Portugalgo geografia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Portugalgo geografia
Portugalgo mapa (Azoreak eta Madeira gabe)
Azalera'
Osoa 92.391 km²
Lehorra 91.951 km²
Ura 440 km²
Latitudea 38°43' N
Longitudea 9°9'W
Mugak
Espainia 1.214 km
Itsas erreklamazioak
Ondoko eremua 24 itsas milia
Ekonomia-eremu esklusiboa 200 itsas milia
Jurisdikziopeko urak 12 itsas milia
Muturreko garaierak'
Puntu beherena 0 m (Ozeano Atlantikoan)
Puntu gorena 2.351 m (Ponta do Pico)

Portugal Europako hego-mendebaldeko estatua da, Iberiar penintsularen mendebaldean kokaturik dagoena. Ipar zein ekialdean Espainiarekin du muga eta hego zein mendebaldean Ozeano Atlantikoarekin. Portugalgo errepublikak ozeano honetan kokatutako bi uhartedi ere ditu barne: Azoreak eta Madeira. 1999 arte Txinaren hego-mendebaldeko itsasaldeko Macau, merkataritza libreko portua, Portugalen agintepean egon zen.

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalgo lurraldean bi alderdi nagusi daude, bai egituraz bai klimaz, Tajo ibaiak (portugesez Tejo) bi erditan bereiziak: Tejo ibaitik iparraldera dagoen erdia mendiez eta ibar sakonez osatua da gehienbat, eta hegoaldeko erdia, berriz, garaiera txikiko muinoez eta ordokiez.

Iparraldea, Galiziako mugaren eta Duero ibaiaren (portugesez Douro) arteko lurraldea, menditsua da, 1.500 m inguru garai diren mendilerroez osatua eta ibar sakonez hautsia. Douro eta Tejo ibaien artean lurraldearen batez besteko garaiera are handiagoa da: 600 m Douro Garaian eta 1.000 m Guardako goi ordokian. Ibar hondoak, ordea, itsas mailan daude ia-ia. Alderdi horretan Iberiako iparraldeko goi-ordoki zabala hedatzen da, eta alderdi batzuetan, Iberiako Erdialdeko Sistemaren mendebaldeko adarra osatzen duten mendilerroak nabarmentzen dira. Horietako batean dago, Serra da Estrelan hain zuzen ere, Portugalgo mendi garaiena, uharteetakoez landa: Torre mendia, 1.993 m.

Tejo ibaitik hegoalderako lurraldea (Alentejo) ordoki eta muinoez osatua dago. Alderdi horretan lurraldearen garaiera 400 mtik beherakoa da, ipar-ekialdeko muga inguruko San Mamed mendietan izan izan ezik (1.025 m). Hegoalde-hegoaldean, Caldeirao eta Monchique mendilerroek (900 m inguru) Algarve itsasaldeko ordokia babesten dute iparraldeko haizeetatik.

Portugalgo itsasbazterra 845 km luze da. Iparraldeko erdian zelaia, zuzena eta hareatsua da, eta Porto hiritik hegoaldera zabalduz doa Beira lurraldean barrena. Alderdi batzuetan aintzira txikiak eratu dira. Carvoeiro lurmuturretik hegoaldera berriz hautsiagoa da. Algarveko kostako mendebalean labartsua da, eta ekialdean berriz hareatsua eta zelaia.

Madeira uhartedia (794 km²), sumendi-jatorrikoa eta oso menditsua da (Pico Ruivo, 1.861 m). Klima gozoa eta egonkorra du. Portugaldik 1.000 kilometrora dago. Sumendizko Azore uhartedia (2.247 km²) Iberiar penintsulatik 1.500 km ingurura dago. Klima epel hezea du. Han dago Portugalgo mendi garaiena, Ponta do Pico (2.320 m), izen bereko uhartean.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar penintsulako ibai nagusietako batzuek Portugalgo lurraldea zeharkatzen dute ura Ozeano Atlantikoan isuri baino lehen: Miño (portugesez Minho), Douro, Tejo eta Guadiana.

Minho ibaiak Galizian du sorburua, eta bere ibilguaren behe aldean Pontevedrako probintziaren eta Minho-Lima azpieskualdearen arteko muga egiten du.

Douro ibaiak 600 metroko gainbehera du Iberiar goi-lautadaren eta bere ibilbideko ibar sakonaren hondoaren artean. Alto Tras-os-Montes azpieskualdeko hegoaldetik sartzen da Porugalen, Zamoratik etorrita, eta Porton itsasoratzen da.

Tejo ibaia, Iberiar penintsulako ibai handiena, Alto Alentejo eta Caceresen arteko mendi-zintzur luze baten bidez sartzen da Portugalen. Bokaletik hurbil, Paja itsasoa deritzan estuario zabala eratzen du, eta ontziz ibil daiteke ahotik Abrantes hiriraino.

Guadiana ibaiak Espainiaren eta Portugalen arteko muga lerroa egiten du bi zatitan. Baixo Alentejotik sartzen da eta Algarve eta Huelva artean itsasoratzen da.

Portugalen bertan sortzen diren ibai eta ibaiadarren artean aipagarriak dira, iparraldetik hegoaldera, Vouga, Mondego (225 km), Zezere (220 km) eta Sado (150 km) ibaiak.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalgo klima Ozeano Atlantikoaren eraginpean dago eta, oro har, samurra da: euritsua eta epela iparraldean eta lehorra eta oso beroa hegoaldean. Ozeanoaren eragina nabarmenagoa da itsasaldean, udako beroak eta neguko hotzak samurtzen baititu. Ipar-ekialde menditsuan hotz-beroak gorabehera handiagoak ditu: udak laburrak dira eta neguan elurra eta izotza izaten da. Hegoaldera ahala, klima mediterraneoa nagusituz doa, eta Algarvek Mediterraneoko klima du bete-betean, oso uda bero eta negu epelekin. Euri askoz gehiago izaten da iparraldean hegoaldean baino. Batez beste 500 mm euri izaten dira urtean, 2.500 mm iparraldeko mendietan, eta 500 mm baino gutxiago sei-zazpi hilabetez guztiz lehorra den Algarven.

Zuhaiztiek lurraldearen heren bat hartzen dute gutxi gorabehera. Itsasaldeko alderdi hareatsuetan pinudiak eta eukalipto zuhaiztiak landatu dira. Halaber, iparraldeko mendietan pinuak dira nagusi. Hegoaldea berriz landaredi mediterraneoak hartzen du: olibondoa, artea, artelatza. Mahastiak eta almendrondoak lurralde osoan daude, ipar-ekialdeko mendietan izan ezik, baina ugariagoak dira hegoaldean. Algarven, Mediterraneo motako basoa galdu den alderdietan, sastrakadi trinkoak hartu du haren tokia.

Datu orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena: Europako hego-mendebaldean, ekuatoreak zeharkaturik. Espainiarekin eta Ozeano Atlantikoarekin.

Koordenatu geografikoak: Koordenatuak: 39°30′N 08°00′W / 39.500°N 8.000°W / 39.500; -8.000

Azalera:

  • osoa: 92.090 km²
  • lehorra: 91.470 km²
  • ura: 620 km²

Herrialdearen mugak:

denetara: 1.214 km

Erresuma mugakideak:

Itsasbazterra: 1.793 km (Azoreak eta Madeira barne)

Lurraldea: Menditsua Tajo ibaiaren iparraldera, laua hegoaldean.

Muturreko garaierak:

  • puntu beherena: Ozeano Atlantikoa, 0 m
  • puntu gorena: Ponta do Pico 2.351 m

Baliabide naturalak: arrantza, basoak (artelazkia), burdina, kobrea, zinka, eztainua, tungstenoa, zilarra, urrea, uranioa, marmola, buztina, igeltsua, gatza, laborantza, energia hidraulikoa

Lurren erabilera: (2011)

  • lur landuak: %11,88
  • labore iraunkorrak: %7,71
  • beste: %80,41

Lur ureztatua: (2007) 5.837 km²

Ur baliabide berriztagarriak: (2011) 68,7 km³

Ur kontsumoa (etxeko-ura/industria-ura/nekazal-ura): (2005)

  • denetara: 8,46 km³/urte (%12/%18/%69)
  • per capita: 812 m³/urte

Arrisku naturalak: Azoreetan lurrikara handiak gertatu dira, eta baita bulkanismoa ere. Faial uharteko Capelinhos sumendiaren azken erupzioa 1958an izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Portugalgo geografia Aldatu lotura Wikidatan