8-13 urtekoentzako bertsioa ikusteko, klikatu hemen.

Everest

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Everest
Chomolungma / Sagarmāthā
Mount Everest from Rombok Gompa, Tibet.jpg
Gailurra
Garaiera 8848 m.
Gailurra 8848 m.
Kokapena  NPL
Koordenatuak 27° 59′ 17″ N, 86° 55′ 31″ E / 27.988055555556°N,86.925277777778°E / 27.988055555556; 86.925277777778Koordenatuak: 27° 59′ 17″ N, 86° 55′ 31″ E / 27.988055555556°N,86.925277777778°E / 27.988055555556; 86.925277777778
Everest hemen kokatua: Nepal
Everest
Everest
Everest (Nepal)
Mendilerroa Himalaia
Lehen igoera 1953ko maiatzaren 29an, Edmund Hillary eta Tenzing Norgay.
Ohiko bidea Hego aurpegia. hego mendi-lepo bidea.

Everest (Nepalen Sagarmāthā eta Tibeten Chomolungma izenez ere ezaguna) munduko mendi altuena da, itsas mailatik 8.848 metro gorago baitu gailurra. Himalaia mendilerroan dago, Asian, eta haren gailurrak Nepal eta Txina (eta, Txinaren barruan, Tibet) arteko muga egiten du.

Europarrek 1847 inguruan Munduko mendirik garaiena Kangchenjunga zela uste zuten baina urte hartan, Indiako topografo nagusi zen Andrew Waugh militar britainiarrak hura baino tontor altuago bat aurkitu zuen.[1]

1852an Radhanath Sikdar matematikalari indiarrak neurtu zuen lehenengo aldiz tontorraren altuera.[2]

Jatorri etimologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tibeten Chomolungma izenez ezagutzen da, Nepalgo sherpek Chomolangma deitzen diote eta Txinan berriz Zhumulangma Feng, Chu-mu-lang-ma Feng edo Qomolangma Feng izenez da ezaguna..[3][4] Are gehiago, jada 1719 eta 1721eko atlas txinatarretan mendi hau Qomolangma izenez agertzen da.[5] Antza denez, Nepalgo sherpek eta txinatarrek erabiltzen dituzten formak jatorrizko tibetar izenaren aldaerak dira.[6][7]

Aipaturiko izenez gain, badaude beste batzuk ere, lekuan lekuko herrien arabera. Hala, adibidez Darjeeling-eko biztanleek Deodhunga deitzen zioten.[8]

Adituak ez datoz bat "Chomolungma"ren esanahiarekin. Normalean "Lurreko Ama Jainkosa" gisan itzuli izan dute baina badirudi zaila dela bere esanahi zehatza jakitea, leku batetik bestera ahoskatzeko modua aldatzearekin batera esanahia ere aldatu egiten baita. Esaterako, batzuen ustez "Oilo hegaztien lurraldea" esan nahiko lukeen bitartean, beste batzuen ustez "Ibar gaineko tontorra". Tenzing Norgay-k kontatu zuenez, bere amak Chomolungma "Non nahiko hegaztik hegan gainetik pasa ezin duen mendi guztiz garai" gisan itzultzen zuen.[9][10]

Esanahiak esanahi eta izenak izen, Chomolungma izena jada K.O. 750 inguruan agertzen omen da Tibet-eko textu zaharretan.[11] Mendi hau irudikatu zuen Europako lehenengo mapa Jean Baptiste Bourguignon d’Anville-ren Nouvel Atlas de Chine izan zen (1733), bertan Tibeterazko izenaren frantziar aldaera bat dirudien "Tchoumour" izena erabili zelarik.[12]

Beren sorlekuaren arabera, bertakoek mendi hau modu batera ala bestera deitzen omen zutenez, Andrew Waugh-ek "Peak XV" izena baztertu - hala deitu baitzioten britainiarrek hasiera batean mendi horri - eta Everest izena jartzea erabaki zuen 1865. urtean, haren aurretik Indiako topografo nagusi izan zen Sir George Everest koronel britainiarraren omenez eta antza denez, honen nahiaren aurka.[13]

Nepalen Sagarmāthā (zeruaren aitzina) deitzen diote, izen hori 1960 inguruan asmatu zuelarik estatu hartako gobernuak, antza denez arrazoi politikoengatik, ezin zuelako onartu tibetar jatorriko izen bat.[14][15][16]

Bideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Everestera igotzeko bide nagusiak bi dira, hego-ekialdekoa Nepaletik abiatuz eta ipar-mendebaldekoa Tibetetik, ez hain ezagunak diren beste 13 bidez gain. Bi bide hauetatik hego-ekialdekoa teknikoki errazagoa da eta maizago erabiltzen da. Hillary eta Tenzingek 1953an erabilitakoa da. Hala ere, honen arrazoi nagusia politikoa izan zen, Tibeteko aldea atzerritarrei itxita egon baitzen 1949tik aurrera.

Saiakera gehienak apirilean eta maiatzean egiten dira, udako montzoia baino lehen. Garai honetan egoten den jet streamaren aldaketa batek haizearen abiadura murrizten du. Montzoiaren ostean, irailean eta urrian ere saiakerak egiten dira, baina montzoiak pilatutako elurrak eskalada are zailago egiten du.

Hego-ekialdeko bidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

5380 metrora dagoen Khumbu glaziareko oinarrizko kanpamendutik abiatzen da bide hau. Bertara iristeko, ohikoena Katmandu Lukla-ra (2860m) hegan egitea eta bertatik Namche Bazaar-era joatea da. Handik oinarrizko kanpamendura iristeko sei-zortzi egun behar dira.

Ipar-mendebaldeko bidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bide honen oinarrizko kanpamendua Rongbuk glaziarean dago, 5180 metrora. Bigarren kanpamendura iristeko glaziarearen morrena igo behar da, Changtse (6100 metro inguru) mendiaren magalera iritsi arte. Hirugarrena North Col izenez ezaguna den mendi-lepoaren azpian ezarri ohi da eta laugarrena lepoan bertan. 7775 eta 8230 metro inguruko altueran kanpo bana ezarri ohi da, azken honetatik gailurrerako saiakera eginez.

Igoerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendeko zatirik gehientsuenean, europarrek debekaturik izan zuten Nepal, Sikklim edo Tibet-en sartzea. 1918 ondoren, britainiarrek baimena eskatu zuten lurralde horiek exploratzeko. Nepalgo agintariek ezezkoari eutsi zioten bitartean, Dalai Lamak baiezkoa eman zuen. Hala, 1921an antolatu zuten britainiarrek lehen expedizioa. Ezusterik ezean, haiek izan ziren Everest mendia bertatik bertara ikusi zuten lehen europarrak.[17][18][19]

Hiru urte beranduago, George Mallory eta Andrew Irvine, tontorretik 600 metrora izan ziren ikusiak azkeneko aldiz. Oraindik ezin izan da egiaztatu benetan tontorrera iritsi ziren ala ez. Batzuen ustez jaitsieran hil ziren, beste batzuek (Reinhold Messnerrek, besteak beste), berriz, garai hartan Bigarren Maila gainditu izatea ezinezkoa dela diote.

Lehenengo expedizioak iparraldetik igotzen saiatu ziren, baina 1950ean Txina Tibeten indarrez sartu zenean sarbide hau itxia geratu zen. 1951. urtean Nepaletik abiatu zen espedizio britainiar bat antolatu zen. Partaideen artean Edmund Hillary zegoen. Hurrengo urtean suitzarrak saiatu ziren, gailurretik 200 metrora buelta emanez.

1953an beste espedizio britainiar bat antolatu zen, John Hunt buru. Espedizio honetako kide ziren Hillary zeelandaberritarra eta Tenzing Norgay Sherpa izan ziren Everestera igotzen lehenak.

1980ko maiatzaren 14an Martin Zabaleta eta bere sherpa gailurrera iritsi ziren, munduko tontorrik garienera heldu zen lehen euskal espedizioa izanda.

1996an hamabost pertsona hil ziren gailurrerako bidean. Maiatzaren 10ean bi espedizio komertzialetako zortzi kide (euren gidak barne) zendu ziren, ekaitz baten ondorioz. Espedizio horietako bateko partaide zen Jon Krakauerrek Into Thin Air liburuan azalduko zuen bizitako esperientzia.

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Everest munduko mendi garaiena izan itsas mailaren gainetik, Chimborazo mendia da (Ekuador) lurraren erdigunetik urrutien dagoen puntua, ekuatoretik hurbilago baitago eta Lurra elipsoide bat baita (zabalgoa da ekuatorean lurburuetan baino).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Indian mathematician 1st to identify Everest as highest mountain peak», The Times of India, 2008-VI-02
  2. «Indian mathematician 1st to identify Everest as highest mountain peak», The Times of India, 2008-VI-02
  3. «Indian mathematician 1st to identify Everest as highest mountain peak», The Times of India, 2008-VI-02
  4. «Mount Everest», Encyclopædia Britannica
  5. «No Longer Everest but Mount Qomolangma», People's Daily Online, 2002-11-20
  6. VENABLES, Stephen: Everest: Summit of achievement. London: Royal Geographical Society, 2003. Internet-en erakusgarri
  7. «Naming Mount Everest», Mount Everest The British Story
  8. «Tea in India. Deodhunga, the highest mountain in the world», The Illustrated London News, August 15, 1857. Aipuaren jatorria: Harappa. Glimpses of South Asia before 1947
  9. VENABLES, Stephen: Everest: Summit of achievement. London: Royal Geographical Society, 2003. Internet-en erakusgarri
  10. «Naming Mount Everest», Mount Everest The British Story
  11. WARD, Michael: «The Exploration and Mapping of Everest» (97-108. orriak). In: The Alpine Journal, 1994. Internet-en erakusgarri
  12. «Everest», Codex 99
  13. «Indian mathematician 1st to identify Everest as highest mountain peak», The Times of India, 2008-VI-02
  14. «Indian mathematician 1st to identify Everest as highest mountain peak», The Times of India, 2008-VI-02
  15. VENABLES, Stephen: Everest: Summit of achievement. London: Royal Geographical Society, 2003. Internet-en erakusgarri
  16. «Naming Mount Everest», Mount Everest The British Story
  17. «Everest», Codex 99
  18. VENABLES, Stephen: Everest: Summit of achievement. London: Royal Geographical Society, 2003. Internet-en erakusgarri
  19. «Naming Mount Everest», Mount Everest The British Story

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Everest


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]