Edukira joan

Abando (auzoa)

Artikulu hau Bilboko auzoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Abando».
Abando
 Euskal Herria
  
Mapa
Kokapena
Herrialdea Bizkaia
UdalerriaAbando
Geografia
Koordenatuak43°15′41″N 2°55′38″W / 43.26139°N 2.92722°W / 43.26139; -2.92722
Azalera1,17 km²
Garaiera23
Demografia
Biztanleria24.135 (2023)
Dentsitatea20.628 bizt/km²

Abando Bilboko auzoa da. 116,87 hektarea eta 23.407 biztanle ditu. Izen bereko distrituan dago, seigarrenean, alegia. Bilboko erdiguneko auzoa da, denda eta bulego gehienak biltzen dituena. XIX. mende bukaeran Bilbok Abandoko Elizatea anexionatu zuenean zabalgune gisa lehenik garatu zen auzoa izan zen. Bizkaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Abandon daude.

Abando hitza jadanik 1192. urtean agertzen da Abandoko Done Bikendi eliza dela eta. Beraz, ia 700 urteko herri udalduntzat jotzen da, 1200 ingurutik Bilbok 1875ean anexionatu zuen arte: tartean, urte askotan Gernikako Juntetxean aulkia izan zuen. Garai batez udala La Casillan egon zen eta historikoki Zorrotza ere Abandokoa izan zen, Enkartaziotzat jotzen den arren. Errekalden eta Basurtun auzo alkate bana omen zeuden. Erdigune tradizionala Albia lorategia izan da betidanik, ondoan baitzeuden bai udala, gaurko Mazarredo Zumardiaren parean, zein Abandoko Eskolak, geroko Auzitegi Jauregia eraiki zuten orubean. Huraxe izan zen Abandoko Elizateko plaza nagusia, Bilbok anexionatu aurretik. Herriaren muga Ibaizabalek markatzen du: ezkerralde guztia Abando da. Gaurko auzoak izaera erresidentziala dauka aspalditik, hiriko etxebizitzarik handienak eta garestienak baitaude bertan. Itsasadarraren ondoko lurrek izaera industrialagoa zeukaten.

Abandok honako auzoak eta aldeak jasotzen ditu: Indautxu, Albia bera, Errekalde, Irala, Iralabarri, Basurtu, San Frantzisko aldea, Abusu, Ibaizabal auzo zaharra, Ollargan, Seberetxe... hau da, Ibaizabalen ezkerralde osoa.

Itsasadarrean ontziolak nagusitu ziren, batez ere Abandoibarreko Euskalduna ontziola. Horrez gain, ontzigintzarekin loturiko beste hainbat enpresa txikiago, eta gaien garraioan aritzen ziren beste hainbat enpresa. Egun, industria itsasadarreko guneetatik erabat desagertu denean, gune horiek berrizten ari dira, antzina Bilboko portuak hartzen zituen Abandoibarra eta Uribitarteko guneak, esaterako.

Abandoko auzoan hiriko denda nagusiak eta garestienak daude, On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia eta Moyua plaza bitarte "Urrezko milia" izendapenaz ezagutzen den gunean. Gune hori Colon Larreategi eta Urkixo Zumarkaleko lehen zatira hedatu da azken urteetan. 1969. urtean, El Corte Inglések bere merkataritza zentroa zabaldu zuen Kale Nagusia eta Urkixo Zumarkaleen artean.

Ekonomikoki, gehien garaturiko auzoa da, guztira 41.874 enpresek dute egoitza Abandoko auzoan, Bilboko enpresen % 27,57ak alegia. Saltokiei dagokienez, 1.829 daude guztira, 6.797 pertsona enplegatuz. Azalera komertziala guztira 220.993 metro koadrokoa da.

Kale garrantzitsuenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
San Bizente Martiriaren eliza. Atzean, Albia eraikina.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]