Alakrana atunontziaren bahiketa

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Beltzez, Alakranaren bahiketa-tokia (hegoaldean) eta egungo kokapena (Harardhere hiri parean). Zuriz, Atalanta misioak babestutako eremua, Espainiako Itsas Armadaren arabera. Bertan, gorriz, Canarias fragatak bahiketa-unean zuen posizioa.[1][2]

Alakrana atunontziaren bahiketa 2009ko udazkenean Indiako ozeanoan somaliar piratek bahitutako Alakrana izeneko euskal atunontziaren gertakarian datza. Bahiketa 2009ko urriaren 2an hasi zen eta 47 egunez Somaliako kostaldean bahiturik izan ondoren, Alakrana eta bertako marinelak askatu egin zituzten azaroaren 17an.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AEBetako marineak ustezko pirata batzuk atxilotzen

1990eko hamarkadaz geroztik, lehenengo munduko hedabideek erabilitako terminoari jarraiki, itsaslapurreta ekintza ugari gertatu ziren Somalia inguruko itsas eremuan. 1991 urtean hasita, Somaliak jasaten zuen gerra zibila eta ondoriozko administrazio-hutsuneak profitatuz, atzerriko arrainontziak gehiegizko arrantzan aritu ziren, legez kanpo eta bertako arrantzalekuak agortaraziz. Itsasontzi batzuek itsasalde hartan hondakin toxikoak hondoratu zituztela frogak ere badaude. Horrela, Somaliako arrantzaleak elkartu eta atzerritar arrantzaleak kanporatzeari ekin zioten[3][4].

Gerora, arrantzale hauek gerra-jauntxo direlakoekin elkartu, haien laguntza jaso eta atzerriko bahiketei esker lortzen dituzten irabaziak beraiekin partekatzen hasi ziren. Horrela, itsasontzien bahiketa ekonomia-iharduera garrantzitsua bihurtu da Somaliako kostaldeetan.

Lehenengo munduko herrialdeek eta beste batzuk (Txina, esaterako, Afrikan interes ekonomiko handiak dituena) kezka agertu dute itsas eremu horretan dagoen segurtasun faltagatik. Horrela, zenbait operazio militar antolatu da bahitzaileei aurre egiteko, Europar Batasunak antolaturiko Atalanta misioa besteak beste. Kontuan hartu behar da, urtero 20.000 itsasontzi igarotzen direla Adengo Golkotik, Suezeko kanalerako bidean, eta munduko merkataritzaren %20 eta Europarako petrolio-hornikuntzaren %30 bertatik egiten dela.[5]

2008. urtean Bermeoko Playa de Bakio izeneko atunontzia bahitu zuen pirata talde batek. Egun batzuetako negoziaketen ondoren, bahisari bat ordaindu eta itsasontzia eta bertako marinelak aske utzi zituzten.

Alakrana arrainontzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Alakrana»

Alakrana atunontzi izozkailuduna da, basea Bermeon duena. Echebaster fleet konpainiarena da eta 2005. urtean uretaratu zen lehen aldiz. Garaiko azken berrikuntza teknologikoak ditu eta bere balioa 30 milioi euro ingurukoa da[6].

Bahiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Somaliako piratek erabiltzen duten ohiko ontzia. Fibrazkoak izaten dira, radarrez ez hautemateko.

Alakranak lehenengo bahiketa-saiakera bat jasan zuen 2009ko irailaren 3an, Somaliako kostaldeetatik 460 itsas miliara zegoela. Une horretako eguraldi txarrari eta sarea jasota izateari esker, atunontziak ihes egin ahal izan zuen[7]. Egun horietan, Bermeoko beste bi arrantzontzik ere, Campo Libre Alai eta Intertuna Dos izenekoak hain zuzen, bahiketa-saiakerak jasan zituzten. Eraso hauek direla eta, marinelen artean kezka zabaldu eta ontzijabeek arrantzaontzietan Espainiako Armadako infanteak egotea eskatu zuten. Horren haritik, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak gaia aztertu zuten, baina emaitza jakinik eta erabaki garbirik hartu gabe.

2009ko urriaren 2an, Somaliako hegoaldean, kostaldeetatik 413 miliara, Somaliako 13 piratako talde batek, fusilez eta granada-jaurtigailuz armaturik, atunontzia bahitu zuten, Espainiako Gobernuaren esanetan, babestutako eremutik kanpo arrantzan ari zirela. Bahiketaren berri izatean, Espainiako Defentsa Ministerioak bahiketa-tokitik 800 itsas-miliatara pirateria-ekintzen aurkako Atalanta misio-lanetan ari zen Canarias fragata bidali zuen bahiketa-eremura bahitzaileek marinelak lehorreratzea ekidin eta arrantzontziaren mugimenduak kontrolatzeko. Inguruko itsas eremua babesten ari zen P-3 Orion hegazkin bat ere Alakrana begiztatzera bidalia zen. Aldi berean, inguru hartan arrantzan ari ziren atunontziek lana bertan behera utzi eta arantzalekutik alde egitea erabaki zuten. Bahiketa unean, Alakranako eskifaia 36 marinelek osatzen zuten, Ricardo Blach galiziar patroiaren eta Iker Galbarriatu euskal kapitainaren agindupean, eta horrela zegoen osaturik: 8 euskal herritar, 8 galiziar, 2 madagaskartar, 3 senegaldar, 4 ghanatar, 2 bolikostar, 8 indonesiar eta seychelletar bat [8] [9]. Piratek bere indar armatuak babespean Somalian legez kanpo arrantzan aritzeagatik zigor gogorra jarriko zitzaiela iragarri zuten[10]. Canarias fragatak Alakrana zegoen inguruetan helduta, erreskaterako operazio militarraren aukera baztertu egin zuten, arrisku handikoa baitzen, baino Alakrana poliki zihoala profitatuz arrainontzian ur gainean jarritako txikot luzeen bitartez matxura bat eragin eta, Somaliako kostaldeetatik urrun artean, arrainontzia geldiarazi eta negoziaziorako aldeko egoera bat sortzeko plana diseinatu zen.[11][12]

Urriaren 4ean, Somaliako kostaldeetatik 200 itsas miliako gunetik kanpo, bi pirata txalupaz arrantzontzia utzi eta gutxira, Espainiako Armadak atxilotu egin zituen. Atxiloketan, bahitzaileetako bat balaz arinki zauriturik suertatu zen. Bitartean, Alakrana Harardhere hiriko kostalderuntz abiatu zen abiadura bizian. Horrela, Alakrana geldiarazteko plana deusezturik geratu zen. Berehala, Espainiako Auzitegi Nazionalak prozedura judiziala abiarazi zuen bi pirata hauen aurka[13]. Piratak urriaren 12an Madrilera Djibutitik aireratutako hegazkin batean eramanak izan ziren, Baltasar Garzón epailearen aginduz [14]. Berria jakin bezain laster, Alakranaren askapena negoziatzen hasteko bi atxilotuak askatu egin behar zituztela eskatu zuten Alakranako bahitzaileek[15]. Alakrana arrainontzia Somaliako Haradhere hiri pareko itsasaldean zegoen ordurako.

Alakranarekin harremanak ia guztiz etenda geratu ziren urriko bigarren hamasbostaldian zehar, dei bakan batzuk kenduta. Urriaren 30ean, telefonozko harremana berreskuratu eta marinelen familiarrek beraiekin hitz egin ahal izan zuten eta onik zeudela jakinarazi zieten[16]. Ordurako, Espainiar Itsas Armadako Méndez Núñez fragata bahiketa-lekura bidalia zen Canarias fragata laguntzeko.[17]

Azaroaren 5ean, bahitzaileek bi galiziar eta euskaldun bat lehorreratu eta Harardhere hirira eraman omen zituzten. Espainian preso zeuden bi piraten askapena exijitzeko, Husein Badmax piraten buruaren esanetan Espainian preso daudenen familiarren esku uzteko asmoak zituzten, Abdu Willyren aita horien artean. Alakranan bitartean, egoera okertu egin zen. Piratek utzi egin zieten marinelei familiarrei telefonoz deitzea, baino bitartean tiroak eta granadak jaurti zituzten, telefono bidez familiarrek horien hotsa entzunda ikaratzeko asmoz. 36 ordu lehorrean igaro ondoren, piratek Alakranara itzuli omen zituzten hiru marinelak, Miguel Ángel Moratinos Kanpo Arazoetarako Ministroak prentsa-aurreko batean adierazitakoari jarraiki. Piraten ustezko itzulera piratek pirata presoen familiarrekin izandako tirabirak direla-eta gertatu zen, piratek hiru marinel horien kontrola ez baitzuten galdu nahi. Gerora, lehorreratze hau gezurrezkoa eta piraten amarrua izan zela frogatu zen. Hala ere, Carme Chacón Espainiako Defentsa Ministroak, alegiazko lehorreratzearen ondoren, hiru marinelak non zeuden eta ondo zeudela zekitela baieztatu zuen.[11]

2009ko azaroaren 17ko arratsaldean, 47 eguneko bahiketaren ondoren, piratek Alakrana ontzia eta bere marinelak aske uzten dituzte. Iturri batzuen arabera Espainiako Gobernuak 2,7 milioi inguruko euroko bahisaria (4 milioi dolar gutxi gorabehera) ordaindu zuen. Bahisaria ustez espainiar hegazkin militar batek bota zuen Alakrana arrainontziaren inguruetan egun horretan bertan. 63 pirata zeuden une horretan arrainontziaren gainean, lehorretik 1.7 itsas miliatara. Bahisaria beraien artean banatu ondoren, lehorreruntz abiatu ziren talde ezberdinetan banaturik. Azken pirata taldeak bi txalupetan Alakrana utzi bezain laster , Canarias fragatatik bi helikoptero eta hiru txalupa azkar atera ziren pirata talde honen atzetik. Helikopteroek piraten txalupa metrailatu egin zuten lehorrera iritsi baino lehen. Azkenean ordea, atzera egin eta pirata taldea onik heldu zen lehorrera. Bitartean, Alakrana azkar atera behar izan zuen gunetik, inguruan beste ontzi bat bahituta zuen beste pirata-erakunde baten beldurrez [18]. Alakranak bahituta izan zuen pirata-erakundeak ere beste zenbait ontzi zituen bahiturik bertan. Marinelak aske, Alakrana Seychelleak uhartedira abiatu zen arrainontzian Espaniako militarrek eta uretan Canarias eta Méndez Núñez fragatek lagundurik[19][20]. Somaliako uretan 12 ontzi eta 200 pertsona baino gehiago zeuden artean atxiloturik [21]. Alakrana azaroaren 20an heldu zuen Seychelleetako Victoria portura.

Askapenaren biharamonean, Alakranako patroiak bahiketan izan omen zen hiru marinelen lehorreratzea gezurrezkoa izan zela adierazi zuen. Piratek hiru marinelak lehorreratu zituztela esan zieten, baina piraten amarru hutsa izan zen, Espainian preso zeuden piraten itzuleraren inguruan Espainiako gobernuari presionatzeko asmoz [22]. Arrainontzian txikizio handiak izan zirela eta baliozko gauza denak lapurtu zizkietela ere jakin zen.

Bitartean, lortutako bahisaria dela eta, Harardhere piraten herrian jai giroa izan zen nagusi. Alakranako pirata zenbait ezkondu ere egin ziren [23]. Diru zaparradak hiperinflazio izeneko egoera sortarazi zuen gainera eta denbora labur batean prezioak gutxienez hamarrez bidertu zirela jakin zen [24][25].

Seychelleetako Victoria portuan zenbait familiar zituzten zai Alakranako marinelek. Txandako eskifaia ere bertan zegoen Alakranarekin lanean jarraitzeko. Eskifaia eta familiarrak espaniar hegazkin militar batek ekarri zituen Madrilera azaroaren 21ean. Familiarrek eta marinelek espreski eskatu zuten gobernuko ordezkaritzarik eta kazetaririk ez izatea beraiei harrera emateko Madrilera iristean.

Bahiketaren ondorengo egunetan, marinelek bahiketan zehar jasandako etengabeko tratu txarrak kontatu zituzten, gobernuak behin eta berriz adierazi zituenak gezurtatuz. Azaroaren 24an, Pedraz epailearen aurrean deklaratu zuten euskal marinelek. Urriaren 14an piratek bahitutako Ariana izeneko beste ontzi batera eraman eta bertan egoera latza ikusi zutela kontatu zuten, emakumezko batek eta neskato batek jasandako bortxaketak eta hamalau urteko haur pirata baten kasua besteak beste. Hala ber, CNI espainiar intelijentzia zentroko agenteek iruzur bat jasan zutela zabaldu zen: milioi bat euro ordaindu omen zizkioten Somaliako Defentsa Ministerioko goi kargu faltsu bati ustez lehorreratu zituzten hiru marinelen askapena erostearren [26].

Atxiloturiko ustezko piratak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxilotuen inguruko gorabehera eta joan-etorriek Espainiako Gobernuaren eta Justiziaren eragikortasun eta sinesgarritasun eza agerian utzi zuten iritzi publikoaren aurrean[27].

Urriaren 12an Torrejón de Ardozko basera heldu bezain laster, ustezko bi piratak Auzitegi Nazionalaren esku utzi zituzten, segurtasun-neurri nabarmenen artean. Hauen izenak Cabdiweli Cabdullahi eta Raageggesey Hassan Haji (Abdu Willy eta Raageggesey Adji Haman goitizenez hurrenez hurren) ziren. Fiskaltzaren esanetan, Alakrana Europar Batasunaren Atalanta misioaren itsas eremutik kanpo ari zenez arrantzan, Abdu Willy eta Raageggesey Kenyarekiko estradizio-itunetatik kanpo geratzen ziren eta Espainiari zegokion bi atxilotuen epaiketa[28]. Garzónek bi gazteak Somalian zeudela eman zuen kartzelarako agindua berretsi egin zuen urriaren 14an, deklarazioa hartu ondoren. Balaz zauriturik zegoen Raageggeseyk ospitalean deklaratu eta bahiketan piratek beharturik hartu zuela parte adierazi zuen. Abdu Willy adin txikikoa zela esan zuen. Garzónek agindutako frogak 19 urte zituela erakutsi zuen ordea[29][30].

Santiago Pedraz Garzón epailea ordeztu zuenean, hark Abdu Willy klabikula-frogak egitea agindu zuen, honen adin txikikotasuna egiaztatzearren. Adin biologikorako frogak emandako adin esparruan, adin minimoa 17 urtekoa dela erabaki zen eta horrela in dubio pro reo (hau da, presoaren aldeko aukera onena hartuz), adin txikikoa zela erabaki zen. Epaileak kartzelatik atera eta adin txikikoentzako zentro batean sartzeko agindua eman zuen urriaren 20an.[31]. Hortzen azterketan oinarritu zen ondorengo froga batek, ordea, Abdu Willy 18 urte baino zaharragoa zela ezarri zuen eta horrela, Santiago Pedraz epailearengana itzuli zen kasua, adin txikikoen epaitegitik[32]. Kasua bere gain hartzeak ukatu egin zuen berriz ere Pedraz epaileak, harik eta bere adin nagusitasuna zalantza izpirik gabe argitu arte [33], fiskaltzak epailearen erabakiaren aurka azaldu bazen ere. Abdu Willyren familiarrek 16 urte zituela eta piratek diruz engainaturik sartu zela bahiketa-taldean, haurtzaroan bizitza txiroa izan ondoren [34]. Azaroaren 4ean, klabikula-froga berri baten arabera, auzitegi-medikuek Abdu Willyk adin nagusia zuela baieztatu eta Pedraz epaileak kartzelaratzeko agindua eman zuen azkenik[35].

Azaroaren 10ean, Abdu Willyren defentsa Francisco Javier Díaz Aparicio abokatuak hartzen du bere gain. Abokatu hau ospetsua zen kasu problematikoen ardura hartzeagatik. Bere defentsa nork ordaintzen dion galdetu ziotenean, galdera erantzun gabe utziko zuela adierazi zuen.[36] Azaroaren 13ean, Díaz Aparicio abokatuak bahiketa unean Alakranak Euskal Herriko ikurrina ala Espainiako bandera jasota zuen argitzeko eskatu zion Espainiako Entzutegi Nazionalari, eta ikurrina eramanez gero Espainiak arrainontzian jurisdikziorik ez zuela izango ohartarazi.[37] Azaroaren 16an, gobernua epaiketa-prozesua azkartu eta, marinelen askapena lortzearren pirata presoak Somaliara lehenbailehen bidaltzeko ahaleginetan, beharrezko frogak bildu ondoren Pedraz epaileak ustezko piraten prozesamendua agindu zuen eta legez kanpoko 36 atxiloketa-delitu, bat marinel bakoitzeko, eta armazko bortxakeriazko lapurreta egotzi zizkien bi gazteei fiskaltzaren eskakizunei jarraiki. Legez kanpoko elkartea osatzearen delitua ez zitzaien egotzi, hasiera batean ez bezala, azken delitu honek gazteak Somaliara kanporatzea eragotzi egingo baitzukeen[38].

Erreakzio politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bahiketa gertatu eta berehala, oposizioko indar politiko nagusiek, PP etaEAJ alderdiek batik bat, salatu egin zuten Espainiako Gobernuaren pasibotasuna aurretik izandako erasoak direla eta, arrantzaleen segurtasuna bermatzeko eskaerei entzungor eginez [39]. Aldi berean, Espaniar Armadako buru batek arrainontzia Atalanta misioaz babestutako eremutik kanpo zegoela baieztatu eta "norberak egindakoaren jabetza eta ardura duela" esan zuen[40]. Marinelen gertukoek gezurtatu egin zuten ordea arrantzaleak babestutako eremutik kanpo arrantzan ari zirenik [41].

Alakranaren bahiketa eta Indiako ozeanoan arrantzatzeko segurtasun faltarengatik Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari militarrak ontziratzeko eskaera egin zion [42]. Eskaera hau ontzijabeek ere egin zuten bahiketa gertatu baino lehenago. Gobernuak militarrak ontziratzeko eskaerari ezezkoa eman ostean, bahiketako lehenengo egunetan Euskal Herrikoko 8 atunontzik segurtasun pribatua kontratatu behar izan zuten beraien segurtasuna bermatzeko [43].

Urriaren 12an, Carmé Chacón Espainiako Defentsa Ministroak ahal zuten guztia egiten ari zirela baieztatu zuen arlo militar, politiko eta diplomatikoan[44]. Hurrengo egunetan, atxiloturiko ustezko bi piratak Madrilera ekartzeagatik sortu zen nahaste-borraste judiziala eta atxiloketa horrek bahitutakoen askapenerako ekarri behar zituen zailtasuna direla-eta, oposizioak kritika gogorrak egin zizkion gobernuari. Gobernuak atxilotutakoen egoera negoziaziotik kanpo gertazne zela adierazi zuen behin eta berriz bere ministroen bitartez. Marinelen familiei bahitzaileek atxilotutakoen inguruko eskaerarik ez zutela egiten ere adierazi zitzaien gobernutik.

Bitartean, bahitutako euskal marinelen herrietako urriak 24rako udalek antolaturiko mobilizazioekiko ezadostasuna adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak, mobilizazio hauetan erabilera politko nabarmena zegoela-eta. Azkenean ordea, atzera egin eta ondorengo mobilizazio instituzionaletan ere parte hartu zuen.

Urriaren azken egunetan, militarrak arrainontzietan egoteari behin betiko ukatuz, arrainontzietan gerra-armamentudun segurtasun pribaturako dekretu bat ateratzen da. Azaroko lehenengo hamabostaldian, gehienetan militar ohiak ziren mertzenarioek Espainiako Itsas Armadaren prestakuntza jaso zuten. Azaroaren 13an abiatu ziren Espainiako Armadako hegazkin batean Seychelleak alderuntz[45][46].

Azaroaren hasieran, piratek atxiloturikoen askapena hiru marinel lehorrera eramanda exijitu zutenean, familiar zenbaitek gogor kritikatu zuten gobernua, piratekiko negoziazioen ingurua beraiekin aurreko denbora guztian gezurretan aritu zirela adieraziz. Oposizioetatik ere, eta familiarren alde jokatuz, gogor aritu ziren gobernuaren aurka.

Azaroaren 6an, gobernuko ordezkari batek atxilotutako piraten egoera negoziaezina zela adierazi zuen. Azaroaren 8rako aitzitik, Kenyako espainiar enbaxadorea Omar Abdurashid Ali Sharmake Somaliako lehen ministroarekin bildu zen, Espainian preso zeuden bi uztezko piraten itzulera, estradizio bidez edo, bideratu asmoz. Azaroaren 9an, bahiketa gertatu eta 39 egunetara hartu zuen hitza lehen aldiz José Luis Rodríguez Zapatero Espainiako presidenteak. Bahiketa konpontze bidean zegoela adierazi ondoren, zuhurtasunerako deia egin zien komunikabideei eta politikoei. Aldi berean, epaileen erabakiak errespetatu egin direla adierazi zuen, pirata presoei buruz erreferentzia eginez. Hurrengo egunetan, Zapatero presidenteak berak hartu omen zuen piratekiko negoziazioaren zuzendaritza. Horrela, Espainiako Entzutegi Nazionalak eta fiskaltzak pirata presoen itzulera errazteko prozedura azkartu egin zen. Oposizioko alderdiek ere kritikak alde batera utzi zituzten. Azaroaren 12an ordea, Entzutegi Nazionalak Gobernuari leporatzen dio piratak Espainiara ekarri izana. Adierazpen honek Espainiako ministroen arteko tirabirak eragiten ditu, piratak nork ekarri zituen. Azaroaren 17an, Alakranako marinelak aske geratu zirenean, Zapatero presidenteak berak eman zuen berria. Oposizioak pozik egoteko eguna zela adierazi ondoren, biharamonetik gobernuaren jokaera salatu egingo zutela baieztatu zuten. Horrela, azaroaren 18an, bahiketan zehar gobernuak egin zuen kudeaketaren aurkako kritika gogorrak izan ziren, batez ere PP eta EAJ alderdien aldetik. Marinelen herrietako EAJko alkateek ere oharra plazaratu zuten Espainiako Gobernuak eta Patxi López lehendakariak krisian zehar izan zuten jokaera salatuz.

Bestalde, bahiketako aldian, Alakranak Euskal Herriko ikurrina jasota zeramala zabaldu zen. Horrela, askapenaren ardura Espainiako Gobernuari eta Armadari ez zegokiela aldarrikatu zen sektore zenbaitetik, bandera espainolaren ordez, ikurrina jasota izatea Espainiaren aurkako jarrera zela argudiatuz. Alakranak Espainiako bandera eta matrikula zuen bahiketa unean eta bere basea Bermeon zegoen orduan. Bertako 16 marinel ere espainiarrak ziren legez.[47][48]

Bahituen aldeko mobilizazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bahituen aldeko manifestazioa Ribeiran, urriaren 23an.

Urriaren 23an, bahituen herrietako bost udalek (Bermeo, Mundaka, Sestao, Santurtzi eta Ondarroa) elkartasun kontzentrazio bat antolatu zuten Bermeon. Kontzentrazio honen deialdiaren aurka, Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak familien saminaren erabilera politikoa salatu zuen[49]. Galizian ere marinelen aldeko kontzentrazioak izan ziren egun berean.

Gobernuaren erantzunik gabe eta Alakranako hiru marinel lehorreratu eta hiltzeko mehatxua egin eta gero, familiarrek ezinegon handia pairatu zuten. Marinel baten emazteak "gobernua zero minututik gezurretan aritu" zela esan zuen, hasiera hasieratik baitzekien piraten exijentzia zela bi pirata presoak aske uztea[50]. Horrela, azaroaren 6an, marinelen familiarrek Bermeon emandako prentsa-aurreko batean, Madrilen atxiloturiko bi piraten berehalako askapena eskatu zuten, bahitzaileek marinelak askatzeko jarritako eskaerei jarraituz. Gobernuak ordea bi piraten egoera ez-negoziagarria zela adierazi zuen. Familiarrek azaroaren 7rako kontzentrazio baterako deialdia egin zuten Bermeoko portuan.[51]. Aldi berean, Facebook sare sozialean Alakrana-ko arrantzaleenganako eta beren senideenganako laguntza taldea delakoak milaka atxikimendu biltzen ditu epe labur batean[52]. Interneteko foroek ere mezu ugari jasotzen dute marinelen askapenaren alde eta gobernuaren jarrera kritikatuz[53].

Azaroan zehar, arrantzaleen zapi urdina Alakranako marinelen aldeko ikur bilakatu zen. Azaroaren 14an, Bermeoko udalak zapia zintzilikatu zuen udal eraikin ofizialetan eta dei egin zien herritarrei gauza bera egin zezaten.

Hedabideen jarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alakranaren bahiketak jakinmin handia sortu zuen hedabideetan. Irudian, ikasleak Alakranaren inguruko berriak arretaz irakurtzen egunkari batean. Azaleko titularra: Dena ongi badoa, Alakrana bizpahiru egunetan askatuko dugu.

Bahiketa hasi bezain laster, eztabaidatsua izan zen hedabide zenbaiten jokaera. Horrela urriaren 3an, bahiketaren biharamonean ETB 2ko albistegiaren lehen albistea Madril hiriak 2016ko Olinpiar Jokoen antolaketa galdu izana izan zen, nahiz eta Alakrana atunontziaren bahiketa egun berean gertatu zen.

Aurrerago ere hedabideek izan zuten jarrera oso kritikatua izan zen: batzuk informazio eskasa emateagatik eta beste batzuk bahiketak marinelen familiarrengan sortzen zuen sofrimendua nabarmendu eta baliatzeagatik. Politikoek zuhurrak izateko eskaria egin zieten hedabideei, gehiegizko informazioa negoziazioa eragotz zezakeela adieraziz. Piratek Espainiako hedabideen berri bazutela eta bere exijentziak ezartzeko baliatzen zutela ere aipatu eta adierazpen-askatasunaren eskubidea kontrolatu egin behar zela eztabaidatu zen[54]. Euskal Herrian manipulazioa ere egotzi zitzaion Euskal Telebistari, familiarren eta oposizioaren adierazpenak isilarazi egin zituelako antolatutako elkartasun ekitaldietan[55].

Azaroaren 5ean, Gaizka Iturbe bahituriko marinelak emazteari deitu eta "Iskanbila sortzazue" esan zion. Esan eta egin, hurrengo egunetan familiarrek egindako adierazpen gogorrak hedabide guztietatik gizarte osora zabaldu ziren. Azaroaren 9an, Poloniara lehen ministroarekin elkarrizketatzera joan eta ondorengo prentsa-aurrekoan, Zapatero presidenteari egindako galdera guztiak Alakranaren bahiketaren ingurukoak ziren. Erantzunetan Zapatero presidenteak zuhurtzia eskatu zien hedabideei. Gaiaren ardura bere gain hartuz, biharamonean bahitutakoen familiarrekin bildu zen [56]. Bilera ondoren, hauek adierazpen publiko gehiagorik ez dutela egingo iragartzen dute. Horrela, aurreko asteetako jarrera guztiz aldatzen dute, aurreko egunetan familiarrek aferaren protagonismoa bere gain hartu baitzuten euren adierazpenen bitartez.

Hala ere, zenbait hedabidek informazio-iturri fidagarriak zituztela erakutsi zuten. Horrela, El Diario Vasco egunkariak marinelen askapena bizpahiru egunen buruan izango zela plazaratu zuen azaroaren 13an, bahitzaileekin harreman zuzen baten bitartez. Askapena azaroaren 17an izan zen.[57]

Alakranaren askapenaren ondoren, eztabaida bizia sortu zen Alakranako euskal marinelen familiarrek Seychelleak uhartedira espainiar hegazkin militar batean uko egin ziotelako. Hedabide zenbaitetan, Pedro J. Ramírez kazetariaren adierazpen polemikoak tartean[58], eta interneteko sare eta foro sozialetan euskal familien jarrera gogor kritikatu zen, euskal abertzaleak zirelakoan, espainiar ejerzitoari mespretxu egin baina aurretik haren laguntzaz baliatu zirelako marinelak askatzeko.

Ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alakranaren bahiketa bukatu eta ondorengo asteetan, segurtasun pribatua jarri zen Indiako ozeanoan arrantzan zebiltzan ontzietan. Aldi berean, segurtasun pribatuaren kostuaren %25 gobernuak bere gain hartuko zuela jakin zen. Epaitegietan, bestaldetik, atxiloturiko bi ustezko piraten aurkako auziak norabide berria hartu zuen 2010eko otsailean, Espainiako Auzitegi Nazionalak piraten aurkako terrorismo salaketa ezartzea bultzatu zuenean, arrantzaleen familiarren eskariz. Izan ere, arrantzale zenbaitek legez terrorismo-biktima estatus edukitzea eskatu zuten. 2010eko otsalerako, bost arrantzalek lanera itzuli gabe zeuden, bahiketak ekarritako arazo psikologikoak direla eta eta beste bi atunontziaren nepresa utzi eta beste lanpostu batean hasiak ziren.[59]

Gertakarien kronologia egunez egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguna Gertakariak
irailak 3 Alakrana atunontziak bahiketa-saiakera bati ihes egiten dio.
... ...
urriak 2 07:52 - Pirata talde batek Alakrana bahitzen du[60].
urriak 3 21:00 - Espainiako Itsas Armadak bi ustezko pirata atxilotzen ditu.
urriak 4 Espainiako Gobernuak atxiloturiko piratak Espainiara ekartzeko prozesua abiarazten du.
urriak 5 Fiskaltzak eskatuta, Garzónek pirata atxilotuak Espainiara ekartzea agintzen du.
urriak 6 Polemika politikoa: Carme Chacón Espainiako Defentsa Ministroaren ustezko gezurrak eta utzikeria salatzen dira.
urriak 7 Gobernuak arrantzaleak ondo daudela adierazten du.
urriak 8 Eusko Legebiltzarrak milatarrak ontziratzearen aldeko erabakia hartzen du. Gobernuko PSE-EE alderdia aurka agertzen da.
urriak 9 Ustezko bi piratak Espainiarako bidea hartzen dute.
urriak 10 Gobernuak ahal duen guztia egiten ari dela adierazten du.
urriak 11 Euskal atunontziek mertzenarioak ontziratzen dituzte Seychelleetako uhartedian.
urriak 12 Bi ustezko piratak Madrilera iristen dira.
urriak 13 Atxiloturiko ustezko piratek deklaratu egiten dute Garzónen aurrean. Biak kartzelara bidaltzen dira.
urriak 14 Piratek 4 milioi dolar eta atxilotuen askapena eskatzen dutela zabaltzen da.
urriak 15 Atxilotuen auzia dela-eta, oposizioko alderdi politikoek gobernuaren arduragabekeria salatzen dute Espaniako Diputatuen Kongresuan.
urriak 16 Marinelek familarrei deitu eta bahiketaren luzapenaren zergaitiaz galdetu dietela zabaltzen da. Gobernuak marinelak ondo daudela berresten du.
urriak 17 Ahalegin guztiak egiten direla adieraziz, laster berri onak espero dituela adierazten du Patxi López lehendakariak.
urriak 18 ...
urriak 19 Familiarrek ez dute marinelen berririk duela hiru egunez geroztik.
urriak 20 Familiarrek 5 egun daramate marinelen berririk gabe. Gobernuari berehalako erantzunak eskatzen dizkiote. Epaileek adin txikikoa dela erabaki eta gero, Abdu Willy aske uzten dute.
urriak 21 Euskal marinelen bost udalerriek kontzentrazio-deia egiten dute urriak 23rako. Pilar Unzalu arrantza-sailburuak kontzentrazioa eta familiarren saminaren erabilera politikoa salatzen ditu.
urriak 22 Pilar Unzaluk bere hitzen interpretazioa deitoratu eta familiarren mobilizazioa errespetatu egiten duela dio, bezperan egindako adierazpenetan ez bezala. Bi egun lehenagoko erabakiaren aurka, Abdu Willyk adin nagusia duela frogatzen du hortzen azterketa batek.
urriak 23 Abdu Willyren joan-etorriak hizpide.
urriak 24 Kontzentrazioak Bermeon eta Pontevedrako Baionan. Eusko Jaurlaritza ez da bertaratzen.
urriak 25 Abdu Willyren ama: "Nire semeak 16 urte ditu". Bere semeak izan duen bizitza latza kontatzen du.
urriak 26 Arrainontzietako segurtasun pribaturako prestakuntza-lanak aurrera doaz. Eusko Jaurlaritzak kostuaren %25 ordainduko du eta %50 ontzijabeek. Gainerako %25 Espainiako Gobernuak ordainduko du.
urriak 27 Méndez Núñez fragata bahiketa-tokira abiatzen da.
urriak 28 Piratek marinelak pirata presoen familiarren esku utziko dituztela mehatxatzen dute. Eusko Jaurlaritzak mehatxua sinesgarria ez dela dio. Mehatxua bete egin zen azaroaren 5ean.
urriak 29 ...
urriak 30 Espainiako Gobernuak dekretu bat plazaratzen du espainiar arrainontzietako segurtasun pribatuak gerrako armamentua erabiltzea ahalbideratzen duena.
azaroak 1 Bahiketaren lehenengo hilabetea betetzen da. Ez dago berririk.
azaroak 2 Adin txikikoentzako etxe batean dagoen Abdu Willyren kasua Pedraz epaileari dagokiola erabakitzen da, bere adin nagusitasuna klabikulari egindako proba bati esker egiaztatu ondoren.
azaroak 3 Urriak 30etik ez dago marinelen berririk.
azaroak 4 Abdu Willy adin nagusikoa dela erabakitzen du Pedraz epaileak eta kartzelara bidaltzen du.
azaroak 5 Alakranako hiru marinel lehorreratu ondoren, pirata presoen familiarrei entregatu eta presoak ekarri ezean hil egingo dituztela adierazten dute piratek.
azaroak 6 36 ordu lehorrean igaro ondoren, marinelak Alakranara itzultzen dituzte piratek, Espainiako Gobernuak adierazitakoari jarraiki.
azaroak 7 Bermeon eta Galizian kontzentrazioak egiten dira marinelen alde. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat bertaratu egiten da.
azaroak 8 Kenyako espainiar enbaxadorea eta Somaliako lehen ministroa biltzen dira, pirata presoei buruz konponbide bat bilatzeko.
azaroak 9 Zapatero presidenteak gobernuaren kudeaketa defendatu eta alderdi politiko eta hedabideei zuhurtzia eskatu die. Presidentearen lehenengo agerraldia da aferaren inguruan.
azaroak 10 Marinelen familiarrek Espainiako Auzitegi Nazionaleko ordezkariekin biltzen dira. Geroago, Espainiako Presidentearekin ere biltzen dira Moncloa jauregian.
azaroak 11 Marinelen familiarrek iritziz aldatu eta adierazpen publiko gehiagorik ez dutela egingo adierazten dute.
azaroak 12 Espainiako Gobernua pirata presoak Somaliara itzultzeko ahaleginetan dagoela, bere ekimenez ekarri zituztela onartzen du, Espainiako Auzitegi Nazionalaren adierazpenak azkenean berretsita.
azaroak 13 Alakranak bahiketako unean Euskal Herriko ikurrina jasota zuela-eta, Espainiako justiziaren eskumen eza eskatzen du pirata presoen abokatuak.
azaroak 14 Fiskaltzak epaileari pirata presoei buruzko dilijentziak lehenbailehen amaitzeko adierazten dio, gobernua prozesua azkartzeko ahaleginetan.
azaroak 15 ...
azaroak 16 Fiskaltzaren eskakizunei jarraiki, Pedraz epaileak ustezko bi piraten prozesamendua agintzen du, legez kanpoko elkartea osatzearen delitua leporatzea espreski baztertuz, ustezko piratak lehenbailehen Somaliara itzultzeko.
azaroak 17 14:25 Alakrana arrainontzia aske geratzen da 47 egunez bahituta egon ondoren. Zapatero presidenteak berak ematen du berria ofizialki.
azaroak 18 Espainiako Diputatuen Kongresuan hika-mikak oposizioaren eta gobernuaren artean, Alakranaren bahiketa dela-eta. Fiskaltzak bahitzaileen sare judiriko-finantzarioa ikertzeko eskatzen du. Alakrana Seychelleak uhartedirako bidean da.
azaroak 19 Eztabaida politikoak gori-gori dirau.
azaroak 20 0 6:20 Alakrana Seychelleetako hiriburua den Victorian porturatzen da, familiar eta kazetari ugarien artean. Txanda hartuko duen eskifaia ere bertan da.
azaroak 21 Alakranako eskifaia Madrilera heltzen da espainiar hegazkin militar batean. Gobernuko ordezkaritzarik eta kazetaririk bertan ez izatea eskatu zuten.
... ...
azaroak 24 Alakranako euskal marinelek Pedraz epailearen aurrean deklaratzen dute.
azaroak 25 Espainiako Kongresuko bilkuran Alakrana da gai nagusia. Gobernuak kritika gogorrak jasaten ditu.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Mapa: Ataques 2008-2009, www.elmundo.es.
  2. (Gaztelaniaz) Mapa: Babestutako eremua Espainiako Itsas Armadaren arabera., www.cadenaser.com.
  3. (Gaztelaniaz) ¿Luchadores por la libertad o criminales?, Mark P. Fancher. www.telesurtv.net webgunean. 2009-11-08.
  4. (Ingelesez) Somalia's secret dumps of toxic waste washed ashore by tsunami, The Times, 2005-03-04.
  5. (Gaztelaniaz) Miguel Salvatierra: Piratas globalizados. Viejas prácticas, nuevos desafíos. Politica Exterior, 128, 2009. 153. orrialdea.
  6. (Gaztelaniaz) Los piratas exigen por el 'Alakrana' más del millón de euros pagado por el 'Playa de Bakio', elcorreodigital. 2009-10-06.
  7. (Euskaraz) Bermeoko ontzi batek ihes egin die piratei Somalian, www.berria.info. 2009-09-05.
  8. (Gaztelaniaz)Los atuneros se retiran del caladero del Índico hasta que se resuelva el secuestro del 'Alakrana', www.elpais.com. 2009-10-02.
  9. (Gaztelaniaz) Trece piratas con lanzagranadas y fusiles controlan el buque 'Alakrana', www.elpais.com.2009-10-04.
  10. (Euskaraz) Zigor gogorra iragarri dute piratek, arrantzaleak legez kanpo ari direlakoan, www.berria.info. 2009-10-04.
  11. a b (Gaztelaniaz) A la caza del "Alakrana", www.elpais.com, 2009-11-15.
  12. (Gaztelaniaz) 50.000 dólares por los piratas presos, www.elpais.com. 2009-11-19.
  13. (Gaztelaniaz) Capturados dos de los piratas que abordaron el pesquero 'Alakrana', www.elmundo.es. 2009-10-04.
  14. (Gaztelaniaz) Llegan a Madrid los dos piratas capturados por el secuestro del 'Alakrana', www.elpais.com. 2009-10-12.
  15. (Gaztelaniaz) Los piratas exigen la liberación de los detenidos 'para comenzar a negociar',www.elmundo.es.2009-10-12.
  16. (Gaztelaniaz) La tripulación del 'Alakrana' recupera el contacto con los familiares, www.elmundo.es. 2009-10-30.
  17. (Gaztelaniaz) Defensa envía otra fragata a Somalia, www.elmundo.es. 2009-10-27.
  18. (Gaztelaniaz) Conversación entre el patrón del barco y Mari Ángeles Jiménez, esposa de uno de los secuestrados, www.cope.es. 2009-11-18.
  19. (Euskaraz) 'Alakrana' aske, 47 egun eta gero, www.berria.info. 2009-11-17.
  20. (Gaztelaniaz) Fuego sobre los piratas del 'Alakrana', www.elpais.com. 2009-11-18.
  21. (Gaztelaniaz) Los otros "Alakrana", www.elmundo.es". 2009-11-28.
  22. (Gaztelaniaz) Defensa admite que no está claro si los piratas bajaron del 'Alakrana' a tres tripulantes, www.elpais.com. 2009-11-18.
  23. (Gaztelaniaz) Ocho piratas se casan en Haradhere con el dinero pagado por España, www.elmundo.es. 2009-11-19.
  24. 6000 biztanle zituen herri honetan, urteko batezbesteko errenta 600 dolarrekoa zen orduan eta bahisariak, 4 milioi dolar inguru, hiri osoko urteko errenta ekarri zuen egun bakar batean.
  25. (Gaztelaniaz) El rescate del Alakrana desata la hiperinflación en el pueblo pirata, www.libertaddigital.com. 2009-11-20.
  26. (Gaztelaniaz) Timo de un millón al CNI por los tres marineros no desembarcados, www.elmundo.es. 2009-11-25.
  27. (Gaztelaniaz) Ánxel Vence: Piratas, jueces y otros enredos, www.farodevigo. 2009-10-23.
  28. (Gaztelaniaz) Garzón ordena prisión incondicional para los dos piratas detenidos tras el secuestro del 'Alakrana', www.elpais.com.2009-10-05.
  29. (Gaztelaniaz) Un pirata se declara inocente y el otro dice al juez que es menor de edad, www.elmundo.es. 2009-10-13.
  30. (Gaztelaniaz) Garzón ratifica la prisión de los dos piratas detenidos por secuestrar el 'Alakrana', www.elmundo.es. 2009-10-13.
  31. (Gaztelaniaz) Pedraz libera a un pirata del 'Alakrana' porque podría ser menor de edad, www.elmundo.es. 2009-10-20.
  32. (Gaztelaniaz) La última prueba concluye que el pirata del 'Alakrana' tiene 'más de 18 años', www.elmundo.es. 2009-10-22.
  33. (Gaztelaniaz) Pedraz devuelve al pirata al juez de menores y exige 'rotundidad' sobre su edad, www.elmundo.es. 2009-10-23.
  34. (Gaztelaniaz) La madre del pirata somalí: 'Mi hijo tiene 16 años', www.elmundo.es. 2009-10-25.
  35. (Gaztelaniaz) Pedraz envía a prisión al pirata somalí tras aclararse su mayoría de edad, www.elmundo.es. 2009-11-04.
  36. (Gaztelaniaz) ¿Quién paga al abogado del pirata?, www.elmundo.es. 2009-11-10.
  37. (Gaztelaniaz) Los piratas se aferran a una 'ikurriña' del 'Alakrana' para no ser juzgados, www.elmundo.es. 2009-11-13.
  38. (Gaztelaniaz) Pedraz procesa a los dos piratas detenidos por el secuestro del 'Alakrana', www.elpais.com. 2009-11-16.
  39. (Gaztelaniaz) Críticas a la 'pasividad' de Chacón, que para el PSOE 'se deja la piel', www.elmundo.es. 2009-10-02.
  40. (Gaztelaniaz) Defensa dice que el barco secuestrado faenaba 'lejos' de la zona protegida, www.elmundo.es. 2009-10-02.
  41. (Gaztelaniaz) "El "Alakrana" estaba dentro del área de seguridad; está claro que la operación "Atalanta" hace agua", www.noticiasdegipuzkoa.com. 2009-10-08.
  42. Eitb:'Alakrana'ren bahiketa 'Playa de Bakio'rena baino luzeagoa da jada (Euskaraz)
  43. Eitb:Euskadiko 8 atunontzik segurtasun pribatua izango dute (Euskaraz)
  44. (Gaztelaniaz) Chacón afirma que se están redoblando las gestiones para liberar al pesquero, www.elmundo.es, 2009-10-12.
  45. Eguneko 400 euroko ordainsaria jaso behar zutela ere zabaldu zen, batezbesteko langile batek hilabete oso batean irabaziko lukeena 3 egunetan irabaziz.
  46. (Gaztelaniaz) Si ves venir a los piratas...Superado el curso militar, 54 agentes parten a Seychelles para proteger atuneros, www.elpais.com. 2009-11-14.
  47. {{en} Ships index], World Shipping Register. 2009-11-23.
  48. (Gaztelaniaz) vessel3.php?vid=10063&hist=0 Authorised vessel record: Alakrana, IOTC Indian Ocean Tuna Commission. 2009-11-23.
  49. (Gaztelaniaz) Cinco ayuntamientos convocan una concentración por el "Alakrana" en Bermeo, www.gara.net. 2009-10-21.
  50. (Gaztelaniaz) Los familiares: 'El Gobierno nos está mintiendo desde el minuto cero', www.elmundo.es. 2009-11-05.
  51. (Gaztelaniaz) El Diario Vasco, 2-5 orrialdeak. 2009-11-07.
  52. (Gaztelaniaz) Alakrana-ko arrantzaleenganako eta beren senideenganako laguntza taldea, www.facebook.com.
  53. (Gaztelaniaz) Foro ALAKRANA, www.elpais.com.
  54. (Gaztelaniaz) La hora del balance, El País egunkaria. 24. orrialdea. 2009-11-18.
  55. (Gaztelaniaz)El PNV protestará ante el Parlamento vasco por "la manipulación informativa" de ETB de la concentración de Bermeo, www.deia.com. 2009-11-07.
  56. (Gaztelaniaz) La crisis salpica a Zapatero, www.elpais.com, 2009-11-15.
  57. (Gaztelaniaz) "Si todo va bien, liberaremos al Alakrana en dos o tres días", El Diario Vasco, azalean. 2009-11-13.
  58. (Gaztelaniaz) Pedro J. Ramírez: El Mundo en dos minutos. 2009-11-20.
  59. (Gaztelaniaz) Siete tripulantes del Alakrana no volverán a navegar en el Índico. El Diario Vasco. 2010-02-17.
  60. Taula honetako orduak Espainiako orduak dira.
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Alakrana atunontziaren bahiketa

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]