Edukira joan

Fordlândia

Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Koordenatuak: 3°49′53″S 55°29′51″W / 3.8313888888889°S 55.4975°W / -3.8313888888889; -55.4975
Wikipedia, Entziklopedia askea


Fordlândia
Fordlândia
municipality district of Brazil (en) Itzuli
Administrazioa
Estatu burujabe Brasil
Brasilgo unitate federatibo Pará
Brasilgo udalerriaAveiro
Jatorrizko izenaFordlândia
Geografia
Koordenatuak3°49′53″S 55°29′51″W / 3.8313888888889°S 55.4975°W / -3.8313888888889; -55.4975
Map
Azalera14.568 km²
Demografia
Biztanleria1.176 (2010)
Dentsitatea0 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1927ko irailaren 30a

Fordlândia (NAF[fɔʁdʒiˈlɐ̃dʒjɐ]) Aveiro hiriko barruti bat da, guztira 14.268 kilometro koadro hartzen dituena, Brasilgo Pará estatuan. Tapajós ibaiaren ekialdeko aldean dago, Santarém hiritik 300 bat kilometrora hegoaldean.

Henry Ford estatubatuar industrialariak ezarri zuen Amazoniako oihanean 1928an, 10.000 pertsona bizi ziren hiri industrial prefabrikatu bat bezala, Ameriketako Estatu Batuetako Ford Motor Companyren automobilgintzarako landatutako munduko kautxu iturririk handiena izateko[1]. Fordek akordio bat negoziatu zuen Brasilgo gobernuarekin, Tapajós ibaiaren ertzean, Brasilgo Santarém hiritik gertu, 10.000 km2-ko lur kontzesioa ematen ziona, sortutako mozkinetan %9ko partaidetzaren truke[2]. Forden proiektuak porrot egin zuen, eta 1945ean hiria bertan behera utzi zuten.

Hiria ia hutsik geratu zen, 90 egoiliar bakarrik baitzeuden bizitzen 2000ko hamarkadaren hasierara arte. Orduan biztanleriak gora egin zuen, eta 2017tik aurrera 3.000 pertsona inguru bizi dira bertan[3].

Manaosko erdigunea, kautxu industriaren gune garrantzitsua.

XX. mendearen hasieran, automobilarekiko mendekotasun gero eta handiagoak eta kautxua hainbat produktutan erabiltzeak (adibidez, botak) produktu horren eskaria bultzatu zuten. Garai hartan kautxua zenbait landaretatik ateratako latex naturaletik egiten zen. Latexa ekoizteko landarerik garrantzitsuena kautxuaren zuhaitza da, Hevea brasiliensis, zeinaren laborantza klima tropikaletara mugatzen baita. Garai honetan, kautxuaren %75 britainiar korporazioek kontrolatzen zuten, Errusia, Alemania eta Estatu Batuetan kautxu britainiarrarekiko mendekotasuna murrizteko ahaleginak bultzatu zituena. Hiru herrialdeak kautxu sintetikoa egiteko metodoak garatzen saiatzen ziren, eta United States Rubber Company 1910ean hasi zen kautxu naturala ekoizten Sumatran. Hala ere, kautxu sintetikoa oraindik ez zen praktikoa, eta kautxu naturalaren iturriak nahiko astiro garatzen dira (kautxuzko zuhaitzak sei-zazpi urtez hazi behar dira emankorrak izan aurretik).

1920 inguruan Kautxuaren Ekoizleen Elkarte Britainiarra garai hartan Kolonietarako Estatu Idazkaria zen Winston Churchillengana joan zen laguntza bila. Churchillek ikerketa batzorde bat hasi zuen, Kautxuaren Ikerketa Batzordea, nagusiki elkarteko kidez osatua eta Sir James Stevenson buru zuena, kautxuaren prezioak egonkortzeko plan bat egiteko. Batzordeak Stevenson Plana egin zuen, eta horrek prezioak egonkortu zituen, esportatutako kautxuaren tonak mugatuz[4][5]. Kautxuaren prezioa artifizialki igo zen planaren ondorioz, baina Ameriketako Estatu Batuek kautxuaren produkzioaren %70 kontsumitzen zuten[6]. Ford Motor Companyk kautxuaren horniduraren monopolio britainiarra saihesten saiatu zen, nagusiki pneumatikoak eta beste automobil pieza batzuk ekoizteko erabiltzen zena[7]. Henry Fordek alternatibak eta leku iraunkor bat bilatu zituen kautxua ekoizteko kolonia bat ezartzeko. Firestonek Liberia hautatu zuen eta Goodyearrek Sumatra, baina Fordek Erdialdeko Amerika egokitzat hartu zuen, beti ere Thomas Edisonek ez bazuen lortzen kautxua AEBn bertan ekoiztea[6][8].

1900eko hamarkadako kautxuan lan egiten zuten esklaboen argazki bat.

Hamarkada horretan bertan, Brasilen mineralen, kautxuaren eta petrolioaren bilaketari ekin zioten hainbat ingeniarik. Uneren batean, partikular batek 2,5 milioi akre eskuratu zituen (10.100 km2) eta, sekretupean, milioi erdi kautxu-zuhaitz landatu zituen bertan[6]. Laster Henry Fordi iritsi zitzaion lur eremu horren inguruko informazioa, eta eskuratu nahi izan zuen. Brasilgo gobernuak interes handia zuen kautxuaren negozioan berriro sartzeko, Stevenson plana aitzaki ona baitzen. Izan ere, 1908an Amazonian produzitzen zen munduko kautxuaren %94,4, 1918an %10,9 zen eta 1928an %2,3, britaniarrek ekoiztutako Asiako kautxuaren ondorioz.[9] Brasilgo gobernuarekin negoziazioak Dionisio Bentes orduko Pará estatuko gobernadoreak Fordekin biltzeko Estatu Batuetara egindako bisitan hasi ziren. Bentes horrelako akordio bat lortzeko irrikitan zegoen, eta lurra doan ematea ere proposatu zuen. Azkenean, amerikarrek beraiek akordioaren testua idaztea proposatu zien, gobernu federalak onar zezan[10]. Akordio bat sinatu zen eta amerikar industrialak "Boa Vista" izeneko 10.100 km2-ko eremua jaso zuen[11]. Akordioak Brasilen ekoitzitako ondasunen esportazioaren gaineko zergetatik salbuesten zuen Ford, irabazien % 9aren truke.

Lanak 1926an hasi ziren Companhia Ford Industrial do Brasilen eskutik. Logistika txarrak eta sukar horian eta malariak kolpatu zituen langileen gaixotasunek berehala oztopatu zuten obra. Inguruan ez zegoen errepiderik, eta, beraz, Tapajós ibaitik bakarrik sar zitekeen bertara. Hiria planifikatutako komunitate bat bezala garatu zen, Brasilgo langileentzat eta Ameriketako gerenteentzat izendatutako hiriko hainbat eremurekin, American Village deiturikoan bizi zirenak. Amerikar etxe tipikoak eraiki ziren, baita ospitale bat, eskola bat, liburutegi bat eta hotel bat ere. Hiriak igerileku bat, haurrentzako parke bat eta golf zelai bat ere bazituen. Amazoniako hirugarren hiria izatera iritsi zen laster[12].

Eztabaida politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Fordlândiako mapa, 1942an egina.

Amazonian kautxuaren produkzioak fama txarra zuen, langileen esplotazio eta esklabotzaren ondorioz. Europarrak saiatu zirenean plantazio sistema Brasilgo Amazonian ezartzen 1890ko hamarkadan, kudeaketa eskasak, langile faltak eta sukar horia saiakera gehienak pikutara bidali zituen[13]. Forden proiektua aurretik huts egindako Amazoniako proiektu batzuen segida baino ez zen, adibidez Madeira-Mamoré trenbidea[14]. Hala ere, aurreko esperientzia txar horietatik aurrera egin nahian, Brasilen eztabaida politikoa sortu zen. Gobernuak proiektua lagundu bazuen ere, Antonio Emiliano da Souza Castro senatariak (eta Paráko aurreko gobernadoreak) gatazka piztu zuen gaiarekin. Argudiatu zuen proiektuak Brasilen burujabetzaren aurka egiten zuela, eta, maila batean, Amazoniaren gaineko jabetza kolokan jartzen zuela[6].

Beste arrazoi batzuk direla eta, Brasilgo Lehen Errepublikaren aurka egiten zuten beste politikari batzuek ere gaia hartu zuten eta herrialdean sortzen ziren desberdintasun ekonomikoen argudio gisa erabili zuten, bereziki Café com leite politikaren salaketan[oh 1]. Jose Carlos de Macedo Soaresek Fordlândia erabili zuen Getúlio Vargasen mugimendu iraultzailea babesteko[6].

Forden babesleek Brasilen zituen intentzio onen eta industrian egiten zituen berritzeak aipatzen zituzten behin eta berriz. "Kontzientziadun kapitalista" gisa saltzen zen, eta horretan laguntzeko Fordek idatzitako My Life and Work biografia portugesez argitaratu zen Brasilen, 1926an. Babesleen arabera, Fordek Amazonia guztiz eraberrituko zuen, eta beste hiru edo lau bera bezalako erakarriz gero, transformazioa osoa izango litzateke. Fordek berak esan zuen kautxuzko produktuak Brasilen bertan ekoiztea zen bere asmoa[6].

Gainera, Brasilen garai horretan ohikoa zen autoritateek egindako kontzesio negozioengatik mozkin bat ateratzea. Bitartekariek 125.000$ kobratu zituzten komisio gisa, baina Ford ez zegoen ados eta horrelakorik gehiagotan ez egiteko agindu zuen. AEBko zein Japoniako enpresariek oso mugimendu arraroa zela uste zuten, eta Fordek etsai berriak egin zituen inor erosi nahi ez izateagatik[6]. Honela, Paráko gobernuarekin egindako negoziazioan makinen inportazio-zergarik ez ordaintzea adostu zuten, baina ez zen erabaki federala izan, eta gobernu federalak etengabe gelditu zituen produktuak mugan, zergak ordaindu artean[6].

Fordlândiako aireko ikuspegia, 1934an.

Fordek ez zuen kontratatu inongo nekazaritza ingeniaririk, eta lekua zein prozedura gaizki hautatu zituen. Hala ere, promozio handia egin zion lekuari, eta 1927ko urriaren 11n iragarri zuen Charles Lindberghekin bidaiatuko zuela Spirit of St. Louis hegazkin famatuan bertaraino, itsasontzian behar ziren 20 egunak hartu beharrean[15]; ez zuen inoiz bidaia egin)[16]. 1928an, Ford Motor Companyk bi merkataritza-ontzi bidali zituen: Lake Ormoc eta Lake Farge, Einard Oxholm kapitain daniarra buru zutela. Itsasontzi horietan trenbide oso bat, diesel motoreak eta Detroiten lehenago zegoen biltegi oso bat zeramatzan. Diseinu guztia AEBn egin zen, eta ez zuten pentsatu, adibidez, itsasontziak ezin zirela iritsi urteko sasoi horretan Fordlândiaraino; Santaremen geratu behar izan ziren eta lurrez garraiatu ahal zen guztia[10].

Plantazioko arduradunak dimisioa aurkeztu ostean, Oxholm kapitaina bilakatu zen arduradun, prezio handiekin erraz engainatzen zen gizon bat. Bi urtetan, hiru arduradun ezberdin izan zituen plantazioak eta 1929an landareen %95 hilzorian zegoen. Honela, Brasilgo autoritateek babesa kendu zioten proiektuari[6]. Lehen langile horien artean ere, ez zegoen Amazonian eraikitzeko ezagutza zuen inor ere: eltxoek, euliek eta malariak arazo ugari sortu zituzten[10]. Urte horretan bertan 1929ko kraxa izan zen, kotxeen salmenta izugarri kolpatu zuen gertakaria, Detroiteko ekonomia hondoratuz. Henry Forden kapital gehiena ez zegoen burtsan, baina kontsumoaren beherakadari ezin zion ondo aurre egin hurrengo bi urteetan[15].

Amerikarren iritsierak shock kulturala eragin zuen bertakoentzat. Oso ohitura ezberdinak zituzten eta itxuraz ere ezberdinak ziren. Hala gogoratzen zuten garaian ume bat zen Eymar Franco agronomoak bere memoriatan[12]:

« Amerikarrak Tapajosera iritsi izanak benetako iraultza eragin zuen ibai osoan. Hizkuntza ezberdin bat hitz egiten zuten gizon zuri, ilehori eta begi urdin horiek beste planeta bateko izakiek Lurra inbaditu balute bezala ziren. »

[oh 2]


Tenperatura baxuagoa denean, latexa zuhaitzaren behealdean kontzentratzen da, egunez tenperatura igotzean latexa zuhaitz osoan zehar hedatzen baita, kolpekatzea ez hain eraginkorra izatea eraginez. Hori dela eta, kautxuzko biltzaile baten ohiko bidaia goiz hasten zen goizean, goizeko 5ak aldera, eta eguerdian amaitzen zen. Landaketa eremutan banatu zen, eta langile bakoitza eremu desberdin batera esleitu zen, langileek zuhaitz berberak elkarren segidan jo ez zitzaten.

Forlândiako etxe bat, 2015ean.

Herriak, gerenteek ezarritako arau zorrotz batzuk zituen. Edari alkoholdunak, kanpotik etorritako emakumeak, tabakoa eta futbola debekatuta zeuden hirian, baita langileen etxeetan ere. Langile bakoitzari ohe bat esleitzen zitzaion ezkongabea bazen edo etxe bat familia baldin bazuen[12]. Inspektoreak etxez etxe ibiltzen ziren etxeak nola antolatuta zeuden ikusteko eta arau horiek betearazteko. Langileek debeku hauek hiriko jurisdikziotik kanpo amarratutako merkataritza-ontzietarantz arraunean joanez puskatzen zituzten[15], sarritan kontrabandoko salgaiak frutetan ezkutatuz, angurrietan kasu. 8 kilometrotara ibaian gora kokagune txiki bat ezarri zen "Inozentziaren Uhartean" (beste iturri baten arabera, "Fantasien Uhartea"[10]), taberna, gaueko klub eta putetxeekin[1][17].

Lurra menditsua, harritsua eta antzua zen. Forden gerenteetako inork ez zuen nekazaritza tropikalari buruzko beharrezko ezagutzarik. Basa-egoeran, kautxuaren zuhaitzak elkarrengandik bereizita hazten dira, izurrite eta gaixotasunen aurkako babes-mekanismo gisa, eta, askotan, beste espezie batzuetako zuhaitz handiagoetatik gertu hazten dira, babes handiagoa izateko. Fordlândian, ordea, zuhaitzak oso elkarrekin landatu ziren landaketetan, zuhaitzak izurriteek erraz kolpatzeko moduan[16].


Langileen egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Langileak bilatzeko eskurria. Euren egoeraren berri ematen zion kontratatu nahi zituenei.

Fordlândian langileek Brasilgo beste hainbat lekutan baino baldintza hobeak jasotzen zituzten, eta fordismoaren baldintza paternalistak ere bizi zituzten. Langileek ohiko soldataren bikoitza jasotzen zuten (33-66 xentimo artean), janaria prezio mugatuetan eros zezaketen eta bertan jaiotzen ziren umeentzat esne pasteurizatua doakoa zen[6]. Henry Fordek berak 1928an honela azaldu zuen brasildarrak kontratatzeko ideia[16]:

« Gure gizonak Brasilen lortuko ditugu. Ez goaz Hego Amerikara dirua egitera, baizik eta lurralde eder eta emankor hori garatzera... Brasildarrak entrenatuko ditugu eta lan egingo dute beste edozeinek bezain ondo. »

[oh 3]


Hala ere, landaketetako langileek janari ezezagunak jasotzen zituzten, hala nola hanburgesak eta latatan kontserbatutako janaria, eta amerikar estiloko etxebizitzetan bizitzera behartzen zituzten. Gehienek ez zuten gogoko nola tratatzen zituzten –identifikazio-txartelak eramateko eta eguerdira arte eguzki tropikalaren pean lan egiteko eskatzen zitzaien–, eta askotan uko egiten zioten lan egiteari. Fordek fitxatzeko erlojua ezarri nahi zuen bere fabrika guztietan; Detroiten langile askok ez zuten erabiltzen, baina Amazonian bortizki erantzuten zuten[6], eurak ohituta baitzeuden goizean goiz eta iluntzean lan egitera, eguneko ordurik beroenak siestarako utziz[10]. Amerikar bizimodua ez zen mugatzen fabrikazio modura eta janarira: asteburuetan amerikar kulturako jaialdietara joan behar zuten langileek, ingelesezko dantza eta poesia errezitaldiekin eta estatubatuar jaiak ospatu behar zituzten[1].

Langile brasildarrak ez zituzten ondo tratatzen, edo gutxienez ez zuten elkar ulertzen. Gainera, bertara joandako AEBko langileen emazteek zerbitzariak zituzten eta ez zuten egiteko handirik. Honela, portugesa ikasi ez eta euren zerbitzariei ingelesez ematen zizkieten aginduak. Umeek, ordea, portugesa ikasi eta bertakoekin jokatzen zuten.[10] Langileak ez ziren, oro har, sindikatu, baina 1930ko hamarkadan hasi ziren Kontziliazio Batzorde bat osatzen, euren aldarrikapenak zuzenean Brasilgo autoritateekin lantzeko. Batzorde horrek arrazoia eman ohi zien langileei, eta horregatik Fordek aldarrikatzen zuen Nekazaritza Ministerioak arbitratu behar zuela (bere aldekoa zena) eta ez Industria Ministerioak, plantazioak industria ez zirela argudiatuz[6].

Langileen matxinada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930ko abenduaren 22an bertako langileak kafetegi-sistemaz nekatu (langileen bazkari denbora murrizteko Forden sistema) eta matxinatu ziren. Langileek espero zuten mahaian eseri eta janaria zerbitzatzea, baina Forden sisteman self-servicea zegoen, langileentzat onartezina[16]. Gertakariari ingelesez "Breaking Pans" izena eman zioten, portugesez "Quebra-Panelas"[10]. Matxinoek telegrafoaren kableak moztu zituzten, armak lapurtu zituzten eta gerenteak eta herriko sukaldaria ere uxatu zituzten egun batzuetan oihanean, Tapajós ibaiaren beste aldera edo barkuan erdira.

Matxinadaren hirugarren egunean Brasilgo armada iritsi eta matxinada amaitu zen[6], dagoeneko egoera lasai baitzegoen[10]. Ez zen hildakorik egon, baina instalazio asko kaltetu ziren, makinariaren parte bat errekara bota zuten eta, hortik aurrera, langileen eta AEBko arduradunen arteko harremana asko okertu zen[10]. Langileei emango zitzaien janari motari buruzko akordioak lortu ziren, hala ere.

Fordek Archibald Johnston arduradun berria bidali zuen egoera kontrolatzera. Honek amerikarrentzat instalazio berriak egin zituen (18 zuloko golf zelaia, klub sozial bat eta tenis pistak) eta brasildarrentzat "jarduera zibilizatorio" berriak proposatu zituen (amerikar dantzak edo Yellowstoneri buruzko dokumentalak ikustea)[10].

Kalitate-arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare berriak jartzeko arazoak izan zituzten, alde batetik hazien inguruan gatazka egon zelako (Auzitegi Goreneraino iritsi zena) eta, bestetik, ez zekitelako ondo nola landatu eta hazi zuhaitzak. Fordek amesten zuen nekazaritza eta industria-lana batuko zuen proiektu batekin, baina hori ezinezkoa zen Fordlândiako egoeran. Egurra esportatzen ere hasi ziren, basoa soildu ostean, baina konturatu ziren egur mota batzuk esportatzea ilegala zela eta egur bakoitza bereizteko lana oso zaila zela[6]. Lurzorua ez zen ona, eta eremuaren aukeraketa ere ez; hala ere, bertan egin zen lehen aipatu den 125.000$ eraman zituzten bitartekariek lurralde hau zutelako eskuragarri[12].

Microcyclus ulei onddoa.

Berriro ereiteko saiakerek porrot egin zuten, zuhaitzak nahi baino geldoago hazten zirelako eta, gainera, lortzen zen latexaren kalitatea ez zelako ona. Leptofarca hevea zomorroak eta Dothidella nisi[6] zein Microcyclus ulei[12] onddoek batera kolpatu zuten plantazioa, hostogabetze handiarekin. Beldarrek zuhaitzak jaten zituzten, baina Atta generoko inurriek beldarrak jan zituzten eta, ondoren, zuhaitzekin hasi ziren. Rigidoporus microporus onddoak sustraiak gaixotu zituen. Oihanpeak landareei ura kentzen zienez beste landare batzuk erein ziren, baina horiek lehortzean suteak hasi ziren[6]. Bertan, lurra manetntzea laguntzeko, landatu ziren generoetako batzuk Calopogonium, Centrosema eta Pueraria ziren[11]. Gainera, euria egiten zuenean, lurrak ez zuen ondo drenatzen, eta goiko sedimentuak eramatea gain, beheko lurrak kaltetzen zituen[11].

Honela deskribatu zuen egoera Indian Rubber Journal egunkariak[18]

« Ford jaunaren ustezko helburua bere kautxua landatzea da, baina hilabete batzuetako egonaldia besterik ez da behar kontzesioan konturatzeko, kautxua bertan haz daitekeen arren, eremuaren ustiapenaren zein kautxuaren ekoizpenaren kostua hain izango dela ikaragarria, merkataritzaren ikuspegitik plan osoa porrotera kondenatuta dagoela. Edonola ere, idazleak dio ekialdeko landaketak ez duela zertan arduratu Ford Konpainiak gutxienez beste ehun urtez Amazonasen ekoitzitako kautxuaren lehiagatik, hau da, orain arte lortutako aurrerabidearen erritmoagatik. »

[oh 4]


Egoera horretan, 1933an nezakal-ingeniari bat kontratatzea erabaki zuten, James Weir, lehenago Goodyearrentzat Sumatran lan egin zuena. Honek, Asiako landareekin berriro hastea proposatu zuen, Indonesiako landare klonik onenekin[6].

Fordlândiatik Belterrara

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Belterrako etxe bat, gaur egun.

1934ko maiatzean, egoera ikusita, Ford konpainiak Parári trukatu zizkion Fordlândiako 703,650 akre ibaian gorago zegoen eremu baten truke[6]. Herri berriari Belterra izena jarri zioten, gaur egun ere kautxuaren industriatik bizi den herria. Laster hasi ziren Belterra basogabetzen eta Fordlândia albo batera uzten, hala ere, arazoek jarraitu zuten Belterran[6].

AEBtan argi zuten askok proiektua gainbeheran zegoela, eta egiten zen inbertsioa berreskuratzea zaila izango zela. Hala ere, diskurtso zibilizatorioa garatu zen: Fordlândia ez zen soilik misio ekonomiko bat, misiolarien lan bat ere bazen, Amazoniara Mendebaldeko zibilizazioa eramateko[15].

1940ean Belterrak 7.000 biztanle zituen, horietatik 2.000 Forden langile (261 emakume eta 60 ume barne), 844 etxe eta 950 gizon sartzeko moduko pabiloia[16]. 1941ean 3.651.000 zuhaitz zeuden landatuta Fordlândian eta Belterran[16].

Langileak kontratatzeko arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amazoniako biztanleria dentsitatea oso baxua da eta, horregatik, oso zaila zen langile kualifikatu nahiko lortzea inguruan. Fordek Barbadosetik ekarri zituen hainbat langile, denak arraza beltzekoak. Zaila egin zitzaien ingurura moldatzea eta, gainera, beste langileak atzerritarren kontratazioaren aurka zeuden, beste langile matxinada bat eragin zuena[16]. Enpresak Brasilgo ipar-ekialdean kontratazioak egitea pentsatu zuen, baina hauek nahiago zuten Brasil hegoaldeko estatuetara migratzea Amazoniara baino. 1930ko hamarkadaren amaieran Portugaldik langileak ekartzea ere bururatu zitzaien, baina Bigarren Mundu Gerraren hasierak plan hori guztiz zapuztu zuen[6].

Baina Bigarren Mundu Gerrak Brasilgo kautxuaren gorakada ekarri zuen, Asiako kautxua ziurtatu ezin zela ikusita. Getúlio Vargasek AEBren laguntza ekonomikoa eskatu zuen, eta elkarrekin Amazonia garatzeko plan bat egitea nahi zuten. Ford konpainiak espero zuen interes horrekin Brasilek enpresaren alde egitea langileen baldintzetan zuten gatazketan. Baina Brasilen eta AEBren artean ez zen akordiorik egon, arrazoi geopolitikoak tarteko, eta Fordek plantazio berririk ez zuen egin, horrek etorkizunean Aliatuentzat lehengaiak eman zitzakeela pentsatuz[6].

Forden azken urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Biltegi nagusiaren ikuspegia gaur egun, guztiz utzita.

1942an Ford Companyk Ford River Rouge Complexen zegoen pneumatiko fabrika Sobietar Batasunari saldu zion[19], kautxuan interesa galduz. Urte horretan 750 tona latex atera zituzten Fordlândia eta Belterratik, behar zituzten 38.000 tonatik oso urrun[16]. 1943an Estatu Batuek kautxu sintetikoa garatu zuten[20] eta, urte berean, inoizko beldar eta inurri izurririk handiena izan zuen Belterrako plantazioak. 1945an 250.000$en truke saldu zioten Brasilgo gobernuari, langileei zor zieten dirua[12], etekin gutxi eman zuten 9.000.000$ inbertitu eta gero[6], gaur egungo 200 milioi dolar inguru[1].

Bigarren Mundu Gerraren amaieran, Ingalaterrak eta AEBk jada ez zuten lehiarik kautxu monopolioarengatik eta, gaiera, kautxu sintetikoa asko zabaldu zen. Ford enpresak ere ahal azaldu zuen prentsa-ohar batean[16]:

« Gerra esperientziak erakutsi digu kautxu sintetikoa kautxu naturala baino askoz hobea dela gure produktuetako batzuetan. »


Nekazaritza Ministerioaren esku

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950eko hamarkadaren eta 1970eko hamarkadaren amaieraren artean, lurren gaineko eskubideak itzuli ondoren, Brasilgo Gobernuak, Nekazaritza Ministerioaren bidez, zenbait instalazio jarri zituen eremu horretan. Lehen Fordeko kautxuzko biltzaileenak ziren etxeak Ministerioko langileen familiei eman zitzaizkien, eta haien ondorengoek oraindik betetzen dituzte.

Proiektu honek ere gutxi iraun zuen eta hiria ia erabat abandonatuta utzi zuen bere amaierara iritsi zenean[12]. Belterran, bere aldetik, kautxu produkzioak jarraitu du baina maila komertzialetik oso urrun[16].

Gaur egungo berpizkundea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikuspegia etxe hustu batetik, 2005ean.

Hiriak 90 biztanle inguru izan zituen 2000ko hamarkadaren bigarren erdira arte. Zonaldean ez zen oinarrizko zerbitzurik eskaintzen, eta laguntza medikoa itsasontziz bakarrik iristen zen tarte luzeetan. Hori aldatu egin zen bizitzeko leku baten bila zebilen jendeak hirira itzultzea erabaki zuenean, sarritan etxeetan sinpleki sartuz, okupa gisa[1]. Hiria, orain Aveiroko barrutia da, ia 2.000 pertsonen bizilekua da 2017tik aurrera. Brasilgo gobernua bertan latexko eskularruak eta kondoiak egiteko proiektuak egin zituen, eta lurzoruan orain elikagai ugari sortzen dira.[1]

Santarémetik itsasontzian bisitatzeko aukera dago, eta turista batzuk iristen dira, nahiz eta azpiegitura handirik ez dagoen. Itaitubatik ere autobusak joaten dira bertaraino.

Jatorrizko eraikin gehienek zutik diraute, ospitalea izan ezik, materialen bila guztiz zebiltzan pertsonek guztiz desegin zutena. Hiriaren eraikuntza AEBko patroiak jarraituz eraiki zen. Kaleek Hillside edo Riverside bezalako izenak zituzten, bi igerileku zeuden, ur edangarria eta sua itzaltzeko suhiltzaileen ur-iturriak kaleetan. Moztu gabeko oihan zati batzuekin "parke naturalak" eratu zituzten eta bederatzi zuloko golf zelai bat ere bazegoen.[21]

Fordlândiaren ikurtzat hartua, 50 metroko altuera duen ur dorrea biltegi nagusien ondoan dago. Hiriko eraikin gehienak bezala, Michiganen eraiki zen, eta Fordlândiara merkatal itsasontzi batek ekarri zuen. Ur-dorreak, ura tratatzeko instalazioak eta jatorrizko hodi guztiek funtzionatzen jarraitzen dute.

Herriak zerrategi bat zuen, inguruko eraikin guztietarako egurra emateaz arduratzen zena. Zerrategiak eta labeak zutik jarraitzen dute, baina erreminta gehienak desagertu egin dira. Zerrategiaren funtzioa basogabetzearen ondorioz kenduko ziren zuhaitzen egurra probestu eta Europa zein AEBra esportatzea zen. Baina proiektu honek porrota izan zuen 1929an, zuen zailtasunagatik eta egur mota batzuk esportatzea ilegala zelako. Zerrategia Hego Amerika osoan zegoen aurreratuena zela esaten zen[12].

Ospitalean, guztiz suntsituta.

Ospitalea bere horretan zegoen 2000. urtearen amaierara arte, baliozko objektuak bilatzen zituen jendeak erabat desegin eta edukia kendu zuenean.

Desegin aurretik, hainbat eztabaida izan ziren ospitaleko X izpien makinen inguruan. Tokiko telebista kate batek jakinarazi zuenez, material erradioaktiboa zuten kutxa batzuk utzi zituzten markatuta. Honek, inguruko herri eta hirietako biztanleen artean kutsadura beldurra sortu zuen, eta jendeak sarri aipatu zuen Goiâniako istripua, agintariek, protesta baten ondoren, materialak erretiratzea eragin zuena.

Lantegia.

Hiriko lantegia hiru solairuko biltegi bat zen, hirian lan egiten zuten makinentzako piezak egiten zituena. Oraindik zutik dago eta jatorrizko taldearen zatirik handiena hartzen du. Orain, Forden garaiko tramankulu gehienak gordetzen diren biltegi bezala erabiltzen da. Ospitaleko oheak, ekipamendua, berunezko hilkutxa bat eta X izpien makina baten zatiak biltegiratzen dira biltegi honetan.

Biltegiko bigarren solairua proiektu komunitario baterako haziak prozesatzeko erabiltzea baimendu zen. Hazi horietatik ateratako olioak zurezko zoruaren usteltzea izugarri bizkortu zuen, eta zenbait lekutan erori egin da.

American Village

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerikar Herriko sei etxeek oraindik bazituzten beren altzari originalak, sukaldeko tresneria eta baita atzean utzitako arropak ere, hiria hutsik geratu zenean. Bertakoek etxeak erreklamatu zituzten eta artikulu gehienak saldu edo oroigarri gisa eraman zituzten. Etxeetako bat sute batean galdu zen.

Fordlândia kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Café com leite politika deitu izan zaio Minas Gerais eta São Paulo estatuek kudeatutako politikari. Lehenengoa esnearen produktore handia zen eta bigarrena kafearena, eta bi lobby horien interesak babesten ziren estatutik, beste estatuen interesen gainetik.
  2. A chegada dos americanos ao Tapajós causou uma verdadeira revolução em todo o rio. Aqueles homens muito brancos, louros, de olhos azuis, falando uma língua diferente era a mesma coisa que a Terra fosse invadida por seres de outro planeta
  3. We will get our men in Brazil. We are not going to South America to make money but to help develop that wonderful and fertile land…We’ll train the Brazilians and they’ll work as well as any others
  4. Mr. Ford’s presumed object is to grow his own rubber, but it only requires a few months’ stay on the concession to realize that, although rubber may eventually be grown there, the cost, both of bringing the area into bearing and producing the rubber will be so fantastically enormous, that the whole scheme from a commercial point of view is doomed to failure. At any rate, it is the writer’s contention that the Eastern planter need not worry from any competition from rubber produced by the Ford Company on the Amazon for at least another hundred years – that is, judging by the rate of progress made up to date.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f (Ingelesez) «The Ruins of Fordlândia» Damn Interesting (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  2. «Fordlandia--Henry Ford's manufacturing center in the Brazilian jungle» wayback.archive-it.org (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  3. (Ingelesez) Reed, Drew. (2016-08-19). «Lost cities #10: Fordlandia – the failure of Henry Ford's utopian city in the Amazon» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  4. «Supply and Demand» pslc.ws (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  5. (Ingelesez) Whittlesey, Charles R.. (1931-08). «The Stevenson Plan: Some Conclusions and Observations» Journal of Political Economy 39 (4): 506–525.  doi:10.1086/254231. ISSN 0022-3808. (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  6. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v Galey, John. (1979). «Industrialist in the Wilderness: Henry Ford's Amazon Venture» Journal of Interamerican Studies and World Affairs 21 (2): 261–289.  doi:10.2307/165528. ISSN 0022-1937. (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  7. (Ingelesez) Romero, Simon. (2017-02-20). «Deep in Brazil’s Amazon, Exploring the Ruins of Ford’s Fantasyland» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  8. (Ingelesez) Company, Stern Rubber. «Stern Rubber Company, Inc.» sternrubber.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  9. Filho, C. F.. (1965). Porque perdomes a batalha da borracha. Manaus: Edicoés do Estado do Amazonas.
  10. a b c d e f g h i j Duarte Jr., Antonio Marcos. (2015-06-13). «Fordlândia e Belterra: as cidades de Henry Ford na Amazônia» Revista Brasileira de Casos de Ensino em Administração 5 (1): 1.  doi:10.12660/gvcasosv5n1c1. ISSN 2179-135X. (Noiz kontsultatua: 2020-09-19).
  11. a b c Russell, Joseph A.. (1942-04). «Fordlandia and Belterra, Rubber Plantations on the Tapajos River, Brazil» Economic Geography 18 (2): 125.  doi:10.2307/141793. (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  12. a b c d e f g h Sena, Cristovam. (2008-06). «Fordlândia: breve relato da presença americana na Amazônia» Cadernos de História da Ciência 4 (2): 89–108. ISSN 1809-7634. (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).[Betiko hautsitako esteka]
  13. (Gaztelaniaz) Cunha, Euclides da. (2002). Á margem da história. (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  14. Bowman, Isaiah. (1913). «Geographical Aspects of the New Madeira-Mamore Railroad» Bulletin of the American Geographical Society 45 (4): 275.  doi:10.2307/199220. ISSN 0190-5929. (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  15. a b c d Grandin, Greg, 1962-. Fordlandia : the rise and fall of Henry Ford's forgotten jungle city. (1st ed. argitaraldia) ISBN 978-0-8050-8236-4. PMC 276930372. (Noiz kontsultatua: 2020-09-19).
  16. a b c d e f g h i j (Ingelesez) «Ford Rubber Plantations in Brazil - The Henry Ford» www.thehenryford.org (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  17. (Ingelesez) «Fordlandia» 99% Invisible (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  18. «With Ford on the Amazon» India Rubber Journal 1931ko urtarrila.
  19. «Ford River Rouge Plant Buildings» www.fordmotorhistory.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  20. (Ingelesez) «U.S. Synthetic Rubber Program - National Historic Chemical Landmark» American Chemical Society (Noiz kontsultatua: 2020-09-18).
  21. Ballvé, M.. (2009). Henry Ford's Tropical Folly. NACLA Report on the Americas, 50 or..
  22. (Ingelesez) «Real-life dystopias: the locations that star in A Handmaid's Tale, Brazil and A Clockwork Orange» The Telegraph 2018-05-24 ISSN 0307-1235. (Noiz kontsultatua: 2020-09-19).
  23. (Gaztelaniaz) Landaluze, Koldo. (2020-08-31). «Lucía Lacarra prologa desde la playa de Itzurun de Zumaia su nuevo espectáculo, ‘Fordlandia’» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-09-19).
  24. (Gaztelaniaz) «'Fordlandia', primera serie no documental de Werner Herzog» Serielizados (Noiz kontsultatua: 2020-09-19).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]