Antisorgailu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Metodo antisorgailuak edo, besterik gabe, antisorgailuak sexu harremanetan ernalkuntza eta haurdunaldia ekiditeko tresnak dira. Zenbait taldetan bereiz daitezke, hala nola, hesi metodoak (preserbatiboa esaterako), eragile kimiko edo hormonalak (pilula antisorgailua, esaterako) eta antikontzepzio naturala (coitus interruptus edo abstinentzia metodoak).

Hesi-metodoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hesi bidezko antisorgailuek espermatozoideak aluan barneratu eta umetokira heltzea eragozten dute, gailu fisiko baten bitartez. Metodo erabilienak honako hauek dira: kondoia, preserbatibo femeninoa, diafragma eta umetokirako kapelatxoa). Aipatu behar da metodo horietatik bik (kondoiak eta preserbatibo femeninoak) haurdunaldiak saihesteko ez ezik, sexu bidez transmititzen diren gaixotasuna ekiditeko ere balio dutela.

Kondoia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondoi bat. Erabili aurretik bilduta dago eta zakilera egokitzean luzatzen da.

Kondoia edo preserbatibo maskulinoa zakilean jartzen den latex edo plastikozko zorro bat da, puntan isurirako lekua uzten duena. Zakila kondoi barruan sartuz, espermatozoideak emakumearen baginan sartzea eragozten da, eta, horrela, obulua ezin da ernaldu. Haurdunaldia ekiditeaz gainera, sexu harremanen bidez kutsa daitezkeen gaixotasunak ere oztopatzen ditu. Antisorgailu gisa, %98ko eraginkortasun tasa du (hau da, erabiltzen den kasu guztietatik %2etan bakarrik egiten du huts), betiere modu egokian erabiltzen bada. Modu desegokian erabiliz gero, eraginkortasun-tasa txikiagoa da.

Kondoiak plastizkozko zorroetan sarturik saltzen dira banaka (kalean izaten diren vending makinetan batik bat), zein unitate batzuetako kaxetan. Prezioa 0.5€-1€ tartean izaten da, kaxetan edo banaka erosiz gero.

Kondoia behar bezala erabiltzeko, aholku hauek jarraitu behar dira:

  • inoiz ez da kondoi bera behin baino gehiagotan erabili behar;
  • isurtzea gertatu bezain laster, zakila baginatik atera behar da kondoiaren barruan dela, kondoia haziarekin batera bagina barruan gera ez dadin;
  • sexu-harremanean zehar, zakilak bere gogortasuna galtzen badu, baliteke kondoia zakiletik atera eta bagina barruan geratzea; hori dela eta, zakila biguntzen den unean bertan, zakila baginatik ateratzea komeni da;
  • kondoia urraturik badago, ez da erabili behar;
  • kondoiek iraungipen-data dute, kondoiaren plastikozko zorroan agertzen dena, eta ez dira erabili behar data hori pasa ondoren;
  • kondoiaren zorroa itxita ere, kondoiak leku freskoan kontserbatzea gomendatzen da.

Gehien erabiltzen den antisorgailuetako bat da. Izan ere, Espainian, gazteen %80ek kondoia erabiltzen dutela erakusten duten inkestak egin dira [1]. Gazteen artean eta harreman finkorik ez duten bikoteetarako gomendatzen bereziki, antisorgailua izateaz gainera, bikotekideak kutsa ditzakeen gaixotasunak ekiditeko.

Preserbatibo femeninoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Preserbatibo femeninoa: alde irekia kanpoan geratzen da, zakil bertatik sartu ahal izateko.

Poliuretanozko zorro bat da, kondoia baino zabalagoa, eta baginan sartzen da. Bi uztai txiki ditu muturretan, alde batetik itxia eta bestetik irekia. Alde itxitik sartzen da baginara sexu harremana izan aurretik. Baginan sexu-harremana izan baino 8 ordu lehenago ere sar daiteke. Ordu kopuru bat igaro ondoren, sexu harremana izan ala ez, preserbatiboa atera eta bota egin behar da. Sexu-lubrifikatzaileekin batera ere erabil daiteke, poliuretanozkoa baita. Zentzu horretan, latexezkoa ez denez, ez dago alergia sortzeko arriskurik.

Eragozpen gisa, egoki erabiltzeko praktika eta esperientzia eskatzen duen antisorgailua da. Gainera, alutik zertxobait kanpora ateratzen denez, emakumearen kasuan sexu-harremaneko plazerra murriz dezake. Kondoia baino garestiagoa da, eta botiketan bakarrik saltzen da. Faktore hauek guztiak direla eta, ez da asko erabiltzen. Ondo erabiliz gero, bere eraginkortasuna kondoi arruntaren antzekoa da.

Diafragma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latexez estalia dagoen uztai bat da, baginaren buruan sartzen dena, eta espermatozoideak umetokira sartzea eragozten du. Espermizida batekin batera erabili ohi da. Koitoa baino lehen sartu behar da baginara, espermizidarekin bustita. Ginekologo baten ardurapean eskuratu eta erabili behar da, besteak beste emakumearen baginara tamainaz egokitzen den diafragma behar baita. Koitoa ondoren, 6 orduz eduki behar da baginan, espermatozoide guztiak hil arte, eta ondoren atera eta garbitu egin behar da, berriro erabili ahal izateko.

Metodo kimikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baginako esponja[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esponja sintetiko bat da, baginan sartu ondoren espermizida askatzen duena. 5 cmko diametroa du gutxi gorabehera. Baginara modu egokian sartu ondoren, 24 ordutarako antisorgailu moduan funtzionatzen du, espermatozoideak akabatuz. Esponjak hesi moduan ere funtzionatzen du. Koitoa burutu ondoren, 6 orduz eduki behar da baginan, espermatozoideak guztiz ezabatzeko, baina 30 ordu baino lehen erretiratu egin behar da. Eraginkortasuna %70-%80 ingurukoa da. Beraz, ez da metodo antisorgailu fidagarria, kondoiaren aldean batez ere. Gainera, ez ditu sexu-transmisiozko gaixotasunak ekiditen.

Metodo hormonalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pilula antisorgailua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pilula antisorgailua emakumeek erabiltzen duten aho bidezko antisorgailu bat da. Emakumearen hormona zikloan du eragina, eta haurdunaldia ekiditen du. Eraginkortasun handiko antisorgailua da pilula, eta gaur egun iraganean baino bigarren mailako ondorio gutxiago ditu. Ez du ordea sexu bidezko gaixotasunengandik babesten. Bi sustantziek osaturiko medikamendua da: estrogenoak eta progesterona, eta emakumezkoen hormonen antzerako sintetikoak dira. Sustantziak odolaren bitartez gorputz osoan zehar zabaltzen dira eta ez diete uzten obulutegiei obulurik sortzen. Medikuak kontrolatu behar du metodo hau, eta emakume batzuk dituzten gaixotasen arabera ezin dituzte erabili.

DIU[aldatu | aldatu iturburu kodea]

DIUa emakumearentzako antisorgailu iraunkor bat da. Emakumearen uteroan ginekologoak jarri beharreko gailu bat da, jarri ondoren sustantzia kimikoak askatzen dituena urteetan zehar, ernalkuntza ekidinez. Ez ditu sexu transmisiozko gaixotasunak ekiditen.

Bestelako metodoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abstinentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexu-harremanak ez burutzea erabakitzen denean gertatzen da sexu-abstinentzia. Abstinentzia egoeretan ezinezkoa da haurdun geratzea. Dena den, metodo antisorgailu gisa, zaila da kontrolatzen, sexurako gogoa edozein unetan sortu eta abstinentzia-erabakiari kasurik ez egitea gerta daitekeelako. Horregatik, abstinentzia erabakitzen denean ere, komeni da kondoia edo beste antisorgailu bat prest izatea.

Metodo naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metodo naturalek emakumeen obulazio zikloa aztertzea dute helburu. Izan ere, ziklo horretan zehar (batezbeste 28 egun irauten dituena) egun jakin batzuetan baino ez da ugalkorra emakumearen gorputza. Aldi hori zehazteko, hainbat bitarteko erabiltzen dira. Horietatik ezagunena egutegiaren bidezko metodoa da (Ogino metodoa ere deitua), baina ziklo oso erregularrak dituzten emakumeentzat da baliozkoa soilik. Billings metodoak, bere aldetik, emakumeak isurtzen dituen isurkien bilakaera aztertuz obulazioa noiz gertatzen den igartzea bilatzen du. Azken metodo hori erabiltzeko, osasun aditu batek gidatu behar du emakumea, bere isurkiak ezagutu ditzan. Abantailen artean aipa daiteke metodorik merkeenak direla, ez baitute inolako tresnaren beharrik. Hala ere, haurdunaldia ekiditeko abstinentzia garaiak zehatz bete behar izaten dira. Halaber, ez da komeni kondoirik erabiltzea, horrek emakumeen isurkietan eragina izan dezake eta. Ondorioz, metodook akats tasa nahiko altua izan ohi dute.

Sarpenik gabeko harremanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zakila baginara sartzen ez den harremanetan, oso txikia da ernalkuntza gertatzeko probabilitatea, eta isurtzea aluaren inguruan egiten denean bakarrik gerta daiteke. Sarpenik gabeko sexu-harreman hauetan felazioa eta koito anala barneratzen dira.

Coitus interruptus[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Coitus interruptus egiten dela esaten da sexu harremanean zehar zakila isurtzea gertatu baino lehenago baginatik ateratzen denean. Fidagarritasun eskaseko metodoa da, eta ez ditu ekiditen sexu transmisiozko gaixotasunak. Gainera, gizonezkoen gozamena asko mugatu ohi du.

Metodo antisorgailuen eraginkortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metodo antisorgailuen eraginkortasuna, ehuneko gisa adierazia, Pearlen indizea erabiliz kalkulatzen da eta antisorgailu bakoitza urtebete oso batean zehar erabiliz gero, haurdun suertatzeko aukerak adierazten ditu. Adibidez, kondoiaren eraginkortasun tasa %98 dela zenbatetsi da, modu egokian erabilita; beraz, urtebetean koito baginaleko sexu-harremanak izanez gero, haurdun suertatzeko aukerak %100-%98=%2 dira. Bestela esanda, kondoia urtebete oso batean zehar erabiltzen duten 100 emakumeetatik batez beste 2 haurdun geratuko lirateke.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antisorgailu Aldatu lotura Wikidatan


  1. (Gaztelaniaz) Sanidad y fabricantes se comprometen a vender condones a precios asequibles. Noticias de Gipuzkoa. 2009-01-16.