Mezkino

Wikipedia, Entziklopedia askea
San Juan de la Peña monasterioko klaustroko kapitel bat, bertan, Adan golde-lanetan agertzen da.

Mezkino hitza Nafarroan eta Aragoin morroi-kondizioa zuen nekazari jendearen ohiko izendapena zen XI. mende hasieratik XII. mendearen erdialdera bitartean[1].

Mezkinoak jaun laiko eta eklesiastikoen mendeko nekazariak ziren, bai eta erregearenak ere. Mendekotasun honen agerraldirik nabariena hau da, mezkinoak emanak, trukatuak eta herentzian zein dotean besterenduak izan zitezkeela[2]. Zehazkiago, nekazari hauen gaineko jaun-esparruak zenbait funtsezko arlo biltzen zituen: errentak eta korbeak (hots, lan-zerbitzuak) eskuratzea; nekazari-familien ondareen barneko eta kanpoko transmisioak (herentziak, doteak, salerosketak, dohaintzak) kontrolatzea; nekazarien gaineko justizia inpartitzea (goi-justizia normalean erregearen ordezkarien esku geratzen bazen ere) eta askatasun pertsonala murriztea (emigratzekoa, besteak beste)[3].

Iturrien testigantza ugarik erakusten dutenez, morrontza-eredu hau Nafarroa eta Aragoiko jatorrizko eskualdeetan garatu zen, alegia JakaZangozaIruñea –  Lizarra ardatzaren inguruko eremuetan. Pirinioetako goi haranetan, Nafarroa atlantikoan eta Erriberan, ordea, oso presentzia eskasa zuten. Hala ere, mezkinoen proportzioa oso handia zen lurraldeetan ere, ez da ulertu behar landaguneko biztanle guztiak uniformeki morroiak zirenik: askatasun-estatusa mantendu zuten gizarte-taldeak ere bazeuden, aitonen semeak eta estatutu berezia (forua) zuten nukleoetako biztanleak, alegia[4].

Mezkino hitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mezkino arabierazko miskîn terminotik datorren hitza da, “ondasunik gabekoa, pobrea, noharroina” (sákan errotik “naretzea”, “makurtzea”, “pobrea izatea”). Hitz hau ageri den lehen testu latinoa 950. urte ingurukoa da: Donemiliaga Kukula monasterioan idatzitako erromantzezko glosa bat da. Bertan mantentzen du zentzu etimologikoa: -qui… pauperibus reddet: qui dat a los misquinos-, euskaraz, “txiroei ematen diena”. Pobreziaren kontzeptua Goi Erdi Aroan, ordea, ez zegoen soilik baldintza ekonomikoekin lotuta; askatasun mailarekin ere bazuen harremana.

Hitzaren gaurko esanahia, “eskas, miserable, zikoitz”, XVI. mende erdialdetik dokumentatzen da gutxienez, “Tormeseko itsumutilean” adibidez, eta gaztelaniaren Urrezko Mendetik aurrera orokortzen da[5]. Euskaraz ere adiera hori izan dute zenbait euskalkitan mezkino, mizkin eta miskin aldaerek[6].

[7]

1076-1150. Aipu kopurua: 188.      Mezkino (58.5%)     Homo (11.7%)     Bilau (6.9%)     Collazo (5.9%)     Populator, rusticus, debitor, laborator, servus, subditus, agricultor, habitator, peitarius, vicino (17.0%)

[7]

Mendeko nekazarien aipuak Nafarroako agirietan. 1035-1076. Aipu kopurua: 33. Kopurua hain txikia izanik, proportzioak indikatiboak baino ez dira.      Homo (37.1%)     Mezkino (20.0%)     Populator (11.4%)     Servus (8.6%)     Rusticus (5.7%)     Culibertus, debitor, habitante, painense, pedisecus, bilau (17.1%)

Termino ezberdinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mezkino hitzak morroi-kondizioko nekazariei eta haien familiei egiten zien erreferentzia. Garaiko testuetan beste sinonimo batzuk ere bazituen, gutxiago erabiltzen zirenak: debitor, villano, collazo edota homo adibidez[8]. Hala ere, mezkino hitz arrunt eta erabiliena zen nekazari morroiak izendatzeko. Dena dela, termino hauek agirietako hitzak dira, idaztegietako eskribek erabiltzen zituztenak. Ez dakigu euskaraz zein hitz erabiltzen zen.

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Menpeko nekazariak izendatzeko hitzaren lehen aipamen ziurra 1025. urtekoa da, Aragoiko San Juan de la Peña monastegikoa[9]. Monjeei egindako dohaintza baten parte ziren mezkino horiek. Nafarroaren kasuan, 1052. urteko errege-agiri batean aipatzen dira lehen aldiz, Naiarako Andre Mariaren ospitalearen pribilegioetan hain zuzen[10]. Lehen aipu hau generikoa da, ez dira toki zehatz bateko mezkinoak.

XII. mendeko bigarren laurdenaren inguruan mezkino hitzaren erabilera orokortua bertan behera utzi zen. Gaztela eta Errioxatik zetorren collazo hitza mezkino ordezkatzen hasi zen agirietan morroi hauek izendatzeko. Nafarroan aurkitu den mezkino hitzaren azken aipamena 1185. urtekoa da[11].



Mezkinoen kondizioaren ezaugarri orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturrietan Nafarroa eta Aragoiko morrontzaren lau ezaugarri identifikatu dira: morroien berezko zergen ematea, lan- eta garraio-zerbitzuak, ostean parte-hartzeko modu berezia eta erregimen judizial espezifikoa. Ezaugarri multzo hau XI. mendean erregimen feudalarekin batera eratu zen[12].

Morroien berezko zergen ematea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordaindu beharreko zerga hauek mezkinoen morroi-izaerarekin zeuden lotuak. Batetik, urteroko ordainketak mezkinoak jaunaren mendekoak zirela berresten zuen. Hau da, zergek mendekotasuna aitortzeko funtzioa zuten. Bestetik, zergek ekoizpenaren zati handi bat eskualdatzeko funtzioa betetzen zuten, nekazarien etxeetatik jaunaren eskuetara alegia[13].

Mendekotasunaren aitortza gisa funtzionatzen zuten zergek balio ekonomiko txikia zuten. Arruntena euskaraz "opilarintzata" deitzen zen (opil bat eta arintzata bat –neurri txiki bat– ardo), latinez galeta et delcata (galeta ardoaren neurria eta delcata, opila) eta erromantzez torta et carapito. Kahiza ere, laboreen neurri handiago bat, erabiltzen zen funtzio honekin.

Bestetik, errenta orokorretan zentsu eta tributu izendapenak ziren ohikoenak, bereziki erregearen domeinupean zeuden mezkinoen esparruan.  Hala ere, jaun laiko eta eklesiastikoen menpeko mezkinoen ordainketak izendatzeko ere erabiltzen ziren. Parata, eremu karolingiotik etorritako terminoa, izendapen orokorra izan zitekeen, baina hitzaren hedapena aragoiarra zen nagusiki, eta ez dago guztiz argi eskakizun guztiak barnebiltzen zituenik. Pactum-ek (handik "petxa") baliokidetasuna izan zezakeen zentsu hitzarekin, baina izaera gutxiesgarria ere antzematen zaio, eta hortaz balio sinbolikoa.

Hitz hauen interpretazioa ez da beti erraza, izan ere, gizarte-errealitate guztiak bezala, mezkinoen ingurukoa konplexua zen, eta aldagarria[14].

Lan- eta garraio-zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Morrontzaren hedapen sozialarekin batera, derrigorrezko lanak (korbeak) ezarri edota areagotu ziren. Lan hauen gogortasun eta ezaugarriak tokiko faktoreen araberakoak ziren; nekazarien erresistentzia gaitasuna adibidez. Hain zuzen ere, arlo honetan nekazarien negoziazio ahalmena besteetan baino handiagoa zen. Toki bakoitzean lanaldiak eta lan motak zehaztu eta, neurri batean, eztabaidatu edo negoziatu egiten ziren jaunen eta mezkinoen artean. Horregatik, indar-korrelazioaren arabera aldatzen ziren derrigorrezko lanak[1].

Lan motei dagokienez, nekazaritzarekin lotutakoez gain, era askotakoak izan zitezkeen: adibidez, Nafarroan, Apardozen alarguntsek ihiak jasotzea edo Añuesen gizonek igeltsua fabrikatzea Leireko abadearentzat; Aragoin, Benasquen oihalak egin eta bertako meatzeetan aritzea edota Arako biztanleen kasuan, jaunari egurra entregatzea.

Azofra izenez Aragoin bereziki ezagutzen ziren lanak erregearen morroiekin zeuden lotuak: adibidez, Graus-en, azofra gotorlekuak hornituz eta hauen eraikuntzan lagunduz gauzatzen zen. Oro har, zerbitzu hauek askotan armadarekin zuten lotura, hala nola, kanpalekuak antolatzea eta lekualdatzea, hornidura-lanetan jardutea edota arerioaren alorrak soiltzea[14].

Oste-zerbitzua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitonen semeentzat (erromantzez infanzones), gerrarena zerbitzu ohoragarria zen. Haientzat derrigorrezko zerbitzua oso laburra zen (hiru egun), eta beraz, ostean parte hartzearen truke feudoak edo ordainsariak jasotzen zituzten. Horrez gain, harrapakinaren onura ere bazuten.

Mezkinoentzat, ordea, ez zegoen denbora-mugarik, gaizki ekipatuak zihoazen, zerbitzu lagungarriak bete behar zituzten (lubakiak egin, garraioaz arduratu, arerioaren zelaiak soildu…) eta harrapakinetik ezer gutxi jasotzen zuten. Gainera, zerbitzua pertsonalki ematen ez zuten deialdietan, armadaren mantenurako ordaindu behar zuten (fossadera edo ozterate izeneko zerga).

Nafarroa eta Aragoiko gizarteak militarizatzen zihoazen heinean erreklutamenduak zabaldu egin ziren, eta formak aldatu. Nekazari hauetako batzuk nobleen eskolta armatuak osatzeko hartu zituzten. Hauek, seguruenik, zaldi eta armak eskuratu eta erabiltzeko gaitasuna zutenak ziren. Bide honetatik aitonen semeen taldera sartu zen nekazari multzo txiki bat, mezkino-kondiziotik libratuz[14].

Erregimen judizial berezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mezkinoak jaunaren justiziaren pean zeuden, baina normalean, goi-justiziaren esparrua (auzi kriminalak) errege eta erregearen ordezkariei zegokien.

Justizia hau errepresiboa zen mezkinoentzat. Mendekotasuna mantentzeko, ordaliak bezalako bitartekoak erabiltzen ziren. Bahitura arbitrarioak, etxeetan giltzapetzea, isunen kontrola edo zigor kolektiboak esaterako, errepresio hau gauzatzeko beste modu batzuk ziren[15].

Ordalia edo Jainkoaren epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mezkinoen gaineko justiziaren bereizgarria ordalien erabilera zen[16]. Aitonen semeekin ezin zitezkeen erabili; izan ere, hauen frogabideak zina, lekukoak eta agiriak ziren. Mezkinoei ere zina eskatu ahal zitzaien, baina epaileek ordalia eskatzea erabaki zezaketen. Ordaliak, beraz, egoera konkretu batzuetan soilik erabiltzen ziren. Garai honetako gizarte nafar-aragoiarrean jaun-boterea bereziki sakabanatua zegoen eta ahalmen gutxiko jaun lokal asko zeuden. Ondorioz, soilik erregeak, baroi handiek eta eliz-jaun handiek zuten indar nahikoa horrelako frogak inposatu ahal izateko.

Ordaliak desohorearekin zeuden lotuak, morrontzaren definiziorako erabilgarria zena. Era berean, ohorea berreskuratzeko tresna izan zitezkeen. Ordaliek bi aspektu uztartzen zituzten: batetik, zergak eta korbeak bezala, menderatzeko mekanismo eraginkorrak ziren; bestetik, balio sinboliko sakona zuten. Fenomeno hau orokorra zen XII. mendeko gizarte europarretan[17].

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hinojosa, Eduardo. (1948). "Mezquinos y exaricos. Datos para la historia de la servidumbre en Navarra y Aragón", in Obras de E. de Hinojosa. I. Estudios de Investigación, Madril, 245-256. or.
  • Coromines, Joan. (2012). Diccionario crítico etimológico castellano e hispánico. Gredos, D. L.
  • Larrea, Juan José. (2006). La condición del campesinado navarro-aragonés entre los siglos IX y XII: una revisión crítica. En la España Medieval (29), 383-409. or.
  • Larrea, Juan José. (1998). La Navarre du IVe au XIIe siècle. Peuplement et société. Paris-Brusela.
  • Laliena, Carlos. (2012). Siervos medievales de Aragón y Navarra en los siglos XI-XII. Prensas de la Universidad de Zaragoza.
  • Martín Duque, Ángel J. (2002). ""Señores" y "siervos" en el Pirineo occidental hispano hasta el siglo XI", in Señores, siervos, vasallos en la Alta Edad Media, 28 Semana de Estudios Medievales de Estella, julio 2001, Iruñea, 363-412. or.
  • Miranda, Fermín. (1992) "La heredad servil en tierras pamplonesas (siglo XI)", in II Congreso General de Historia de Navarra, Iruñea, 429-437 or.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Larrea, Juan José. (2006). «La condición del campesinado navarro-aragonés entre los siglos IX y XII: una revisión crítica.» En la España Medieval 29: 383-409. ISBN 0214-3038..
  2. (Gaztelaniaz) Laliena, Carlos. (2012). Siervos medievales de Aragón y Navarra en los siglos XI-XIII. Prensas de la Universidad de Zaragoza, 38 or..
  3. (Frantsesez) Larrea, Juan José. (1998). La Navarre du IVe au XIIe siècle. Peuplement et société. Paris-Brusela, 541-588 or..
  4. Larrea, "La condición del campesinado...".
  5. (Gaztelaniaz) Coromines, Joan. (2012). Diccionario crítico etimológico castellano e hispánico.. Gredos, D. L. ISBN 9788424936549 842493654X..
  6. Mizkin formarekin Bergara aldeko euskaran eta miskin formarekin Iparraldeko idazleetan:https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_oehberria&task=bilaketa&Itemid=413&lang=eu&query=mizkin Mezkino formarekin Lizarraga Elkanokoaren testuetan, alegia Iruñerriko euskaran: https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_oehberria&task=bilaketa&Itemid=413&lang=eu&definizioak=0&query=mizkin&sarrera=185201
  7. a b Larrea, La Navarre..., 552. or.
  8. Larrea, La Navarre..., 550-553. or.
  9. Bi tokitan aipatzen dira mezkinoak agiri honetan. Lehena: Quando venerunt ad obitu mortis, miserunt in cenobio Sancti Iohannis quantum abuerunt in Votiia kasas, terras et vineas, ortis et molinos, aquis et pascuis, et suam partem de illos miskinos. Hau da: "Heriotzaren orduan, [emaleek] San Juan monasterioari eman zioten Botian zeukaten guztia, etxeak, lurrak eta mahastiak, baratzak eta errotak, urak eta bazka-lurrak, eta mezkino horietan zuten partea". Bigarrena: “Et illo meskinos non abuerunt nulla causa de alzemula, neque de carrio, non de secare, nec de kabare, nisi pro rogu et precu". Hau da: "eta mezkino horiek ez zuten euren gainean zamari- edo garraio-zerbitzurik, ezta uzta biltzekoa edo aitzurtzekoa ere, ez bada eskaera eginez". Ubieto, Antonio. (1962-1963). Cartulario de San juan de la Peña. Valentzia: Anúbar: 41. agiria.
  10. Insuper addo et mando, ut non sit in ea homicidio, neque fossadera, neque annutuba, neque saione, neque sigillo, neque castellera, nec super illos mesquinos, nec super suos caseros, nec super ullum hominem, qui sub potestate et iure de illa arbergaria fuerint, inquirat aliquis aliquos fueros: sed sit libera et ingenua sicut domus Sancte Marie. Hau da: "Horrez gain, hau gehitzen dut eta agindu, ez dadila izan ez homizidiorik, ez osteraterik edo anubdarik, ezta saionik edo zigilurik, ezta gaztelu-lanik ere, ez mezkino horien gainean, ez maizterren gainean, eta inork ez diezaiola inongo usadiorik eskatu ospitalaren babes eta boterearen mendean egongo den edonori, baizik eta ospitalea askea izan dadila Andre Mariaren etxea den bezalaxe". Rodríguez de Lama, Ildefonso. (1976). Colección diplomática medieval de la Rioja (923-1225), vol. 2. Documentos (923-1168), Logroño, 12. agiria.
  11. García Larragueta, Santos A.. (1957). El Gran Priorado de Navarra de la Orden de San Juan de Jerusalén (s. XII-XIII). 53. agiria.
  12. Laliena, Siervos Medievales..., 79. or.
  13. Larrea, La Navarre..., 588. or.
  14. a b c Laliena, Siervos Medievales..., 80-91. or.
  15. Larrea, La Navarre..., 546-550. or.
  16. Nafarroan eta Aragoin ordalia arruntena burdin goriarena zen. Froga honetan burdina barra bat sutan ipintzen zen gori jarri arte. Akusatuak orduan eskuaz heldu behar zion barrari eta urrats batzuk eman. Eskua bendatzen zitzaion, eta egun batzuetara orbanen egoeraren arabera erabakitzen zen akusatua erruduna zen ala ez.
  17. Laliena, Siervos Medievales..., 101. or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]