Galeper arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Galeper arrunt
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Aves
Ordena: Galliformes
Familia: Phasianidae
Generoa: Coturnix
Espeziea: Coturnix coturnix
Linnaeus, 1758

Galeperra arrunta edo pospolina (Coturnix coturnix) Phasianidae familiako hegaztia da. Europa, Asia eta Afrikako eskualde askotan bizi den hegazti honek azpiespezie batzuk ditu. Gastronomian preziatua da oso, bere jaki eta arrautzagatik.

Galeperra laborantza-lurretan ederki kamuflatzen den hegaztia da. Espezie migratzailea da, neguan Afrikara joaten delarik. Hori dela eta, populazioek gorabehera handiak jasaten dituzte urtean zehar.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galliformeen artean txikiena da, 17,5 cm inguruko luzera izaten du eta 70-155 g pisa ditzake. Diseinu kriptikoa dauka: oro har kolorazio marroia daukan arren, lerro marroi ilunak, zuriak, beltzak eta krema kolorekoak ageri zaizkio. Bekain zuri nabaria dauka eta lepoa argia da, zuria emeen eta gazteen kasuan eta ankla ilun batekin arren kasuan.

Diseinuan dimorfismo sexuala egoteaz gain, tamainan ere nabaria da; oro har emeak arrak baino handiagoak izaten dira. Hego-zabalera arren kasuan 110-115 mm-koa da eta emeetan 107-116 mm-koa. Buztana 31-38 mm-koa da arretan eta 36-44 mm-koa emeetan.

Autore batzuen arabera, gazteak helduetatik zenbait ezaugarri fenotipikoren arabera bereiz daitezke: lumaje orbaindua bularrean, mokoaren ertza arrosa, bekainetan kolorazio argiagoa eta irisa berdexka izaten da. Hazten joaten diren neurrian, txitak lumajer horixka galtzen joaten dira eta emeen antzeko kolorazio eta diseinua hartzen dute.

Bi subespezie ezagutzen dira: euroasiarra, galeper arrunta deritzona, (C. coturnix coturnix) eta japoniarra (C. coturnix japonica). Azken hau gatibutzan hazitako espeziea da eta galeper arruntarekin hibridatu daiteke.[2]

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paleartikoan dauka banaketa, Afrika iparraldetik Asia hego-ekialderaino. Hala ere, Afrika ekialdean eta hegoaldean, Madagaskarren eta Ozeano Indikoko zenbait irletan ere badira populazio batzuk. Oro har Iberiar penintsula osoan agertzen den arren, Kantauriar mendikatearen erdialdean eta kosta mediterraneoko gune lehorrenetan. Balearretan eta Kanariar irletan ere agertzen da.

Neguan Afrikara emigratzen dute; Europa mendebaldeko populazioek Sahara hegoaldera, zehazki.[2]

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gune irekietan agertzen da, orokorrean leku lauetan, itsas-mailatik 1.000 metroko altituderaino, nahiz eta zenbaitetan mendi altuetan ere agertzen den. Laborantza-lur (lehorrekoak zein ureztatutakoak), hainbat larreetan eta belardietan agertzen da, baina dentsitaterik altuenak penintsularen erdialdeko eta hegoaldeko zereal sailetan daude. Migrazioan zehar zenbait ingurunetan ager daiteke. Landaredi dentso eta altua du gustuko eta baso ertzak ekiditen ditu.[2]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nagusiki hazi basati eta zereal pikorrez elikatzen den arren, espezie orojalea dela esan liteke, intsektu txikiez eta beren larbez ere elikatzen baita, hala nola, kakalardoz, inurriz eta matxinsaltoz. Modu honetara, emeek txitak hazteko beharrezko proteina edukia eskuratzen dute.[2]

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galeperrak monogamoak izaten dira. Ugaltzeko lekura iristean, arrak emea erakartzeko lehenik emetik hurbilen dagoen hegoa lurrera erortzen utzi eta emearen inguruan dantza moduko bat egiteari ekiten dio, kantu leun bat egiten duen bitartean. Ondoren, emeak “gonbidapen kantu” baten bidez erantzuten dio kopula hasi aurretik.

Habiak belarretan eraikitzen dituzte. Europan ugal-garaia maiatza erdialdetik abuztua bukaerara arte izaten da; Afrikan, berriz, irailetik martxora bitartean ematen da, nahiz eta Kenian urtaro lehorrean ugaltzen diren, urtarriletik otsailera. Urteko 2-3 errute izan ohi dituzte, 8-13 arrautzakoak Europan eta 6-13koak Afrikan. Arrautzak krema kolorekoak (eta orbainduak zenbaitetan) izaten dira, 2,5 cm eta 8,5 g ingurukoak. Emea izaten da inkubazioaz arduratzen dena (17-20 egun), baita txitak zaintzeaz ere. Gazteak 11 egunekin jada hegan egiteko gai dira eta urtebetera ugaltzeko gaitasuna dute.[2]

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazti migratzailea da, oso hegaldi luzeak egiten dituena. Baina, neguko migrazioez gain, udaberriak eta udak aurrera egin ahala, plubiometriaren eta laborantza-lurretako baldintzen arabera, iparralderanzko migrazioak egiten ditu. Arrek bikote bila ere mugimendu luzeak egiten dituzte, behin emeek ugalketari hasiera emanda. Penintsulan badira neguko populazio batzuk eta badirudi ugaritzen ari direla (seo.org).

Espezie monogamoa da. Arrak erakartzen du emea, baina ondoren emea izaten da habiak eraikitzeaz zein kumeen zaintzaz arduratzen dena. Espezieen arteko elkarrekintzak

Galeperrak harrapari ugari ditu: sugeak, mofetak, armadiloak, arratoiak, erbinudeak, urtxintxak, azeriak, katamotzak, txakurrak, katuak, indioilarrak, beleak, eskinosoak, belatzak, hontzak, inurriak, etab. Hauen eraginagatik, arrautzen herena suntsituak izaten dira eta eklosiotik bi astetara, galeper txiten erdiak hil egiten dira.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan 2.800.000-4.700.000 ugal-bikote daudela estimatzen da, hau da, 8.400.000-14.100.000 indibiduo. Baina urtean zehar aldaketa handiak ematen dira populazioetan. Mehatxu nagusiak honakoak dira: habitataren aldaketa (laborantza-lurretan aldaketak, nekazaritzaren areagotzea), presio zinegetiko altua (milioi bat indibiduo baino gehiago ehizatzen dira urtean) eta kutsadura genetikoa, galeper japoniarraren zein hibridoen askapena dela eta.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The IUCN red list of endangered species
  2. a b c d e f   Sociedad Española de Ornitología/BirdLife (2014/02/27), Codorniz común, SEO/BirdLife, http://www.seo.org/ave/codorniz-comun/ .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Galeper arrunt Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Coturnix_coturnix