Wilhelm Reich

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Wilhelm Reich (Dobzau, Galitzia, gaur egun Dobrzcynica, Ukraina, 1897ko martxoaren 24a - Lewisburgeko espetxean, Pennsylvania, AEB, 1957ko azaroaren 3a) austriar psikiatra eta psikoanalista izan zen. Psikoanalisia langile-iraultzaren ildora bideratzen saiatu zen, eta sexu-etika goitik behera aldatzea proposatzen zuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sigmund Freuden ikasle eta, 1920. urtetik aurrera, Vienako Psikoanalisi Elkarteko kide izan zen. Komunista zen; Austriako alderdi sozialdemokratako kide egin zen 1927an, eta hiru urte geroago Berlinen bizilekua harturik, Alemaniako alderdi komunistakoa.

1927an "Orgasmoaren funtzioa" liburua idatzi zuen; liburu horretan giza osasunaren funtsezko osagarritzat aurkeztu zuen orgasmoa, eta sexu-askapenaren beharra azpimarratu zuen. Alderdi komunistak, Reichen aholkuei jarraituz, langileriaren sexu-politika bideratzeko elkartea (Sexpol) sortu eta zuzendu zuen Alemanian. 1929an "Materialismo dialektikoa eta psikoanalisia" lana idatzi zuen, marxismoaren eta psikoanalisiaren arteko sintesia egiteko asmoz.

Reich arian-arian urrunduz joan zen Freuden teorietatik: guztiz zalantzan jarri zuen Ediporen konplexuaren unibertsaltasuna, eta eduki politiko argi bat eman zien bere teoriei. Reichen arabera, guztiz garrantzitsuak dira familia tradizionala eta haurtzaroko eta gaztaroko sexu-zapalkuntza gizarte kontserbadorea mantentzeko. Ikuspegi horren inguruan eman zituen hurrengo lanak: "Gazteen sexu-borroka" (1932), "Izaeraren azterketa" (1933), "Sexualitatea kultura-borrokan" (1933), "Faxismoaren masa-psikologia" (1933).

1933an Alemania utzi behar izan zuen, naziek aginpidea hartu zutenean, eta Eskandinavia aldera jo zuen lehenik. 1934an nazioarteko psikoanalisi-elkartetik kanpo utzi zuten, bere ideiengatik, eta alderdi komunistatik egotzi zuten, estalinismoari eginiko kritikengatik. 1939an Estatu Batuetara joan zen, eta itxura berri bat eman zion bere obrari. Kosmogonian oinarrituriko erlijio-sistema bat irudikatu zuen, eta aurkitu bide zuen biologia-indar berri batez eritasun guztiak sendatzeko gai zela adierazi zuen. Arazoak izan zituen legetik kanpoko medikuntzan aritzeagatik, eta merkatuan jarri zituen orgone edo energia kosmikoz hornituriko sendagaiak debekatu zituzten. Auzitara eraman zuten eta, azkenean, bi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten epaileak iraintzeagatik. Lewisburgeko espetxean hil zen enbolia batek jota. Bere obra guztia eraberritu zuen Estatu Batuetan: Adi, gizon txiki (1951-1952); Kristoren hilketa (1952-1953).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Wilhelm Reich Aldatu lotura Wikidatan