Edukira joan

Deba (ibaia)

Koordenatuak: 42°57′45″N 2°33′02″W / 42.96240779°N 2.55065056°W / 42.96240779; -2.55065056
Wikipedia, Entziklopedia askea
Deba ibaia» orritik birbideratua)
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Deba (argipena)»
Deba (ibaia)
Datu orokorrak
Garaiera600 m
Motaibai
Luzera58 km
Geografia
Map
Koordenatuak42°57′45″N 2°33′02″W / 42.96240779°N 2.55065056°W / 42.96240779; -2.55065056
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
Hidrografia
Ibaiadarrak
Arroaren azalera518 km²
Arro hidrografikoaDeba ibaiaren arroa
Ur-emaria13,4 m³/s
IturburuaLeintz Gatzaga
Bokalea
()
Kantauri (Deba)

Deba[1] Gipuzkoako ibai bat da, Leintz Gatzaga inguruan jaio (Hiruerreketa)[2] eta Deban itsasoratzen dena. Euskal Herriko ibaia luzeenetan bosgarrena da, 58 kilometro luze baita. Tamalez, Euskal Herriko ibairik kutsatuenetako bat da gaur egun.

Antzina nabigagarria izan zen Altzola (Elgoibar) auzoraino, eta han merkataritzarako kai garrantzitsua zegoen (haren aztarnak badaude gaur egun ere). Kai haren garrantzia artilearen eta burdinaren garraioan zetzan. Artilea Gaztelatik Ingalaterrara garraiatzen zuten eta burdina Ingalaterratik hona. Hemen inguruko burdinoletan banatzen zuten. Jarduera hauek ontzi lauetan egiten zituzten, gabarra izenekoetan. Artilea Altzolatik Debaraino mandoetan eramaten zuten, han itsasontzietan sartzeko. Bueltako bidean, burdina garraiatzen zuten.

XVIII. mendean, Argien mendean zehar, Mediterraneoa eta Atlantikoa Zadorra eta Deba ibaien bidez elkar lotzeko egitasmoa planteatu zuten. Gaztela eta Aragoi aldean, 1776 eta 1790 artean Frantzisko Xabier Muniberen aginduz zati batzuk egin bazituzten ere, proiektua ez zuten gauzatu ahal izan orografia zailak diru asko eskatzen zuelako.

Itsasadarraren ertzetan itsasontziak eraiki zituzten XX. mendearen hasiera arte. Tradizionalki turismo gunea ere izan zen, eta Altzolako bainuetxea tartean zegoen.

Ibarraren azken zatia haitzarte modukoa da, eta han aztarna arkeologiko garrantzitsuak topatu izan dituzte. Bertan Astigarribiako Ander Deunaren eliza dago, XI. mendeko osagai erromanikoak dituena. Astigarribia Debarako bide nagusian zegoen antzina, eta nahitaez igarotzeko lekua zen. Gainera, handik igarotzean, zergak kobratzen zizkieten bidaiariei.

Azkenik, Deba ibaia mendebaldean karistiarren eta ekialdean barduliarren arteko muga naturala zen. Gaur egun oraindik mendebaleko euskararen eta erdialdekoaren artekoa ere bada.

Vasco-Navarro burdinbideak Deba ibaiarekin paraleloki zeharkatzen zuen Gipuzkoako zatia: Bergara, Elorregi, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Mazmela, Marin eta Leintz Gatzagan geltokiak edukita.

Beste alde batetik, Debako trena Maltzaga, Soraluze eta Mekolaldetik (Osintxu, Bergara) igarotzen zen.

Ibilbidea eta ibaiadarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Debagoiena eta Debabarrena eskualdeak zeharkatzen ditu: Hegoaldetik iparraldera Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Deba udalerriak dauzka.

Ezkerraldeko ibaiadar nagusiak Aramaio (Arrasateko herrigunean bat egiten dute), Angiozar, Aranerreka, Ego (Eibarko ibaiadar nagusia) eta Kilimon (Mendaro) dira.

Eskuinaldekoak, aldiz, Oñati (Elorregi-San Prudentzion bat egiten dute), Urkulu eta Antzuola ibaiak.

Ibaiaren kutsadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sei ibairen kutsadura mailak Europar Batasunak ezarritakoak baino altuagoak zirela jakinarazi zen Uraren Esparru Zuzentarauaren bitartez. Ibai hauek ziren: Oria, Deba, Cadagua, Nerbioi, Ibaizabal eta Zadorra. Horien uretan, legeak araututakoa baino kopuru handiagoan zeuden kromoa, butilestanioa, lindanoa, kuprea, zianuroa eta merkurioa.[3]

Egoera horren kausa dira, besteak beste, ibai ertzeetako industria jarduerak, arazketarik eza eta nekazarien isurketak. Hala ere, Euskadiko Ur Agentziak (URA) esan zuenez, arazoa ez zen ibaiak zikinago zeudela, baizik eta Europar Batasunak legeak gogortu zituela.

Gainera, Administrazio publikoek oraindik ere ez dituzte betetzen Europar Batasunaren 91/271 Zuzentaraua (1991. urtekoa) eta hura betearazteko Espainiako 11/1995 Errege Dekretua (1995. urtekoa). Hiriguneetako hondakin urak tratatzeari buruzko bi lege horietan zehaztuta dago hondakin ur guzti-guztiak bildu eta araztu egin behar zirela 2006ko urtarrilaren 1erako. Deba ibaian, ondoan industria jarduera handia duten Gipuzkoako beste ibai batzuetan bezala, oso atzeratuta doaz hondakin ur guztiak arazteko lanak.[4][5][6]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazki galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko Wikiatlasa