Zangoza
|
Zangoza |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Sangüesa <> Zangoza | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Zangozako merindadea |
||
| Alkatea | Ángel María Navallas Etxarte (Zangozako Talde Progresista) |
||
| Herritarra | zangozar | ||
| Koordenatuak | 42°34′40″N 1°16′57″W / 42.57778°N 1.28250°WKoordenatuak: 42°34′40″N 1°16′57″W / 42.57778°N 1.28250°W | ||
| Eremua | 71,6 km2 | ||
| Garaiera | 404 m | ||
| Distantzia | 44 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31400 |
||
| Biztanleria | 5.177 bizt. (2012) | ||
| Dentsitatea | 72,3 bizt./km² | ||
| Sorrera | antzinakoa erromatarra |
||
| http://www.sanguesa.es/ | |||
Zangoza[1] (gaztelaniaz Sangüesa) Nafarroa Garaiko ekialdeko udalerri bat da, izen bereko merindadean dagoen handiena. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldan 5.177 biztanle zituen.
Eduki-taula |
Inguru naturala eta kokapena[aldatu]
Herria Nafarroa ekialdean kokatzen da, izen bereko merindadearen ekialdeko muturrean. Herrira heltzeko N-240 errepidea hartu behar da Iruña-Jakako norabidean. Behin Ledeara iritsitakoan NA-127 errepidea hartu behar da Zangozara heltzeko.
Zangozaren herri mugakideak honakoak dira: iparraldean Ledea, hegoaldean Xabier eta Kaseda, ekialdean Sos del Rey Católico (Zaragoza) eta mendebaldean Oibar udalerriak mugakide ditu.
Klima eta landaredia[aldatu]
Zangozako klima mediterraneoaren eta ozeanikoaren tartekoa da, zenbat eta hegoalderago, mediterraneoagoa. Altuera zein den, aldeak nabarmenak dira, baina urteroko batez besteko tenperatura 13-14 °C ingurukoa da eta urteroko batez besteko prezipitazioa 700-900mm ingurukoa.
Jatorrizko landaredia hariztiek, artediek, pagadiek eta pinudiek osatzen zuten, baina gizakiaren eragina dela eta, gaur egun zuhaixka bakan batzuk eta birlandaturiko pinuak baino ez dira geratzen.
Herriak[aldatu]
Zangoza da udalerri honetako gune nagusia. Haren mugapean Rocaforte eta Gabarderal herriak ere badaude:
Gabarderal 1960ko hamarkadan eraiki zen, Espainiako etxebizitza ministerioaren aginduz, "Instituto Nacional de Colonización" delakoaren bidez. Espainiako hainbat tokitan egin bezala, beste hiri edo herrietatik urrun etxebizitza berriak eraiki ziren, eliza herriaren sarreran kokatuta.
Rocaforte Zangoza kanpoaldeko industrialdea kokatzen da bertan eta 2007ko erroldaren arabera, herriak 50 biztanle zituen.
Historia[aldatu]
Zangozan erromatarren garaiko aztarnak aurkitu dira. Uste da antzinako "Zangoza Zaharra" gaur egun Rocaforteko herrixka dagoen tokian kokatzen zela. Iruñeko erreinuaren defentsarako defentsa nagusietako bat izan zen. 1090. urtean Aragoako Santxo Ramirez erregeak Jakako forua eman zion jada existitzen zen Zangozako lehen hiriguneari. Historikoki Nafarroako erresumaren ekialdeko mugan egoteagatik, Aragoarekiko hainbat borroken lekuko izan ziren Zangozako biztanleak.
Espainiako Ondorengotza gerratean zehar Carlos I.a erregearen soldaduek herria okupatu zuten. Ondoren, Espainiako independentzia gerratean Francisco Espoz y Minak defendatu zuen Zangoza. Gerrate Karlistetan ere borrokak izan ziren herrian. 1936ko altxamendu frankistan eta ondorengo gerra zibilean Zangozako 48 herritar hil zituzten[2].
Uholdeak[aldatu]
Historian zehar, Zangozako biztanleei gehien eragin diena uholdeak izan dira, gerrateak baino gehiago. Horrela XIV. mendetik hainbat uholde handi izan dira, 1330, 1430, 1582, 1634, 1739 eta 1787 urteetan besteak beste. Aragon ibaia bere bidetik ateratzen zen maiz eta Santa Maria la Real eliza eta inguruko etxeak urez betetzen zituen.
Uholdeetatik latzena 1787eko irailaren 24tik irailaren 25eko gauean gertaturikoa izan zen. Almadien enborrek, Esako harrizko zubia itxi egin zuten eta ura eta bestelakoak pilatuz joan ziren. Presioak eraginda, urak zubia apurtu eta uholdea eragin zuen Zangozan. Urek bi metroko altuera hartu zuten herriko kaleetan eta 556 hildako izan ziren (biztanleriaren %18a). Herrian zeuden 465 eraikinetatik 428 erabat suntsiturik geratu ziren.
Uholde honek eraginda, herriaren kokalekua aldatu eta Aragon ibaitik urrundu zen, gorago zeuden lurretan etxe berriak eraiki zirelarik. Areago, Santos Angel Otxandategi arkitektoak Zangoza Berria kokapen zeharo ezberdin batean egiteko plan neoklasikoa diseinatu zuen, baina ez zen aurrera eraman.
Hirigintza[aldatu]
Zangozako jatorrizko alde zaharrak, Iruñeko San Cernin gunearen pentagono itxurako planoa dauka. Gune horren ardatza, Kale Nagusia da, herria alde batetik bestera zeharkatuz, eta herriaren irteera zen zubian amaituz. Gaur egun ere Kale Nagusiak, herriko merkataritza eta eguneroko bizitzaren ardatz nagusia izaten jarraitzen du. Jatorrizko burgoari etxagune txikiago bat batu zitzaion Poblacion kalea ardatz moduan izanik. Alde Zaharreko eliza eta jauregien artean, ortuak eta etxe xumeagoak eraiki ziren, eta eraikuntzen artean zeuden lursailen tamaina nahiko txikia zen.
Harresia[aldatu]
Hasieran, Zangoza ez zen gotorlekua izan, Alfontso I.a Borrokalaria erregearen garaietan birpopulatu zelako. Dena den, XII. mendearen amaieran, Aragoa eta Nafarroako erreinuak banatzean, erresumaren ekialdeko muga defendatzeko beharra zela eta, harresia eraiki zen Zangoza inguruan. Harresiak dorre karratuak zituen egituraren sendotasuna bermatzeko. Harresiaren iparraldeko alderdia San Migel kaletik hedatzen zen, hegoaldekoa Kale Ilunetik Aragon ibaira, ekialdekoa Donejakue parrokian hasi eta Dorre eta Labe kaleetan zehar, eta mendebaldekoak Aragon ibaiaren ibaibidea. Andre Maria eta Donejakue parrokiak, harresiaren gune estrategikoetan zeudela eta, dorre almenadunak dauzkate.
Herrira sartzeko lau atari nagusi zituen, Andre Maria ataria, zubiaren sarreran, Jacakoa edo San Frantziskoko ataria, Kale Nagusiaren kontrako aldea, Tuterako ataria hegoaldean San Salbador elizatik gertu, eta San Babilgo ataria iparraldean.
Harresitik kanpo[aldatu]
1150ean Oltrako auzunea sortu zen harresien babesetik kanpo Aragon ibaiaren eskuinaldean, eta San Andres parrokiako zubitik gertu. Urte batzuk beranduago, 117ean Castellongo burgoa sortu zen. Etxagune hauetaz gain, XIII. mendetik aurrera, Frantziskotarren komentua, Dominikoena, Mertzedarioena, eta Karmeliten komentuak eraiki ziren harresitik kanpo. XVI. mendean Cisnerosek agindutako eraikuntzen eraisteak batetik, eta herriaren hazkundeak bestetik, harresien gainean eraikitzea eragin zuen. Mende barrokoetan plazatxoak eraiki ziren.
Harresitik kanpo egindako benetako hedapena XIX. mendean hasi zen, herrian paperfabrikaren ezarpenaren ondoren. Ibaitik gertu, eta Alde Zaharraren ondoan estilo arrazionalistako etxebizitzak zituzten hiru auzo berri altxatu ziren. Gunearen erdialdean, blokeen ordez, lorategidun txaletak eraiki ziren. Herrigunearen hegoaldean, komentua eta suhiltzaileen egoitza dago.
Demografia[aldatu]
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 3.240 | 3.189 | 3.350 | 3.620 | 3.643 | 4.037 | 3.878 | 4.031 | 4.682 | 4.599 | 4.583 | 4.614 | 5.070 |
2008ko erroldaren arabera, 408 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %7,96a (Nafarroako batez bestekoaren azpitik).
Ekonomia[aldatu]
Herri lurrek udalerriaren azaleraren %29 dira, larre lur guztiak eta laborantza lurren %13. Guztira 4.500 hektarea lur lantzen dira, gehienak lehorreko lurrak, eta heren bat lur-ureztatuak. Lur-ureztatuak garagarra, artoa eta bestelako zerealak ereiteko erabiltzen dira. Lehor-lurretan, intxaurrondoa, olibondoa eta mahatsa landatzen dira. Mahastiek 710 hektarea hartzen zituzten 1891n, baina filoxeraren eraginez, azalera %75 murriztu zen. Horren ondoren, 1920ko hamarkadatik aurrera, haziz joan zen, baina berriro ere, 1960ko hamarkadatik aurrera, erdira murriztu zen.
Gaur egun Zangozako jarduera ekonomiko nagusia zerbitzuak eta industria dira. Zangozak inguruko herri txikiagoetatik etorritako biztanleak erakartzen ditu, bai lan egiteko bai erosketak egiteko. Rocaforten inguruetako industrialderik handiena dago.
Parke eolikoa[aldatu]
Zangozako Rocaforte kontzejuko mugetan, Oibar eta Irunberri bitartean, Nafarroako gobernuak eraikitako "Salajones" izeneko parke eolikoa dago. Ezarritako indarra 19,14 megawattekoa da. Parkearen jabea Acciona da gaur egun.
Ondarea[aldatu]
Zangozako herrigunean[aldatu]
- Santa Maria la Real: Herriko eliza nagusia da, XI. mende eta XII. mendeko aztarna erromanikoak dituena. Hiru nabez osaturik dago eta XIV. mendean eraikitako elizako dorrea gotikoa da. Elizako portada Nafarroako Erdi Aroko artearen obrarik garrantzitsuenetakoa da.
- Santiago Nagusiaren eliza: Jatorri erromanikoko eliza da, historiako lehen aipamena 1164. urteko dokumentu batean dago.
- Karmengo Amaren komentua: XIV. mendeko eraikina, berez herriaren kanpoaldean zegoen, baina Gaztelako koroaren erasoen ondorioz hiribilduaren barrura mugitu zen segurtasun bila. Komentu izan ondoren ospitale bihurtu zen.
- Nafarroako erregeen jauregia: Erdi Aroko jatorria zuen eraikina, Nafarroa konkistatzean Gaztelako inbaditzaileek okupatu zuten.
- Asisko San Frantziskoren komentua: Asisko San Frantziskok berak XIII. mendean sortu zuela uste da, Santiago de Compostelara bidaian Nafarroatik zihoala.
- Udaletxea: 1570 eraiki zen, Nafarroako erregeen jauregiaren albo batean.
- Santa Maria zubia: Aragon ibaiaren gainean XI. mendean eraikitako zubia. Gaur egun jatorrizko zubiaren zazpi arkuetatik lau kontserbatzen dira bakarrik.
- Gendulainko konteen jauregia: XVII. mendean eraikitako jauregi barrokoa.
- Granada Egako konteen jauregia: XV. mendeko jauregia.
Gabarderalgo kontzejuan[aldatu]
- Bideko Ama Birjinaren baseliza
- Santa Eulalia eliza
Baseliza zaharrean, XV. mende amaierako erretaula zegoen. Gaur egun erretaula San Salbador elizan gordetzen da. Horrez gain, Bideko Ama Birjinaren irudia, Kaputxinoen erakundean gorderik dago.
Azpiegitura eta garraioak[aldatu]
La Veloz Sangüesina[aldatu]
La Veloz Sangüesina ("Zangoztar Azkarra") izeneko autobus konpainiak Zangoza Iruñea eta inguruko herriekin batzen ditu. Linea nagusiak honakoak dira:
La Tafallesa[aldatu]
La Tafallesa izeneko autobus konpainiak Uztarroze eta Iruñea batzen dituen linea ustiatzen du. Lineak bi zerbitzu dauzka norabide bakoitzean, eta honako ibilbidea:
- Uztarroze - Izaba - Urzainki - Erronkari - Garde - Burgi - Esa - Xabier - Zangoza - Ledea - Irunberri - Nardoze - Ibargoiti - Elo - Noain - Cordobilla eta Iruñea
Politika[aldatu]
Udal hauteskundeak[aldatu]
2007ko udal hauteskundeetan Zangozako alkate kargurako Eskisabel Sueskun aukeratu zuten, UPNri lotutako Agrupación Independiente San Sebastián (AISS) taldearen izenean. Udaleko hamahiru zinegotzietatik zazpi lortu zituen taldeak, eta hortaz gehiengo absolutua udalean. Baliogabeko botoak 29 izan ziren (emandako guztien %0,29), eta zurizko 63 boto izan ziren (botoen %2,12). Abstentzioa %25,17 izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| AISS | 1.381 | 7 |
| NEB | 490 | 2 |
| PSN | 376 | 2 |
| Nafarroa Bai | 346 | 1 |
| EAE | 321 | 1 |
2011ko udal hauteskundeetan aldaketa handia gertatu zen udalbatzan. Agrupación Progresista de Sangüesa-Zangozako Talde Progresista (APS, 6 zinegotzi) izeneko zerrendak irabazi eta alkatetza Angel Maria Navallas Etxartek eskuratu zuen; helburua eskuinaren nagusitasunari aurre egitea zela, zerrenda NEB eta Nafarroa Bai batuta osatu zen, ezker abertzalearekin akordiorik egin nahi izan ez zuela eta PSN ere kanpoan geratu zela[3][4]. Agrupación Independiente San Sebastián eskuindarrak 5 hautetsi erdietsi zituen eta Bilduk zein PSNk bana. Hiru zerrendak, (RCN-NOK kalamuaren legeztatzearen aldeko taldeak, PPk eta España 2000 eskuin muturrekoak), ez zuten ordezkaritzarik lortu.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Zangozako Talde Progresista | 1.112 | 6 |
| AISS | 836 | 5 |
| Bildu | 289 | 1 |
| PSN | 173 | 1 |
| RCN-NOK | 128 | 0 |
| PP | 94 | 0 |
| España 2000 | 52 | 0 |
Udaletxea[aldatu]
Udaletxea XVI. mende amaierako harri eta adreiluzko eraikina da. Behealdean, atari zabala eta arkudun egitura dauka. Eraikina Oibarko Domingo Aiak diseinatu zuen eta Zangozako Kale Nagusian dago. Atzealdeko fatxada, Gazteluko armen plazara begira dago, horrekin batera, multzo arkitektonikoa osatuz. Urte askotan, udaletxea Vianako printzearen jauregian (XII. mendeko eraikina) izan zuen egoitza. 1929ko Bartzelonako erakusketa unibertsalean, Zangozako udaletxearen kopia bat eraiki zen.
- HELBIDEA: Kale Nagusia, 31
Alkateak[aldatu]
| 1979-1983 | Javier Luis del Castillo Bandrés | GISS |
| 1983-1987 | Javier Luis del Castillo Bandrés | GISS |
| 1987-1991 | Javier Luis del Castillo Bandrés | GISS |
| 1991-1995 | Javier Luis del Castillo Bandrés | GISS |
| 1995-1999 | Agustín Navallas Echarte | GIPS |
| 1999-2003 | José Daniel Plano Izaguirre | AISS |
| 2003-2007 | José Luis Lorenzo Elvás | PSN |
| 2007-2011 | Eskisabel Sueskun Hualde | AISS |
| 2011-2015 | Ángel Navallas Etxarte | Zangozako Talde Progresista |
Hezkuntza[aldatu]
- Zangozako ikastola
- C.P. Luis Gil
- IES Sierra de Leyre
Euskara[aldatu]
Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera, Zangoza eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %4,86k zekien euskaraz.
2008an Nafarroako Ezker Batuak eta Nafarroa Baik Euskararen Foru Legea aldatu eta gune mistoan udalerri gehiago sartzeko (horien artean Zangoza) proposamena aurkeztu zuten Nafarroako legebiltzarrean. UPN ez beste talde guztien baiezko botoarekin proposamena aurrera aterako zela zirudienean, PSN alderdiaren ustegabeko jarrera aldaketak atzera bota zuen gune mistoaren hedapena[5].
Jaiak eta ospakizunak[aldatu]
Herriko jaiak irailaren 11ren inguruan antolatzen dira. Jaiak irauten duten egun guztietan Jota zaharra dantzatzen da. Gauerdiko 1:30etan, "Bajadica del Prao" izeneko ekitaldia izaten da, herriko musika-taldeak jotzen duen musikak lagunduta, herritarrak udaletxeraino joaten dira.
Herrietako jaiak[aldatu]
Gabarderalgo jaiak abuztuko lehen asteburuan ospatzen dira Santa Eulaliaren omenez.
Erreferentziak[aldatu]
- ↑ Euskaltzaindia, 155. araua: Nafarroako udal izendegia, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0155.pdf
- ↑ http://www.euskomedia.org/aunamendi/104573/82798?op=7 Euskomedia.org webgunea.
- ↑ Ángel Navallas encabezará la nueva lista de izquierdas de Sangüesa, Diario de Noticias, 2011ko apirilaren 13a.
- ↑ Gerinda Bai bloga.
- ↑ Euskarakultur.com webguneko albistea.
Ikus, gainera[aldatu]
Kanpo loturak[aldatu]
- (Euskaraz) Zangotzako udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Zangozari buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- Zangozako Kale Nagusia Google Street View-n.