Fernando VII.a Borboikoa (Espainia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Koro (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 20:30, 11 abuztua 2016

Txantiloi:Agintari infotaula Fernando VII.a Borboikoa (San Lorenzo de El Escorial, Madril, 1784ko urriaren 14a - Madril, 1833ko irailaren 29a), izengoitiz Desiratua (gaztelaniaz: el Deseado) eta Errege desleiala (gaztelaniaz: el Rey Felón) deitua, bi alditan izan zen Espainiako erregea: 1808an eta 1813-1833 bitartean.

Karlos IV.a Espainiakoa eta Maria Luisa Parmakoaren semeak Aranjuezko altxamenduan, gurasoei hari uko eginarazi ondoren, jaso zuen koroa, baina berak ere abdikatu behar izan zuen Baionan eta Independentzia Gerra garaian preso izan zen han, Valençayko itunak askatasuna eman zion arte. Desiratua deitu zioten, baina Jose Bonaparte bidali eta Espainiako tronuaren buru bera jarri zenean, era absolutistan gobernatu zuen eta ez zen herritarren gustuko izan. 1814 eta 1820 artean, Cádizko Konstituzioa ez deusean utzi zuen eta liberalak jazarri.

1820an, Riegoren pronuntziamendua izan zen eta Hirurteko Liberala hasi zen, Cádizko Konstituzioa berrezarri eta desamortizazio bati ekin ziotelarik, baina, 1823an, San Luisen Ehun Mila Semeak izeneko armadak amaiera eman zion epe honi.

Hamarkada Doilorra deitu zitzaion erregealdiaren azken aldiari. Liberalak gogor jazarri zituen eta absolutiten gustuko ere ez zen izan, hauek anaia Karlos Maria Isidro Borboikoaren inguruan bildu zirelarik. Bestalde, ondorengotzaren auzia ere bazen, semerik gabe baitzegoen erregea. Alaba izan zuen azkenean, Elisabet II.a Espainiakoa izango zena, baina honen osaba Karlosek ez zuen sekula errekonozitu eta Lehen Karlistaldia hasiko zen erregea hil bezain pronto.

Jesús Mosterín filosofoak honela laburbildu du hark utzitako ondarea:[1]

« Fernando VII, enemigo de la inteligencia, restaurador de la censura y la Inquisición, creador de las escuelas taurinas y gran promotor de las corridas de toros.

(Fernando VII.a, adimenaren etsai, zentsuraren eta Inkisizioaren berrezarle, zezenketa eskolen sortzaile, eta zezenketa ekitaldien sustatzaile handi.)

»

Biografia

Fernando gaztea bere sendiarekin, aita Karlos IV.a errege zenean, Goya
Fernando VII.a Asturiasko printze
Fernando VII.aren erretratua, Francisco de Goya

Fernando San Lorenzo de El Escorialen jaio zen, Madrilen, 1784ko urriaren 14an, eta Fernando, María, Francisco de Paula, Domingo, Vicente Ferrer, Antonio, Joseph, Joachîn, Pascual, Diego, Juan Nepomuceno, Genaro, Francisco, Francisco Xavier, Rafael, Miguel, Gabriel, Calixto, Cayetano, Fausto, Luis, Ramón, Gregorio, Lorenzo y Gerónimo izenak eman zizkioten. Karlos IV.a eta Maria Luisa Parmakoaren semea zen eta aitona Karlos III.a bizirik zegoela jaio zen printzea. Gurasoek 14 seme-alaba izan zituzten eta haietatik bederatzigarrena izan zen. Izan zituen 13 senideetatik 8 1800 baino lehen hil ziren.

1788an, aita Espainiako errege egin zuten eta Fernando Asturiasko printze bilakatu zen 1789ko irailaren 23an.

Hasieratik, printzearen heziketa aita eskolapio zen Felipe Scioren esku utzi zuten, baina, 1795ean, Segoviako apezpiku egin zuten hau eta Orihuelako apezpiku zen Francisco Javier Cabrera izan zuen irakasle handik aurrera, Juan Escóiquiz apaizak haren ordea hartu zuen arte. Honen eraginpean, ama eta Manuel Godoy balidoa gorroto handiz hartu zituen[2].

Gaztetatik hasi zen gurasoen aurka konspiratzen eta Manuel Godoy, Maria Luisa erreginaren begikoaren kontrako talde bat bildu zuen haren ingurura. Napoleonekin ezkutuko harremanak izan zituen eta Frantziako enbaxadorea Fernando bigarren aldiz ezkontzeko ahaleginetan zebilen, Bonaparte familiako dama batekin, eta, garai hartan, 1807 inguruan, Karlos IV.aren osasunak okerrera egin zuen. Asturiasko printzea bere posizioa ziurtatu eta balidoa ezereztatzen saitu zen, baina konspirazioaren berri izan zuten eta Fernando epaitu. Printzeak bere lagunak salatu zituen eta gurasoei barkamena eskatu.

1808ko martxoan, Espainia frantses soldaduz beteta zegoen eta gortea Aranjuezera aldatu zen. Martxoaren 17an, Fernandoren aldekoak zirenek jauregia hartu zuten eta, Godoyk bizitza salbatu bazuen ere, Karlos IV.ak koroa utzi beharra izan zuen eta, 19an, Fernandoren esku geratu zen. Aranjuezko matxinadaren ondorioz, Fernando errege bilakatu zen, baina Muraten pean zeuden tropa frantsesak Madril okupatuta zuten bezperatik, martxoaren 23tik.

Karlos IV.a eta Fernando VII.a Baionara joan ziren, Napoleonek behartuta, eta hark 1808ko maiatzaren 2an erregetza Josef Bonaparteren eskuetan utz zezan lortu zuen. Baionako abdikazioak deitu zitzaion honi. Fernando VII.a Valençayko gazteluan atxilotuta egon zen 1814a arte. 6 urte egin zituen jauregi hartan. Bitartean, Madrilen, frantsesen aurkako 1808ko maiatzaren 2ko altxamendua egin zuten eta Espainiako Independentzia Gerra hasi zen.

Fernando preso zegoen, baina baldintzak ez ziren oso txarrak izan eta Napoleonen morroi izateko ahaleginetan ibili zen[3]. Hala ere, presoaren mitoa zabaldu zen Espainian eta Fernando errege desiratua bilakatu zen.

1813ko abenduaren 11n, Napoleonek gauzak okertuta zituen, jada, eta Valençayko itunean Fernandoren esku utzi zuen berriro Espainiako tronua. Frantsestuenganako barkamena ere adostu zuen erregeak.

Espainiara itzuli zenean, 1812ko erreforma liberalak aurkeztuko zizkion delegazioa zuen zain eta baita Pertsiarren Manifestua aurkeztuko ziona ere, erreforma haiek ezdeusean uzteko eskatzen zietena. Azkenean, 1812ko Cadizko konstituzio liberala baliogabetu zuen, eta absolutismoa ezarririk, liberalen aurkako neurriak hartu zituen; baina Riego jenerala matxinatu zenean (1820), 1812ko konstituzioa onartzen zuen erregimen liberal bat bideratu zuen Fernando VII.ak (Hirurteko Liberala). Hala ere, bien bitartean, ezkutuan, Fernando VII.ak bultzaturik, erregezaleek Itun Santuari dei egin zioten, eta Angoulemako dukearen laguntzaz aginpide osoa lortu zuen berriro (1823).

Erregealdia

Fernando VII.a

1814-20: Seiurteko Absolutista

Heldu bezain laster, Fernando VII.a Desiratuak Gorteetako diputatuen zatiketa aurkitu zuen eta honen adibide zehatza Persiarren Manifestua dugu. Liberalismoaren aurkako diputatu talde batek (69 diputatuk) sinatu zuen dokumentu hau Cadizeko Gorteetan eta, bertan, Cadizko Gorteen lana salatzen zuten, absolutismoa defendatu eta liberalismoa gaitzetsi eta absolutismoa ezartzeko eskatzen zioten Fernando VII.ari eta gorte ez parlamentarioak konbokatzeko. Izena lehen esaldiak eman zion:

« Era costumbre entre los antiguos persas pasar cinco días de anarquía…[4] »

Desiratuak, une horretan zuen herri harrera ezin hobea eta armadaren laguntza aprobetxatuz, Absolutismoa berrezartzeko neurriak hartu zituen eta ilegaltzat jo zuen Cadizeko gorteen deialdia, egindako lan legegile guztia ezereztuz: 1812ko Konstituzioa hutsean utzi zuen, prentsa askatasuna moztu, Inkisizioa berrezarri… Liberalen aurkako errepresioari ekin zion eta nahigabea zabaltzen joan zen.

Hau dena gutxi balitz, krisi ekonomikoak zigortu zituen. Eragile ugari zeuden horretarako: Independentziako Gerraren ondorioak, Amerikako kolonien emantzipazioa…)

Oposizioa indartzen joan zen liberalen artean: gerrillari ohiak, merkatariak… ezkutuko konspirazioak egin zituzten, elkarte sekretuak eta zenbaitetan pronuntziamenduak gauzatu zituzten.

1820-23: Hirurteko Liberala

Riegoren pronuntziamendua izan zen; 1820an, espainiar gudarosteak Cadizen zeuden Riego teniente koronelaren agindupean, Amerikako altxamenduari aurre egiteko ontziratzeko prest; tropa hauek matxinatu egin ziren eta 1812ko konstituzioa aldarrikatu zuten. Ekintza hark ez zuen hasieran ondoriorik ekarri, baina azkenean, Madrilgo errege-guardia aldeko ez zuela ohartu zenean, Fernando VII.a erregeak men egin zion 1812ko konstituzioari.

Espainiar liberalak aukera berri baten aurrean aurkitu ziren, berehala hutsean amaitu bazen ere. Behin-behineko Batzorde Aholkularia osatu zen; Batzordea kontsultarako zen eta, horrenbestez, botereak erregearen esku jarraitzen zuen. Erbestetik etorritako edo espetxetik ateratako liberalez osatutako gobernua eratu zen. Cadizeko Gorteen lana berriro ere indarrean egon zen hiru urteko epean, Cadizeko Konstituzioa berrezarri baitzen: askatu zituzten atxilotuak, Inkisizioa kendu zuten, maiorazkoa, jaurgo eta gainerako pribilegioen abolizioa, komentuetako lurren saltzea (desamortizazioa), Elizak zergak ordaintzeko betebeharra, aduanak kostaldean jarri ziren, euskal foruak bertan behera geratu ziren, zentsurarik gabeko inprenta, egunkari berriak argitaratu ziren (El liberal Guipuzcoano, adibidez), intelektual eta politikarien eztabaida-gune bihurtu ziren kafetegiak...

Milizia Nazionala izan zen Konstituzio liberala eta ordena zaintzeaz arduratuko zen gorputz zibil armatua.

Erregezaleek errege paternalaren eta gobernu desegoki baten mitoa aldarrikatzen zuten eta pulpituetatik zabaldu zuten tradizioari lotutako kultura. El procurador general del rey egunkaria argitaratu zuten absolutismoaren aldekoek. Laster agertuko zen erregezale-agitatzailea, elizaren laguntzaz, zerga-mota berriak jasaten ari ziren nekazariez osatutako guda-taldeak bultzatu eta eratuko zituena.

Riegoren pronuntziamenduak oihartzun ikaragarria izan zuen Europan eta altxamendu liberalak zabaltzen joan ziren. Hala ere, 1820ko iraultza hauek guztiak zanpatuak izan ziren. San Luisen Ehun Mila Semeak izeneko armadak jarri zuen berriro aurreko ordena

1823-33: Hamarkada Doilorra edo Gaitzesgarria

Gudaroste frantsesen inbasioak Fernando VII.ari subiranotasun osoa itzuli zion. Liberalen aurkako izugarrizko errepresioa gauzatu zuten eta politikariek, funtzionarioek, letragizonek, armadako ofizialek… milaka espainiarrek erbestera jo zuten; lehendabizi Erresuma Batuan eta, 1830etik aurrera, Frantzian finkatu ziren Hamarkada Doilorrak iraun zuen bitartean. Inkisizioa ez zen berriro ezarri, baina Hirurteko Liberalak egindako ia guztia desegin zuten.

Fernando VII.a hil baino lehen zatiketa bat gertatu zen absolutisten aldean:

  • Talde ultra erregezalea, apostolikoak. Fernando VII.aren gobernuari bigunegia eta liberalekin eskuzabalegia zela leporatzen zioten. Bere beso armatua boluntario erregezaleak ziren, batik bat nekazariez osatua. Mugimendu ultra honek Karlos Mª Isidro bultzatu zuen erregegai gisa.
  • Talde antiliberala, baina estatu absolutistan erreformak bideratu nahi dituena.
  • Bestalde liberal erradikalak zeuden (Buruzagiak erbestean; barruan, isilpeko elkarteetan ezkutaturik) altxamendu-saio batzuk egin zituzten, baina gehienetan, herriaren babesik ez zutenez, porrot eginda gelditu ziren.

Pragmática Sanción edo Berrespen Pragmatikoak hartu zuen Lege Salikoaren ordea. Fernando VII.ak jarri zuen 1830ean Espainian, Lege Salikoa ezereztatuz. Oinordeko, bere alaba Elisabet izendatzen zuen horrela. Lege honek Karlos Mª Isidro baztertzen zuen tronutik.

1830ean ultrek Fernando VII.aren anaia Karlos bultzatu zuten erregegai gisa, erregeak berak alaba Elisabet nahi zuen bitartean. Karlos eta Isabelen arteko dinastia-auzia bi proiektu eta bi estatu eredu ezkutatzen zituen aitzakia bihurtu zen. 1830 eta 1833 bitartean Maria Kristina (Fernandoren emaztea eta Elisabeten ama) erreformista eta liberalen ingurura joan zen biltzen bere alabaren ondorengotzarako eskubideak babesteko.

1833an, Fernando hil zenean, Karlos eta bere alde zeuden ultrek altxamendu armatuaren aukera egin zuten. Bestalde, azken urte hauetan, atzerrian erbesteratutako liberalek altxamendu saio batzuk egin zituzten eta atxiloketa eta fusilamenduak (1831) eman zien amaiera altxamendu liberal hauei. Fernando VII.a hil zenean (1833), karlista eta isabelinoak edo kristinoak elkarren aurka altxatuko dira, I. karlistaldia deritzon gerra zibilari hasiera emanez.

Ezkontzak eta ondorengoak

Fernando VII.aren lehen emaztea
Maria Kristina Borboikoa, Fernandoren azken emaztea
Elisabet II.a Espainiakoa, Fernandoren alaba

Lau aldiz ezkondu zen eta alaba bakarra izan zuen:

Emakumeak erregina izatea debekatzen zuen Lege Salikoa indarrik gabe utzi zuen, bere alabak erregetza eskura zezan.

Bitxikeriak

  • Napoleonen hitzak direla esaten duena bada ere, Pérez Galdósek Episodios Nacionales lanean, Fernandok janzten zuen eta oso urduri zebilen morroiari esandako hitzak aitatzen ditu:
« Vísteme despacio, que tengo prisa[7] »

.

  • 1818an, Espainiako Industriaren Erakusketa Publikoan, kataluniar oihal-ekoizleek bere zapiak erakutsi zizkioten erregeari eta babes-neurriak eskatu. Erregeak horrela esan omen zuen:
« ¡Bah! Todas estas son cosas de mujeres

[8]

»

. Eta paseatzera joan omen zen.

  • Erregea billarrean oso zaletua omen zen eta bere lagunekin jokatzen omen zuen maiz. Hauek eginahalak egiten omen zituzten hura gustura izateko eta propio egiten omen zituzten akatsak, erregeari bolak egoera ezinhobean uztearren. Hortik omen dator hurrengo esaldia:
« Así se las ponían a Fernando VII

[9]

»

.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Fernando VII.a Borboikoa (Espainia) Aldatu lotura Wikidatan