Joan II.a Aragoikoa

Wikipedia(e)tik
Joanes II.a Aragoikoa» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Joan II.a Aragoikoa
Chuan II d'Aragón.jpg
Nafarroako monarka

1425eko irailak 8 - 1479ko urtarrilak 20
Karlos III.a Nafarroakoa - Leonor I.a Nafarroakoa
Aragoiko monarka

1458ko ekainak 27 - 1479ko urtarrilak 20
Alfontso V.a Aragoikoa - Fernando II.a Aragoikoa
Bizitza
Jaiotza Medina del Campo1398ko ekainaren 29a
Heriotza Bartzelona1479ko urtarrilaren 20a (80 urte)
Hobiratze lekua Pobleteko monasterioa
Familia
Aita Fernando I.a Aragoikoa
Ama Leonor Alburquerquekoa
Ezkontidea(k) Zuria I.a Nafarroakoa
Joana Enrikez
Seme-alabak
Anai-arrebak
Leinua Trastamara leinua
Royal house of Aragon
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
Lanbidea
Jasotako sariak
Sinesmenak
Erlijioa kristautasuna

Joan II.a Aragoikoa[1] (Medina del Campo, Gaztela, 1398ko ekainaren 29a - Bartzelona, 1479ko urtarrilaren 20a) Nafarroako errege ezkontidea izan zen 1425-1441 bitartean, Nafarroako erregea 1441-1479 bitartean, eta Aragoiko eta Siziliako erregea 1458-1479 bitartean.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1398ko ekainaren 29an sortu zen, Leonor Alburquerquekoa eta Fernando I.a Aragoikoa guraso zituela[2]. 1415-1416 bitartean, aita ordezkatu zuen Sizilia eta Sardiniako gobernuan. Aragoira itzulita, Alfontso anaiari lagundu zion Álvaro de Lunarekin, Joan II.a Gaztelakoaren aholkulariarekin, izandako tirabirei aurre egiten.

1420an, Karlos III.a Nafarroakoaren alaba Zuriarekin ezkondu zen; aurretik, 1402-1409 bitartean, Zuria ezkondurik egona zen Martin I.a Siziliakoarekin. 1425ean, Karlos III.a hil ondoren, Zuria Nafarroako erregina bilakatu zen, eta Joan errege ezkontide. Karlos Vianako Printzea izan zen ezkontza horretako lehen semea. Gaztelako jatorria zuelarik, Joanek zuzenean parte hartu zuen erresuma hartako barne gatazketan, Joan II.aren eta Alvaro de Lunaren aurka, eta gatazka horietan nahasi zuen Nafarroako Erresuma. Nafarroako aferetatik urrun aritu zen, emazteak gobernatu baitzuen. Aragoiko gorabeherek gehiago kezkatzen zuten eta, esaterako, 1435ean arrakastagabeko Napoliko konkistan lagundu zion Alfontso V.ari.

1441. urtean hil zen Zuria Nafarroakoa. Testamentuan Karlos semea izendatu zuen oinordeko, baina aitaren oniritzirik gabe ez gobernatzeko galdegin zion[2]. Joanek, ordea, ez zion baiezkorik eman, errege titulua beretzat gorde nahirik; Karlos lotinant besterik ez zuen izendatu. Gainera, 1444an berriz ezkondu zen Joana Enrikezekin, Zuriaren testamentua urratuz. Gaztelako arazoetan segitu zuen, halere, 1445eko Olmedoko guduan garaitua izan zen arte; era horretan, amaitu zen Aragoiren eragina Gaztelako aferetan[2].

Nafarroara begiak itzulirik, 1444-1445 aldean Joana Enrikez Gaztelako almirantearen alabarekin ezkondu zen, Nafarroako erregetzarako izan zitzakeen aukerak indartzeko asmoz. Aitaren eta semearen arteko harremanak guztiz gaizkitu ziren 1449. urtean, eta Gipuzkoara jo zuen Karlos printzeak. Aspaldidanik liskarrean zebiltzan Nafarroako leinu nagusiak zein bere hautagaiaren aldera banatu ziren: agramondarrak Joanen alde, eta beaumontarrak Karlosen alde. Gerra zibila zabaldu zen Nafarroa osora eta, ondoren, Euskal Herriko beste bazter askotara. Gaztelako armadak zuzenean parte hartu zuen gatazka honetan, Vianako Printzearen alde, eta orduan hasi zen Nafarroako Erresumaren hondamendia. 1451. urtean, Joan II.aren armadak semea eta beronen jendea menderatu zituen Oibarren, eta preso hartu zuen printzea; negoziazio zailen ostean, 1453an askatu zuen. Karlos Napolira erbesteratu zen Alfontso V.a osabaren babespera. Bitan banatua zen bitartean Nafarroako administrazioa, eta alderdiek nork bere aldetik deitzen zuten Gorteetara.

1454an, Alfontso V.ak Joan izendatu zuen Aragoiko Koroako oinordeko. Alfontso lau urte geroago hil zen. Horrenbestez, Joanes II.ak Aragoiko Koroa jaso zuen, nahiz eta Karlos semeari Kataluniako gobernua uztera behartu zuten. 1460ko abenduan, Karlos atxilo hartu zuen; segituan, hiri-oligarkiak mobilizaturik (Biga alderdia), katalanak erregearen aurka altxatu ziren[3]. Hurrengo urtean sinatutako Vilafranca del Penedèsko kapitulazioaren bitartez, Katalunian sartzea debekatu zitzaion, eta boterea murriztu ere egin zioten. Karlos semea 1461eko irailaren 23an hil zen, biriketako gaixotasunaren ondorioz. Hala ere, pozoitu izana egotzi zioten batzuek Joana Enrikez amaordeari. Horrek eta Vilafranca del Penedèsko kapitulazioaren urraketak Kataluniako Gerra Zibila eragin zuen. Aldi berean, herrialdeko nekazariak matxinatu ziren. Joan II.ak Aragoi, Valentzia eta Siziliaren leialtasuna erdietsi zuen.

1462an, Luis XI.a Frantziakoaren laguntza erdietsi zuen Kataluniako matxinada zapaltzako. Laguntzaren truke 200.000 urrezko eskutu ordaindu behar zitzaizkion. Ordaindu ez zitzaionez gero, Frantziak Cerdanya eta Rosselló lurraldeak eskuratu zituen[4]. Roger Pallarés buru zuen Kataluniako Generalitatearen armadak lau hilabetez eduki zituen setiaturik Joana Enrikez eta Fernando semea Gironako gotorlekuan. Frantziako erregearen laguntzarekin, Joan II.ak setioa apurtu ahal izan zuen.

Joanek borrokan jarraitu zuen, urteak urte eta gaixotasunak gaixotasun. Fernando semeak lagunduta, 1472an Bartzelonan sartu ahal izan zen, matxinoei men egitera behartuz. Estatu-arrazoi zela eta, garaituak gupidaz tratatu zituen eta, 1472ko urrian, gerra amaitu zen. Azken ekintza Rosselló eta Cerdanya berreskuratzen saiatzea izan zen, arrakastarik gabe. 1479ko urtarrilaren 19an hil zen, 82 urte zituela. Leonor alabak jaso zuen Nafarroako koroa, eta Fernandok Aragoikoa.

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitona
Blason Castille Léon.svg Joan I.a
Gaztelako errege
Amona
Aragon Arms.svg Leonor
Aragoikoa
Aitona
Arms of Sancho of Castile (son of Alfonso XI el Justiciero).svg Antso I.a
Albukerkeko konde
Amona
Armoiries Portugal 1247.svg Beatrix
Portugalgoa
Aita
Armoiries Aragon Sicile.svg Fernando I.a
Aragoiko eta Siziliako errege
Ama
Arms of Sancho of Castile (son of Alfonso XI el Justiciero).svg Leonor
Albukerkekoa
Armoiries Aragon Sicile.svg Joan II.a
Aragoiko eta Siziliako errege
Nafarroako errege

Ezkontza eta haurrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi aldiz ezkondu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak, hezkuntza.ejgv.euskadi.eus
  2. a b c Estornés Zubizarreta, Idoia, Joanes II.a Aragoikoa, Auñamendi Eusko Entziklopedia, euskomedia.org
  3. Perea Rodríguez, Óscar, Juan I, Rey de Navarra y II de Aragón (1398-1479), mcnbiografias.com
  4. Suarez Fernandez, Luis, Fernando El Católico Y Navarra, Ediciones Rialp, books.google.es

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan II.a Aragoikoa Aldatu lotura Wikidatan


Aurrekoa:

Karlos III.a

Blason Royaume Navarre.svg
Joan II.a
Nafarroako errege
(1425-1479)
eta
Zuria I.a
Nafarroako erregina
(1425-1441)
Ondorengoa:

Leonor I.a

Aurrekoa:

Alfontso V.a

Armoiries Aragon Sicile.svg
Joan II.a
Aragoiko errege
Siziliako errege

(1458-1479)
Ondorengoa:

Fernando II.a