Almeida Garrett

Wikipedia, Entziklopedia askea
Almeida Garrett

Minister of Foreign Affairs (en) Itzuli

1852 - 1852
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJoão Baptista da Silva Leitão de Almeida Garrett
JaiotzaPorto1799ko otsailaren 4a
Herrialdea Portugalgo Erresuma
Lehen hizkuntzaportugesa
HeriotzaLisboa1854ko abenduaren 9a (55 urte)
Hobiratze lekuaChurch of Santa Engrácia (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: infartua
Hezkuntza
HeziketaCoimbrako Unibertsitatea
Hizkuntzakportugesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta, diplomazialaria, antzerkigilea, politikaria eta eleberrigilea
Jasotako sariak
InfluentziakLaurence Sterne, Friedrich Schiller, Gil Vicente, Victor Hugo, Lord Byron, Johann Wolfgang von Goethe, Luís de Camões, William Shakespeare eta Walter Scott
Mugimenduaerromantizismoa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

IMDB: nm0308075 Allocine: 565538 Allmovie: p309703
Musicbrainz: 529fc51e-cd32-4a32-894d-72800ac53dc1 Discogs: 1436620 Find a Grave: 18547716 Edit the value on Wikidata
Artikulu hau idazle portugaldarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Almeida».

João Baptista da Silva Leitão de Almeida eta beranduago Almeida Garrett-eko bizkondea, (Porto, 1799ko otsailaren 4aLisboa, 1854eko abenduaren 9a) portugaldar idazle eta antzerkigile erromantiko, mintzalari, erresumako pare, ministro eta estatu-idazkari. Antzerkiaren bultzatzaile bikaina Portugalen, Portugalgo erromantizismo pertsonarik ospetsuenetakoa, berak proposatu zuen Dona Maria II Antzoki Nazionalaren eraikuntza eta Erti Dramatikoko Kontserbatorioa sortzea.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

João Baptista da Silva Leitão de Almeida Garrett Porton jaio zen, 1799ko otsailaren 4an. Nerabe zelarik Azoreetara joan zen bizitzera, Terceira uhartera, Napoleon Bonaparteren tropa frantziarrek Portugal indarrez hartu zutenean. Han, bere osaba D. Alexandrek hezi zuen, Angrako gotzaina zenak. Luisa Castelo, bere neska-laguna ere bertan utzi zuen haurdun. Berehala, 1816an, Coimbrara joan eta azkenean zuzenbidean matrikulatu zen. 1821. urtean, O Retrato de Vénus argitaratu zuen, horren eraginez bere aurkako auzi-eskea aurkeztu zuten, non materialista, ateo eta ez-moraltzat jo zuten. Urte horretan bertan ere Almeida Garrett abizena erabiltzen hasi ziren bera eta bere familia.

Almeida Garretti eskainitako eskultura Porton.

Borroka liberalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almeida Garrettek 1820ko iraultza liberalean esku hartu zuen; ondoren, 1823an, Ingalaterrara erbesteratu zen, Vilafrancadaren ondoren. Aurretik, 14 urte besterik ez zituen Luísa Midosi gaztetxoarekin ezkondu zen. Ingalaterran, higikunde erromantikoarekin harremanetan jarri zen; Shakespeare, Walter Scott eta beste egile batzuk ezagutu eta Erdi Aroko gaztelu eta eliza eta abade-etxe gotikoak bisitatu zituen. Bizipen horiek bere geroagoko lanean islatuko ziren.

1824an Frantziara alde egin zuen. Bidaia hartan "Camões" (1825) poema ezaguna idatzi zuen, eta baita horren ezaguna ez izanagatik garrantzi gutxiagokoa ez den Dona Branca (1826) ere. Olerki hauek, eskuarki, Portugalgo literatura erromantikoko lehenengo lantzat jotzen dira. 1826. urtean jaioterrira deitu zuten eta hara itzuli zen azkeneko etorkinekin. Han kazetaritzan aritu zen eta O Português (1826-1827) egunkaria eta O Cronista (1827) astekaria sortu eta zuzendu zituen.

1828an, Migel I.a errege absolutista itzuli zenean, Portugal utzi behar izan zuen berriro. Urte horretan bertan, jaioberria zuen alaba hil zitzaion. Ingalaterran berriro, Adozinda (1828) argitaratu zuen. Alexandre Herculano eta Joaquim António de Aguiarekin batera, Mindelo-ko lehorreratzean eta Portoko setioan esku hartu zuen, 1832 eta 1833 urteetan.

Bizitza politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almeida Garrett, Alexandre Herculano eta José Estêvão de Magalhães Portugalgo Errepublikako Biltzarreko Passos Perdidos aretoan.

Liberalismoaren garaipenak berriro Portugalera itzultzeko aukera eman zion, Bruselan kontsul orokor eta negozioen arduradun moduan egonaldi labur baten ondoren. Schiller, Goethe eta Herder irakurri zituen bertan. Portugalen zenbait kargu politikotan aritu zen eta, 30 eta 40ko hamarkadetan nazioko hizlaririk nagusienetako gisa nabarmendu zen. Bere ekimenez sortu ziren Erti Dramatikoko Kontserbatorioa, Antzokien Ikuskatze Orokorra, Panteoi Nazionala eta D. Maria II.a Antzoki Nazionala, Lisboan. Garrettek antzoki bat sortu baino, ekoizpen dramatiko nazionala berritu nahi izan zuen batez ere, atzerrian indarrean zeuden kanonen arabera.

Karlisten garaipenaren eta Costa Cabralen gobernurako itzuleraren ondoren, eta 1852ra arte Almeida Garrett bizitza politikotik aldendu egin zen. Halere, 1850. urtean, beste 50 pertsona ospetsuekin batera prentsa-askatasunaren aurkako proposamenari buruzko protesta bat idatzi zuen.

Garrett limurtzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garretten bizitza bere lana bezain liluragarria izan zen. 20 eta 30eko hamarkadetan iraultzaile, geroago erabateko dandi bezala nabarmendu zen batez ere, dotoretasunaren eredu eta goi gizarteko aretoetan printzipe bihurtuz. Afera ugari izan zituen gizona izan zen, gizon fatale moduko bat. Luisa Midosi emaztearengandik banandu ondoren ‑1822. urtean ezkondu zen berarekin, neskak 14 urte zituela‑, Adelaide Pastor anderearekin hasi zen bizitzen ohaidego‑harremanetan, 1841an honen heriotza iritsi zen arte.

1846. urtearen ondoren bere musa Luz-eko bizkondesa izan zen, Rosa Montufar Infante, 1837. urtetik Joaquim António Velez Barreiros Portugalgo gudarosteko ofizierarekin ezkondutako andaluziarra; Folhas caídas gogo-bahitze erromantikoen inspiratzaile izan zen. Petri V.a Portugalgoa erregearen dekretuz, 1851.eko ekainaren 25ean Garrett Almeida Garrett-eko Bizkonde egin zuten bizirik zegoelarik (beranduago bitan berritu zioten titulua). 1852. urtean, Saldanhako dukea gobernuko lehendakari zela, egun gutxi batzuez kanpo-arazoetako ministro kargua izan zuen.

1854. urtean hil zen, minbiziak jota, Lisboan, orain Saraiva de Carvalho izena duen kalean kokatutako etxean, Campo de Ourique-n.[1][2]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzertia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalgo antzertia birsortzeko bere egitasmoari hasiera eman zion. 1838. urtean Um Auto de Gil Vicente eszenaratu zuen, pixka bat lehentxeago Filipa de Vilhena eta 1842.ean, O Alfageme de Santarém, denak Portugalgo historiari buruzko obrak. 1844. urtean argitaratu zuen bere maisulana, Frei Luís de Sousa. Otto Antscherl alemaniar kritikariak antzerki erromantikoak sortutako lanik bikainentzat izan zuen. Antzerki haiek Portugalgo literaturaren norabidea aldatu zuten, ez gaien aukeraketagatik bakarrik (historia nazionala hobetsi zuen antzinate klasikoaren gainetik), baita akzioaren askatasunagatik eta elkarrizketen naturaltasunagatik ere.

Hitz laua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barata Feyo eskultoreak egindako lanean 1843. urtean, Garrettek Romanceiro eta Cancioneiro Geral argitaratu zituen, Portugalgo olerki herrikoien bildumak, eta 1845.ean O Arco de Santana-ren lehenengo liburukia (bigarrena 1850.ean argitaratuko zen), Victor Hugoren Parisko Notre-Dame katedralak inspiratutako eleberri historikoa. Lan hau Portoko Erdi Aroko giroaren birsortzeagatik baino, hitz lauaren kalitateagatik da liluragarria, aurreko ohituretatik urrundu eta ahozko hizkuntzatik askoz gertuago baitago.

Hurrengo lanak, Viagens na minha terra, are espresio handiagoa eman zien joera hauei. Nahastekako liburu honetan bidai-, erti-, ikuspegi- eta ohitura-irudipenak eleberri erromantiko batekin elkar lotzen dira, non egilearen garaiko gertaerak deskribatutako lekuetatik gertu jazotzen diren (beste berrikuntza bat, eleberri historikoa nagusi baitzen orduan). Kontakizunaren naturaltasunak lan honen konplexutasuna ezkutatzen du, oso estilo, kontalari, gai eta egoera diskurtsibo desberdinak aldizkatu eta gurutzatzen baitira.

Olertia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olertia ere oso berritzailea izan zen Garrett. Bere bizitzaren azkeneko aldian argitaratutako bi antologiek (Flores sem fruto, 1844, eta Folhas Caídas batez ere, 1853) ordura arteko olertian ia ezezagunak ziren espontaneotasun eta xalotasuna erabili zituen. Adierazpen pertsonal grinatsuko olerkiekin batera, paregabeko soiltasunezko maisulan txikiak sortu zituen, olerti herrikoiaren eta Erdi Aroko kantigaren gertukoak, «Pescador da barca bela» esate baterako. Metrikarekin duen askatasuna, hiztegi arrunta, subjektibotasunez beteriko erritmo eta puntuazioa dira lan hauen ezaugarririk garrantzitsuenak.

Portugalgo literaturan duen garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean eta ia XX. mende osoan, Garretten lan literarioa portugesez egin den handienetakoa izan da orokorrean, Camõesenaren atzetik hurrengoa. XX. mendeko kritika ordea, eta João Gaspar Simõesek nabarmen, iritzi hauek zalantzan jarri zituzten eta Garretten lanen alderdirik ahulenak nabarmendu.

Hala ere, bere lanak betirako izango du dagokion lekua Portugalgo literaturaren historian, ekarri zituen berrikuntzengatik eta hauek atzetik zetozen idazleei irekitako bide berriengatik. Garrett, bere obra zeharkatzen duen berekoitasuna kontuan hartuta ere, Portugalgo erromantizismoaren autorerik adierazgarrientzat jo daiteke.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1819 - Lucrécia
  • 1820 - "O Roubo das Sabinas" (gaztaroko olerkia)
  • 1820 - Mérope (antzerkia)
  • 1821 - O Retrato de Venus (olerkia)
  • 1821 - Catão (antzerkia)
  • 1825 - Camões (olerkia)
  • 1826 - Dona Branca (olerkia)
  • 1828 - Adozinda (olerkia)
  • 1829 - Lírica de João Mínimo (olerkia)
  • 1829 - O tratado "Da Educação"
  • 1830 - Portugal na Balança da Europa
  • 1838 - Um Auto de Gil Vicente (antzerkia) (A Auto de Gil Vicente)
  • 1842 - O Alfageme de Santarém (antzerkia)
  • 1843 - Romanceiro e Cancionero Geral, 1. liburuki
  • 1843 - Frei Luís da Sousa (antzerkia)
  • 1845 - Flores sem Fruto (olerkia)
  • 1845 - O Arco de Santa Ana I (fikzioa)
  • 1846 - Falar Verdade un Mentir (antzerkia)
  • 1846 - Viagens na Minha Terra (fikzioa) I
  • 1846 - D. Filipa de Vilhena (antzerkia)
  • 1848 - As profecias do Bandarra
  • 1848 - Um Noivado no Dafundo
  • 1848 - A sobrinha do Marquês (antzerkia)
  • 1849 - Memorias Históricas de José Xavier Mouzinho da Silveira
  • 1850 - O Arco de Santa Ana II (fikzioa)
  • 1851 - Romanceiro e Cancionero Geral, 2. eta 3. liburuki
  • 1853 - Folhas Caídas (olerkia)
  • 1854? - Helena (fikzioa)
  • 18? - Tio Simplício (antzerkia)
  • 18? - Afonso de Albuquerque
  • 1871 - Discursos e Memorias Biográficas Parlamentares

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]