mota benetan laburtua da, erritmo trumiltsuz idatzia, adierazpen minimoa erabiltzen duena.

Poesia horien artean sartu behar da Existe Dios al noroeste (1990) ere. Urte berean, ordea, Parisko Georges Pompidou Zentroan egingo zen eskultura modernokoerakusketa handirako Oteizaren zenbait obra hautatu zituen Margit Rowellek, eta horrela iritsi zen Oteizaren obraren berrikusketa sakona, haren balioa eta eragina denen begien aurrean ipini zuena.

1988an, Arteetako Príncipe de Asturias saria jaso zuen, eta halaber Veneziako Bi Urtekorako hautatu zuten Susana Solanorekin batera.

Urte horretan bertan egingo da, azkenean, Caixari esker, Oteizaren obraren erakusketa handia, Txomin Badiola eskultoreak prestatua. Une horretan aurkeztu zen lehen aldiz oso-osorik Propósito Experimental deitua, Oteizak hura ulertzen duen bezala.

Eta lehen aldia da, gainera, 1978an Pelay Orozcoren biografia argitaratu zenetik, bere obrari buruz gogoeta berriak argitara ematen direna. Erakusketa hori ikustean iger daiteke Jorge Oteizak mende honetako eskulturan izan duen garrantzia: minimalismoa eta arte povera eta kontzeptualismoa ezin uler daitezke guztiz Oteizarik gabe, joera horiek sortu baino lehen lan egin baitzuen bide horietatik. Horregatik, aipaturiko joera horiek euskal artistengana iritsi ziren arte, Oteizaren eragina axalekoago izan zen haiengan.

Bilbon, bazirudien etorriko zitzaiola azkenik aukera berria bere ametsak eta ideiak gauzatzeko.

Bilboko Udaletxeak eskatuta, Sáenz de Oiza eta beste zenbait arkitektorekin batera, Alondegi zaharrerako proiektua prestatzen du, Kubo bezala ezagutuko zen proiektu famatua.

Baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen onartu proiektu hori, eta berriro sutu zen Oteizaren amorrua.

Oteizaren ustetan, Guggenheim Museoak baztertu zuen bere Alondegi zaharra, euskal abangoardia eta arte modernoa bere baitan hartuko zituen museoa, hain zuzen. Hala, 1992an, Euskal Erkidegoari agindua zion bere oinordekotza kendu eta Nafarroako Gobernuari eman zion, Altzuzan museo-fundazio bat sortzearen truke.

Eta berriro ere, Nociones para una filología vasca de nuestropreindoeuropeo (1996), bere azken obran, Oteizak bere giltzarrietako bat den hizkuntzalaritza aurreindoeuroparrari helduko dio: han ustez igertzen dituen intuizioak agerian jarri nahi ditu, latinak euskara kutsatu aurretiko izpiritu estetikoa oratu nahirik. Berriro ere atzeraka jotzen du aurreraka egiteko, jatorrira jotzen du gaurko mundua ulertzeko.

Bere obraren zatirik handiena Altzuzako fundazio-museoan dago gordeta, baina Madrilgo Centro Nacional de Arte Moderno Reina Sofían eta Bilbo eta Gasteizko Arte Ederretako Museoetan era gordetzen dira bere hainbat obra.

1996an Eskulturako Anton Pevsner nazioarteko saria jaso zuen Jorge Oteizak, nazioartean ere bere obraren garrantzia aitortzen den seinale.

<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_17.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 17.PNG
Jorge Oteizaren eskulturak, Arantzazuko santutegiko fatxada nagusian. Goian: “Virgen sobre los Apóstoles”. Behean: “Friso de los Apóstoles” lanaren bi ikuspegi.

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_18.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 18.PNG
Jorge Oteizaren hainbat eskultura lan. Erdian, goitik behera: “Siete estelas para el Camino de Santiago”, Luzaiden (Nafarroa);“Estela de Madoz”, Zarautzen (Gipuzkoa);“Estela en el monumento al Padre Donosti”, Agiñan, Lesaka (Nafarroa).

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_19.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 19.PNG
Ezkerrean, goitik behera: “Arri ernai zaitzatela”, Arrasaten (Gipuzkoa); “Atauts” lanaren bi ikuspegi, Tolosa (Gipuzkoa).

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_20.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 20.PNG
Eskuinean: “Mirador mirando”, Gasteizen.

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_21.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 21.PNG
“Caja vacía” (1958), Jorge Oteizarena.

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_22.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 22.PNG
“Macla binaria con la matriz Malevitch” (1973), Jorge Oteizarena.

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_23.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 23.PNG
Jorge Oteizaren bi eskultura. Goian: “Homenaje a Velázquez” (1958), burdin margotua. Behean: “Macla ternaria con la matriz Malevitch” (1974).

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_24.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 24.PNG
Jorge Oteizaren “Caja vacía” lanaren (1958) beste ikuspegi bat.

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_25.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 25.PNG
Jorge Oteizaren bi lan. Goian: “Estela funeraria señalando la proximidad de Lemoniz” (1973). Behean: “Fusión con tres sólidos abiertos” (1957).

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_26.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 26.PNG
Jorge Oteizaren bi lan. Goian: “Estela funeraria señalando la proximidad de Lemoniz” (1973). Behean: “Fusión con tres sólidos abiertos” (1957).

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_27.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 27.PNG
“Homenaje a Mallarmé” Jorge Oteizaren lana (1958).

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_28.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 28.PNG
Goian: “Retrato de gudari armado llamado Odiseo” (1982).

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_29.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 29.PNG
Behean: “Construcción con tres cuboides vacíos” (1958).

</IRUDIA>


<IRUDIA>

http://elhuyar-zerbitzaria:8000/wikipediaelikatu/artikuluak/multimedia/lurtematikoa/Euskal%20Herria%20-%20Artea/11%20Eskultura/11%20Eskultura_6_30.PNG

Fitxategi:11 Eskultura 6 30.PNG
“Homenaje a Malevitch”, Jorge Oteizaren lana (1957).

</IRUDIA>



[aldatu] LUR HIZTEGI ENTZIKLOPEDIKOKO EDUKIA

Gipuzkoar eskultorea eta idazlea (Orio, 1908 - Donostia, 2003). Eduardo Chillidarekin batera, XX. mendeko euskal eskultorerik garrantzitsuena da, eta bere itzala mundu guztira zabaldu da, XX. mendeko bigarren erdiko abangoardia artistikoetan izan baitu eragina, baita Euskal Herritik kanpo ere, esperimentazioarekin eta arteak gizartea eraldatzeko duen ahalmenarekin erabat konprometitutako sortzaile gisa. Madrilen medikuntza ikasketak hasi zituen. Hirugarren ikasturtean ikasketa haiek utzi eta Arte eta Ofiziotako eskolan izena eman zuen. 1928an hasi zen eskultura egiten. Eragin handia izan zuten Oteizarengan Europako abangoardiek, Hego Ameriketako Kolon aurreko eskulturak, eta Alberto Sánchez, Epstein, Brancusi eta gisako eskultoreek. Donostiako Bi Urteroko lehen saria jaso zuen 1931n eta 1933an. 1934an erakusketa berezi bat egin zuen Donostian, Nikolas Lekuonarekin eta Narkis Balenziagarekin batera. Hasiera haietakoa da Adan eta Eva izeneko eskultura. 1935ean Hego Ameriketara joan zen Narkis Balenziagarekin batera. Buenos Airesen, Santiagon eta Bogotan bizi izan zen 1935-1948 urte bitartean. Ameriketan egin zituen hasierako lanak figuratiboak izan ziren, lehenagokoen ildotik, baina 1940. urte inguruan abstrakziora jo zuen, eta erpinez beherako piramidea hartu zuen bere lanetarako oinarri. Bere orduko lanetan Henry Moore-ren eragina nabarmena da. Hitzaldi eta artikulu ugari idatzi zuen garai hartan (Carta a los artistas de América sobre el arte nuevo en la postguerra; Estética objetiva; Génesis del arte nuevo). 1948an Euskal Herrira itzuli zen, eta bertan hasi zen Oteizaren garairik emankorrena. Espazioari buruzko gogoetan oinarritu zuen bere lana: bolumenaren eta espazioaren arteko analisia irudi karratuen eta esferen bidez; espazioaren hustuketari buruzko ikerketa. 1950ean, Arantzazuko basilika berriaren eskultura lanak egiteko lehiaketa irabazi zuen. Eraikuntza hartan artista lagun izan zituen Sáenz de Oiza, Basterretxea, Carlos Pascual de Lara (eta berau hil ondoren, Lucio Muñoz) eta J. de Eulate. Basilikaren sarrera gaineko frisoa egin behar zuen Oteizak; baina, obrak hasi eta handik urte betera, dena bertan behera uzteko agindua etorri zen Vatikanotik, estetika profanoa eta heterodoxoa zelako aitzakian. 1968 arte ezin izan zuen bere obra nagusi hura bukatu. Ordurako irabaziak zituen, hala ere, hainbat sari, besteak beste: Arkitekturako Sari Nazionala (1954), eta Sao Pauloko IV Bi Urteroko saria (1957). Urte hartan bertan, Agiñako mendilepoan ipini zuen Aita Donostiri egindako eskultura lana, harrespilez eta trikuharriz betetako ingurune baten erdian. 1959an eskultura uzteko asmoa agertu zuen, errepikaziotan ez jarduteagatik. Urte hartatik aurrera idazten eta kulturaren beste alor batzuk lantzen hasi zen: arkeologia, hizkuntzalaritza, historiaurrea, etab. 1963an, Quosque Tandem liburua argitaratu zuen, euskal arima ulertzeko saioa. Liburu horrek bere biziko eragina izan zuen euskal artearen, literaturaren eta soziologiaren alorretan. Liburu horren haritik etorri zen Ejercicios espirituales en un túnel izenekoa ere. 1988an, Oteizaren erakusketa antologiko nagusia egin zen Madrilen eta Bilbon, eta haren katalogo nagusia argitaratu zen: Oteiza. Propósito experimental. Urte hartan bertan, Asturiasko Printze saria eman zioten; eta hori zela eta, Cartas al Príncipe izeneko liburua argitaratu zuen. 1990an, poema liburu bat: Existe Dios al Noroeste eta 1992an Elegía a Itziar poema liburua. Oteizaren eskultura lan nagusi batzuk: Maternidad, Monumento al prisionero político desconocido, La tierra y la luna, Andra Mari, Poliedro vacío, Malevitch-i omenaldia, desocupación de la esfera, Estela a Madoz, Irten ezin, Kaxa hustuak, Kaxa metafisikoak, Mallarmé-ri omenaldia, Retrato de un gudari armado llamado Odiseo. v  1960. urtean, egungo artearen desagerpena aldarrikatzeaz gainera, eskultura uztera zihoala esan zuen arren, Oteizak ez du bere hitza erabat bete, eta azken urteotan haren eskultura zenbait kokatu dira Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, kasu askotan lehendik zirriborratuta edo zeuden eskulturen bertsio monumentalak, baita obra originalak ere. Urteetan aurrera joan arren, eta osasun arazoak izanda ere, Oteizaren indarra ez da itzali, eta azken urteotan maiz gainbegiratu du bere eskulturen instalazioa, eta lanean ere jarraitu du, eskultura berriak sortzen, marrazkiak egiten eta idazten. Omenaldi eta esker oneko adierazpenak ere asko jaso ditu. Nafarroako Foru Erkidegoak, esaterako, Nafarroako Urrezko Domina eman zion 1992an, eta 1997an bere aitaren jaioterria den Azkoitiak herriko seme kuttun izendatu zuen. 1999an Zarautzek Urrezko Domina eta herriko adiskide onenari emandako aipamena eman zion. 1997an Euskaldun Unibertsal saria eman ondoren, Eusko Jaurlaritzak Lan Onari saria eman zion 2000. urtean, eta baita Eduardo Chillidari ere, bi sortzaile handiok bizitza osoan zehar egindako lana eskertu asmoz. Aipagarria da, bestalde, urteetako liskarrak bertan behera utzi zituztela 1997an Eduardo Chillidaren Zabalaga baserrian Chillidak eta Oteizak, besarkada baten bidez hainbat urteko gorabeherak alboratuz.  v  Oteizak lan berri ugari jarri ditu ikusgai 90eko hamarkadan zehar. Iruñeko kaleetan, besteak beste, Oteizaren sei eskultura kokatu ziren 1993tik 2000. urtea bitartean. Jorge Oteiza Fundazioa, Nafarroako Gobernua, Iruñeko udala eta hainbat enpresa eta finantza erakunderen arteko elkarlanari esker osatu zen ekimen bat 1993an jarri zen abian Odiseo obrarekin, eta horren ondoren etorri ziren Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean kokatutako Homenaje a Saénz de Oiza, Yamaguchi parkeko Monumento espiritual, 1999ko Unidad triple y liviana eta Coreano, eta, azkenik, 2000. urteko martxoan inauguratu zen Homenaje al espíritu, Iturrama auzoan kokatutako 5 metro luze eta 1,5 metro zabaleko zutabea. 1997an Itziar lana jarri zuen Zumarragan; 1998an, Ordizian, Conjunción ternaria izenekoa, gaztetan lagun izan zuen Nikolas Lekuonari eta ETAk hildako Yoyes etakide ohiari eginiko omenaldi moduan; 1999an, Eibarren, Daniel Txopitea artegile zenduari eskainia; urtea berean, maiatzean, Jesús de Galíndezen omenetan eginiko eskultura ere jarri zuen Gasteizen, hiriko udalak aginduta, eta ekainean bere aitaren jaioterrian, Azkoitian, Batarrabi obra ezarri zuen, 675 urtean Azkotia egin dutenei eskainia. 1999ko ekainean jarri zuen halaber aspaldi honetan bizileku duen Zarautzen Bertsolaritzari Omenaldia eskultura San Pelayo auzoan, eta urte hartako irailean aurkeztu zen Jorge Oteizak oraingoz Donostian duen eskultura bakarra: alde zaharreko San Bizente parrokiko atari nagusian dagoen Pietà, Oteizaren maketan oinarrituta J.R. Anda eskultoreak aluminioz egina. Azken urteotan, bestalde, Bartzelonan eta Terrassan ere kokatu dituzte Oteizaren eskultura berriak; azken egitasmoen artean, Debako (Gipuzkoa) Itziarren kokatzekoa duen eskultura aipa daiteke.  v  Erakusketak ere ugari eskaini zaizkio Oteizari azken urteotan. 1988. urtean Madrilen, Bartzelonan eta Bilbon ikusi ahal izan zen Oteiza, propósito experimental erakusketa antologikoaren ondoren, aipagarria da 1996an Oteiza eta arkitekturaren arteko harremana landu zuen erakusketa ibiltaria. 2000. urtean ere Jorge Oteizari buruzko erakusketa garrantzitsu ugari egin ziren, eduki guztiz berezikoak horietako hainbat. Martxoan, esaterako, Oteizaren ekarpen artistikoa eta filosofikoa uztartzen zituen erakusketa bat eratu zen Logroñon, eta maiatzean Oteiza y el espacialismo erakusketa inauguratu zen Iruñean, eskultore gipuzkoarrak 50eko hamarkadaren azken urteetan eginiko 30 eskultura biltzen zituena. 2000. urteko urrian, Alacanten, Oteiza: Paisajes y dimensiones erakusketa eratu ondoren, azaroan erakusketa guztiz bitxi bat inauguratu zuen Oteizak berak Orion, bere jaioterrian: Oteiza, marrazkiak, estanpak eta hitzak. Guztira 50 bat marrazki eta estanpa biltzen zituen, kasu askotan Oteizaren testuez lagunduak, azken urte eta hilabeteetan egindako hainbat lan barne; ondoren Valladoliden erakutsi zen erakusketa hau. 2000. urteko abenduan, berriz, Donostiako Kursaal Jauregian inauguratu zen erakustareto berriak Oteizari buruzko erakusketa zabala aukeratu zuen estreinako saiorako. 88 eskultura eta Alzuzako Klarion Laborategian eginiko 230 pieza klarionez eginiko marrazkiak, alegia bildu zituen erakusketa hark, eta, hala, 1936an lehen erakusketa egiteko aukera eman zion Kursaalera itzuli zen Oteiza. 2001. urteko maiatzean, bestalde, horietako hainbat klarion eta Oteizaren 50eko eta 70eko hamarkadetako 40 eskultura erakutsi ziren Espacialato izenpean, baita bi lan sortu berri ere: Púlpito y memoria eta Oración lunar.  v  Oteizaren itzala dela eta, bere bizitzari eta lanari buruzko liburu eta azterlan ugari eman dira argitara azken urteotan mundu osoan. Bere zuzeneko eskuhartzea dela eta, aipagarriak dira 1999an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean Oteizari eskainitako jardunaldi batzuetan aurkeztu ziren hiru liburu: Oteizaren poemez osatutako Cansado y giratorio; Carlos Aurtenetxe poeta donostiarraren poemak eta Oteizaren marrazki originalek osatzen zuten Jorge Oteiza, la piedra acontecida, eta Félix Marañak paratutako Jorge Oteiza, elogio del descontento, Oteiza ezagutzeko obra egokia, kronika, artikulu eta elkarrizketa bidez Oteizaren ibilbide pertsonal eta artistikoa biltzen dituena. Helburu berberaz, Jorge Oteiza Museoa Fundazioak, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Jorge Oteiza, creador integral liburua aurkeztu zuten 2000. urtean. Liburua lau urte lehenago eginiko hitzaldi sorta batean oinarritzen zen, eta bertan hainbat kritikari, artista eta Oteizaren lagunek eskultore gipuzkoarri eta bere obrari buruz dituzten ikuspegiak biltzen dira.  v  70eko hamarkadaz geroztik, Nafarroako Eguesibarren dagoen Alzuzan aurkitu zuen Oteizak lanerako eta atsedenerako leku egokia, eta bertan egonaldi eta lanaldi luzeak egin zituen bere emaztearekin batera. Han bertan hil zen, hain zuzen ere, Jorge Oteizaren bizitzan berebiziko garrantzia izan duen Itziar Carreño 1991n. Denboraldi luzean oso harreman txarrak izan zituen Oteizak EAEko agintari eta erakundeekin, eta, hortaz, gero eta denbora gehiago ematen zuen Nafarroan, 1992an bere obra guztia Nafarroako herriaren esku uztea erabaki zuen arte. Adierazia zuen ordurako bere etxean museo antzeko bat sortzea gogoko zuela, eta 1988an lehen hitzarmen bat ere bazen sinatua Alzuzako Kontzejuaren eta Nafarroako Gobernuaren artean, Oteizari eskainitako museo bat eraikitzeko bertan. Oteizak 1992an hartutako erabakiak dimentsio berria eman zion egitasmoari, eta horren ondorioz helburua ere zabaldu egin zen: museoaz gainera, Fundazio bat sortuko zen, Oteizaren ondare guztia artelanak zein material teoriko eta bibliografikoa sailkatzeko, gordetzeko, aztertzeko eta zabaltzeko, eta haurren prestakuntza estetikoa zein hizkuntza artistikoen eta euskararen ikerketarako zentro bat sortzeko, besteak beste. Fundazioaren estatutuak 1996an onartu ziren, 1993koak ez baitzituen Oteizak ontzat hartu. Akordioan aipatzen zen puntuetako bat zen Museoaren eta Fundazioaren egoitza izango zena Javier Sáenz de Oiza arkitektoak Oteizaren adiskide eta lankide izandakoak egingo zuela. Sáenz de Oiza 2000. urtean hil zen, lana amaitu gabe, baina esan daiteke Altzuzako Oteiza Museo-Fundazioa izan dela bere hilondoko obra. Besteak beste, 2001erako sailkatuta zeuden 1.662 eskultura, Klarion Laborategiko 2.138 maketa, 700 marrazki, 4.000 liburu Oteizak eginiko oharrez aberastuak asko eta asko, eta 2.425 eskutitz.

[aldatu] BESTE HIZKUNTZETAKO WIKIPEDIETAKO "JORGE OTEIZA" SARRERAREN IRUDIAK





1=Jorge, bere estudioan, 1975. urtean.
1=Jorge, bere estudioan, 1975. urtean.


Tresna pertsonalak
Izen-tarteak
Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak