Indoeuropar hizkuntzak
Indoeuropar hizkuntzak | |
---|---|
Indoeuropar hizkuntzen hiztun gehiengoa duten herrialdeak
Estatus ofiziala duen indoeuropar hizkuntzen hiztun gutxiengoa duten herrialdeak Indoeuropar hizkuntz ofizialik ez duten herrialdeak, baina gutxiengo batek indoeuropar hizkuntzaren bat hitz egiten duena | |
Datu orokorrak | |
Hiztunak | - |
Rankinga | - |
Eskualdea | - |
Hizkuntza sailkapena | |
giza hizkuntza | |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | hizkuntza fusionatzailea |
Aurrekaria | aitzinindoeuropera |
Hizkuntza kodeak | |
ISO 639-2 | ine |
Glottolog | indo1319 |
Linguist List | ieur |
IETF | ine |
Indoeuropar hizkuntzak hizkuntza familia bat dira, Europako zein Asia hegoaldeko ehunka hizkuntza eta dialektok osatua. Indoeuropera[1] antzinako hizkuntza hipotetiko bat da, hizkuntza familia horren ustezko sorburua, eta hasierako indoeuroparrek hitz egingo zutena. Indoeuropar hizkuntzen artean ditugu Europako hizkuntza hedatuenak, bai eta Irango lautadako nahiz Indiako hainbat hizkuntza ere, adibidez: hindia, gaztelania, ingelesa, italiera, portugesa, bengalera, errusiera, frantsesa, alemana eta punjabera. Indoeuropar familia da hiztun gehien duen hizkuntza familia, 3 mila miloi hiztun baititu. Hizkuntza familia honetan zenbait adar daude, eta horien artean hiztun gehien dituena indoirandarra da.
Familiaren identifikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sir William Jones filologoak proposatu zuen lehen aldiz indoeuropar hizkuntza familia honen inguruko hipotesia. XVIII. mendearen bigarren erdian, ikusi zuen antzekotasunak zeudela orduan zaharrenak zirela uste zen lau hizkuntzen artean, hots, latinaren, grekoaren, persieraren eta sanskritoaren artean.
Antzinako hizkuntza hipotetikoari aitzinindoeuropera deritzo. Hori bide da indoeuropar familia osoaren ama hizkuntza. Indoeuroperaren ustezko alderdi fonetiko eta gramatikalak berreraiki dira. Hortaz, indoeuropera berreraikitako hizkuntza hipotetiko bat da, K.a. 4000. urtean datatua; izan ere, K.a. 2000. urtean badira ezaugarri ezberdinak, indoeuroperatik jaiotako hizkuntzen artean.
Jatorri geografikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aitzinindoeuroperaren jatorrizko lurraldea edo urheimat delakoa aitzinindoeuropera hizkuntza bakuna izan zitekeen kokapen posiblea da, indoeuropar hizkuntzen edo herrien abiapuntu geografikoa.
Jatorrizko lurralde horren kokapenari buruzko proposamenik onartuena errusiar estepako hipotesia da, zehazki estepa Pontiar-Kaspiarra esan ohi dena, Itsaso Beltzaren eta Kaspiar itsasoaren iparraldeko lurraldea. Denborari dagokionez, K.a. 4000 urtearen inguruan kokatzen da inguru horretan aitzinindoeuropera, eta kultura arkeologikoen aldetik, Kurganen kulturaren eta Yamnaya kulturarekin lotzen da batik bat: azken lotura horretarako datu genetikoak ere erabili izan dira hipotesiaren indargarri gisa.[2] Kaspiar itsasoaren eta Itsaso Beltzaren arteko lurraldean Kurgan kultura garatu zen Kalkolitoaren eta Behe Brontze Aroaren artean. Ehorzketarako kurgan izeneko tumulua (errusieraz eta ukraineraz "tumulua" esan nahi du) du ezaugarri nagusi kultura horrek. Marija Gimbutasek eta harekin bat datozen ikerlariek Kurgan kultura aitzineuroparrekin lotzen dute. Ondorengo mendeetan, eskualde horretatik Europa, Iran eta India aldera hedatu bide ziren indoeuropar hizkuntzak.[3]
Estepako hipotesi horren lehiakide nagusia Anatoliako hipotesia da: aitzinindoeuroperaren jatorria Anatolian kokatzen du K.a. 8000 urtearen inguruan.[4] Aspaldiko hipotesia da, bigarren mailan geratu dena, estepakoa indartu zenetik. Hala ere, 2023an ikerketa batek berriro ekarri zuen lehen mailara, sorburu gisa, Anatolia bainoago, Hego Kaukasoa jarrita. Metodo konparatibo filogenetiko matematikoak erabiliz eraiki zuten.[5]
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indoeuropar hizkuntzen familia hainbat adarretan bereizten da. Horietako batzuk hilda daude, baina beste batzuek bizirik diraute. Hona sailkapena:
- Anatoliar hizkuntzak: lehen aztarna idatziak K.a. XVIII. mendekoak dira. Hilik daude eta hititera haietako bat zen.
- Indo-irandar hizkuntzak, protoindoirandar hizkuntzatik eratorriak:
- Indo-ariar hizkuntzak: haien aztarnarik zaharrenak sanskritoz idatzitakoak dira (K.a. 1.500. urtekoak).
- Iraniar hizkuntzak: persiera, kurduera, avestera (K.a. 1000. urte ingurukoa), antzinako persiera eta pehleviera.
- Dardiar hizkuntzak.
- Nuristaniar hizkuntzak.
- Greziera: lehen erregistro bakanak Mizenasko hizkuntzakoak dira, K.a. XIV. mendekoak. Bestalde, Homeroren lehen idatziak K.a. VIII. mendekoak dira.
- Hizkuntza italikoak: osko-unbriar hizkuntzak, faliskera eta baita latina eta haren ondorengoak ere (hizkuntza erromantzeak). Lehen aztarnak K.a. VII. mendekoak dira.
- Hizkuntza zeltak: Galiako zeltako lehen inskripzioak K.a. VI. mendekoak dira. Horretaz gainera, Irlandera zaharreko testu zaharrenak K. o. VI. mendekoak dira.
- Germaniar hizkuntzak: aurreneko aztarnak K. o. II. mendean errunetan idatzitako inskripzioak dira, eta lehen testu koherenteak gotikoz idatzitakoak dira, K. o. IV. mendekoak, hain zuzen.
- Armeniera: V. mendekoa.
- Tokariar hizkuntzak: tokariarren hizkuntza hilak, bi dialektotan banatuta daude eta VI. mendetik VIII. mendera artean hitz egin ziren.
- Balto-eslaviar hizkuntzak:
- Eslaviar hizkuntzak: lehen aztarnak IX. mendekoak dira eta hizkuntza horietako lehen testuak Antzinako Elizako Eslavonikoan aurkitu ziren.
- Hizkuntza baltikoak: lehen aztarnak XIV. mendekoak dira. Protoindoeuropear hizkuntzen ezaugarri zahar asko dituzte.
- Albaniera: lehen aztarnak XV. mendekoak dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ 47. araua - Hizkuntza hilak eta klasikoak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-23).
- ↑ Anthony, 2007
- ↑ (Ingelesez) Anthony, David W.; Ringe, Don. (2015-01-01). «The Indo-European Homeland from Linguistic and Archaeological Perspectives» Annual Review of Linguistics 1 (1): 199–219. doi: . ISSN 2333-9683. (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
- ↑ Mallory eta Adams, 2006
- ↑ (Ingelesez) Society, Max Planck. «New insights into the origin of the Indo-European languages» phys.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Anthony, David W. (2007), The Horse, the Wheel and Language: How Bronze-Age Riders from the Eurasian Steppes Shaped the Modern World, Princeton University Press
- Cavalli-Sforza, Luigi Luca (2000). Genes, peoples, and languages. Farrar Straus & Giroux. ISBN 978-0-86547-529-8.
- Mallory, J. P.; Adams, D. Q. (2006), The Oxford introduction to Proto-Indo-European and the Proto-Indo-European world (Repr. ed.), Oxford [u.a.]: Oxford Univ. Press, ISBN 9780199287918