Edukira joan

Antikomintern Ituna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antikomintern Ituna
Irudia
Law identifier (en) Itzuli昭和11年条約第8号
Motatratatu
Data1936ko azaroaren 25a
KokalekuBerlin
HerrialdeaHirugarren Reicha eta Japoniar Inperioa
Nongo eskumenen mendeHirugarren Reicha eta Japoniar Inperioa
Parte-hartzaileak
Sinatzailea

Antikomintern Ituna[oh 1], ofizialki Nazioarteko Komunismoaren Aurkako Ituna[oh 2], 1936ko azaroaren 25ean Alemania Naziak eta Japoniako Inperioak sinatutako itun antikomunista izan zen. Bere helbururik behienena III. Internazionalari (Komintern) aurre egitea zen. Joachim von Ribbentrop Alemaniako enbaxadore nagusiak eta Kintomo Mushanokōjik, Japoniako enbaxadorea Alemanian, sinatu zuten[1]. Italia Faxistak bat egin zuen 1937an (lehenago Hitlerri aurre egiteko Italo-Sobietar ituna sinatu bazuen ere[2]), baina jatorrizko sinatzaile gisa onartu zuten beste bi sinatzaileek Espainiak eta Hungariak 1939an sinatu zuten, eta Bigarren Mundu Gerran beste herrialde batzuk gehitu ziren[3].

Japoniak Antikomintern Ituna sinatu zuen Sobietar Batasunaren aurkako aliantza eraginkorra izango zela pentsatuz, eta horrela ulertu zuten ere sobietarrek[4]. Gainera, protokolo gehigarri sekretu bat zuen, Alemania-Japonia politika espezifiko bat zehazten zuena Sobietar Batasunaren aurka[1].

1939ko abuztuaren ondoren, Japoniako bere burua Alemaniatik urrundu zuen, batez ere Molotov-Ribbentrop Itunaren ostean[4][5]. Antikomintern itunaren ostean, Hiruko Ituna etorri zen, 1940ko irailean, Ameriketako Estatu Batuak identifikatzen zuena arrisku handi gisa, Sobietar Batasunaren ordez, nahiz eta akordioak Sobietar Batasuna jo-puntuan eduki[6]. 1941eko abenduan ituna hau ere ez zen operatiboa[7]. 1941eko azaroan Antikomintern ituna berritu zen, beste herrialde asko sartuta barruan[3]. Alemania Naziak ituna leialtasun adierazpen gisa ikusten zuen[8]. Bigarren Mundu Gerra amaituta, ituna ere desegin zen.

Antikomintern GDAV

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anti-Komintern, ofizialki Gesamverband Deutscher antikommunistischer Vereinigungen (Alemaniako federazio antikomunisten elkarte orokorra), Joseph Goebbelsek 1933an sortutako agentzia alemaniarra izan zen. Bere jarduerek hainbat operazio barne hartzen zituzten, komunismoa oro har eta Sobietar Batasuna bereziki salatzeko, propaganda antisemita bultzatzeko eta nazien politikarako nazioko eta nazioarteko babesa lortzeko. Adolf Ehrt doktorearen gidaritzapean jarri zen. Ehrten gidaritzapean, Komintern «fedegabe» salatu zuten, bere ateismoari erreferentzia eginez. 1936ko uztailetik aurrera, Espainiako Gerra Zibila izan zen Anti-Kominternen argitalpenen gai nagusia[9].

Anti-Kominternen produktu esanguratsuenetako bat 1936ko Der Weltbolschewismus nazioarteko argitalpena izan zen, non nazioarteko publikoaren kontsumorako zenbait konspirazio-teoria antikomunista eta antisemitak lotzen zituen. Liburua ez zen Alemanian argitaratu, liburuko hainbat kontakizunen eta Alemaniako estatu propagandaren arteko gatazkak saihesteko[9].

Itsas-akordio anglo-alemaniarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1935eko ekainaren 18an, Erresuma Batuak eta Alemaniak Itsas-akordio anglo-alemaniarra sinatu zuten, eta japoniarrak harrituta geratu ziren[10]. Horrek markatu zuen Adolf Hitlerrek bi herrialdeen arteko harremanak hobetzeko egin zituen saiakera batzuen hasiera. Hitlerren buruan, Erresuma Batuarekiko harreman positibo batek Frantzia eta Italia aliatu britainiarrak ahulduko lituzke (une hartan oraindik alemaniar arerio bat zen) eta Sobietar Batasuna ahulduko luke[11]. Geroago, Hitlerrek Londresera ere bidaliko zuen Ribbentrop, 1936-1938ko agintaldian Alemaniak Erresuma Batuan zuen enbaxadore gisa Kominternen Aurkako Itunarekin britainiarrek bat egin zezatela ziurtatzeko zeregin espezifikoarekin, eta adierazi zuen britainiarrek itunarekin bat egitea zela haren «desiorik handiena»[12][13].

Japonian, errezeloz ikusi zuten ituna. 1935eko uztailaren 4an, Mushanokōjik, enbaxadaren bilera batean, adierazi zuen ez zela zuhurra izango Japonia Alemaniarekin aliantza batera joatea, Itsas-akordio anglo-alemaniarra Erresuma Batuarekin aliatzeko alemaniar saiakera bezala interpretatzen baitzuen (zuzen). Ameriketako Estatu Batuak eta Britainia Handia Japoniaren kontra agertu ziren 1931ko Mukdengo istiluaren ondotik, eta Mushanokōji beldur zen Japoniak ez ote zuen bakartzerik izango Alemaniak Britainia Handiarekin aliantza bat aukeratzen bazuen, Japoniarekin aliantza bat egin beharrean[10].

Alemaniaren nazioarteko politikako ideologien tirabirak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Joachim von Ribbentrop

Alemaniako kanpo politikaren gauzatzea Konstantin von Neurathen Atzerri Ministerioaren esku utzi zen nominalki, baina Joachim von Ribbentropek Dienstelle Ribbentrop gidatu zuen, erdi-autonomoa, 1934. urtearen amaieran sortua, non Hitlerren kanpo politikako eskaera pertsonalak aurrera eraman zitzakeen Kanpo Arazoetako Ministerioaren onespenetik aparte[14]. Horrek lehia sortu zuen bi zerbitzuen artean. Hitlerrek Ribbentropi mesede egiten bazion ere atzerri politikaren defendatzaile pertsonal gisa, hasieran behintzat karrerako diplomatikoen Neuratheko langileak mantendu zituen, atzerriko bere gobernuaren zilegitasun diplomatikoa maximizatzeko[14]. Hiroshi Ōshimak, Japoniako agregatu militarrak Berlinen eta Japoniaren aldeko pertsonarik garrantzitsuenak Kominternaren Aurkako Itunaren negoziazioetan, Alemaniako kanpo zerbitzuaren egitura interpretatu zuen botere egitura halako bat zela, non «Hitlerrek eta Ribbentropek bakarrik erabakitzen zuten kanpo politika, eta, beraz, ez zuen ezertarako balio bere menpekoekin hitz egiteak». Horrela, Ōshima negoziazioen edozein urrats garrantzitsu Ribbentrop edo Hitlerren idazmahaietara zuzenean helarazten saiatu zen[15].

Ribbentrop Hitlerrek aukeratutako diplomazialari pertsonala bazen ere, diplomazia geoestrategikoari buruz zuen ikuspegi pertsonala Hitlerrek 1930eko hamarkadaren amaieran zuenetik nahiko ezberdina zen. Hitlerrek Sobietar Batasuna deuseztatzeko Britainia Handiarekiko politika adiskidetsua bultzatzen zuen bitartean[12], Ribbentropek mendebaldeko aliatuak Alemaniaren etsai nagusitzat ikusten zituen eta Alemaniako atzerri politikaren zati handi bat diseinatu zuen, Kominternen Aurkako Ituna barne, Britainiar Inperioa ere geldiarazteko helburuarekin[16]. Japoniari dagokionez, Ribbentropek uste zuen Japoniak Sobietar Batasunean zentratutako arreta, bere antagonista nagusi gisa, Erresuma Baturantz ere bideratu zezakeela, eta horrek aukera emango ziola Japoniari Ribbentropeko koalizio antibritanikoaren bazkide izateko[16].

Alemaniaren eta Japoniaren arteko bat-egitea, tradizioz Alemaniako kanpo-zerbitzu sinofiloaren eta, oro har, alemaniar publikoaren nahien kontra, 1933aren amaieran hasi zen[17].

Alemania-Sobietar Batasuna itunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Weimarko Errepublikaren garaian, Alemaniako gobernuak itun garrantzitsuak sinatu zituen SESBekin, besteak beste, 1922ko Rapalloko Hitzarmena eta 1926ko Berlingo Ituna[18].

Alemania 1935ean Sobietar Batasunaren kontra astintzen ari zen, Alemania-Polonia ez erasotzeko ituna sinatu zenean, Hermann Goringek proposatu zuen Poloniarekin aliantza bat egitea Sobietar Batasunari aurka egiteko, baina proposamen hori ukatu zen. Hala ere, Alemania saiatu zen Poloniarekin gerturapen bat egiten[19].

1936ko azaroaren 25ean Antikomintern Ituna sinatu zen eguneko ohar batean, Ribbentropek Mushanokōjiri jakinarazi zion Alemaniako Gobernuak baliogabetzat jotzen zituela bi itun horien terminoak, protokolo gehigarri sekretuaren arabera. Mushanokōjik egun berean erantzun zuen, Japoniako gobernuak alemaniarren jarrerarekiko duen «poztasun zintzoa» adieraziz[19]. Hori, neurri batean, Japoniako gobernuak behin eta berriz eskatu izanaren ondorio izan zen, batez ere 1936ko uztailaren 24an egindako eskaera batean, itunak edozein alderdiren eta Sobietar Batasunaren arteko aurreko aldebiko itunetan izan zituen ondorioak argitzeko[20].

1919ko Arrazen Berdintasun Proposamena eta 1922ko Washingtoneko Itsas Konferentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japonia Gerra Handian borrokatu zen Ententeko Botere garaileen aldean. Hala ere, 1922ko Washingtongo Itsas Konferentziaren harira, Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak Japoniako itsas indarrak mugatzea lortu zuten itun baten bidez, eta Lehen Mundu Gerran Txinan lortutako konkistei uko egitera behartu zuten Japonia. Konferentzian zehar Tokiok abantaila batzuk lortu bazituen ere -Ozeano Barean AEBekin eta Erresuma Batuarekin parekotasuna eman zitzaion, eta Frantziako eta Italiako armadak gaindituko zituen armada bat eraikitzeko eskubidea, munduko potentzia kolonial ez-mendebaldar bakarra bezala aitortua izateaz gain-, ituna ez zen oso ezaguna izan Japonian. Japoniako nazionalistek, baita Japoniako Armada Inperialak ere, itunaren alderdi murriztaileak salatu zituzten[21].

Kulturalki, 1922ko Washingtongo Ituna mendebaldeko potentzien beste traizio bat bezala ikusi zen, Nazioen Elkartearen esparruan arraza berdintasuna bermatzeko japoniarrek egindako proposamenak 1919an atzera bota ondoren[21][22]. Nazio-umiliazioaren pertzepzio hori are gehiago bizkortu zen Japoniak 1920ko hamarkadan izan zuen atzeraldi ekonomikoagatik, Japonian 1927ko finantza-izuak (Shōwa finantza-krisia), ezegonkortasun politikoa eta Reijirō Wakatsukiren lehen kabinetearen erorketa ere eragin zituenak, eta 1929ko Depresio Handiagatik[20]. Bernd Martin historialari alemaniarrak «Versailles japoniarra» izena jarri zion Washingtongo Itsas Konferentziari[17].

Japoniaren militarizazio soziala eta Txinaren aurkako erasoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1931ko irailaren 18ko Mukdengo istiluak hasiera eman zion japoniarrek Asian 1931 eta 1945 artean izandako eraso aldiari, batzuetan Hamabost Urteko Gerra deitua[23].

Japoniak Txinaren aurka egindako erasoaren aurrean Europako potentzia handiek izandako erreakzio diplomatikoa ez zen nahikoa izan japoniarren aurrerapena geldiarazteko, nahiz eta txinatarrek Nazioen Elkarteari etengabe deitu. Eraso honen aurretik ez zen Tokioko agindu zentralik egon eta Kwantungeko Armadaren kupularen erabaki autonomoa izan zen, baina Txinako ipar-ekialdean konfinatuta eduki zuten komandante japoniarrek, Europaren erantzunak eta, beraz, Japoniako aurrerapenak epel mantentzeko nahikoa izango zelakoan[17]. Estimazio hori zuzena izan zen, eta Erresuma Batua bereziki pozik zegoen Japoniak Mantxurian aurrera egin zezan uzteagatik, britainiarrek Txinako hegoaldean eta erdialdean zituzten interesak asaldatzen ez ziren bitartean. 1932ko urtarrilaren 28ko Shanghaiko istiluaren ondoren ere, britainiarren jarrerak, oro har, adiskidetsua izaten jarraitu zuen Japoniar kausarekin, eta axolagabea Txinaren laguntza-eskaerekiko. Salbuespen bakanetako bat izan ziren britainiarrek Shanghai hirian bertan bakea lortzeko egindako ahaleginak, Erresuma Batuak interes ekonomiko zuzenak baitzituen han.

Bestalde, japoniarren Mantxukuoren Baketzea gertakari positibo gisa ikusi zuten Britainia Handian, eta, azken batean, bide-lapurren jarduera sakabanatzen lagunduko zuen[23]. 1932ko otsailean, japoniarrek estatu txotxongilo bat ezarri zuten Txinako ipar-ekialdean, Mantxukuoko Inperioa, Puyi, Qing dinastiako azken enperadore suntsitua (1908-1912, 1917), buru izendatuz[24].

Lytton Txostenaren ondoren, japoniarrak Mantxriako gatazkaren errudun irmo egiten zituena, Sir John Simon Erresuma Batuko Atzerri idazkariak ez zuen Japonia gaitzetsi 1932ko abenduaren 7ko diskurtsoan, eta, ondoren, Yōsuke Matsuoka bezalako politikari japoniarren faborea irabazi zen, britainiarren erantzun kaskarra akuilutzat jo baitzuten Japoniaren aldetik. Japoniak Nazioen Elkartea utzi zuen Lytton Txostenaren ondorioz, 1933ko otsailean[23].

«Defentsa nazionalaren funtsa eta hura indartzeko proposamenak»

Diplomazia kooperatiboak ez du egungo larrialdia konponduko, ez baita gertakari bakan bat, baizik eta mundu mailako larrialdia, Mundu Gerraz geroztik herrialde guztiek ahalegin handiak egin dituzten arren. Japoniak aprobetxatu egin behar du Mantxuriako Gertakariak eta Nazioen Elkartetik erretiratzeak ekarritako erronka loriatsua. Gure patua onartu behar dugu, erronkari ihes eginez ahultzeari irmoki uko eginez, eta aukera hau gure herrialdearen hurrengo ehun urteetarako plan handi bat formulatzeko baliatzearen balioa izan behar dugu.

— 1934ko urria[20]

Tangguko Su-etenak Mantxuriako liskarrei amaiera eman zien, baina Japoniak Txinan zuen anbizioa oraindik ase gabe zegoen. 1933 eta 1936 artean, Japoniako Atzerri ministro Kōki Hirotak «Hirotaren diplomazia adiskidetsua» gauzatu zuen. 1934ko Amau Doktrinan laburbilduta, Japoniak bere burua Ekialdeko Asia osoaren potentzia babesletzat ikusten zuen, 1823ko Monroe Doktrinaren pean Amerikako Estatu Batuen papera islatuz. Europako potentzia handiek jarrera hori onartu zuten berriro, eta Neville Chamberlain anglo-japoniar erasorik ez egiteko ituna negoziatzen ere saiatu zen, 1934an britainiarrek Japoniarekin zituzten harremanak hobetzeko[23]. Ezkutuan, Hirotaren atzerri politikaren zuzendaritzak asmo handiko hainbat helburu ezarri zituen Japoniako diplomaziarentzat. Horrek barne hartzen zituen Mantxukuoko industriaren gorakada, Txina iparraldeko baliabideak subjugazioaren bidez eskuratzea, mendebaldeko Pazifikoa eta Asiako hego-ekialdea konkistatzea, eta Sobietar Batasunaren aurkako gerra baterako prestaketak[21].

Japoniar armadak, 1934ko urrian, «Defentsa nazionalaren funtsa eta hura indartzeko proposamenak» izeneko panfleto bat argitaratu zuen, Tokioko gobernu zibila aldi berean (erdizka behintzat) saiatzen ari zen adiskidetze diplomatikoaren saiakeraren kontra zihoana (Kijūrō Shidehara lehen ministro ohiak «Shidehara diplomazia» deitua). Panfletoak eskatzen zuen kanpo eta barne politikaren alderdi guztiak erabat uztartzea «defentsa nazionalaren» auzi orohartzailera eta nazioa gerra osorako prestatzera. Gainera, «diplomazia kooperatiboa» salatzen zuen, Nazioen Elkartetik erretiratzeko Japoniaren erabakia goraipatzen zuen, eta Japoniari bere patua onartzeko eta datozen 100 urteetarako plan handi bat egiteko eskatzen zion.

Ondoren, armadak eduki politiko argia zuten panfletoak argitaratzen jarraitu zuen, aurretik gobernu zibilarekin koordinatu gabe. 1936ko azaroan, gutxi gorabehera Antikomintern Ituna amaitu zenean, armadaren «Armadaren prestakuntza eta beharrezko espiritua hobetzea» panfletoak armada indartzearen alde egiten zuen, eta gobernu zibilaren erreforma eta Japoniako Estatuaren erreforma eskatzen zituen argi eta garbi, militarren helburuetara hobeto egokitu zitezen[20].

Barne botere borrokak Japoniako atzerri politikaren inguruan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ken Ishida historialari japoniarrak «erpinik gabeko kono bat» deitu zion Japoniako estatu inperialaren sistemari. Japoniako Armada Inperialak (IJA), Japoniako Itsas-Armada Inperialak (IJN) eta Japoniako Atzerri Ministerioak bakoitzak bere agenda propioa zuen Japoniak bere atzerri politika bideratzeko moduari buruz. Japoniar sistema, oso tradizionala eta Hirohito Enperadorearen balio espiritual eta soziokulturalean oinarritua, gorte inperiala ere inplikatzen zuen, hiru talde aurkari hauen eta Enperadorearen gailurrean zegoen Enperadorearen arteko indargetzaile bezala balio zuena, Hirohitori sistemak sor zitzakeen porrot eta ezbeharrengatik erantzukizun politiko zuzenak saihesteko aukera ematen ziona[25].

Sobietar Batasunarekin arrantza-esparruen negoziazioa eta mugaldeko gatazkak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anti-Komintern Itunerako negoziazioen unean, Japoniako gobernua ere negoziazioetan ari zen Sobietar Batasuneko gobernuarekin, Japoniako Itsasoko arrantza eskubideei buruz. Alemaniak eta Japoniak SESBen aurka egindako Antikomintern Itunaren protokolo gehigarri sekretuak bi estatuetako edozeinek Sobietar Batasunarekin zituen itun politikoak debekatzen zituenez Antikomintern Itunaren beste alderdiaren berariazko baimenik gabe, Mushanokōji enbaxadore japoniarra kezkatuta zegoen itunak Japoniaren eta Sobietar Batasunaren arteko negoziazioetan ondorioak izango ote zituen. Horri buruz galdetu zion Ribbentropi gutun batean, azaroaren 25ean ituna sinatu ostean, eta Japoniak kontrolatutako Mantxukuoren eta SESBen arteko mugako auzien gaia ere aipatu zuen. Ribbentropek berretsi egin zuen Alemaniako gobernuaren baiezkoa, alegia, Japonia autonomoa eta Mushanokōjik aipatutako gaietan jarduteko askea zela egun berean emandako erantzuna[19].

Antzekotasun ideologikoak eta desadostasunak Alemania eta Japonia artean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Nazismo»

Japonia inperialaren kanpo-politika

Sobietar Batasunak Asian egiten duen presio iraultzailea areagotu egiten da bere defentsa nazionala eta nazioarteko posizioa indartzen jarraitzen duen heinean, berrarmatze programa handi baten bidez. Bere helburuak, Gorria hedatzea eremu askotan, Japoniak Ekialdeko Asian duen politika oztopatzen du eta gure inperioaren defentsarako mehatxu larria da. Beraz, Sobietar Batasunaren asmo erasokorra zapuztea gure diplomaziaren elementurik erabakigarriena bilakatu da. Helburu hori bide diplomatikoen bidez eta defentsaren gorakada osatuz lortu behar da.[...]

Alemaniak gureen oso antzeko interesak ditu Sobietar Batasunaren aurrean, Errusiaren eta Frantziaren artean dagoen akordio berezia dela eta. Beraz, Alemaniari gurekin lankidetzan aritzea interesatzen zaio; eta guk, aldi berean, harreman estuak sustatu behar ditugu Alemaniarekin, Japoniaren eta Alemaniaren arteko aliantza bat lortzeko. Harreman hori zabaldu egin behar da, Polonia eta Sobietar Batasunaren gertuko lagun diren Europako beste herrialde batzuk sartzeko, baita Asiako eta herrialde musulman batzuk ere, Sobietar Batasunarentzako beste galga bat bezala.

— 1936ko abuztuaren 8a[20]

Antikomintern Ituna adierazpen bat zen, benetako konpromiso politiko bat baino gehiago, eta adierazpena elkarrekiko lerrokatze ideologikoa eta elkarrekiko atxikimendu diplomatikoa zen[26][27]. Bi herrialdeek, politikoki oso esanguratsuak diren arraza ideologien adibideak partekatzen zituzten, Alemanian Alfred Rosenberg eta Japonian Shūmei Ōkawa, ideologo arrazista nagusiak bihurtuz. Rosenbergek gobernuaren babesa izan zuen eta 1933an naziak boterera iritsi ondoren alderdiaren figura nagusia izan zen bitartean, Ōkawako publikoa mugatuagoa zen. Ōkawak bere sostengu nagusia gazte militar nazionalisten artean aurkitu zuen, bereziki Kwantungeko Armadakoen artean, 1931n Japoniak Txinako ipar-ekialdea inbaditzea bultzatu zuen unitate militarra[17]. 1936ko amaieran, Takeo Nimiyaren «Japoniar diplomazia gidatzen duten printzipio bakarrak» kanpo-politikako panfleto itzaltsuak bultzatu zuen Ōkawaren lana. Panfleto horretan, Takeok japoniar diplomaziaren epe luzerako orientazioaren ikuspegia azaltzen zuen, arraza aldetik justifikatutako politika espantsionista baten inguruan, japoniar eta ez mendebaldar balio espiritual tradizionaletan oinarritua. Nimiyaren panfletoa bereziki ezaguna izan zen 1930eko hamarkadaren amaieran eta 1940koaren hasieran Japoniako estatu politikan sartzear zeuden gazte burokrata eta ikasleen artean[20].

Bi herrialdeek komunismoan antagonista ideologiko komun bat partekatzen zuten, Alemaniako eta Japoniako hedabideak zabal arduratzen ziren horretaz, eta Alemaniako eta Japoniako elite politikoek subertsioaren benetako mehatxutzat hartzen zuten[21]. Japoniak aliantza militar zuzen baten inguruan egindako erreserben ondorioz, Antikomintern Ituna akordio antikomunista gisa kontzeptualizatu zen, aliantza militar zuzen gisa baino gehiago[10]. Hala ere, Japoniako estamentu militarra sobietar indar militarraren hazkundeak kezkatzen zuen, eta Japoniako agregatu militarrek Europan konferentziak egin zituzten SESBetik espezifikoki zetorren mehatxu potentzialari buruz, 1929an, balizko kontra-neurriak eztabaidatzeko. 1936ko abuztuaren 8an, Japoniako gobernuak barne-dokumentu bat argitaratu zuen, alemaniarren eta japoniarren arteko aliantza justifikatzen zuena, Sobietar Batasunak Asian suposatzen zuen mehatxu gero eta handiagoari eta japoniarren eta alemaniarren interesek SESBekin zuten paralelismo estuei erantzuteko. Europako, herrialde musulmanetako eta Asiako beste herrialde batzuk ere itun anti-sovietarrean sartzeko asmoak azaltzen zituen dokumentu horrek, eta Polonia izendatzen zuen berariaz itunean parte hartzeko balizko hautagai[20].

Mugimendu japoniarrak eta alemaniarrak Nazioen Elkartearekiko gorrotoa zuten, eta bi herrialdeek 1933an erakunde hori utzi zuten[17]. Bi herrialdeek antzeko aurkari diplomatikoen zerrenda partekatzen zuten: Erresuma Batua, AEB eta Sobietar Batasuna[14].

Ariar arrazaren eta yamato arrazaren ustezko nagusitasunaren ideologia alemaniarrak eta japoniarrak, hurrenez hurren, paralelismoak erakusten bazituzten ere, paralelismo horiek, logikoki, aliantza gertatzeko aukera gutxiago egin beharko zuketen, bi herrialdeetako faxismoek arraza ikuspegitik bestea baino gorago zeudela uste baitzuten. Izan ere, Hitlerren Mein Kampfek espezifikoki japoniarrak izendatzen ditu arraza talde baten adibide gisa hiru kultur mailetako bigarrenean, ariar arraza gailurrean baino koska bat beherago[28]. Alemaniako arrazaren pentsamendutik eratorritako konplikazio diplomatikoak saihesteko, Estatuak kontrolatutako prentsan Alemaniaren propaganda arrazista Japoniako herriaren gaitik urrundu zen, Japonia ez sumintzeko[14].

Kominternaren Zazpigarren Munduko Kongresua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniaren eta Japoniaren mehatxuari buruzko VII. Mundu Biltzarraren adierazpena

Alemaniako faxisten eta Japoniako militaristen gerra probokazioen aurrean, eta herrialde kapitalisten gerra alderdiek armamentuak azkartzearen aurrean [...] alderdi komunisten kontsigna nagusiak izan behar du: bakearen aldeko borroka. Bakea zaintzeko interesa duten guztiak erakarri behar dira bizi-fronte horretara. Une jakin batean gerraren bultzatzaile nagusien aurka indarrak biltzea (gaur egun Alemania faxistaren aurka eta harekin aliatuta dauden Polonia eta Japoniaren aurka) Alderdi Komunisten zeregin oso garrantzitsua da.

1935eko uztailean Kominternaren VII. Mundu Kongresuan, Georgi Dimitrovek sobietar gobernuari emandako aholkuei jarraituz, Dimitrovek 1934an Frantzian eta Austrian izandako esperientzien ondorioz[29], Internazional Komunistak erabat aldatu zuen alderdi komunistei sistema demokratikoetan jarraitzeko aholkatzen zitzaien norabidea. Alderdi demokratiko eta faxistak politikoki aliatutzat (sozial-faxismoa) hartu beharrean, mugimendu komunistak ezkerreko eta zentroko indarrekin (fronte popularraren politikarekin) aliatzera animatu ziren, eskuindarrek lur har zezaten eragozteko.

Ikuspegi diplomatikotik, VII. Mundu Kongresuak ere «segurtasun kolektiboaren» politika jarri zuen martxan Sobietar Batasunean, eta SESB Sobietar Batasuna mendebaldeko demokraziekin aliatzen saiatuko zen, erregimen faxistei aurre egiteko. VII. Mundu Biltzarrak berariaz adierazi zuen Alemania faxista eta Japonia, Poloniarekin batera, munduko gerraren eragile nagusiak zirela[29].

Adierazpen horrek azkartu egin zituen Ribbentropek SESBren aurkako germaniar-japoniarren aliantza bat ziurtatzeko ahaleginak, edo, gutxienez, Sobietar Batasunari ez laguntzeko promesa bat ziurtatzeko, herrialde horietako baten arteko gerra kasuan haren aurka[14]. Kominternen politikan izandako aldaketa horrek ere premiazkoa egin zuen Europako faxistentzat haien aurkako ezkerreko herri fronteen indartzea galaraztea.

Desegonkortasuna Frantzian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Hirugarren Errepublikaren barne egoera ezegonkorra zen. Horrek aukera ematen zien Frantziaren aurkariei, bereziki Alemaniari, haien eragina zabaltzeko, eta, aldi berean, ahuldu egiten zituen Frantziako bazkide europarrak, Polonia eta Txekoslovakia, esaterako.

Léon Blumen kabineteak, Frantziako Fronte Popularraren laguntzarekin, 1936ko ekainean hartu zuen agintea. Ezegonkortasun soziala eta Frantzia barruko biolentzia politikoa zirela eta, Frantziako gobernua zuhur eta ez-eraginkor agertu zen Frantziako botere diplomatiko eta militar zabalaren ezarpenean[30]. Hitlerrek, Frantziako fronte popularra Espainiako Gerra Zibilaren antzeko egoera batean amaitzea espero zuenak, 1936ko urriaren 6an Frantziako enbaxadoreari argi eta garbi iragarri zion botere komunista bat izango zela[31].

Frantziako kanpo-politikan, 1934ko Alemaniaren eta Poloniaren arteko Erasorik Ez Egiteko Itunak kezka eragin zuen Ekialdeko Europan frantziar aliantzen sistemaren egonkortasunaren inguruan, eta horrek Sobietar Batasunerantz frantziar birlerrokatzea ekarri zuen, 1936ko Elkar Laguntzeko Frantzia-Sobietar Batasuna itunean amaitu zena[14].

Alemania, Italia eta Sobietar Batasuna Espainiako Gerra Zibilean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Kondor legioa», «Corpo Truppe Volontarie» eta «Nazioarteko Brigadak»

Espainiako Gerra Zibilean, Alemaniak nazionalistak babestu zituen, eta Sobietar Batasunak, errepublikanoak. Hori dela eta, buruzagi alemaniarrek Sobietar Batasunaren balizko eraso bati aurre egiteko akordio militar antisovietarren bat sortzeko duten premia indartu zen[31]. Mussoliniren (Corpo Truppe Volontarie) Italiatik ere jaso zuten laguntza nazionalista espainiarrek, baina balizko akordio antikomunista edo antisovietarrean baten aurrean Italiak izan zuen jarrera alemaniarraren kontrakoa izan zen hasieran: italiarrek ez zuen garrantzitsutzat jotzen itun antikomunista bat sinatzea, Italiaren konpromiso antikomunista, italiarren ikuspegitik, aski frogatuta baitzegoen haien babesa[32].

Alemaniarrek Espainiako Gerra Zibila Kominterneko VII. Mundu Kongresuko irakaspenak, Alemaniaren (eta Japoniaren) aurka berariaz zuzenduak, geopolitikari benetan eragiten ari zitzaizkiola erakusten zuen froga zehatz gisa hartzen zuten[14].

Ribbentrop eta Ōshimaren arteko negoziazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingalaterra-Alemania Itsas Akordioaren eta Kominternaren Zazpigarren Munduko Kongresuaren ondoren, Alemaniako Dienstelle Ribbentropek komunismoaren aurkako sistema diplomatiko bat imajinatu zuen 1935eko urrian, Japoniako Inperioa zein Txinako Errepublika inplikatu zitzakeena. Ideia honek Hiroshi Ōshima japoniarraren laguntza izan zuen, orduan Japoniako agregatu militarra zena Berlinen, nahiz eta Ōshima Japoniaren subjugazio bategatik kezkatuago egon Japoniaren eta Sobietar Batasunaren arteko berdintasunezko aliantza japoniar-txinatar bategatik baino[19]. Txinako gobernu nazionalista ez zegoen Japoniarekin tratuak egiteko prest Japoniak Mantxuria okupatzen jarraitzen zuen bitartean, eta, horregatik, Ōshimak eta Ribbentropek Alemania eta Japoniaren arteko aldebiko ituna idatzi zuten[33].

Hasiera batean, ituna 1935eko azarorako zegoen aurreikusita, eta gonbidapenak Txinara, Erresuma Batura, Italiara eta Poloniara zabaldu behar ziren. Hala ere, Alemaniako buruzagi militar eta diplomatikoek geldiarazi egin zuten ituna, Alemaniak Txinarekin zituen harremanak haustearen beldur zirelako[19]. Gainera, Konstantin von Neurath Atzerri ministroa jeloskor zegoen Ribbentropek ministerioaren kontroletik kanpo atzerri politikan izan zuen jarrera sutsuagatik[10].

Itunaren hasierako diseinuak Dienstelle Ribbentropetik zetozen arren[19], Hiroshi Ōshimak, 1938-1939an eta 1941-1945ean Japoniaren enbaxadore bihurtuko zenak, eragin handia izan zuen japoniarren aldetik itunaren diseinuan. Tokioko gobernua ez zen bereziki proaktiboa izan itunaren sorreran, baina Ōshima eta Japoniak Berlinen duen enbaxadako langileak bai. 1935eko uztailaren 4an Mushanokōjik alemaniarren asmoei buruzko susmoak enbaxadako langileei azaldu zizkienean, Ōshima izan zen langileen artean desadostasun iturri nagusia.

Hori alde batera utzita, Mushanokōjik Japoniako Gobernuari gomendioa egin zion: Alemaniarekin aliantza bat lortzea soilik, Japoniak Erresuma Batuarekin eta Estatu Batuekin dituen harremanak okertzen ez dituen heinean[10]. Ōshima antikomunista amorratua eta Siberiako esku-hartze japoniarraren beteranoa zen, eta Alemania barruan zituen konexio onak erabili zituen, besteak beste, Abwehreko Wilhelm Canarisekin, Mushanokōji enbaxadorearen baimenik gabe, enbaxadaren barruan bere agenda Alemaniaren aldekoa eta Sobietar Batasunaren aurka bultzatzeko. Hasieran Weimarko Errepublikaren ahultasun militar eta politikoarekin atsekabetuta 1922an Alemaniara lehen aldiz iritsi zenean, Adolf Hitlerren miresle bihurtu zen 1933an nazionalista sozialistak boterera igo ondoren, eta ondorio hau atera zuen: «Bazeuden Alemania berrian kontu serioa merezi zuten gauzak»[10]. Ōshimari asko lagundu zion alemanez jariotasun handiz hitz egiteak[15].

  1. alemanez: Antikominternpakt; italieraz: Patto anticomintern; irlanderaz: 防共協定
  2. alemanez: Abkommen gegen die Kommunistische Internationale; japonieraz: 共産「インターナショナル」ニ対スル協定

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Hofer, Walther, ed. (2011). Der Nationalsozialismus: Dokumente 1933 - 1945. (Orig.-Ausg., 50. Aufl. argitaraldia) Fischer-Taschenbuch-Verlag ISBN 978-3-596-26084-3. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  2. (Ingelesez) Stoker, Donald J.; Grant, Jonathan. (2003-08-30). Girding for Battle: The Arms Trade in a Global Perspective, 1815-1940. Bloomsbury Academic ISBN 978-0-275-97339-1. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  3. a b Osmanczyk, Edmund Jan. (1990). The encyclopedia of the United Nations and international relations. New York : Taylor and Francis ISBN 978-0-85066-833-9. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  4. a b Bosworth, Richard; Maiolo, Joseph Anthony. (2015). The Cambridge history of the Second World War. Cambridge University Press ISBN 978-1-107-03407-5. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  5. Allemagne, ed. (1998). Germany and the second world war. Clarendon press ISBN 978-0-19-822886-8. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  6. (Gaztelaniaz) Ciano, Galeazzo. (2004-01-02). Diarios: 1937-1943. Grupo Planeta (GBS) ISBN 978-84-8432-504-8. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  7. Schroeder, Paul W.. (1958). The Axis alliance and Japanese-American relations, 1941. Ithaca, N.Y. : Published for the American Historical Association [by] Cornell University Press ISBN 978-0-8014-0371-2. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  8. Goda, Norman J. W.. (2015). Maiolo, Joseph ed. «The diplomacy of the Axis, 1940–1945» The Cambridge History of the Second World War: Volume 2: Politics and Ideology (Cambridge University Press) 2: 276–300.  doi:10.1017/cho9781139524377.015. ISBN 978-1-107-03407-5. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  9. a b (Ingelesez) Waddington, Lorna L.. (2007-10). «The Anti-Komintern and Nazi Anti-Bolshevik Propaganda in the 1930s» Journal of Contemporary History 42 (4): 573–594.  doi:10.1177/0022009407081488. ISSN 0022-0094. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  10. a b c d e f Boyd, Carl. (1977). «The Role of Hiroshi Ōshima in the Preparation of the Anti-Comintern Pact» Journal of Asian History 11 (1): 49–71. ISSN 0021-910X. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  11. Shirer, William L.. (1960). The rise and fall of the Third Reich: a history of Nazi Germany. Simon and Schuster (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  12. a b «Digi20 | Band | Ribbentrop und die deutsche Weltpolitik / Michalka, Wolfgang» digi20.digitale-sammlungen.de (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  13. Steiner, Zara. (2011). The triumph of the dark: European international history, 1933-1939. Oxford University Press ISBN 978-0-19-921200-2. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  14. a b c d e f g Stratman, George. (1970-01-01). «Germany's diplomatic relations with Japan 1933-1941» Graduate Student Theses, Dissertations, & Professional Papers (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  15. a b (Ingelesez) Boyd, Carl. (1981-04). «The Berlin–Tokyo Axis and Japanese Military Initiative» Modern Asian Studies 15 (2): 311–338.  doi:10.1017/S0026749X00007095. ISSN 1469-8099. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  16. a b (Ingelesez) Koch, Hannsjoachim Wolfgang. (1985). Aspects of the Third Reich. Macmillan ISBN 978-0-333-35272-4. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  17. a b c d e Martin, Bernd. (1970). «Zur Vorgeschichte des deutsch-japanischen Kriegsbündnisses» Geschichte in Wissenschaft und Unterricht 21: 606–615. ISSN 0016-9056. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  18. Deist, Wilhelm, ed. (2003). Germany and the Second World War. 1: The build-up of German aggression / Wilhelm Deist. (Repr. argitaraldia) Clarendon Pr ISBN 978-0-19-822866-0. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  19. a b c d e f (Ingelesez) Weinberg, Gerhard L.. (2010-03-01). Hitler's Foreign Policy 1933-1939: The Road to World War II. Enigma Books ISBN 978-1-936274-84-0. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  20. a b c d e f g Morley, James William, ed. (1976). Deterrent diplomacy: Japan, Germany, and the USSR, 1935-1940. Columbia Univ. Pr ISBN 978-0-231-08969-2. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  21. a b c d (Ingelesez) Bix, Herbert P.. (2009-10-13). Hirohito And The Making Of Modern Japan. Harper Collins ISBN 978-0-06-186047-8. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  22. (Ingelesez) «Japan, Race and Equality: The Racial Equality Proposal of 1919» Routledge & CRC Press (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  23. a b c d (Ingelesez) «The History of Anglo-Japanese Relations, 1600-2000» Springer (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).
  24. Duara, Prasenjit. (2003). Sovereignty and authenticity: Manchukuo and the East Asian modern. Rowman & Littlefield Publishers ISBN 978-0-7425-2577-1. (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).
  25. Ishida, Ken. (2018). Japan, Italy and the Road to the Tripartite Alliance. (1st ed. 2018. argitaraldia) Springer International Publishing : Imprint: Palgrave Macmillan ISBN 978-3-319-96223-8. (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).
  26. Schroeder, Paul W.. (1958). The Axis alliance and Japanese-American relations, 1941. Ithaca, N.Y. : Published for the American Historical Association [by] Cornell University Press ISBN 978-0-8014-0371-2. (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).
  27. Kershaw, Ian. (2000). Hitler: 1936-45. W. W. Norton ISBN 978-0-393-04994-7. (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).
  28. Hitler, Adolf. (1925). Mein kampf. , 317-323 or..
  29. a b Crook, Malcolm. (2002). Revolutionary France: 1788-1880. Oxford university press ISBN 978-0-19-873186-3. (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).
  30. (Ingelesez) Germany and Japan.  doi:10.1007/978-94-017-6590-9. (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).
  31. a b (Ingelesez) Paths to War.  doi:10.1007/978-1-349-20333-8. (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).
  32. Mallett, Robert. (2003). Mussolini and the origins of the Second World War, 1933 - 1940. Palgrave Macmillan ISBN 978-0-333-74815-2. (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).
  33. (Ingelesez) Mitter, Rana. (2013-09-10). Forgotten Ally: China's World War II, 1937–1945. HMH ISBN 978-0-547-84056-7. (Noiz kontsultatua: 2024-10-28).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]