Versaillesko jauregia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Versaillesko jauregi eta parkea1
UNESCOren gizateriaren ondarea
Versailles Palace.jpg

Jauregiaren zati bat

Mota Kulturala
Irizpideak i, ii, vi
Erreferentzia (ID) 83
Kokalekua FrantziaFrantzia
Eskualdea2 Europa / Ipar Amerika
Izen ematea 2008 (XXXII. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Versaillesko jauregia (frantsesez Château de Versailles) Frantziako errege-jauregi bat da, Frantziako Uhartea eskualdean kokatua, Versailles hirian (Parisen hego-mendebaldean, Parisko erdigunetik 17 kilometrotara, gutxi gorabehera). Jauregia eraiki zen garaian, Versailles landa-herrixka bat besterik ez zen. Gaur egun, ordea, Parisen inguruetako hirigune bat da.

Jauregia Frantziako monumenturik aipagarrienetako bat da, hala bere edertasunarengatik nola bertan izandako gertakizunengatik.

Versaillesko jauregiko parkeak 815 hektareako azalera dauka (8.000koa, Frantziako Iraultza baino lehenago). Hektarea horietatik 93, jauregiaren lorategiek hartzen dituzte.

1682tik (Luis XIV.a Paristik bertara bizitzera joan zenean) harik eta errege-familia 1789an berriro Frantziako hiriburura itzularazi zuten arte, Frantzian botere politikoaren zentroa Versaillesko gortea izan zen. Horregatik, Versailles ezaguna da, eraikin gisa ez ezik, Antzinako Erregimeneko monarkia absolutuaren sistemaren ikur ezaugarri gisa ere.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Versaillesko jauregiaren ikuspegi partzial bat, lorategitik lortua.
Ispiluen galeria.

Versaillesko jauregiak XVII. eta XVIII. mendeetako arte frantsesaren lekukotasun paregabea eskaintzen du. Bere arkitektura klasizismoaren ildoei jarraitzen zaie: oinplanoaren simetria, zutabedietan (zutabe-sortetan, alegia) antolaturiko fatxadak, eta, eskulturetan zizelkaturiko gai-hautaketari dagokionez, antzinatean nahiz mitologian bilaturiko inspirazioa. Klasizismoari loturiko zorroztasun horretan, zertzelada barroko batzuek fantasia pixka bat gehitzen dute.

Eraikin-multzo monumental hau oztopo baten antzera tartejarririk egin zuten, hiriaren eta finkaren artean. Le Nôtrek zioenez, jauregiaren lorategietatik ez zen hiriko ezertxo ere ikusi behar, eta, era berean, hiritik ez zen lorategien ezein alderik antzeman behar.

Jauregia Luis XIV.a (1638-1715) erregearen figurari oso lotuta dago, baina ez da ahaztu behar jauregiaren eraikuntzak eta bertako instalazioek alde handiz gainditzen dutela Eguzki-erregearen erregetza-aldia.

Jauregiaren muina jatorrizko eraikina da, Luis XIII.aren garaikoa (Luis XIV.aren aita zen). Jauregiaren beste hegaletatik bereizten da bere horma kolorebikoagatik (adreilu eta harrizkoak baitira) eta dauzkan arbelezko teilatu altuengatik. "Jauregi zahar" hau, bere alde batetik, eraikin berriago batek inguratuta dago, Le Vau eta d'Orbay arkitektoek Luis XIV.aren agindupean 1668an eraikitakoa. Lorategien alderantz, hegal horrek hiru solairuko fatxada bat agertzen du, klasizismoaren usadioaren araberakoa. Bigarren solairua (Ispiluen Galeria ospetsua dagoenekoa) pilastren bitartez zedarrituriko leiho altuek argitua dago. Azkeneko solairuan ere horrelako pilastrak ageri dira, baina han altuera txikiagokoak dira. Eraikinaren goialdean, teilatuaren ertzean paraturiko balaustrada batek teilatua (oso inklinazio apalekoa) ezkutatzen du.

"Jauregi zaharrak" eta "jauregi berriak" gutxi gorabehera "U" itxurako oinplanoa osatzen dute. Bi hegal luzek lehenbiziko eraikin-gune hori iparralderantz eta hegoalderantz hedatzen dute. Beste arkitekto batek, Jules Hardouin-Mansartek, eraikiak badira ere, Le Vauren eraikin inguratzailearen ezaugarri nagusiei eusten diete.

Jauregiaren barnealdea gehienbat grands appartements deiturikoek betetzen dute. Apartamentu horien osagaiak dira erregearen apartamentu handia, erreginaren apartamentua eta ispiluen galeria. Apartamentuak egituratuta daude Charles Le Brun-en artisauek sabaietarainoko apaindura apartez hornituriko elkarren segidako gelen ilaretan.

Ispiluen galeria 73 metro luze da, eta jauregiko aretorik arranditsuena irizten zaio. Alde batetik lorategira ematen du. Beste aldea, ordea, 17 ispilu-panelez estalita dauka.

Grands appartements deritzenez gain, petits appartements izenekoak ere badaude. Giro intimoagoko gelak dira horiek.

Jauregiaren fatxada ezberdinak. Argazkian, lorategirantz ematen duena.
Jauregiaren fatxada ezberdinak. Argazkian, jauregiaren alderik zaharrena.

Apartamentu guztiak ez daude haien jatorrizko egoeran (hau da, Luis XIV.aren garaikoan). Esate baterako, erreginaren apartamentuak 1787an zeukan itxura agertzen du; hots, Marie-Antoinette bertan bizi zen garaikoa.

Erreginaren ganbera.

Bizitoki-erabileretarako eraikin horiez gain, jauregiak kapera bat eta opera-areto bat dauzka. Kapera 1689tik 1710era bitartean egin zen, eta bertan erregeak eguneroko meza entzuten zuten. Opera 1770ean inauguratu zen, eta jauregian eginiko azken eraikinetako bat da.

Zenbaki batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1995ez geroztik, Versaillesko museo eta ondare nazionalaren establezimendu publikoak kudeatzen du Versaillesko jauregia. Establezimendu publiko horrek 900 langile dauzka, eta zaintza-lanetan jarduten dute horietatik 400ek. Urtero, jauregiak 3 milioi bisitari hartzen du, eta parkeak, 7 milioi. Bisitarien % 70 atzerritarrak dira.

Berez, hiru jauregi hartzen ditu barrenean: Versailles, Grand Trianon eta Petit Trianon, bai eta hirian kokaturiko eraikin mordo bat ere.

Versaillesko jauregiak 700 gela, 2.513 leiho, 352 tximinia (Antzinako Erregimenaren garaian, 1.252), 67 eskailera, 483 ispilu (galeria handiaren, gerraren aretoaren eta bakearen aretoaren artean banatuta), eta 13 hektarea teilatu dauzka. Guztira, 67.121 metro koadroko azalera du, eta horietatik 50.000 publikoari irekita daude.

Jauregiko lorategiaren ikuspegi partzial bat.

Jauregiaren parkea 800 hektareakoa da: horietatik, 300 hektarea oihanez estalita daude. Estilo frantseseko bi lorategi daude: petit parc, 80 hektareakoa, eta Trianon, 50 hektareakoa. Halaber, 372 estatua daude. 55 urmael aurki daitezke; horien artean, handienak dira Grand Canal, 23 hektarea eta 500.000 metro kubiko dituena, eta pièce d'eau des Suisses, 180.000 metro kubikokoa. Ubideek guztira 35 kilometro egiten dute.

Luis XIV.aren garaiko eraikuntza-lanetarako, milaka langile behar izan ziren (urtebeten 36.000 ere aritu ziren).

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Versaillesko jauregia Aldatu lotura Wikidatan


Koordenatuak: 48°48′16″N 2°07′23″E / 48.804404°N 2.123162°E / 48.804404; 2.123162