Giuseppe Gasparo Mezzofanti

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Giuseppe Gasparo Mezzofanti kardinala

Giuseppe Gasparo Mezzofanti (Bolonia, Italia, 1774ko irailaren 19aErroma, Italia, 1849ko martxoaren 15a) kardinala eta hizkuntzalaria izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorri apaleko familia batean sortua, haurtzarotik beretik hasita frogatu zuen ohikoa baino oroimen handiagoa, musikarako entzumen zolia eta atzerriko hizkuntzak ikasteko gaitasun aparta zituela.

Sorterriko Eskolapioetan ikasi zuen eta hantxe jarri zen harremanetan Aita Santuen Lurraldean apopilo zeuden misiolari jesuita askorekin, haien ordena ezabatuta baitzegoen. Haiekin solasean laster ikasi zituen suediera, alemana, gaztelania eta Hego Amerikako zenbait hizkuntza. Eskolan ikasi zituen hizkuntza hilez ere jabetu zen.

Apaizgaitegian ikasi zuen eta filosofia eta teologiako ikasketak bukatu zituen apaiz ordenatzeko arauz ezarritako gutxieneko adina baina askoz ere lehenago. Bitartean, ekialdeko hizkuntzak ikasteari ekin zion.

1797an, 23 urte zituela, apaiz ordenatu zuten eta Boloniako Unibertsitateko hebreeraren, arabieraren, ekialdeko hizkuntzen eta grezieraren katedra bere gain hartu zuen.

1799. eta 1800. urteen artean Napoleonen armadarekin liskarretan zauritutako atzerritarrak artatu zituen erietxeetan eta horretan ari zela, atzerriko zenbait hizkuntza ikasteko aukera izan zuen. Hiria bisitatzen zuten turisten eta bidaiarien aitor-entzule izan zen.

1831. urtean, Gregorio XVI.aren eskaera onartu eta bere jakintza Herrien Ebanjelizazioaren Kongregazioaren zerbitzuan jarri zuen.

Eliza Katolikoko txoko guztietatik etorritako misiolariak eta jakintsuak zeudenez Erroman, hango giro kosmopolita hizkuntza asko ikasteko baliatu zuen Mezzofantik.

Hizkuntzak ikasteko irrika horretan, txinera ikastea izan zen ahalegin itzela eskatu zion hizkuntza bakarra: horrek behartu zuen lau hilabetez ikasteari ematera txinera jariotasunez hitz egin ahal izateko. Ordutik aurrera txineraz mintzatu zen aita Umpierresekin eta horrek berretsi zuen osoki menderatzen zuela txinera mandarina –Umpierres lehenago Macaon misiolari ibilia zen eta Herrien Ebanjelizazioaren Kongregazioko hizkuntza irakasle zen–. Mezzofanti hiperpoliglota bilakatu zen eta 39 hizkuntza menderatzen zituen, tartean euskara.[1]

Gregorio XVI.a haren lagun eta babesle egin zen eta kardinal izendatu zuen 1838ko otsailaren 12ko kontsistorioan.

Erroman hil zen 1849an. Erromako Sant'Onofrio al Gianicolo elizan hilobiratu zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Russell, Charles William Life of the Cardinal Mezzofanti Londres: Longman &Co 467. orrialdea http://www.s4ulanguages.com/mezzofanti.html .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]